Kriosumendi
Kriosumendia edo izotz-sumendia[1] harri urtuen ordez ura, amoniakoa edo metanoa bezalako sustantziak jaurtitzen dituen sumendia da. Jaurtitzen dituen sustantziei kriomagma edo kriolaba deitzen zaie. Orokorrean likidoak diren arren kasu batzuetan lurrun forma har dezakete. Erupzioaren ondoren kriomagma kondentsatu eta solido bihurtzen da inguruneko tenperatura hotzaren ondorioz. Kriosumendiak Eguzki Sistemako izotz-lerroaz haragoko ilargi izoztuetan edo ur asko duten bestelako objektuetan eratu daitezke. Kriosumendiak izan daitezkeen hainbat egitura identifikatu dira Plutonen, Titanen eta Zeresen. Horretaz gain, sumendiak osatzen ez dituzten arren, izotz geiserrak ikusi dira Entzeladon eta behar bada baita Tritonen ere.
Izotza urtu eta kriosumendiak sortzeko energia iturri bat itsasaldiaren azelerazioa izan daiteke Eguzki Sistemako zenbait gorputzetan.[2] Desintegrazio erradioaktiboa beste energia iturri posible bat da. Izoztutako material zeharrargien pilaketek ere beharrezko beroa pilatzen lagundu dezakete.
Behaketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1989an Voyager 2 espazio zundak Neptunoren Triton ilargian hartutako irudietan geiser moduko 4 erupzio aurkitu zituzten. Ondoen dokumentatutako 2 erupzioak material ilunez osatutako 8 kilometro inguruko altuerako zutabeak ziren. Haizebean 100 kilometroraino zabaltzen ziren hodei ilunak. Zutabeen erradioa hamarnaka metro eta kilometro baten artekoa zen. Azalpen posible bat lurrazal azpiko berotegi-efektu baten bidez nitrogeno izotza berotu izana da. Eguzkiaren beroak presurizatutako nitrogeno gasa leherketa moduan aterako litzateke gainazalera, izotz eta partikula ilunak atmosferara arrastatuz.[3]
2005eko azaroaren 27an Cassinik Entzeladoren hego poloko geiserei argazkiak atera zizkien.
Geroztik eguzki sistemako hainbat ilargitan kriobolkanismoa dagoela adierazten duten zeharkako ebidentziak aurkitu dira, hala nola, Europa, Titan, Ganimedes eta Mirandan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Twitterreko Elhuyar Hizkuntza kontuaren proposamena.
- ↑ (Ingelesez) Greenberg, Richard; Geissler, Paul; Hoppa, Gregory; Tufts, B. R.. (2002). «Tidal-Tectonic Processes and Their Implications for the Character of Europa's Icy Crust» Reviews of Geophysics 40 (2): 1–1–1-33. doi: . ISSN 1944-9208. (Noiz kontsultatua: 2018-12-26).
- ↑ (Ingelesez) Shoemaker, E. M.; Kirk, R. L.; Johnson, T. V.; Hansen, C. J.; Cook, A. F.; Brown, R. H.; Becker, T. L.; Kieffer, S. W. et al.. (). «Triton's Geyser-Like Plumes: Discovery and Basic Characterization» Science 250 (4979): 410–415. doi: . ISSN 1095-9203. PMID 17793016. (Noiz kontsultatua: 2018-12-26).