Edukira joan

Novum organum

Wikipedia, Entziklopedia askea
Novum organum
Jatorria
Egilea(k)Francis Bacon
Argitaratze-data1620
IzenburuaNovum organum scientiarum
Jatorrizko herrialdeaIngalaterra
Ezaugarriak
HizkuntzaNeo-Latin (en) Itzuli
Egile-eskubideakjabetza publiko eta jabetza publiko

Novum organum cientiarum (Zientziaren tresna berriak), Novum Organum bezala ezagutu ohi dena, Francis Bacon filosofo ingelesaren lan nagusia da, 1620an argitaratu zena. Obra honen ondorioz, Bacon enpirismo filosofikoaren aitatzat hartzen da. Baconen ikuspegiaren arabera, zientzia gizakiari naturaren gaineko nagusitasuna emateko gai den teknika da. Novum Organum prozedura tekniko-zientifikoaren logikaz dihardu, logika aristotelikoari kontrajartzen zaiona, hain zuzen ere, Aristotelesen logika tratatuek Organon izena hartzen dute eta hortatik eratortzen da Novum Organum (tresna berriak) izena[1].

Francis Bacon (1561-1626) pentsalari ingelesa Berpizkundearen mugimenduaren baitan kokatu behar dugu. Mugimendu kultural eta zientifiko hau XIII. mendearen amaieratik XVII. menderarte iraun zuen. Honek, ezagutzaren gorestea eta balio klasikoen berreskurapena ekarri zuen, hainbat aurrerapauso emanez jakintzaren arlo desberdinetan. Berpizkundeak ekarriko ditu lehen aldiz Modernitatearen oinarrian agertuko diren hainbat pentsamolde: artean eta politikan ez ezik, letretan ere aldaketa handiak eman ziren, adibidez, erlijio ortodoxoen dogma asko zalantzan jarriz (Erreforma protestantea) eta giza ezagutzaren baliabideei buruzko gogoetak eginez. Humanismoa eramaten da aurrera, gizakiaren esentzia eta naturari erreparatuz, honek bere inguruarekin duen erlazioa aztertzen da, horrela, gizakia pentsamendu filosofikoaren erdigunean jarriz.

Ildo honetatik, zientzian ere jakintza autonomoaren aldeko apostua egingo da, gizakiak natura aztertzeko dituen gaitasunak aztertuz. Garai historiko horretan zientziaren garapen handia eman zen. Metodo zientifikoak (behaketa, esperimentazioa, hipotesiak...) funtsezko zeregina izan zuen natur zientzia horien garapenean. Esan daiteke garai hartako zientzialariak prest zeudela egia zen bezala ezagutzeko. Beraz, Bacon eta bere obra testuinguru berritzaile honetan koka daitezke. Baconen proposamenak oso lotuta daude hezkuntzaren ikuspegi intelektual tradizionalarekin amaitzeko nahiarekin. Bere ustez, ezin dugu Aristotelesen Organumaren silogismoa metodo zientifiko egoki bat garatzeko oinarritzat hartu

Horregatik, esperimentazioan eta indukzioan oinarritutako zientzia egiteko modu berriak aurkituko ditu egileak. Izan ere, testuinguru honetan, Baconek zientzia zuzenean (enpririkoki) egiteko metodo zientifiko bat bilatu nahi du. Era berean, aurretik zeuden zientziari buruzko dogmei maskara kenduz. Novum Organum obran, zientzia oztopatzen duten elementuak, idolo izendatuko dituenak, seinalatzen ditu, gizakiaren bereko esentzia naturala eta zientzia egiteko gaitasunak oztopatzen dituztela esanez, besteak beste. Gainera, horren aurrean, idolokoak gainditu egin behar direla eta zientziaren metodo induktibo eta esperimental berria martxan jarri behar dela aldarrikatuko du.

