Marea-energia
Marea-energia, mareen bidez lortzen den energia da. Sistema hau alternadore bati lotuz elektrizitatea sor daiteke; hala, marea-energia energia elektriko bilakatu daiteke, azken hau energia seguruagoa eta erabilgarriagoa izanik. Energia berriztagarria da, bere energia-iturri nagusia ez delako agortzen ustiapenagatik eta energia eraldaketan ez duelako azpiproduktu kutsatzaile gaseoso, likido edo solidorik sortzen.
Hala ere, gaur egungo baliabideekin lor daitekeen energia kantitatea murritza da; itsas uraren korrosioak bizkor hondatzen ditu instalazioak, eta aldiro-aldiro konpondu eta berritu behar dira; eta instalatutako dispositiboek ekonomia- eta ingurumen-kostu handiak dituzte.[1][2] Horrek guztiak mota honetako energia sorkuntza hedatzea eragozten dute.
Itsasotik energia lortzeko beste modu batzuk badira; adibidez, olatuak (olatu-energia), ur-azaleko eta sakonera handiko uren arteko tenperatura-aldea, ozeanoko gazitasunaren gradiente termikoa, itsas korronteak edo itsasoko energia eolikoa.
Instalazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantzian dago marea-energia ustiatzeko instalaziorik zaharrena;[3] zehazki, Rance ibaiaren bokalean dago, Frantziako ipar-mendebaldean. 1966an inauguratu zuten. Urtean 500 gigawattt/ordu sortzen ditu, gutxi gorabehera.[4]
Euskal Herritik hurbil, Espainian, Kantabriako gobernuak eta Espainiako Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezte Institutuak (IDAE), i+g+b zentro bat sortu nahi dute Santoñako kostaldean.
Sorkuntza-metodoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru taldetan sailka daitezke marea bidez energia sortzeko metodoak:
Marearen korronte bidezko sorgailua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marearen korronte bidezko sorkuntza (edo tidal stream generators (TSG) ingelesez) mugimenduan dagoen urak duen energia zinetikoa erabiltzen dute turbinak mugiarazteko, haizeak (mugimenduan dagoen airea) turbina eolikoak mugitzen dituen moduan. Metodo hau entzutea lortzen ari da bere kostu baxua eta ingurumen-inpaktu txikiagatik, marea-urtegiekin alderatuz gero. Azken hauek uraren maila itsasoaren maila normala baino 10 metro gehiago igotzea dakarte.
Marea-urtegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marea-urtegiek, itsasgora eta itsasbeheraren arteko garaiera-desberdintasunak (edo karga-galera) sortutako energia potentziala erabiltzen dute. Urtegia, funtsean, estuario baten zabalera osoan dagoen horma edo dike batean datza. Urtegi hauen gabeziak dira, azpiegitura zibilaren koste altuak, munduan zehar bideragarriak diren tokien eskasia eta ingurumen-arazoak.
Marea-energia dinamikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marea-energia dinamikoa sorkuntza teorikoan oinarritzen den teknologia da, mareen energia zinetikoaren eta potentzialaren arteko elkarrekintza ustiatzen duena. Kostatik hasi eta itsasoan edo ozeanoan barrena joango liratekeen urtegi luzeak (adibidez 30 edo 50 km) eraikitzea proposatzen da, gunerik itxi gabe. Urtegian mareen fase desberdinak sartuko lirateke. Kostarekiko paraleloan oszilatzen duten marea-korronteak dauden sakonera gutxiko erriberetan, ur mailaren diferentzial garrantzitsuak sortuko lirateke (gutxienez 2,3 metro). Leku hauek, besteak beste, Erresuma Batuan, Txinan eta Hego Korean daude. Urtegi bakoitzak 6 eta 17 GWh arteko energia sortuko luke.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Disadvantages of Tidal Energy: A Detailed Guide | Linquip. (Noiz kontsultatua: 2021-02-04).
- ↑ «Tidal Power - Disdvantages of Tidal Power» tidalpower.co.uk (Noiz kontsultatua: 2021-02-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Las plantas de Energía Mareomotriz más grandes - Mining Press» miningpress.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-04).
- ↑ «La energía de los océanos, una opción limpia que no logra despegar» France 24 2019-09-18 (Noiz kontsultatua: 2021-02-04).