Volga[1] (errusieraz: Волга, tartareraz: İdel edo Sari-su, turkieraz: İdil) Europako ibairik luzeena da. Bere ibaiadarrekin, Europako Errusiaren azaleraren heren bat baino gehiago drainatzen du. Valdai muinoetan sortzen da, 228 metroko altueran, Mosku eta San Petersburgo artean, Kaspiar itsasora murgildu baino lehen, 3.690 km-ko ibilbide luze baten ondoren.[2] Ibaia ia luzera osoan zehar nabigagarria da, batez ere XX. mendearen bigarren erdian egindako hobekuntza handiei esker. Bere arro hidrografikoak 1.350.000 km2-ko azalera du eta herri mosaiko bat biltzen du. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, Errusiako industria jardueren zati handi bat biltzen du Volgako haranak. Baita ere, paper garrantzitsu bat jokatzen du Errusiako iruditerian, eleberri, margolan eta abesti asko inspiratu izan du, besteak beste Volgako batelariak.[3]

Volga
Волга (ru)
Datu orokorrak
Motaibai
Luzera3.530 km
Geografia
Map
Koordenatuak57°15′05″N 32°28′05″E / 57.25133119°N 32.46796569°E / 57.25133119; 32.46796569
Honen parte daEuropar Errusiako Ur Sakonen Sistema Bateratua
Estatu burujabe Errusia
Errusiako oblastak Tver oblasta
Hidrografia
Ibaiadarrak
Arroaren azalera1.360.000 km²
Arro hidrografikoaVolga Basin (en) Itzuli
Ur-emaria8.060 m³/s
IturburuaValdai muinoak
(256 m)
Bokalea
()
Kaspiar itsasoa eta Kama ibaia (Astrakhan)
(−28 m)

Volga errusierazko hidronimoa *vòlga proto-eslavieratik dator, «hezetasun» esanahiaz. Eslaviar hizkuntza askotan kontserbatzen da, bulgarieraz, serbokroazieraz eta mazedonieraz vlaga (влага) «hezetasun», txekieraz vláha «umeltasun» edo polonieraz wilgoć «hezetasun», besteak beste.[4]

Eszitieraz Volgaren izena Rahān zen, «hezetasun» esan nahi zuena.[5] Hori avesterazko Raŋhā (𐬭𐬀𐬢𐬵𐬁) uhar mitiko baten izenarekin dago lotua, «heze, hezetasun» esan nahi duena, eta aitzinindoeuroperaz *h₁res- edo *h₁ers- formatik eratorria izan zen.[6] Izen hau zenbait termino indo-iranikorekin konpara daiteke, hala nola:

Eszitierazko izena egungo mokxeraz gordetzen da, Rav (Рав) formaz.[9][10]

Herodoto greziar autoreak Volgaren bi izen iraniar zaharrago erregistratu zituen:

Ibaian zehar bizi ziren turkiar herriek Itil edo Atil deitu izan zioten. Turkiar hizkuntza modernoetan, İdel (Идел) izenaz ezagutzen da tatareraz, Atăl (Атӑл) txuvaxeraz, Iźel baxkireraz, Edıl kazakheraz eta Idil turkieraz. Izen horiek guztiak antzinako turkierazko Etil/Ertil formari dagokzio, jatorri eta esanahi argirik ez duena. Beharbada, forma horrek badu lotura bat Irtesh hidronimoarekin.[14]