Lan honetan Baconen helburua zehatza eta esplizitua da: fenomenoen benetako kausetara eramango duen aurkikuntza metodo bat eraikitzea. Baina zer da Baconek aurkikuntzatzat hartzen duena «aurkikuntza-metodo» bati buruz hitz egiten digunean? Baconen posizioa zientziaren filosofiako eskema estandarrarekin aldera dezakegu (Popper, Reichembach, Hempel eta antzeko filosofoek partekatzen dutena). Eskema horrek, prozesu zientifikoaren barruan, aurkikuntza eta justifikazio testuinguruak bereizten ditu, eta aurkikuntza intuizio edo argiztapen ekintza labur gisa ulertzen da, ideia batetik datorren zerbait moduan ulertu beharrean. Jarrera estandarrak, zientziaren filosofian klasikoa denak, hipotesi baten sorkuntza edo sorkuntza intuitibo gisa ulertzen du aurkikuntza, ekintza ez-arrazional gisa. Baconen metodoak argi eta garbi adierazten du eskuragarri dagoen ebidentziaren tratamendu mekanikotik abiatuz hipotesiak eraikitzearen zentzuan ulertzen duela aurkikuntza. Egitura hori honela eskematizatu daiteke:

  1. Aztertu beharreko fenomenoarekin zerikusia duten egitate guztiak zehatz-mehatz biltzea
  2. Egitate berberak hiru taulatan sailkatzea (ondoren azalduko dira taula horiek)
  3. Ustekabeko korrelazioak sistematikoki ezabatzea
  4. Hipotesi bideragarri alternatiboak biltzea
  5. Horiek ebaluatzea, mailaka ezabatzeko, benetako hipotesi batera iritsi arte.

Eskemen konparazioak bi alderdi iradokitzen ditu berehala: a) Zein da justifikazioaren lekua metodologia baconiarrean? eta b) Zein unetan gelditzen da Bacon?; hau da, zerk ahalbidetzen dizu benetako kausa batera iritsi dela jakitea? XVII. eta XVIII. mendeetan zehar, aurkikuntza-metodo berak, hutsezintzat joz gero, beraiek sortutako legeak justifikatuko zituztela espero zela. Aurkikuntzaren justifikazio generatibo baten ideia Baconen kosmobisioaren parte zen. Bere garaian, autoritateak eskaintzen zuen ezagutza hutsezina (dela Elizarena, dela "guraso filosofikoena") gainbehera betean zegoen. Esparru kontzeptual eta existentzial horren barruan, oinarri enpirikotik gailurreko legeetara benetako egiaren balioa transmitituko zuten logikak garatzen hasi ziren. XVII. eta XVIII. mendeetako indukziozko logikak eraikitzeko saiakerek horretarako balio izan zuten.

Novum Organum-ean hiru dira jorratzen diren ideia nagusiak: ezagutza boterea da, metodo induktiboaren zentraltasuna eta  zientziaren izaera dinamiko, kooperatibo eta metagarria.

Ezagutza boterea da

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza ezagutzak boterea lortzeko balio du. Hau da, erreka baten inguruan lortu behar dugun ezagutza ez da bere perfekzioaren kontenplazioa edo bere posizioa gauzen hierarkian, baizik eta haren portaera aurreikusteko gaitasuna eskuratzea, portaera horren kausak ulertzea eta hau giza ongizateari eta sufrimendua ekiditeari begira aplikatzea.

Metodo induktiboaren zentraltasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indukzioa kasu partikularretatik, baizpen orokorrak eskuratzeko metodoa da. Baconek giza ezagutzaren garapenean metodoaren garrantzia azpimarratuko du. Ideia hau garatzeko hurrengo metafora erabiltzen du: bikaintasuna (ezagutza bera) abiadura bezalakoa da, flotatuko balu bezala; metodoa bide zuzena markatzen duen norabidea da, helmuga markatzen duena. Horrela, bikaintasuna bizkor doa baina egitik urrun, norabiderik gabe. Ondorioz, ezagutza helburu izanik, metodologia zuzen baten aplikazioa bikaintasuna baino askoz ere garrantzitsuagoa da.

