Neptunoz haraindiko planetak
X Planeta edo Neptunoz haraindiko planetak terminoa sarritan erabili izan da Neptunoren aurkikuntza 1846an gauzatu ondoren. Termino hau Neptuno baino urrutiago zeuden ustezko planetak izendatzeko erabiltzen zen eta erabiltzen da. Neptunoz haraindiko planeten bilaketa XIX. mendean hasi eta XX. mendearen hasieran amaitu zen, Percival Lowell astronomialariak «X Planetaren aurkikuntza» burutu zuenean. Zientzialari honek X Planetaren hipotesia proposatu zuen gasezko erraldoien ustezko orbita-anomaliak (bereziki Urano eta Neptunorenak) azaltzeko helburuarekin, hipotesi honen arabera, bederatzigarren planeta ikusgaitz batek bere eragin grabitatorioari esker, Uranoren orbitan eragitea lortu zuen, gaur egungo anomaliak erakustera behartuz.
Clyde Tombaugh astronomialariak 1930ean Pluton aurkitu zuenean Lowellen hipotesia onartu eta egiaztatu zen eta noski, Plutonek, ofizialki, «bederatzigarren planeta» izena jaso zuen. 1978an ordea, Plutonek gasezko erraldoiei grabitazionalki eragiteko tamaina txikiegia zuela ebatzi eta frogatu zen, honek hamargarren planeta baten bilaketa bultzatu zuen. 1990ko hamarkadaren erdialdean bilaketa hori asko moteldu zen, Voyager 2 zundak egin zituen hainbat ikerketek Uranoren orbitaren grabitazio-anomaliak kalkulu arazo baten errua zela ondorioztatu zutelako, zehazki, Neptunoren masa uste baino txikiagoa izateak. 1992. urteaz geroztik, Plutonen antzeko orbita edo zabalagoa zuten hainbat objektu txikiren aurkikuntzek, planeta gisa hartzen zen objektuaren inguruko eztabaida bat piztu zuten, galdera hurrengoa zen: Plutonek planeta titulua mantentzea merezi du, edo asteroideena bezalako talde banadu bat sortu behar da objektu horren antzeko guztiak sailkatzeko? Aurkitu ziren hainbat objektu txiki hasiera batean planeta gisa onartu ziren arren, 2006an onartu zen planeten definizio berriak Pluton eta haren tankerako guztiei izen berri bat jarri zien: planeta nano. Honek eguzki-sistemako planeta kopurua zortzira jatsi zuen.
Munduko astronomo ia guztiak ados daude X Planeta garai batean proposatu zen eran ez dela existitzen adierazterakoan. Hala ere, kontzeptu hau behin eta berriz berreskuratu izan da kanpoaldeko eguzki-sisteman ageri diren anomaliak azaltzeko. X Planeta gaur egun, Neptuno baino urrunago kokatzen den edozein planeta hipotetikori jartzen zaion izena da. Azken aldian, hainbat astronomok askotan babestu izan dute oraindik ezagutzen ez dugun planeta bat dagoela eguzki-sisteman, Neptunoren orbitatik kanpora. Aipatzekoa da, hainbat Neptunoz haraindiko objekturi anomalia pila aurkitu zaizkiela haien orbitetan, batez ere sednoidei. 2014eko martxoan WISE teleskopioarekin egin ziren behaketen arabera, Saturnoren tamainako planeta bat ezin da egon Eguzkitik 10 000 UA baino hurbilago eta Jupiterren tamainako bat existitzen bada, 26 000 UA baino urrunago egongo da.
2014an, Eguzkitik urrunen aurkitu ziren Neptunoz haraindiko objektu batzuen orbitak aztertu ondoren, bi astronomok superlur erako planeta baten izatea proposatu eta babestu zuten. Planeta honek gure izarretik 200 UAra baino urrutiago egon behar zuela adierazi zuten eta segurasko, 1500 UAra inklinatutako orbita bat edukiko zuela. 2016an, kalkulu berri batzuk argitaratu ziren, hauek, planeta honek seguruenik orbita-makur eta eszentriko bat edukiko zuela adierazten zuten, gutxienez Eguzkitik 200 UAra eta gehienez, 1600 UAra. Hau da, planeta hipotetikoaren orbita urruneko Neptunoz haraindiko objektuen mailan egongo zen, baina bere ardatz nagusia kontrako norabidean. Gaur egun, Nazioarteko Astronomia Elkarteak Pluton planeta gisa onartzen ez duenez, ustezko gorputz hau bederatzigarren planeta bezala ezagutzen da.