Geografia

aldatu

Volgaren goi ibilgua

aldatu

Volga ibaiaren sorburua Valdai muinoetan dago, Volgoverkhove herrixkan, Moskuko ipar-mendebaldean eta San Petersburgotik 320 bat kilometrora, hego-ekialdean. Muino horietatik atera eta gero, ur ibilgua Rjev herrira iristen da, ipar-ekialderantz egiteko. Hortik aurrera, zamaontzi txikiak ibil daitezke ibaian. Aurrerago, Tver hiria zeharkatzen du, Mosku eta San Petersburgo lotzen zituen antzinako errepidean. Volga ibaiak Ivankovoko urtegiko atxikitze aintzira zeharkatzen du, Dubnaraino, han elkartzen baitzaio Moskuko ubidea. Dubnako urtegia Mosku edateko urez elikatzeko eraiki zuten. Kimry hiria zeharkatuta, ibaia Uglitxeko urtegiaren atxikitze aintzirara iristen da. Gero, ibaia iparralderantz doa, Rybinskeko urtegiaren atxikitze aintziraraino, ibaiaren gainean eraikitako aintzirarik zaharrena baita. Aintzira horretan, bi ibaiadar batzen dira Volgara, Mologa eta Txeksna, baita Volga-Baltiko bide nabigagarria ere.[15]

Volgaren ibilgu ertaina

aldatu
 
Volgaren eskuin ertza malkartsua da askotan: irudian, Kama ibaiarekin bat egiten duen tokitik gertu.
 
Haurrak Volgan jolasean Nizhni Novgorodeko zubitik gertu.
 
Volga, Samaran.
 
Volga Txuvaxian.

Urtegiaren ondoren, Rybinsk hiria dago, Volgaren goi ibaibideko portu handia bat. Bi arroko esklusa igaro ondoren, ibaia hego-ekialderantz doa, eta, 85,8 km-ren ondoren, Jaroslavlera iristen da. Erdialdeko Errusiako hiririk zaharrenetako bat da, XI. mendean sortua. Bertan ezarritako industriek ibaira isurtzen dituzte hondakin ur gehienak, batere prozesatu gabe. Ibaian behera 70 km inguru dago Kostroma, 1152an sortua, izen bereko ibaiarekin bat egiteko. Kinechma hiria atzean utzi ondoren, Gorkiko urtegia dago: Nizhni Novgorodeko presak sortutako 430 km luzeko ur aintzira bat da. Nizhni Novgoroden, Oka eskuin ibaiadarra gehitzen zaio Volgari. Aurrerago, Mari El lurraldean, Txeboksaryko presa dago. 1980ko hamarkadan, eraiki zutenean, mari herriko dozenaka mila biztanlek alde egin behar izan zuen atxikitze aintzirari bide emateko. Presatik behera Txeboksary eta Novotxeboksarsk hiriak daude. Kazan, Tatarstango hiriburua, ibaiaren ibilbidean dago, 150 km ekialderago, ur ibilguak bere ibilbidea hegoalderantz okertzen duen puntuan. Hiria Kuibyxeveko urtegiaren hasieran dago, Samarako presak sortutako 550 km-ko atxikitze aintzira bat: 6.450 km2-ko azalerarekin, Europako atxikitze urtegi handiena da. Kama Volgarekin elkartzen da laku horretara murgilduta. Lakuaren ertzean Ulianovsk eta Togliatti hiriak daude. Volgak ia itxita dagoen begizta bat osatzen du, eta bertan dago Samara hiria, milioi bat biztanle baino gehiago dituena. Samara ibaia, Volgaren ezker ibaiadarra, Volgan murgiltzen da. Syzran hiria begiztaren amaieran dago.[15]

Volgaren behe ibilgua

aldatu

Saratoveko atxikitze aintzira leku horretan hasten da, Balakovo hiritik gertu eraikitako Saratoveko presak sortzen du. Irgiz ibaia Volgan murgiltzen da hiri industrial horretan. Volgako alemaniarren herria Balakovo eta Saratov artean bizi zen, Bigarren Mundu Gerraren ostean Kazakhstanera eta Siberiara deportatuak izan aurretik. Ezker ertzean dauden Engels eta Marks hiriek garai hura gogorarazten dute. Ibaiak bere ibilbideko zati honetan bakarrik mantendu du garai bateko itxura. Belardiek eta mendixkek osatzen duten paisaiaren forma bereizgarriak —375 metroko altuera hartzen dute, mendebaldean, eta ertz laua ekialdean— nabari dira oraindik Kazan eta Volgograd artean, nahiz eta atxikitze aintzirek hein batean ito dituzten antzinako bazterrak. Egiaz, Balakovo eta Marks artean bakarrik dago Volga bere jatorrizko egoeran.[15]