Ezagutza lortzeko metodo zuzena indukzioa da. Autoritateen (Aristoteles, kasu)  tesietatik ezagutza eratortzean oinarritzen den metodoa (dedukzioa) ez da zuzena. Horrez ordez, naturan ematen diren kasu partikularretatik eratorri behar da ezagutza. Giza ezagutza garatzeko modu bakarra naturari so egin eta ostean, orokortasunak egitean datza. Gainera, orokortasun horiek egin ostean, hauek naturan frogatu beharko dira berriz, zuzenak edo okerrak diren ziurtatzeko.

Baconek uste du, ezagutza eskuratzeko bidean, giza-adimenak hanka sartzeko joera duela eta horregatik, indukzioaren eta esperimentazioaren zuzenketak behar ditu; hau da, metodo zuzen baten beharra du. Metodo induktiboaren aldarrikapena Beconek autoritateen babes akritikoaren kontra egiten duen argudiaketaren oinarria da[2].

Zientziaren izaera dinamikoa, koooperatiboa eta metagarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientziaren inguruko giza ezagutzaren garapena disziplina dinamikoa da, lan kooperatiboaren bitartez gauzatutako eta esperientzian oinarritutako metaketaren bidez gauzatzen dena. Naturaren inguruko ezagutza amaitezina da, beti egongo gara esperientzitik ikasten, horrek etengabeko bilaketaren beharra eskatzen du.

Baconen ustez, beharrezkoa da giza adimenak natura menderatzeko tresna eraginkorrak bereganatzea, eta tresna horiek zentzumen bidezko esperientziaren bitartez jasotako datuak interpretatzean datzate. Hala ere, gizakiak hainbat oztopo ditu erralitatea ezagutzeko orduan. Autoreak dioenez, Idola bezala izendatzen dituen aurreiritzi okerrak ditugu errealitatea ulertzeko orduan, eta ezinbestekoa izango da hauekin amaitzea zientzia era egokian egin ahal izateko, eta, horrela ezagutza zientifikoa sortu eta berrizteko. Baconek lau idola[3] mota bereizten ditu.

  • Idola tribus (Tribuaren idoloa)

Giza espeziearekin lotutako aurreiritzia da. Giza adimenak bere natura propioa gauzen naturarekin nahasten du eta, horrela, bigarren hau distortsionatzen du. Gizaki izateagatik berezko giza egiturarekin kontenplatzen dugu errealitatea, finean. Beraz, giza adimena, Baconen arabera, hautemate propio batetik abiatzen da eta, horren arabera, naturako estimuluak hartzen ditu, zeinak hasierako ideiaren menpe dauden.

  • Idola specus (Kobazuloko idoloa)

Norbanakoarekin lotutako aurreiritziak, hezkuntzatik eta pertsona bakoitzaren ohituretatik datozenak. Gizakiok mundua gizaki bezala antzematen dugun moduan, norberak ere bere betaurreko propioak ditu errealitatea ikusteko. Gizabanako batetik bestera ematen den perspektiba aniztasunean hainbat faktorek dute eragina: norberaren natura, jasotako heziketak edota formazioak... Giza espiritua anitza da eta, beraz, modu ezberdinetan ikusten eta aztertzen dugu inguratzen gaituen hori.

  • Idola fori (Foroko idoloa)

Hizkuntzaren erabileratik sortutako aurreiritziak. Aurreiritzi mota hau gizakien artean ematen diren bat-etortze edota kontsentsu linguistikoetatik sortzen da. Gizakiok gauzak izendatzen ditugu eta hitzek giza adimena bortizki eragin edo baldintzatzen dute. Giza hizkuntzetako hitzen definizioen eta hitz horiek irudikatzen dituzten naturako gauza errealen arteko korrespondentzia inperfektuetatik sortzen den falazia logiko mota bat izendatzen dute foroko idoloek. Hizkuntzak pertzepzioa moldatzeko duen ahalmena oztopo bihurtzen da hitzek konnotazio edo interpretazio espezifikoak dituztenean, ulermen objektiboa desitxuratuz.

