Marc Chagall
Marc Zaharovitx Chagall (yiddishez: מאַרק זאַהאַראָוויטש שאַגאַל, errusieraz: Марк Заха́рович Шага́л, bielorrusieraz: Марк Захаравіч Шагал; Liozna, Vitsebsketik gertu, 1887ko uztailaren 6a - Saint-Paul-de-Vence, Itsas Alpeak, 1985eko martxoaren 28a) frantziar-errusiar margolaria izan zen, jatorriz judua. 1910etik 1913ra Parisen bizi izan zen, eta bertan ezagutu zituen garai hartako abangoardiako ertilari ospetsuenak. Hasierako oihalek kubismoaren eragin nabarmena badute ere, Chagallek unibertso guztiz berezia egituratu zuen bere margolanetan, fantasia eta haurtzaroko oroitzapenak biltzen zituzten irudiekin (Moi et le Village, 1911; La violiniste, 1912-1913; À la Russie, aux ânes et aux autres, Autoportraits aux sept doigts, Paris par la fenêtre). 1914. urtean joera espresionista nabariak ageri dituzten judu eta errabinoen irudiak margotu zituen (Juifs, Rabbins). 1917. urtean Vitebskeko erti-komisario izendatu zuten. 1922. urtera arte Sobietar Batasunean egon zen; garai hartan horma-irudi eta apainketa-lan ugari egin zuen. Berlinen irarketa-ikasketak egin eta gero, Frantziara jo zuen, berriz ere, eta liburuetako apaingarriak egin zituen. 1931tik aurrera, margo biziak nagusitu ziren haren oihaletan, irudien inguruak ia desagertzeraino. Loreak, ikuspegiak, txoriak eta maitasun-eszenak irudikatu zituen, bereziki. Bigarren Mundu Gerra hurbiltzen ari zela, ordea, bihotz-esturak hartu zituen bere koadroak (La Chute de l´Ange; Cruxifixion). Gerratean, Estatu Batuetara joan zen, baina bukatzean Frantziara itzuli zen berriz. Bibliako gaiak eta eskultura, zeramika eta, batez ere, berina landu zituen (Metzeko katedralean, adibidez, edo Jerusalemgo sendagileen zentroko sinagogan). André Malraux idazleak hala eskatuta, Parisko Operako sabaiko freskoak margotu zituen. Fantasiaz, margoz eta sinbolismoz beterik, Chagallen margolan espresionistak surrealismoa iragarri zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]