Hidrologia

aldatu

Volgaren uren % 60 elurra urtzearen ondoriozkoak dira, lurpeko urak % 30 dira eta euri urak % 10. Volgaren erregimena ez da oso orekatua. Izan ere, ibaiak urtean garraiatzen dituen uren erdiak apirilaren amaieratik ekainaren hasierara bitarteko sei asteko tartean isurtzen dira, ibaiaren arroaren hegoaldean hasten den urtze unean, gero iparralderantz azkar hedatzeko. Ibaiaren kotak (uraren garaiera) gorabehera handiak izaten ditu urtean. Tverren 11 m-ra iristen da, Kama ibaiarekin bat egiten duen puntuan 16 m-ra eta Astrakhanen 3 m-ra, baina ibaiaren ibilguan eta haren adarretan eraikitako ur biltegien eraginak fluktuazio horiek nabarmen murriztu ditu.[16][17]

Volgaren batez besteko emariak (/s) Volgograden neurtuak[18][19]
Datuak: 1879-1984 aldia

Ibaiaren urte arteko batez besteko emaria da 182 m3/s Tverren; 1.110 m3/s Jaroslavlen; 2.970 m3/s Nizhni Novgoroden; 7.720 m3/s Samaran; eta 8.060 m3/s Volgograden. Volgograd atzean utzi ondoren, ibaiak ez du jada beste ibaiadarrik jasotzen, eta lurrunketak % 2 murrizten du emaria. Ibaiaren emaria, gehienez ere, 67.000 m3/s-ra iritsi zitekeen lehen, Kama ibaiarekin bat egiten duen puntutik aurrera, eta 52.000 m3/s-ra Volgograden, uren zati bat inguruko lautada urperagarrietara isurita. Arroan urtero erortzen den euri ura 187 mm da Volgograden, eta guztira 662 mm-ko prezipitazioa du.[20][21]

Atxikitze aintzirak sortu aurretik, Volgak urtean 25 milioi tona sedimentu isurtzen zituen bokalean, eta 40-50 milioi tona mineral disolbatuta.[22]

Volgako urek 20 °C eta 25 °C arteko tenperatura hartzen dute uztailean, eta urtean 260 egunez izoztu gabe egoten dira Astrakhanen.[23]

Volgako uren batez besteko tenperatura (°C) Saratov inguruan[24]
Datuak: 2004-2024 aldia

Populazioak

aldatu
 
Volga, bere bokaletik gertu.

Volgaren goi ibilguko jatorrizko herriak meriatar finlandiarrak dira,[25] nahiz aro modernoan errusiar asimilazioa oso handia den. Finlandiako beste gizatalde batzuk, hala nola mari herria eta mordoviarrak, Volgaren erdiko ibilguan zehar bizi dira. Turkiar populazioak 600. urte inguru agertu ziren, eta ibaiaren erdiko eta beheko ibilguan kokaturiko finlandiar eta indoeuropar talde batzuk asimilatu zituzten; ondoren, txuvax edo tatar bihurtu ziren, baita Dagestanen birkokaturiko nogaitarrak ere. Kalmuk mongoliar budistek Volga kolonizatu zuten XVII. mendean.[26]