  • Idola teatre (Antzerkiaren idoloa)

Eskola edo korronte filosofikoekin lotutako aurreiritziak, filosofia faltsutik osatutakoak zehazki. Honekin batera, filosofiaz gain, zientzian onartutako hainbat printzipio eta axioma ere sartzen ditu aurreiritzi mota hauen barruan; izan ere, hauek tradizioa, sineskortasuna eta arduragabekeriaren ondorioz ezarri baitziren, Baconen esanetan. Aurretiazko doktrinen eraginak mugatu egin dezake gizabanakoek perspektiba berritzaileak edukitzeko eta ezarritako sinesmenei aurre egiteko duten gaitasuna.

Metodo zientifikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreiritzien teoria tratatuaren alderdi kritiko eta suntsitzailea da, baina, aldi berean, Baconen lan honek bere zati eraikitzailea ere badu. Alderdi konstruktibo hori esperientzia antolatzeko modua aztertzean garatzen da. Metodo zientifikoari buruzko diskurtsoan, esperientziaren datuak antolatu eta interpretatzeko (eta esperimentuak egiteko), Baconek bere «hiru taulen teoria» (edo hiru erregistro) proposatu zuen:

  • Agerpen-taula: fenomeno edo izaera horiek gertatzen diren kasuak adieraziko dira (Adibidez: Eguzkiaren izpiek beroa sortzen dute).Absentzia-taula: fenomeno edo izaera horiek gertatzen ez diren kasuak adieraziko dira (Adibidez: Ilargiaren izpiek ez dute berorik sortzen).
  • Absentzia-taula: fenomeno edo izaera horiek gertatzen ez diren kasuak adieraziko dira (Adibidez: Ilargiaren izpiek ez dute berorik sortzen).
  • Graduen taula: behatutako izaera horiek intentsitate-maila desberdinetan agertzen diren kasuak adieraziko dira.

Baconek dioenez, giza adimenak gauzetan berez dagoena baino ordena eta antzekotasun handiagoa dagoela aurresuposatzen du. Gainera, naturan antzekotasunak eta ezberdintasunak dituzten gauzak daude; gizakiak, ordea, existitzen ez diren paralelismo eta harremanak imajinatzen ditu haien artean. Honekin batera, giza adimena kontzepzio jakin batekin asetzen denean, gainontzeko guztia harekin bat egitera eta hura sendotzera eramaten du. Eta lehen kontzepzio horrekin bat egiten ez duten instantzien indar eta kopurua handia izan arren, adimenak horiei garratzia kendu edota baztertzeko tendentzia dauka, oinarri edota printzipiotzat hartu den uste hori zalantzan jarri ez dadin. Horri aurre egiteko, eta ezagutza zientifikoa berrizten eta sortzen jarraitu ahal izateko Baconek ezagutza lortzeko metodo berria proposatuko du.

