Kopeta-hezur
Kopeta-hezur | |
---|---|
Kopeta-hezurraren kokapena animazioa Irudi gehiago | |
Xehetasunak | |
Honen parte | human skull (en) Kalota Neurokranioa desmocranium (en) |
Konponenteak | squamous part of frontal bone (en) orbital part of frontal bone (en) nasal part of frontal bone (en) sphenoidal margin of frontal bone (en) ethmoidal notch (en) sinus of frontal bone (en) septum of frontal sinuses (en) |
Artikulazioa | Etmoide hezurra masailezurra Hezur parietala sudur-hezurra Masaila Esfenoide hezurra ungisa |
Identifikadoreak | |
Latinez | Os frontale |
MeSH | A02.835.232.781.375 |
TA | A02.1.03.001 |
FMA | 52734 |
Terminologia anatomikoa |
Kopeta-hezur edo hezur frontal burezurrean garondoa osatzen duten zortzi hezurretako bat (aurrealdekoa, bi parietalak, bi tenporalak, okzipitala, etmoidea eta esfenoidea). Bekokiko hezurra da. Bi aurpegi (barnealdekoa eta kanpoaldekoa) eta hiru zati bereizi ditzakegu: bekoki-ezkata, sudurreko zatia eta betzulo zatia.[1]
Atalak[1]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bekoki-ezkata: garezur gangaren aurreko zati nagusia hartzen du. Pareta hezurrari lotzen zaio goialdean koroa-josturaren bitartez eta loki-hezurra eta esfenoide-hezurrari behealdetik. Batzuetan ezkataren erdialdean bekoki-josturaren aztarna ager daiteke.
- Sudurreko zatia: bi betzuloen artean aurkitzen den eremua da.
- Betzulo zatia: betzuloaren sabaiaren eta aurreko garezur-hobiaren zati nagusia hartzen du. Zati honek bat egiten du etmoidearekin eta esfenoidearen hegal txikiekin.
Aurpegiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezkataren barrualdeko aurpegian bekoki-gangarra atzematen da eta hatz-markak dituen betzulo zati horizontala. Gangarrean, etmoide-muxarradurarazko ibilbidean hurbileko zatian, zulotxo bat nabari da, zulo itsua deritzo[1].
Kanpoko ikuspegitik ordea bekoki-goraguneak ezker eta eskuinean nabari dira, ezkata horizontalago egiten den mailan. Masailalbo irtengunea masailalbo hezurrarekin giltzatzen den eta betzuloa albotik mugatzen duen irtengunea da, bat albo bakoitzean. Loki-lerroa, masailalbo irtengunetik gorantz eta atzerantz proiektatzen den lerroa da.[1]
Goiko betzulo-ertzak betzuloa goialdetik mugatzen du, bekainek ertz hori estaltzen dute. Betzulo-ertzaren gainean betzulo-gaineko zuloa (betzulo gaineko arteria eta betzulo gaineko nerbioaren alboko adarra igarotzen dira bertatik) dago, eta, ertzean bertan erdialderago, bekoki-muxarradura kokatzen da (troklea gaineko arteria eta betzulo gaineko nerbioaren erdialdeko adarra igarotzen dira bertatik). Betzulo-ertzaren goialdeko erliebeari bekain gaineko arkua deritzo.[1]
Betzulo zatian, betzulo sabaiaren aurre-alboko angeluan, malko-guruinaren hobia atzeman daiteke batzuetan. [1]
Sudurreko zatiaren sudurreko ertza latza da. Atal hau etmoide eta sudur hezurrei lotzen zaien zatia da. Erdiko marran sudur-eztena deritzon luzakin txiki bat dago. Erdialdean etmoide-muxarradura ageri da, etmoide hezurrarekin giltzatzen dena.[1]
- Sudurreko ertzaren atzealdean etmoide hezurraren labirintoaren erdi eta atzeko gelatxoak goitik ixten duten hobitxo antzekoak daude.
Muxarradura ertzaren aurrealdean hutsune bat dago ezkataren barrurantz zabaltzen dena, bekoki-sinua deritzo. Sinu hau etmoide hezurraren aurreko gelatxoekin edo gehiagorekin harremanetan dago bekoki-sinuaren irekigunearen bitartez bere edukia sudur-barrunbera drainatzeko.[1]
Patologiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Morgagni-Stewart-Morel sindromea (MSM):
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Morgagni-stweart-Morel sindromea ezaugarri bereizgarri batzuk dituen gaixotasuna da: bekoki hezurraren loditasuna (barneko hiperostosi frontal), obesitatea eta ilearen gehiegizko hazkuntza (hipertrikosia). Gainera, konbulsioak ager daitezke. Oraindik ez da azaldu zein den gaixotasun hauen kausa, baina kasu batzuetan herentzia autosomio dominante edo X-ri lotutako herentziaren bidez transmititzen dela ikusi da.[2]
DEFORMAZIOAK
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atzeko plagiozefalia posizionala:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atzeko plagiozefalia posizionalean, zeinean hezur okzipitalaren lautzea gertatzen den (unilaterala edo bilaterala), kasu batzuetan, bekoki hezurraren sabeleratzea gertatzen da.[3]
Kraneostosia:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Josturen ixte goiztiarra da. Josturaren arabera, deformidade ezberdinak agertzen dira. Kasu honetan, bekokiarekin erlazionatutako hainbat kasu agertzen dira[3]
- Eskafozefalia: Jostura sagitalean. [4] Buru luzexka, protusio frontal eta okzipitalarekin.[3]
- Plagiozefalia: Jostua koronal edo lambdoidean, era unilateralean. [5] Ondorioz, deformazio asimetrikoa agertuko da, eskoliosi fazial eta sabeleratze kontralaterala dituena.[3]
- Trigonozefalia: Jostura metopikoan, hau da, hezur frontala bitan banatzen duen josturan. [6] Ondorioz, kopeta hiruki forma izango du eta kresta antzekoa agertuko da.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/9/1 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c d e f g h Feneis, Heinz. (2006). Giza anatomiako poltsiko-atlasa: azioarteko nomenklaturan oinarritua. ELHUYAR edizioak, 19-20 or. ISBN 8487114334..
- ↑ «Síndrome de Morgagni-Stewart-Morel» rarediseases.info.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) «Deformidades craneales» Neurocirugía Barcelona (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) Escafocefalia. 2022-01-28 (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) Plagiocefalia. 2022-02-24 (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) Trigonocefalia. 2019-08-03 (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]