Hezurrek gorputzari eusten diote. Gure gorputzeko hezur guztien multzoa eskeletoa da. Eskeletoak bere forma berezia ematen dio gure gorputzari, gorputzeko organorik delikatuenak (burmuina, bihotza edo birikak, adibidez) babesten ditu eta mugimenduak errazten ditu.
Giza-eskeletoak 206 hezur ditu guztira, buruan, enborrean eta gorputz-adarretan banatuta. Hezurrak organo bizidunak dira, erresistenteak eta oso gogorrak. Gure gorputzean forma askotako hezurrak daude. Forma hori gure gorputzean betetzen duten funtzioarekin lotuta dago. Hezurrak oso gogorrak dira substantzia mineral ugari dituztelako, esate baterako, kaltzioa. Gogorrak izan arren, bizirik daude, eta gorputzeko beste edozein organok bezala, oxigenoa eta elikagaiak behar dituzte.
Buruko hezurrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Burezur edo garezurrak burmuina babesten du eta hezur bakarra dirudien arren, tinko lotuta dauden hezur ugariz osaturik dago. Aurpegian ere hainbat hezur ditugu; gehienak finkoak dira eta forma ematen diote aurpegiari, goiko masailezurra, adibidez. Beheko masailezurra, aldiz, mugikorra da (mugi daitekeen bakarra da burezurrean) eta ahoaren mugimendua errazten du.
Enborreko hezurrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enborrean ondorengo hezurrak daude: bizkarrezurra, saihets hezurrak, bularrezurra, klabikula edo lepauztaia, omoplatoa edo sorbalda-hezurra eta pelbisa.
- Bizkarrezurrak bizkarrezurmuina babesten du. Ornoak izeneko 33 hezurrez osatuta dago eta beste hainbat hezur ere lotzen zaizkio.
- Saihets hezurrek bihotza, birikak, urdaila eta gibela babesten dituzte. Luzeak dira, estuak eta makurrak. Gehienak mutur batetik bizkarrezurrera lotzen dira eta bestetik bularrezurrera.
Gorputz adarretako hezurrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Besoetan eta hanketan palanka funtzioa egiten duten hezur luze batzuk ditugu. Horiei esker oinez ibiltzen gara eta objektuak altxatzen ditugu. Humeroa edo besahezurra lepauztaiaren eta sorbaIda-hezurraren bidez lotzen da enborrera. Femur edo izterrezurra, berriz, pelbisaren bidez lotzen da. Eskuetan eta hanketan hezur txiki ugari daude; hatzetako hezurrei falangeak deitzen zaie.
Hezurren egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hezurrek oinarrizko bi egitura dituzte: egitura trinkoa da bata, eta egitura harroa bestea. Bi egitura-motak kaltzioz eta beste mineral batzuez, proteina-zuntzez eta urez eginda daude.
Hezurren egitura edo zati trinkoak solidoak eta oso gogorrak dira. Hezur guztien kanpoko geruza trinkoa izaten da. Besoko eta hankako hezurren ardatzak edo hodi luzeak ere egitura trinkoa du.
Hezurren egitura harroa, aldiz, hezur-geruza trinkoaren azpian dago. Erleen abaraska edo esponja bat dirudi, baina ez da biguna. Hezur harroaren egitura hori oso egokia izaten da hezurrak kolpeei edo presioari eusteko eta ez apurtzeko.
Hezur harroaren hutsune horiek, eta baita hezur luzeetako hodi hutsak gelatinaren antzeko substantzia edo gai bigun batez beterik daude; hezur-muina deitzen da eta gorria edo horia izan daiteke. Muin gorriak odol-zelulak sortzen ditu; muin horiak, berriz, koipeak gordetzen ditu.
Mintz edo azal mehe batek estaltzen du hezur bakoitza. Mintz horrek hezurrari lotutako nerbioak eta odol-hodiak ditu. Odol-hodiek elikagaiak eramaten dituzte hezurrera. Odoleko zelulak hezurretik gorputzera ere garraiatzen dituzte.