Teodora Inácia Gomes
Teodora Inácia Gomes | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Empada (en) , 1944ko irailaren 13a (80 urte) |
Herrialdea | Ginea-Bissau |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | portugesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria eta aktibista |
Mugimendua | Womans rights (en) |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Guinea-Bissau War of Independence (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | African Party for the Independence of Guinea and Cape Verde (en) |
Teodora Inácia Gomes (Empada, 1944ko irailaren 13a) gineabissautar politikaria eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea da. Ginea Bissauko independentziaren aldeko borrokalari ohia ere bada.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Teodora Inácia Gomes, familiaren artean Obono ezizenez ezaguna, Empadan jaio zen 1944ko irailaren 13an[1]. Aita Inácio Pedro Gomes zuen. Ahizpa bat (Joana Gomes) eta lau neba zituen[1][2]. Familia kristau batean hazi zen eta eskola katoliko batean ikasi zuen[1]. Aita gaztea zenean, Portora (Portugal) emigratu zuen eta Portugalgo koloniatik kanpo ikasi zuten ginear gutxietako bat izan zen[1]. Han zegoen bitartean, harreman garrantzitsuak egin zituen Portugalgo Alderdi Komunistarekin. Gomesen ama antolakuntza soziala matrilineala zuen talde etniko batetik zetorren, eta biak independentziaren aldeko mugimenduan jardun zuten[1].
1962an Gomes borroka armatuan sartu zen eta Ginea eta Cabo Verderen Independentziarako Afrikar Alderdiko kide egin zen[1]. Han Amílcar Cabralekin lankidetza estua egin zuen eta harekin elkarlanean aritu zen[3]. Mediku eta politika irakasle gisa ere lan egin zuen[2][4]. Prestakuntza militarra ere egin zuen eta 95 emakumez osatutako unitate bat zuzendu zuen[4]. Besteak beste, Titina Silárekin batera borrokatu zen 1963an[1][4]. 1963ko abuztuan, Gomesek eta Silák Sobietar Batasunera bidaiatu zuten praktika politiko bat egitera[4].
1964an diru-laguntza bat jaso zuen eta Kievera joan zen ikastera[1]. Gazteen eta emakumeen mugimendu sozialetan parte hartu zuen eta Ginea eta Cabo Verderen Independentziarako Afrikar Alderdiaren idealak eta helburuak zabaldu zituen[1]. 1966an Conakryra itzuli zen eta irakasle lanetan hasi zen Jardim Escola de Ratoman (Instituto Amizade). 1969tik 1971ra eskolako zuzendari izan zen[1].
1974an Ginea-Bissauk independentzia lortu ondoren, Gomes Ginea-Bissauko Herri Batzar Nazionalean diputatu hautatu zuten Ginea eta Cabo Verderen Independentziarako Afrikar Alderdiko kide gisa[5][3]. 1976an Ginear-Sobietar Adiskidetasun Elkarteko lau presidenteordeetako bat bilakatu zen[6].
Politikari gisa, emakumeen eskubideak defendatu ditu bere ibilbidean zehar, besteak beste Ginea Bissaun emakumeen genitalen mutilazioa legez kanpo uzteko. Beste lege batzuk ere proposatu ditu: askatasunaren aldeko borrokalari ohien eskubideak babesten dituztenak, ugalketa-osasunaren ingurukoak, adingabeen salerosketaren aurkakoak, familia-plangintzaren ingurukoak eta emakumeen aurkako indarkeria debekatzen dutenak[1]. 2015ean Luandan egin zen Internazional Sozialistaren konferentzian parte hartu zuen[7]. Gobernuz kanpoko erakunde batekin ere lan egiten du, kontzientzia politikoa piztea eta gobernuko erakundetan emakume kopurua handitzea duena helburu[5][8].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g h i j k (Portugesez) Godinho Gomes, Patrícia. (2016). «A Mulher guineense como sujeito e objecto do debate histórico contemporâneo: Excertos da história de vida de Teodora Inácia Gomes» Africa Development (CODESRIA) XLI (3): 71-95. (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
- ↑ a b (Ingelesez) «From The Battlefield To The Ballot Box» Trix Magazine 2020-03-22 (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
- ↑ a b (Ingelesez) Urdang, Stephanie. (1975). «Fighting Two Colonialisms: The Women's Struggle in Guinea-Bissau» African Studies Review 18 (3): 29-34. ISSN 0002-0206. (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
- ↑ a b c d (Portugesez) «Guiné-Bissau presta homenagem a Titina Silá» Expresso 2007-01-30 (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
- ↑ a b (Portugesez) «Teodora Inácia Gomes, a combatente guineense, enaltecida no Forum "Por Cabral, sempre", na cidade da Praia» Rádio Vaticano 2013-01-28 (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
- ↑ (Ingelesez) Translations on Sub-Saharan Africa. United States Joint Publications Research Service (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
- ↑ (Ingelesez) «List of participants» Socialist International (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).
- ↑ (Portugesez) Godinho Gomes, Patrícia. «Na senda da luta pela paz e igualdade. O contributo das mulheres guineenses» Buala 2013-03-08 (Noiz kontsultatua: 2024-09-04).