Karibe itsasoa ozeano Atlantikoko itsaso bat da, Erdialdeko Amerikaren ekialdean eta Hego Amerikaren iparraldean kokatua. Antilletako itsasoa ere deitzen zaio, izen bereko uharteen hegoaldean eta mendebaldean kokatuta dagoelako.
Iparraldean Antilla Handiak deiturikoekin (Kantzer tropikoaren hegoaldean kokatuak) egiten du muga —Kuba, La Española (Haiti eta Dominikar Errepublika) eta Puerto Rico—, ekialdean Antilla Txikiekin, hegoaldean Venezuela, Kolonbia eta Panamarekin, eta mendebaldean Mexiko, Belize, Guatemala, Honduras, Nikaragua eta Costa Ricarekin.
Karibe itsasoa munduko itsasorik handienetako bat da eta 2.763.800 km² inguruko azalera du. Punturik sakonena Kaiman uharteetako fosa da, Kuba eta Jamaikaren artean eta itsas mailaren azpitik 7.686 metrora kokatua. Karibean kostalde-hedadura eta uren hedadurarik handiena dituen herrialdea Venezuela da. Karibearen itsasertzak golko eta badia asko dauzka: Samana badia, Bahía de las Águilas eta Venezuelako, Morrosquilloko, Darieneko eta Honduraseko golkoak.
“Karibea” Karibe itsasoak, bertako uharteek eta itsasoa inguratzen duten kostek osatutako eskualdea da.
Karibe itsasoa ozeano Pazifikoarekin komunikatzen da Panamako kanalaren bitartez.
Turismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karibe itsasoa tokirik erakargarrienetako bat da nazioarteko turismoarentzat. Gutxi gorabehera 12 milioi turistak bisitatzen du eskualdea urte osoan zehar. Karibea gurutzaontzientzako helmuga nagusietako bat da munduan. Bisitari eta turisten leku gogokoenen artean daude Puerto Ricoko uhartea, Dominikar Errepublika, Kuba, Jamaika, Aruba, Barbados, Birjina uharteak, San Martín, Costa Rica, Trinidad eta Margarita (Venezuelan); baita Cancun, Playa del Carmen eta Cozumel hiriak eta Xcaret parke eko-arkeologikoa ere, Riviera Mayan; Majahual, Xcalak eta Río Huach Mexikoko Costa Maya ibilbidean; Cartagena de Indias, San Andrés y Providencia eta Santa Marta Kolonbian; Puerto La Cruz, Barcelona, Isla de Aves, Los Roques, Punto Fijo, Choroni, Tucacas eta Barlovento Venezuelan; Bocas del Toro, Colón, Guna Yala eta Panamako kanala Panaman. Horiek dira Karibearen helmuga turistiko askotariko batzuk.