Sadako Ogata
Sadako Ogata (japonieraz: 緒方 貞子 Ogata Sadako , Tokio, 1927ko irailaren 16a - ibidem, 2019ko urriaren 22a) japoniar politikaria izan zen.
Aita diplomatikoa zuen, eta atzerrian hazi eta hezi zen, Pekinen eta Londresen. Politika-zientzietako ikasketak egin zituen gero, Tokion, Kalifornian eta Washingtonen. 1976tik 1979ra, Japoniako lehen enbaxadore izan zen Nazio Batuen aurrean. Japoniaren ordezkari izan zen, halaber, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordean, Genevan. Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Nazioarteko Funtseko (UNICEF) Administrazio Batzordeko lehendakari ere izan zen. Nazio Batuetan egindako lana giza eskubideen eta iheslarien aldekoa izan zen beti. Zenbait misiotan lortutako arrakastagatik (Indotxinan, Myanmarren eta abarretan), Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoko (UNHCR) lehendakaritzarako proposatu zuen Nazio Batuen idazkari nagusi Pérez de Cuéllarrek. Bien bitartean, Tokioko Sofia Unibertsitateko Atzerriko Ikasketen Fakultateko dekano-kargua eta Asiako Bakeari eta Garapenari buruzko goi-ikasketen katedra eskuratu zituen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.