Volga eskualdean ere badira Volgako alemaniarren ondorengo batzuk, Katalina II.ak lur horiek lantzera eta kolonizatzera bultzatu zituenak, ekialdeko mongoliar oldeen erasoen aurkako indargetze eskualde bat sortzeko. Alemaniarrak kopuru handian etorri ziren. Erregimen sobietarraren pean, eskualdeko zati bat Volgako alemaniarren Sobietar Errepublika Sozialista bihurtu zen. Bigarren Mundu Gerran, Stalinek errepublika desegin zuen: bertako biztanle gehienak deportatu zituzten SESBeko beste eskualde batzuetara, batez ere Kazakhstan eta Kirgizistan aldera, alemaniar okupatzaileekin elkarlan ekintzak eragozteko eta, aldi berean, populazioari zigor modu bat ezartzeko. Askok emigratu zuten Alemaniara 1990eko hamarkadatik aurrera.[27]

Historia

aldatu
 
Volga izoztuta, Jaroslavleko iparraldean.

Errusiar folklorean, «Ama Volga» da, ibaiaren garrantziagatik. Izan ere, Volgak Errusiaren ekialdeko muga markatu zuen mende luzez.

Goi Erdi Aroan, eslaviar tribuak goi ibilguan ezarri ziren; bulgariarrak, berriz, erdiko ibilguan, VIII. mendetik XIV. mendera bitarte, eta khazariarrak behe ibilguan.

Khazariarrak Itilen, Volgaren deltatik gertu, Kievetik Uraletara hedatu zen «inperio» iragankor baten hiriburua ezarri zuten, ekialdeko eslaviarren eta Volgako bulgariarren kaltetan. Ezagunak ziren, batez ere, judaismora bihurtzeagatik, Sviatoslav I.a Kieveko duke handiaren armadek 965, urtean garaitu aurretik.[28]

 
Volga, Nizhni Novgoroden.

Garai hartan, Europako ekialdeko salgaien bide garrantzitsu bat bihurtu zen Volgako ibilbide komertziala. XIII. mendean Nizhni Novgorodetik behera Urrezko Hordako mongolek kontrolatua, XV. mendean Astrakhan eta Kazango khanerrien arteko borroka gai izan zen. XVI.-XVII. mendeetan, Urrezko Hordaren hiriburua —Sarai Berke, egungo Volgogradetik gertu— zegoen Volga eskualdeak paper nagusia izan zuen kosakoen konkistetan, Moskuren kontrolpera pasarazi baitzuten. Ivan IV.ak 1552an Kazan mendean hartu ondoren eta 1556an Astrakhan menderatuta, ibaiaren ibilbide osoa Errusiako inperioaren kontrolpean gelditu zen. Eskualdearen gaineko nagusitasuna asetzeko, kremlin edo gotorleku asko eraiki zituzten, ia denak eskuin ertz malkartsuenean. Horietako batzuk aglomerazio edo hiri bihurtu ziren: Saratov 1590ean sortu zen; Tsaritsyne (gaur egun Volgograd), 1589an; Simbirsk (gaur egun Ulianovsk), 1648an; Samara, 1648an. Kolono errusiarrek, kosakoek eta alemaniarrek bermatu zuten eskualdearen populazioa finkatzea; batzuk, jaioterri gainpopulatutatik ihes, eta beste batzuk Katalina II.a erreginaren eskaintzak erakarrita (1767). Volga komunikazio ardatz bihurtu zen, eta Errusiaren hedapena errazten zuen Siberian eta Kaspiar itsasoan, bereziki Stenka Razin buruzagiaren agintepean. Garai hartan, Volgaren behe ibilguko eskualdean turko-mongolak eta finlandiarrak bizi ziren nagusiki.[29]

XIX. mendean, trenbideak ibaian zehar eraikitako hirien nagusitasuna sendotzen lagundu zuen. Izan ere, hirigune hauetan merkataritza, gari errotak, arrantza industria, ontzigintza eta trenbide materialen mantentze lana azkar garatu ziren. Oro har, baina, esan daiteke Volga eskualdea industria iraultzatik at gelditu zela 1930eko hamarkadara arte, orduan eraiki baitziren lehenengo metalurgia planta bat eta traktore lantegi bat, Stalingraden.[30]

 
Volgako atoilariak, Ilia Repinen margolana (1870-1873), Errusiar Museoa, San Petersburgo.

