Europako Parlamentua Europar Batasuneko Legebiltzar edo Parlamentua da. Europar Batasuna (EB) ez da herrialde bat, baizik eta Europako 28 estatu elkartzen dituen konfederazio edo erakunde politikoa. Konfederazio horrek parlamentu bat du, Europar Batasuneko Estatu kideek bete beharreko legeak onartzeko; Parlamentu horretan, aldizka, ordezkari politikoak biltzen dira, hauteskunde demokratiko bidez europar herritarrek aukeratutako ordezkari politikoak, alegia. Gaur egun, Parlamentu honek guztira 751 ordezkari ditu; askotan, europarlamentari hitza erabiltzen da haiek izendatzeko.
1952an, jadanik bazegoen Europako Parlamentu bat. Garai horretan, Estatuetako parlamentuetako diputatuek “Batzorde Paritarioa” osatzen zuten. Hala ere, Parlamentu horrek oraindik ez zuen erabakiak hartzeko nahikoa botere. Baina, denbora igaro ahala, hori aldatu egin zen; 1979an, Europako Parlamentua aukeratzeko lehen hauteskundeak egin ziren. Eta, 1992tik aurrera, Europako Parlamentua EBko politiken gaineko erabakiak hartzen hasi zen, Ministroen Kontseiluarekin batera; bi erakundeek ados jarri behar dute Europako Batzordeari lege-proposamenak egiteko; Batzorde hau Europako gobernuaren antzeko zerbait da.
Nork aukeratzen du Europako Parlamentua?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bost urtez behin, EBko herrialde kideetako bakoitzean, Europako Parlamenturako hauteskundeak egiten dira. Horrela, parlamentario edo diputatu batzuk berriz aukeratzen dituzte parlamentuan egoteko, beste batzuk, ordea, ez.
Adinez nagusi diren europar guztiek dute hauteskunde horietan bozkatzeko eskubidea, betiere EBko Estatu kideetan eta haien herrialdearen izenean bozkatzen badute. Hautesle bakoitzak orri zati bat jasotzen du, eta orri horretan, gustukoen duen alderdiaren alde hautatu ahalko du. Alderdi batek zenbat eta boto edo hautesle gehiago izan, orduan eta diputatu gehiago izango ditu.
Herrialde batek izango dituen diputatu kopurua, herrialde horrek duen tamainaren araberakoa izaten da. Maltak, adibidez, biztanle gutxi ditu: beraz, Europako Parlamentuan 6 diputatu baino ez ditu. Alemania, berriz, biztanle gehien dituen EBko herrialdea da: beraz, parlamentuan 96 ordezkari ditu.
Nola funtzionatzen du parlamentuak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aukeratutako 751 parlamentariak Europako hainbat hiritan biltzen dira; hilean behin, osoko bilkura deitutakoa egiten dute, Estrasburgon (Frantzia), Parlamentuaren egoitza nagusian. Batzordeen bilerak, berriz, Bruselan (Belgika) egiten dira. Azkenik, Parlamentuaren Idazkaritza Nagusia Luxenburgon dago.
Hauteskundeak egin ondoren eta Parlamentua osatuta dagoenean, presidente bat aukeratzen da; berak ziurtatzen du legeetan adostutakoaren arabera egiten direla batzarrak eta bilerak.
Parlamentuaren batzar eta batzordeetan, diputatuek beren herrialdeak ordezkatzen dituzte; dena den, gehienak halako talde jakin batzuetan biltzen dira, talde politikoetan, bakoitzak auzi garrantzitsu batzuei buruz duen iritziaren arabera.
Kideek talde bat osatu ahalko dute, baldin eta gutxienez zazpi herrialde desberdinetakoak badira. Talde bakoitzak buruzagi edo bozeramaile bat du, talde guztiaren izenean hitz egiteko.
Baina beti ez du bozeramaileak hitz egiten; batzuetan, Parlamentuan gai jakin bati buruz hitz egiten dutenean, edo batzorde txikiagoak egiten direnean (arrantza, nekazaritza, justizia, garraioa, ingurumena, etab.), talde bakoitzak eztabaidetan hitz egiteko pertsona bat edo batzuk aukeratzen ditu.
Zer egin dezake Europako Parlamentuak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako Parlamentuak legeak onartzen ditu; ez zaie, ordea lege deitzen, arau edo zuzentarau baizik. Hala ere, Parlamentuak ezin ditu erabakiak hartu bere kabuz: proposamen bat soilik legetzat hartuko da baldin eta Ministroen Kontseiluak onartzen badu (Estatu kideetako gobernuek osatua). Gainera, Parlamentuak ezin du lege bat proposatu bere kabuz; hori Europako Batzordearen esku dago.
Europar Batasunak bere aurrekontua ere badu; hau da, urtero gasta dezakeen diru kopurua. Aurrekontua dokumentu bat da, eta dokumentu horretan honakoak ezartzen dira: EBk urtero gasta dezakeen diru kopurua, diru hori nondik datorren eta zehazki zertan gastatu nahi den. Gaur egun, EBk urteko 150.000 milioi euro inguruko aurrekontua du. Parlamentuak Ministroen Kontseiluarekin batera hartu behar izaten ditu aurrekontuaren gaineko erabakiak.
Azkenik, Parlamentuak beste eginkizun bat du: Europako Batzordeko presidentea aukeratzea. Europako Batzordeak egiten duena ere kontrolatu behar du, eta, Batzordeak egiten duenarekin guztiz ados ez badago, Parlamentuak Batzordeak dimititu egin behar duela erabaki ahalko du.
Parlamentarien banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun, 751 kide ditu, estatu kide bakoitzeko herritarrek aukeratuak, baina estatu kide bakoitzak ez dauka parlamentari kopuru berbera. Honela banatuta daude, gehien duenetik gutxien dutenera antolatuta:
Estatua | Legebiltzarkideak | |
Alemania | 96 (% 12,8) | |
Frantzia | 74 (% 9,9) | |
Italia | 73 (% 9,7) | |
Erresuma Batua | 73 (% 9,7) | |
Espainia | 54 (% 7,2) | |
Polonia | 51 (% 6,8) | |
Errumania | 32 (% 4,3) | |
Herbehereak | 26 (% 3,5) | |
Belgika | 21 (% 2,8) | |
Txekiar Errepublika | 21 (% 2,8) | |
Grezia | 21 (% 2,8) | |
Hungaria | 21 (% 2,8) | |
Portugal | 21 (% 2,8) | |
Suedia | 20 (% 2,7) | |
Austria | 18 (% 2,4) | |
Bulgaria | 17 (% 2,3) | |
Danimarka | 13 (% 1,7) | |
Finlandia | 13 (% 1,7) | |
Eslovakia | 13 (% 1,7) | |
Kroazia | 11 (% 1,5) | |
Irlanda | 11 (% 1,5) | |
Lituania | 11 (% 1,5) | |
Letonia | 8 (% 1,1) | |
Eslovenia | 8 (% 1,1) | |
Zipre | 6 (% 0,8) | |
Estonia | 6 (% 0,8) | |
Luxenburgo | 6 (% 0,8) | |
Malta | 6 (% 0,8) |