Lehen espekulazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1781ean, Anders Johan Lexell izan zen lehen zientzialaria Uranoren orbita modu zuzen eta egoki batean zehazten eta beraz, lehena izan zen Uranoren orbitak zituen anomaliak aurkitzen ere. Anders ondorio garbi batera iritsi zen, haren ustez Urano baino urrutiago, bere esanetan 100UAra baino urrunago, planeta gehiago egon behar ziren. Eguzki-sistemaren erradioa 100 UA baino handiagoa izan behar zela ere esan zuen.
1821ean, Alexis Bouvardek Newtonen grabitazio unibertsalaren legean oinarrituta, Uranoren orbitaren taula astronomikoen bilduma bat osatu zuen, planeta honek etorkizunean izango zituen kokapenak aurreikusteko. Beranduago egin ziren behaketek, tauletan agertzen ziren aurreikuspenak betetzen ez zirela erakutsi zuten. Honek Bouvard teoria batzuk asmatzera bultzatu zuen, eta azkenean, Uranoren ondoan gorputz eragile edo perturbatzaile bat egon behar zuela bururatu zitzaion.
1840ko hamarkadan, Urbain Le Verrier matematikariak Newtonen mekanika aplikatu zuen Uranoren orbitaren perturbazioak aztertzeko eta honek, anomalia horiek oraindik aurkitu ez zen planeta baten eraginak zirela adierazi zuen. Le Verrierrek planeta berri honen kokapena aurreikusi zuen eta lortutako kalkuluak Johann Gottfried Galle astronomo alemaniarrari bidali zizkion. 1846ko irailaren 23an, Gallek mezua jaso eta handik gau batera, bere ikasle zen Heinrich d'Arrestekin Neptuno aurkitu zuen, Le Verrierrek esan zuen leku berdinean. Aurkikuntza honek ez zituen anomaliak erabat konpondu; eta beraz, zientzialariek oraindik atzematen ziren gorabehera txikiak Neptuno baino urrutiago zegoen planeta baten eraginak zirela ondorioztatu zuten.
Neptuno aurkitu baino lehenago ere, astronomo batzuek Uranoren orbitan planeta bakar batek horrelako anomaliak ezin zituela eragin uste zuten eta beraz, beste planeta batzuk gehiago egon behar zirela eguzki-sisteman. Ideia horren babesle sutsua zen Thomas John Hussey astronomia-zalea, honek Alexis Bouvard astronomoari uste zuena aipatu zion eta azken honek, Gothako Seeberg behatokiko zuzendari Peter Andreas Hansenekin eduki zuen elkarrizketaren berri eman zion. Elkarrizketa horretan Hansenek Bouvardi planeta ezezagun bat baino gehiago egotearen teoria azaldu zion. Azken finean, oraintxe aipatu ditugun hiru astronomoek babesten zuten ideia, Hansenek askotan esan zuen Uranoren mugimenduak ezin zirela soilik planeta ezezagun baten eraginekin azaldu eta ondorioz, bi planeta ezezagun gehiago zeudela babestu zuen.
1848an, Jacques Babinetek Le Verrierren kalkuluei objekzioak aurkeztu zizkien, hauek Neptunoren masaren inguruko datu okerrak ematen zituztelako (berez, masa handiagoa zuen) eta Neptunok Le Verrierrek esan zuena baino orbita zabalagoa zuela jakin zelako. Babinetek, gehienbatean Le Verrierren kalkuluetan edo antzekoetan oinarrituta, Neptunoz haraindiko planeta bat existitu behar zuela adierazi zuen, planeta honek Lurraren tamaina halako hamabi eduki behar zuela babestu zuen eta «Hyperion» izena eman zion. Le Verrierrek ordea, Babineten hipotesia arbuiatu zuen, ondorengoa adieraziz: «[Ez dago] beste planeta baten orbita zehazteko gaitasuna duen inolako daturik, irudimenak parte-hartze handiegia duen hipotesietan izan ezik».
Estatu Batuetako Itsas-Behatokiko astronomialari-laguntzailea zen James Fergusonek, 1850ean, aurretik behatzeko aukera izan eta GR1719k izena jaso zuen izar bat galdu zuela esan zuen. Matthew Maury teniente eta Behatokiko superintendenteak gertakizun bitxi hau ikusirik, planeta berri baten izatearen froga garbia zela ondorioztatu zuen. Ondoren gauzatu ziren bilaketek ezin izan zuten aipatutako «planeta» beste posizio batean aurkitu, beraz, 1878an, Hamilton College Behatokiko (New York) zuzendari zen C.H.F. Peters-ek, buruhausteak sortu zituen izar hura ez zela existitzen ebatzi zuen eta aurretik jaso ziren emaitza arraroak giza-akats baten errua zirela.