Bilboko itsasadarreko zirgarien gisara irudikatu zituen Volgako atoilariak Ilia Repin margolariak, hau da, ontziak ibaian zehar atoian arrastaka eramaten zituzten langileak. 1870-1873 bitartean margotutako lan bat da, Errusiar Museoan erakusgai dagoena, San Petersburgon.[31]

Bigarren Mundu Gerran, Volga defentsa lerro baliotsua izan zen Armada Gorriarentzat, 1942ko udan jasandako porroten ondoren. Stalingradeko gudu odoltsuak (1,5 hildako), Volgak marrazten duen ekialdeko irtengunean, sobietarrei aukera eman zien alemaniarren aurrerapena geldiarazteko eta erasoaldiari berrekiteko.[32]

Ekonomia

aldatu
 
Atoiontzia eta gabarra bat, bidaiari ontzi bat gurutzatu dutela, Nizhni Novgorodetik gertu.

Volga ibaiaren eskualdea Bigarren Mundu Gerraren amaieratik aurrera hasi zen benetan garatzen: 200 lantegi baino gehiago (makina-tresna, automobilgintza) eraiki ziren hiri nagusietan. Volga ibaiaren ibilguan eta Kama haren ibaiadarrean egokitze lan izugarriak egin zituzten, komunikazio arteria iraunkor bihurtzeko, elektrizitatea ekoizteko eta behe ibilguan zehar zeuden lurrak ureztatzeko.[33]

Bigarren Mundu Gerraren ostean, petrolio eta gas hobi garrantzitsuak ustiatzen hasi ziren Volgaren arroan (90 milioi tona petrolio eta 28.000 milioi metro kubiko gas ekoitzi ziren 2000. urtean), eta horrek industria petrokimiko dinamiko garrantzitsu bat sortzea ekarri zuen, nahiz eta hobiak agortzeko joera izan.[34]

Ibaiaren arroaren erdialdea nahiko emankorra da, nahiz eta prezipitazioak oso irregularrak izan urte batetik bestera. Aldiz, hegoalderago dauden lurrak ureztatzeko saiakerak ez ditu esperotako emaitzak sortu. Gainera, Kaspiar Itsasoaren ertzean dauden lur laboragarri batzuk 1980ko hamarkadan urpean murgilduta gelditu ziren, itsasoaren maila goratu zenean, adituan ezustean harrapatuta.[35]

Volgaren arroa aberatsa da meatzaritza baliabideetan, hala nola potasa eta gatza. Volgaren delta eta Kaspiar Itsasoaren inguruak arrainetan aberatsak dira. Volgaren deltan dago Astrakhan, kabiarraren industriaren erdigunea.[36]

 
Volga ibaiaren arroa: mugak, ibaiadar nagusiak, hiriak eta urtegiak.

Ibaiadar nagusiak

aldatu
  • Aktuba ibaia.
  • Dubna ibaia.
  • Kama ibaia.
  • Kasinka ibaia.
  • Kazanka ibaia.
  • Kerzenets ibaia.
  • Kostroma ibaia.
  • Kotorosl ibaia.
  • Medveditsa ibaia.
  • Mologa ibaia.
  • Nerl ibaia.
  • Oka ibaia.
  • Samara ibaia.
  • Selizarovka ibaia.
  • Sheksna ibaia.
  • Sosa ibaia.
  • Sura ibaia.
  • Sviiaga ibaia.
  • Tvertsa ibaia.
  • Ufa ibaia.
  • Unza ibaia.
  • Uzola ibaia.
  • Vazuza ibaia.
  • Vetluga ibaia.

