Sizilia Mediterraneo itsasoko uharterik handiena da, Italiako eskualderik zabalena eta Europako irlarik handienetan zazpigarrena; inguruan dituen uharteekin batera, Italiaren barruko eskualde autonomo bat da, Regione Autonoma Siciliana izenekoa.
4,8 milioi biztanle inguru ditu eta Palermo da hiriburua.
Geografia eta klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sizilia triangelu formako uhartea da, eta 25.711 kilometro karratuko hedadura du. Joniko, Tirreno eta Mediterraneo itsasoek inguratzen dute. Uhartearen ipar-ekialdean, Messinako itsasarteak Sizilia eta italiar penintsula banatzen ditu.
Siziliako iparraldea mendiz estalita dago. Mendirik garaiena, Etna mendia, Europako sumendirik aktiboena ere badena. Ondorioz, Siziliak aktibitate bolkaniko eta sismiko bizia jasaten du. Lautada estuak ere badaude, batez ere kostaldean.
Siziliak uda lehor eta beroak eta negu leunak izaten ditu. Uharteak 400 eta 1.400 milimetro arteko prezipitazioak jasotzen ditu urtero. Uhartea landaretzaz estalita egon zen iraganean, baina lurraren zati handi bat nekazaritzarako eta beste erabilera batzuetarako garbitu zuten.
Biztanleak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendeetan zehar, Sizilia Mediterraneoa kontrolatzeko giltzarria zen. Ondorioz, herri ezberdin askok konkistatu zituzten uharteak: greziarrek, erromatarrek, arabiarrek, normandiarrek, aragoiarrek eta espainiarrek esaterako. Konkista hauek Siziliako biztanleria ezberdin bat sortu zuten. Gaur egun, Siziliako biztanle gehienak katolikoak dira.
Siziliak ekarpen handia egin die italiar literaturari eta arteari. Uhartea ospetsua da bere jaialdi erlijiosoengatik eta arte folklorikoarengatik.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Siziliaren zatirik handiena nekazaritzan erabiltzen da. Labore nagusiak garia, garagarra, artoa, almendrak, mahatsak eta kotoi pixka bat dira. Limoien, laranjen, mandarinen eta olibondoen soroak, mahastiak eta baratzeak ugariak dira mendi ez oso altuen hegaletan. Mendebaldean, Marsalako lautada ezaguna da bere ardoagatik. Behiak, mandoak, astoak eta ardiak ere hazten dira.
Industria astuna XX. mendeko azken hamarkadetan garatu zen. Industria horietako gehienak petrolioaren fintzean eta produktu kimikoen fabrikazioan oinarritzen dira. Beste industria batzuk elikagaien prozesamendua, gatzaren erauzketa, ardogintza, ehungintza eta ontzigintza dira.
Palermo, Catania, Siracusa eta Messina dira Siziliako lau hiri eta portu garrantzitsuenak.
Historia apur bat
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sizilia duela 10.000 urtetik egon da populatuta. Lehenengo biztanleak sikuloak, sikanioak eta elimioak izan ziren. Uharteari izena eman zion taldea sikuloak izan ziren.
Antzinako greziarrek K.a. 700etik aurrera ezarri zituzten hiriak uhartean. K.a. 200ean, lehen erromatar probintzia bihurtu zen. Geroago, Sizilia Bizantziar Inperioaren kontrolpean geratu zen, harik eta 965ean, konkistatzaile arabiarrek Afrikako iparraldetik iritsita uhartearen kontrola hartu zuten arte. Ondoren, Frantzia iparraldeko normandiarrek konkistatu zuten 1060an.
Geroago, uhartea Napoliko Erresumaren zati izan zen, Italiako penintsularen hegoaldean. XV. mendearen erdialdetik XIX. mendearen erdialdera arte Bi Sizilietako Erresuma deritzona eratu zuten. 1860an Giuseppe Garibaldi Italiako hegoaldea eta iparraldea batu zituen matxinada baten buru izan zen. Hurrengo urtean, Sizilia Italiako Erresumaren zati bihurtu zen.
Bigarren Mundu Gerran (1939-45) indar britainiar eta estatubatuarrek Sizilia bereganatu zuten eta uhartea base militar gisa erabili zuten. Handik, Italia okupatzen zuen alemaniar armadaren aurkako erasoak egin zituzten.
Argazkiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Palermo hiria
-
Francavilla di Sicilia herria
-
Ogliastro lakua
-
Novara di Sicilia herria
-
Greziar tenplu bat Agrigento herrian
-
Partannako gaztelua
-
Cataniako katedrala