Baconek bi jakintza iturri ezberdin edo zientzia egiteko bi metodo ezberdin aurkezten eta azaltzen ditu, zientzien lanketarako metodoa “Gogoaren aurre-hartzea” ere deritzona eta zientzien aurkikuntzarako metodoa edo “Naturaren interpretazioa”, hain zuzen ere. Metodo hauen osagarritasuna eta ondorioz, kontrajartze-eza defendatzen du metodo bakoitzaren objektua edo helburua argituz. Zientzia egiteko bi “bide” ezberdinen osagarritasuna justifikatzen du, zientzia egiteko helburu ezberdinak baitira. Lehenengoak,  dagoen zientzian sakontzea xede duen bitartean, bigarrenak, zientziaren aurrerakuntzan jarriko luke fokoa. Beste hitzekin esanda, Gogoaren aurre-hartzeak logika aristotelikoaren ildotik jarraituko lukeen zientzia litzateke eta Naturaren interpretazioa aldiz, Baconek obra honetan aurkezten duen logika berriaren ildoa. Zentzu horretan, nahiz eta bi metodoek esparru berdina partekatu, zientziarena alegia, ez dira kontrajartzen. Naturaren interpretazioaren metodoa gogoaren aurre-hartzearen metodoa gainditzeko proposamen gisa aurkezten da, zientzian aurrerapausuak emateko bidea litzatekeelako. Izan ere, Bacon silogismoetan oinarritutako zientzia egiteko modua nolabait obsoletoa dagoela kritikatuko du ez baita aurkikuntza berriak garatzeko gai, metodo horren bitartez egoera partikularretatik printzipio orokorrak ateratzen dira, eta printzipio orokor horietatik espekulazioak.  Are gehiago, logika aristotelikoaren mugak zientziak aurrera egin ahal izateko da naturaren interpretazioaren metodoa proposatzeko abiapuntua. Baconek proposatutako metodo hori, ordea, egoera partikularretatik indukzioak[4] egitean datza, eta hauetatik gradualki beste printzipio batzuetara heltzea, beti esperientzian oinarriturik. Honi Naturaren Interpretazioa izendatuko dio.

Bidezko eta benetako indukzio hori eraikitzeko, Baconek, lehenik eta behin, egitateak hiru taulatan biltzea eta ordenatzea proposatzen du, aurretik aipatutako hiru taula horietan. Lehenengoak «instantzia positiboak» jasotzen ditu, hau da, fenomenoa presente dagoen kasuak. Bigarrenak «instantzia negatiboak» zerrendatzen ditu, hau da, fenomenoa falta den antzeko egoerak. Hirugarrenak, «konparazioen taula» izenekoak, ikertutako fenomenoa hainbat mailatan agertzen den gertakariak ordenatzen ditu. Fenomenoen tabulazio sakon horren ondoren, benetako indukzio-lana hasten da, Baconek «ezabatzeko metodoa» deitzen duena: ikertutako fenomenoa dagoen kasuetan agertzen ez diren kausak baztertzea, eta ikertutako fenomenoa falta den kasuetan agertzen diren kausak baztertzea. Puntu honetan aztertzen ari garen fenomenoaren kausei buruzko aieru nagusiak agertzen dira, edo «lehen mahats-bilketa» edo hipotesien lehen bilketa deritzona. Metodoaren azken urratsak, aieru guztien artean, egiazkoa bereizi nahi du. Horretarako, «adimenaren egitate lagungarrietara» jotzea aholkatzen du Baconek. Horien artean aipatzekoak dira «instantzia positiboak» (hipotesi bati eusten diotenak dira), «instantzia argitsuak» (fenomenoa «erarik bizienean agertzen den instantziak») eta «instantzia sostengatzaileak» (instantzia positiboek egiten duten bezala hipotesi bat babesteaz gain, gainerako hipotesi aurkariak ezeztatzen dituztenak). Instantzia horietako askoren helburua hipotesiak berrestearen eta ezabatzearen arteko asimetria logikoa ustiatzea da: hipotesi orokor bat balioztatu dezakeen aldeko kasu kopururik ez badago ere, kontrako kasu bakar bat nahikoa da hipotesi hori baliogabetzeko.

Logika Aristotelikoari kritika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baconek ez zuen Aristotelesen filosofia erabat baztertzen, hura ikasteko moduak baizik. Aristotelesen filosofia ikastea honek esandakoa edo honen inguruan beste batek esandakoa ikastera mugatzen zen. Gainera, ez zegoen interesik Aristotelesek zioena frogatzeko, hots, zuzena ote zen baieztatzeko. Benetan interesgarria dena natura aztertzea da, ez Aristoteles aztertzea. Baconen arabera, garaiko tradizio filosofiko europearra gauzez arduratu beharrean, hitzez arduratzen zen. Ondorioz, gizakion ongizatea hobetzeko baliagarria den naturaren filosofia baten ordez, maila teorikoan eztabaidatzeko teknikak baino ez ditugu.