Volgaren antolakuntza egiturak

aldatu

Zenbait kanalek —Moskuko kanala, Don-Volga kanala, Volga-Baltikoa kanala― lotzen dituzte Mosku eta Itsaso Zuria, Baltikoa, Azoveko itsasoa, Kaspiar itsasoa eta Itsaso Beltza. Ibai loturen multzo horrek, Volga ardatz duela, Bost Itsasoen Sistema osatzen du. Gai arinen (zura, gatza, zerealak) merkataritza egituratzen du Errusia mendebaldean, eta hiriburuaren hornikuntza errazten du.[37]

Bigarren Mundu Gerraren ondotik, Volga antolatzeko plan bat gauzatu zen, lehenago, 1920ko hamarkadan oldoztua. Lehenik, ibaia nabigagarri bihurtu behar zen, ur emaria oso aldakorra baitzen, alde batetik, oso gainbehera apala duelako (250 metroko desnibela, ibaibide osoan), eta, bestetik, uren sakonera asko aldatzen baitzen urtaroaren arabera (20 metro arte). Planaren helburu ziren, bigarrenik, elektrizitatea sortzea, eta, hirugarrenik, beheko ibilguko ur lehorrak ureztatzea.[33]

Volga ibaian eta Kama eta Ufa bere ibaiadarretan hamar bat presa handi eraikitzen ziren, atxikitze aintzira erraldoiak sortuz. Multzoari Volga-Kama ur jauzia esaten diote (errusieraz: Волжско-Камский каскадtranslit.: Voljsko-Kamski kaskad). Egindako lanek ibaia setiatu dutela esan daiteke, eta, orain, edozein sasiotan (ibaia izozten ez denean) lau metrotik gorako sakonera bermatzen dute. Horren truke, 10.000 km2 lur baino gehiago urpean gelditu dira dira, baita ehunka herrixka eta zenbait hiri ere. Zentral elektrikoek 33.585 GWh ekoizten dituzte urtean. Aldiz, ureztatze programak porrot egin zuen, Errusiako administrazioaren antolaketa eskasagatik eta gehiegiz ureztatutako lurretan gatz maila areagotzeko joeragatik.[38]

Volgaren ibilguan eraikitako urtegi nagusiak dira:

