Zirkasiarrak

Zirkasiar» orritik birbideratua)

Zirkasiarrak[14] (adigeraz: Адыгэ edo Adǝgă), txerkesak[14] edo Adige herria[14] (turkieraz: Çerkez, Çerkes; arabieraz: شركس‎, Sharkas) ere deituak[15], Iparraldeko Kaukason dagoen Zirkasia eskualdeko jatorrizko talde etnolinguistikoa da. Beren hizkuntza, adigera, Kaukasoko ipar-mendebaldeko familiakoa da[16]. 700.000 adige inguru bizi dira Zirkasia historikoan (Errusiako Adigea, Kabardino-Balkaria eta Karatxai-Txerkesia errepublikak, eta Krasnodar kraiaren hegoaldeko erdia) eta 3 milioi baino gehiago diasporan (2 milioi baino gehiago Turkian, 150.000 inguru Levante eta Mesopotamian, eta 50.000 inguru Europan eta Ipar Amerikan[1]).

Zirkasiarrak
Biztanleak guztira
4 milioi inguru[1]
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak
 Errusia: 718.727[2]

 Turkia 1.367.000[4] - 2 milioi [1]
 Jordania: 180.000[5]
 Siria: 75.000[6]
 Irak 34.000[7]
 Saudi Arabia 23.000[8]
 Alemania 15.000[9]
 Egipto 15.000[10]
 Israel: 3.000[11]
 AEB: 7.100[12]

 Palestina 3.900[13]
Hizkuntza
Adigera, errusiera, turkiera
Erlijioa
Gehiengoa: islam (sunismoa)
Gutxiengoa: xamanismoa, kristautasuna
Zerikusia duten beste giza taldeak
abkhazak, abazaak

Izenak

aldatu

Lau adige talde nagusi daude:

  • Kuban haranaren erdialdean, Errusiar Federazioko Karatxai-Txerkesia errepublikan bizi diren txerkesak. 2010ean 57.000 inguru ziren[3].
  • Mendebaldeko txerkesak edo adigeak, Errusiar Federazioko Adigea errepublikan bizi direnak. 2010ean 110.000 inguru ziren[3].
  • Ekialdeko txerkesak edo kabardinoak, Errusiar Federazioko Kabardino-Balkaria errepublikan bizi direnak. 2010ean 493.000 inguru ziren[3].
  • Xapsug eta ubikhak, Xapsugia eta Ubikhiako (hots, Krasnodar kraiko Sotxi hiriaren inguruko) jatorrizko biztanleak[15]. 2010eko erroldaren arabera 3.839 ziren[17]

Historia

aldatu

XII.-XIII. mendera arte Zirkasia aski eskualde autonomoa izan zen. 1234an mongolen hordek inbaditu zuten Kaukasia, eta geroago Krimeako tatariarren mende geratu zen[1]. XV. mendean adigeak musulman sunita bihurtu ziren. XVI. mendearen erdialdean Errusia eta Zirkasia aliatu bilakatu ziren eta Ivan IV.a zirkasiar printzesa batekin ezkondu zen[1].

1763tik aurrera Errusiar Inperioa Ipar-mendebaldeko Kaukaso konkistatzen ahalegindu zen. Gainerako kaukasiar herriak bezala, adigeak ere gogor borrokatu ziren errusiar armadaren aurka. Krimeako gerraren (1853-1856) ostean, errusiarrek areagotu zuten Kaukasoko erasoaldia, Txetxenia eta Dagestanetik hasita. 1859an, Imam Shamil buru zuten Ipar-ekialdeko kaukasiarrak azpiratu ostean, indar guztiak mendebaldera eraman zituzten eta 1864an zirkasiarrak menderatzea lortu zuten[1]. Gerra horretan 1,5 milioi adige baino gehiago hil edo Otomandar Inperiora deportatuak izan ziren. Zorigaiztoko exodo horretan ehunka mila hil ziren[18]. Bizirik atera zirenen ondorengoek, gaur egungo Turkia eta Ekialde Ertaineko zirkasiar diaspora osatzen dute[1]. 2011ko maiatzaren 20an, Georgiako parlamentuak genozidiotzat jo zuen Errusiaren jarduera adigeeen aurkako gerran[19].

Sobietar garaian Errusiaren politika inperialista sotilagoa izan zen. Zirkasia hiru erakunde administratibotan banatua izan zen (Adigea, Karatxai-Txerkesia eta Kabardino-Balkaria) eta biztanleek ama hizkuntza baztertu behar izan zuten, errusieraren mesedetan[1].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h Circassia Unrepresented Nations and Peoples Organization. Unpo.org
  2. 2010eko Errusiako erroldaren emaitzak Gks.ru
  3. a b c d e f g h i 2010eko Errusiako erroldaren behin-betiko emaitzak Gks.ru
  4. Adige eta kabardak Turkian Joshuaproject.net
  5. Adige eta kabardak Jordanian Joshuaproject.net
  6. Adige eta kabardak Sirian Joshuaproject.net
  7. Adigeak Iraken Joshuaproject.net
  8. Kabardak Saudi Arabian Joshuaproject.net
  9. Kabardak Alemanian Joshuaproject.net
  10. Adigeak Egipton Joshuaproject.net
  11. Adigeak Israelen Joshuaproject.net
  12. Adige eta kabardak AEBn Joshuaproject.net
  13. Adigeak Palestinan Joshuaproject.net
  14. a b c Euskaltzaindia. (PDF) 190. arauaː Munduko herriak eta etniak. .
  15. a b Urtzi URRUTIKOETXEA: «Sotxiren itzalean, Zirkasia» Paperekoa.berria.info
  16. Adigera Linguamón. 10.gencat.cat
  17. Krasnodar kraiko biztanleria nazio eta hizkuntzaren arabera (2010) Krsdstat.gks.ru
  18. The Russian-Circassian War (1763? - 1864) Circassian Association of California. Adyghe Khasa. Ccat.sas.upenn.edu
  19. Ellen BARRY: «Georgia Says Russia Committed Genocide in 19th Century» Nytimes.com

Kanpo estekak

aldatu