Printze hautesle
Printze hautesleak edo Hautesleak (alemanez: Kurfürst, plurala, Kurfürsten; txekieraz: Kurfiřt; latinez: Princeps Elector) Germaniako Erromatar Inperio Santuko hauteskunde-kolegioko kideak ziren.
XIII. mendetik aurrera printze hautesleek Erromatarren Erregea hauteskunde inperialean parte-hartzeko eskubidea zuten, etorkizunean aita santuak enperadore nor izendatuko zuen aukeratuz. Karlos V.a izan zen Enperadore koroatu zuten azkena, 1519an aukeratua eta 1530ean koroatua. Bere ondorengo guztiak zuzenean aukeratu zituen hauteskunde-kolegioak, "Erromatarren Enperadoe Hautatua" tituluarekin (alemanez: erwählter Römischer Kaiser, latinez: electus Romanorum imperator. Praktikan, 1440tik aurrerako Enperadore guztiak bat izan ezik (Karlos VII.a, Wittelsbach leinukoa) Habsburgo etxekoak izan ziren, eta hautesleek hauen ondorengotza onartu baino ez zuten egiten.
Hautesle tituluak sona handia ematen zuen, eta Errege edo Enperadore ondoren, maila gorenean zegoen. Hautesleek pribilejio bereziak zituzten, Inperioko beste printzeek ez zituztenak, eta euren jatorrizko titulua mantentzen jarraitzen zuten hautesle izanda ere.