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
  2. (Errusieraz) «Государственный водный реестр: река ЦНА» web.archive.org 2016-03-05 (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  3. (Ingelesez) Walker, Joel. (2007-10-01). «Iran and Its Neighbors in Late Antiquity: Art of the Sasanian Empire (224-642 C.E.)» American Journal of Archaeology 111 (4): 795–801.  doi:10.3764/aja.111.4.795. ISSN 0002-9114. (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  4. (Alemanez) Vasmer, Max. (1964). Russisches geographisches Namenbuch. Wiesbaden: O. Harrassowitz ISBN 978-3447007856. OCLC .2075630.
  5. (Ingelesez) «Arang» Encyclopaedia Iranica (web.archive.org) 2022-08-12 (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  6. (Ingelesez) Mallory, J. P.; Dearborn, Fitzroy. (1997). «Encyclopedia Of Indo-European Culture» Internet Archive (London: Fitzroy Dearborn) ISBN 978-1884964985. OCLC .37931209 (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  7. (Ingelesez) de Vaan, Michiel. (2008). Etymological dictionary of Latin and the other Italic languages. Leiden: Brill ISBN 978-9004167971. OCLC .819172249.
  8. (Frantsesez) Lebedynsky, Iaroslav. (2014). Les Sarmates : amazones et lanciers cuirassés entre Oural et Danube. Arles: Errance ISBN 978-2877725651. OCLC .874843201.
  9. (Ingelesez) Hartley, Janet M. (2021). The Volga: A History. New Haven: Yale University Press ISBN 978-0300245646. OCLC .1225354430 (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  10. (Finlandieraz) Herrala, Eeva; Feoktistov, Aleksandr. (1998). Moks̆alais-suomalainen sanakirja. Turku: Yliopisto ISBN 978-9512912445. OCLC .53421582.
  11. (Frantsesez) Burkert, Walter; Nenci, Giuseppe; Reverdin, Olivier. (1990). Hérodote et les peuples non grecs : neuf exposés suivis de discussions. Genève: Fondation Hardt ISBN 978-3774924154. OCLC .185592220.
  12. (Ingelesez) Olbrych, Marek Jan. (2000). «(PDF) Remarks on the Presence of Iranian Peoples in Europe and Their Asiatic Relations | Marek Jan Olbrycht -» Collectanea Celto-Asiatica Cracoviensia (Kraków: Księgarnia Akademicka (web.archive.org)): 101-104. or. ISBN 978-8371883378. (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  13. Gipuzkoan bada izen bereko erreka bat, Araxes, Oria ibaiaren ibaiadarra.
  14. Ächmät'janov, Rifgat Gazizǧan. (2001). Tatar telenen̜ kyskača tarihi-ėtimologik süzlege. Kazan': Tatarstan kitap näšrijaty ISBN 978-5298010047. OCLC .834325782.
  15. a b c (Ingelesez) Scheffel, Richard L.; Wernert, Susan J.. (1980). Natural wonders of the world. New York: Reader's Digest ISBN 978-0895770875. OCLC .472788904.
  16. (Frantsesez) Kolupaila, Steponas; Pardé, Maurice. (1934). «La Volga, étude hydrologique» Annales de géographie 43 (241): 32–48.  doi:10.3406/geo.1934.10385. (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  17. (Frantsesez) Marchand, P.. (1990). «Les variations de niveau des réservoirs de la Volga et leurs conséquences sur l'environnement» Revue des sciences de l'eau / Journal of Water Science 3 (1): 3–20.  doi:10.7202/705062ar. ISSN 0992-7158. (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  18. (Ingelesez) Leummens, Harald J. L.. (2016). Finlayson, C. Max ed. «Volga River Basin (Russia)» The Wetland Book: II: Distribution, Description and Conservation (Springer Netherlands): 1–11.  doi:10.1007/978-94-007-6173-5_88-7. ISBN 978-94-007-6173-5. (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  19. (Ingelesez) Middelkoop, Hans; Schoor, Margriet M.; Babich, Dmitry B.; Alabyan, Andrei M.; Shoubin, Michael A.; van den Berg, Jan H.; de Kramer, Jurgen; Dijkstra, Jasper. (2003-12-19). «Bio-morphodynamics of the Lower Volga river - a reference for river rehabilitation in The Netherlands.» Large Rivers: 89–103.  doi:10.1127/lr/15/2003/89. (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  20. (Ingelesez) Roshan, GholamReza; Moghbel, Masumeh; Grab, Stefan. (2012-12-12). «Modeling Caspian Sea water level oscillations under different scenarios of increasing atmospheric carbon dioxide concentrations» Iranian Journal of Environmental Health Science & Engineering 9 (1): 24.  