Organon-a (Aristotelesen logika jasotzen duen obra)  zen garaiko tradizio filosofikoaren oinarria. Hau gainditzeko asmotan planteatzen du Baconek Novum Organum-a (Aristotelesen obrari egiten dio keinua eginez izenburuak). Baconen helburua ezagutzaren eta hitzen  arteko lotura baztertu, eta ezagutzaren eta objetuen arteko lotura aldarrikatzea da. Horrela, giza-zientzia eredu berri bat eraiki nahi du. Baconen The Great Instauration obra Baconen asmoaren erakusgarria da; Novum Organum-a obra honetatik amaitu zituen  ataletako bat da, hain zuzen ere.Baconek, obra honetan mahai gaineratzen duen proposamenaren eskutik, ezagutzaren kontzepzio kontenplatibo tradizionalarekin amaitu nahi du. Izan ere, haren ustetan, metodo zientifiko apropos bat garatzeko ezin dugu Aristotelesen Organum obran jasotzen den silogistika oinarritzat hartu. Hori dela eta, autoreak zientzia egiteko metodo berri bat azaleratzen du, esperimentazio eta indukzioan oinarritzen dena, eta Aristotelesen logikaren aurka. Lanaren hitzaurrean, Baconen obraren atzean dagoen testuingurua eta motibazioa ezartzen denean, autorearen garaian nagusi zen filosofia aristotelikoari egindako kritika azaltzen da. Baconek argudiatzen du dedukzio logikoan oinarritutako filosofia horrek ezagutzaren eta zientziaren aurrerapena mugatu duela. Tradizioekiko haustura eta ikuspegi berri bat proposatzen ditu, naturan egia aurkitzeko metodo induktibo baten beharra nabarmenduz. Gainera, Baconek bere lan honetan aforismoak erabiltzen ditu teoriak formulatu aurretik datu enpirikoak biltzeko beharra azpimarratzeko, askotan printzipio abstraktuetatik abiatzen zen metodologia aristotelikoa kritikatuz.

Aurretik aipatutako Gogoaren aurre-hartzeak, beraz, Aristotelesen Organum-ean dagoen zientzia egiteko moduari erreferentzia egiten dio. Alegia, silogistikan eta dedukzioan oinarritutako zientzia egiteko moduari. Silogismoa demostratiboki frogatutako axioma huts batzuetatik abiatzen da eta hauetan sakontzen du. Hau da, premisa gisa hartutako axioma horiek baliatzen ditu zientzia egiteko. Esan genezake, axioma horietatik abiatuz (eta hauek zalantzan jarri gabe) eskuratzen dituela zientziaren aurkikuntza berriak. Auzia jatorrian beraz, ahulak diren axioma horietan oinarritzea eta hauek zalantzan ez jartzea litzateke. Zientzia egiteko modu honek paradigma konkretu horretan dagoen marko teorikoa erreproduzitzea dakar Baconen ustez. Izan ere, ez du sakontzen bere premisetan eta ondorioz, zientziak ezin du aurrera egin. Horrenbestez, Baconek Naturaren Interpretazioaren metodoa proposatuko du. Naturaren interpretazioa aldiz, indukzioan oinarrituko litzateke eta helburutzat giza gogoarentzat zein gizartearentzat erabilgarriak diren egiak bilatzea izanen luke. Horretarako, ezinbesteko litzateke axioma orokorrak gutxinaka-gutxinaka eta gradualki erdiestea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Novum organum. 2024-01-22 (Noiz kontsultatua: 2024-04-10).
  2. Francis Bacon. Novum Organum. (Noiz kontsultatua: 2024-04-12).
  3. «Diccionario Filosófico Letra I Derecho Argentino» tododeiure.atspace.com (Noiz kontsultatua: 2024-04-10).
  4. «Revista No. 19 - Ciencias Humanas» web.archive.org 2007-09-27 (Noiz kontsultatua: 2024-04-10).
  • Bacon, Francis (2002). Novum organum. Ediciones Folio.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]