doi:10.1186/1735-2746-9-24. ISSN 1735-2746. PMID 23369617. PMC PMC3571929. (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  21. (Ingelesez) Kryzhov, V. N.; Gorelits, O. V.. (2015-11). «The Arctic Oscillation and its impact on temperature and precipitation in Northern Eurasia in the 20th Century» Russian Meteorology and Hydrology 40 (11): 711–721.  doi:10.3103/S1068373915110011. ISSN 1068-3739. (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  22. (Ingelesez) Kroonenberg, S. B.; Rusakov, G. V.; Svitoch, A. A.. (1997-01-01). «The wandering of the Volga delta: a response to rapid Caspian sea-level change» Sedimentary Geology 107 (3): 189–209.  doi:10.1016/S0037-0738(96)00028-0. ISSN 0037-0738. (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  23. (Ingelesez) Bui, M.T.; Kuzovlev, V.V.; Zhenikov, Y.N.; Füreder, L.; Seidel, J.; Schletterer, M.. (2018-07). «Water temperatures in the headwaters of the Volga River: Trend analyses, possible future changes, and implications for a pan‐European perspective» River Research and Applications 34 (6): 495–505.  doi:10.1002/rra.3275. ISSN 1535-1459. (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  24. (Ingelesez) «Water Temperature in Volga River (near Volsk), Russia» Sea Temperatures (web.archive.org) 2024-11-09 (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  25. (Frantsesez) Uvarov, Aleksej Sergeevič. (1875). Étude sur les peuples primitifs de la Russie. Les Mériens. Saint-Petersbourg: Imprimerie de l'Académie impériale des sciences OCLC .7046001.
  26. (Ingelesez) «Kalmyk-Oirat, Western Mongol in Russia people group profile» Joshua Project (web.archive.org) 2024-07-14 (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  27. (Ingelesez) Pohl, J. Otto. (1999). Ethnic cleansing in the USSR, 1937-1949. Westport: Greenwood Press ISBN 978-1567508888. OCLC .70765841.
  28. (Ingelesez) Christian, David. (1998). A history of Russia, Central Asia, and Mongolia. Malden: Blackwell Publishers, 297-298. or. ISBN 978-0631183211. OCLC .39458826.
  29. (Ingelesez) Hartley, Janet M.. (2022). The Volga: A History of Russia's Greatest River. New Haven: Yale University Press  doi:10.2307/j.ctv1b0fw6v. ISBN 978-0300256048. OCLC .1295214180 (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  30. (Frantsesez) Smotkine, Henri. (1961). «Les régions industrielles de l'Union des républiques socialistes soviétiques» L'Information Géographique (Paris) 25 (5): 185-209. or.  doi:10.3406/ingeo.1961.2098. ISSN 0020-0093. (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  31. (Errusieraz) «Бурлаки на Волге» Виртуальный Pусский музей (web.archive.org) 2016-04-01 (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  32. Roberts, Geoffrey. (2007). Stalin's Wars: From World War to Cold War, 1939-1953. New Haven: Yale University Press  doi:10.2307/j.ctt1np87q. ISBN 978-0300150407. OCLC .71164004 (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  33. a b (Frantsesez) Marchand, Pascal. (2023). Volga : l'héritage de la modernité. Paris: CNRS éditions ISBN 978-2271122391. OCLC .1400011168.
  34. (Ingelesez) Sagers, Matthew J.. (2001-04). «Developments in Russian Crude Oil Production in 2000» Post-Soviet Geography and Economics 42 (3): 153201. or.  doi:10.1080/10889388.2001.10641168. ISSN 1088-9388. (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  35. (Frantsesez) Miossec, Alain. (1998). «Quelques aspects et conséquences de l'élévation du niveau de la mer Caspienne (About some aspects and consequences of Caspian sea level rise)» Bulletin de l'Association de Géographes Français 75 (1): 31-37. or.  doi:10.3406/bagf.1998.2014. (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  36. (Ingelesez) Harris, Lindsey; Shiraishi, Hiromi. (2018). Understanding the global caviar market. Results of a rapid assessment of trade in sturgeon caviar. Cambridge: Traffic - World Wildlife Fund (web.archive.org) ISBN 978-1858504360..
  37. (Frantsesez) Gauthier, Yves. (1999). La voie des tsars : la croisière fluviale de Moscou à Saint-Pétersbourg. Paris: Neva ISBN 978-2845360006. OCLC .716760043.
  38. (Frantsesez) George, Pierre. (1952). «L'aménagement de la Volga et la construction du canal mer Caspienne-mer d'Aral» Annales de géographie 61 (323): 55-57. or.  doi:10.3406/geo.1952.13347. ISSN 0003-4010. (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu