Enzebra
Enzebra | |
---|---|
Pleistozeno-0,0004 Ma | |
Ekaingo zaldi marrazkiak. Tarpanaren teoriaren defendatzaileek testuetako enzebrak hemen marraztutako hainbat zaldi motekin lotzen dituzte. | |
Sailkapen zientifikoa | |
Regàlia, 1904
|
Enzebra edo enzebroa, (gaztelaniaz: cebro edo encebra; katalanez: cebre, asturieraz: cebron, cebro, galizieraz eta portugesez: zebro, zebra edo zebron [1], zenbait adituren arabera Equus hydruntinus edo Europako basastoa (nahiz eta horri buruz hainbat teoria ezberdin izan)[2], Iberiar penintsulako zenbait eskualdetan, Euskal Herria barne, garai historikoak arte bizi izandako ekido baten izena da.
Enzebroaren inguruko gehiena arkeozoologiak, historiak eta toponimiak oraindik argitu gabeko misterioa da[3], hiru zientzien ekarpena beharrezkoa baita abere horren inguruko misterioa argitzeko. Horregatik, bereizi beharrekoak dira, alde batetik, arkeologiak eta paleontologiak ondo dokumentatutako Equus hydruntinus, Europako basastoa, azken ikerketen arabera onagroaren azpiespezie bat izan zena, eta, bestetik, askoz ezezagunagoa den agiri zaharretako iberiar enzebroa.
Garai batean enzebroa Kriptozoologiaren gai bat zela uste zen, baina egun zientzialari guztiek benetako animalia izan zela onartzen dute.
Carlos Nores asturiar ikerlariak (enzebroari buruzko liburu baten egilea) azaldu duenez: «Garrantzitsuena da animalia hau izan, izan zela, eta inor ez zen konturatu».[4]
Enzebrak XII. mendean oraindik zabalpen handiko lurraldea zeukan Iberiar Penintsulan, baina XIV. menderako hego ekialdean besterik ez zuen irauten. XV. mende inguruan galdu omen ziren azken populazioak gehiegizko ehiza zela medio. Batzuek ordea gehiago luzatzen dute iraungipen data, eta tarpanaren teoriaren defendatzaileek, enzebroaren oinordeko zuzenak egungo sorraia arrazako zaldiak direla diote. Eurasiako gainerako lekuetan Equus hydruntinus goi eta erdi pleistozenoan galdu zen.
Bi teoria nagusi eta kontrajarri daude iberiar abere misteriotsu hauen inguruan. Batzuek diote iberiar enzebroak garai historikoak arte iraundako tarpan zaldi basatiak zirela. Beste aditu batzuek, ordea, zenbait froga paleontologiko erabiliz, basa abere horiek Europako basastoak zirela mantentzen dute, hau da, Equus hydruntinus direlakoak. Egiaztaturik dagoena zera da; Erdi Aroan Portugalen, Galizian, Gaztelan eta Leonen zebro eta Aragoiko Erresuman (Katalan Herriak barne) enzebra edo zebra izeneko abereak agertzen direla sarritan agirietan. Bereziki ehizari buruzko agirietan, zeren eta antza ehizagai ohikoak ziren enzebroak, orein edo basurdeen parean. Nabarmentzekoa da era berean zebra, enzebra edo antzeko hitzak leku askotako toponimian agertzen direla Iberiar penintsula guztian barrena; bereziki hego eta mendebaldean, baina ez bakarrik hor. Esate baterako, Euskal Herrian ere agertzen dira toponimo horiek.
Zestoako Ekaingo harpeko hainbat abere-marrazkiri buruzko iritzi kontrajarriak daude. Hainbatek defenditzen dute bertan islatutako zenbait animalia ez direla zaldiak, enzebroak baizik. Hau enzebroa antzinako zaldi mota bat ez bazen. Esan beharra dago Europan bertan eta Euskal Herritik gertu, labar artearen hiru edo lau marrazki ezagutzen direla onagroak irudikatuz, Okzitaniako Lascauxen eta Trois Freresesen. Aipatutako Ekaingo abereekin alderatuz gero, nahiko ezberdinak dira marraztutako animaliak, eta seguruen Equus hydruntinus islatzen dute.
Equus hydruntinus, arkeologiaren eta paleontologiaren ikuspegitik
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Equus hydruntinus edo Europar basastoa onagroen oso antzekoa zen eta Europan zein Ekialde Hurbilean bizi izan zen 300.000 urtetan zehar baino gehiago [5]. Esan bezala Europar basastoa da bere beste izenetako bat, nahiz eta astoekin zerikusi gutxi izan. Equus hydruntinus espeziearen aztarnarik zaharrena Okzitaniako Lunèl Vièlh herrian aurkitu zuten, eta 350.000 urteko adina zuela ondorioztatu zuten. Pleistozenoaren amaieran espeziea Mendebaldeko Eurasiako ia gune gehienetara hedaturik zegoen, Ekialde Hurbiletik Europaraino, bereziki Mediterraneoaren inguruan. Garai hartako fosilak aurkitu dira Sizilian, Turkian, Iberiar Penintsulan zein Frantzian. Espeziea aurreneko aldiz Italiako Otranton deskribatu zuten, 1904. urtean. Carlos Nores ikerlariaren arabera, XXI. mende arte ez da agertzen Equus hydruntinusen hezurdura oso bat. Ordura arte hanka puzka eta hagin batzuk besterik ez ziren topatuak. Baina beste aldetik hainbat paleontologok tamainaz zaldia izan ezin zitekeen edozein aztarna sistematikoki Equus hydruntinustzat hartzen zuten, espeziearen inguruko nahasmendua areagotuz.
Denbora luzez paleontologoek zailtasunak izan dituzte ekidoen zuhaitz filogenetikoan espeziea kokatzeko, kontutan hartuz Equus hydruntinusek antzinako ekidoen hainbat ezaugarri partekatzen duela zebra eta astoekin eta ezaugarri deribatuak asto eta onagroekin. Kontutan hartu behar da ekido espezie ezberdinen arteko berezko ezaugarriez gain, hainbeste ingurune ezberdinei egokipenek bereizketak ekartzen zituztela baita espezie berberen barnean [6].. Paleontologiaren azterketek, bereziki nahiko osorik aurkitutako burezur baten inguruan, Equus hydruntinusen Equus quagga burchellii zebrarekiko senidetasun hurbila baztertzen dute, haginen morfologia dela eta. Zailagoa da ordea aztarnak basa asto edo onagroetatik bereiztea [7]. Dena den hagin morfologia ezaugarri eskasa izan daiteke taxonomiarako bakarrik ekidoen arteko harreman filogenetikoak ezartzeko orduan. Duela gutxi aurkitutako eta ongi kontserbatutako buru-hezur batek espeziea onagroekin lotuko luke,[8] zenbait ikerlariren arabera.
Stenoar ekidoak Equus generoaren aurreneko espezieak dira, eta Ipar Amerikan agertu ziren duela lau milioi urte.
Bere ondorengo batzuk Eurasiara gurutzatu zuten Bering itsasartean barrena. Hantxe Pliozeno eta Pleistozenoaren artean Equus livenzovensis aurkitzen dugu jada. Handik aurrera stenoar familia handia espezie askotan joan zen banatzen, eta hainbat azpigenero ere sortu ziren haiengandik; zebrak, onagroak, astoak...
Laugarren aroan hainbat ekido izan ziren Eurasian; Equus stenonis, Equus senezensis, Equus athanasiui, Equus apolloniensis, Equus westi, Equus altidens eta gure Equus hydruntinus bera. Esan daiteke ekido guzti hauek tarteko ezaugarriak zituztela zaldi, zebra onagro eta astoen artean [9].
Krimean eta Iranen lortutako ADN mitokondrialaren hainbat laginek agerian utzi dute Equus hydruntinus eta Equus hemionusen (onagro) arteko gertutasun genetikoa [10]. Egun hainbat ikerlarirentzat onagro espezie guztiak, irauten dutenak zein desagertuak, onagro espezie bakar baten tokiz tokiko azpiespezieak baino ez dira [11]. Horiek horrela, Equus hydruntinus oso gertu litzateke egungo onagroetatik.
Esan bezala, Equus hydruntinus lehendabizikoz erdi pleistozenoan agertu zen. Equus hydruntinis Equus altidens [12] ondorengo zuzentzat hartzen da. Badira espeziearen aztarnak Espainian, Frantzian, Alemanian, Azerbaijanen, Kazakhstanen eta Ipar Afrikan, azken horretan Goi Pleistozenoan. Espeziea Holozenon iraungi zen, baina enzebroaren kasua argiteke dago oraindik, esan bezala.
Azken urtetan hainbat ikerlek berriz Equus hydruntinus espeziearen inguruan beste hipotesi bat zabaldu dute: abere hauek zer ikusi handiagoa zutela zaldiekin, onagroekin baino. Hipotesi horrek enzebroaren inguruko hainbat ezaguera historikorekin bat dator. Abere bat, zaldia dena, baina onagroen eite batekin. Equus altidensen ondorengoa izanik, areagotu egiten da zaldiekiko gertutasuna.
Paleolitoko jendeak erruz ehizatu zuen basasto hura, eta hori bat dator enzebroa ehizagai estimatutzat agertzen duten agiri zaharrekin.
Enzebroaren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezagutzen diren hainbat kronika eta aipu historikoak jarraituz hauxe izango lirateke enzebroaren ezaugarriak:
Oso abere arina, soslai ganbilekoa hanka apatx arrailduak, arratoi kolorekoa edo hauts kolorekoa, mando lerroa bizkarrean, hanken beheko aldea beltz edo iluna eta goiko aldean zebra-marrak. Belarri handiak zeuzkaten, zerra eroria, behor bezalako irrintziak egiten dituena eta oro har itxura triste eta muzindurik daukana.
Dena den, hainbat testu zaharrek aipatzen duten enzebroen apatx arrailatuen inguruan, hau da, behatz bikoitiak, zera esan behar da; hau ez datorrela bat ekidoen ezaugarriekin. Halako apatxak animali artiodaktiloetan izaten baitira. Baliteke nahasketa hau, geroko testu askotan errepikatu dena, enzebroak oreinekin eta beste hainbat basabererekin nahasteagatik etortzea. Akatsaren jatorria geroxeago aipatzen den Bruneto Latinoaren XVI. mendeko testua da.
Enzebroei buruzko teoriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enzebroari buruzko teoria kontrajarriak daude oraindik gaur egun ere, nahiz eta hainbat baztertu samar dagoen. Laburbilduz hauek dira:
- Enzebroak kriptozoologiaren animaliak besterik ez dira, inoiz existitu ez direnak. Hala ere toponimiak eta ehizari edo medizinari lotutako testu historikoek zalantzan jartzen dute azken baieztapen hau. Ugariegiak dira leku izenak eta testu zaharrak espeziearen deskribapen zehatzekin (eta gainera garai historiko ezberdinetan eginak) espeziea ez zela inoiz existitu onartzeko. Gaur egun gutxi dira horregatik enzebroa asmakizun hutsa dela defenditzen dutenak, nahiz eta eztabaida handia egon abere honen benetako izaeraren inguruan.
- Enzebroak mendira ihes joandako eta basatiak bilakatutako etxeko astoak omen ziren. Gaur egun Australian eta Ameriketako Estatu Batuetan gizakiaren zaintzatik ihes egindako eta libre dabiltzan etxeko astoen populazio handiak daude. Batzuetan hain ugari dira zeren eta kalteak sortzen dituzte larre eta alorretan. Testo zaharretako iberiar enzebroak bezala.
Iberiar Penintsulan suertatuko hainbat gertakari historikok, esate baterako erdi aroko izurriteek eta gerrek, eskualde osoak jendez husten zuten. Adibidez erdi aroko Errekonkistak edo musulmanen aurkako gerrak mendetan eskualde osoak jendez hustu zituen. Beraz bertako abereak gizakiaren zaintzarik gabe geratzen ziren horrela basatiak bilakatuz. Gainera bere egoera naturalera itzultzen ziren abereak jendez hustutako lurrak eta larreak topatzen zituzten, beraientzako egokiak bizitzeko eta ugaltzeko. Honek argituko luke etxeko astoek berriro basatiak bilakatzea. Corina Lisseau ikerlariak enzebroak Equus hydruntinus zirela hipotesiaren sortzaileetariko bat, gaur egun basatiak bilakatutako etxeko astoen teoriaren defendatzailea da [13].
Eskuineko alboko argazkian ageri denez, egia da Afrikako basa astoak enzebroaren hainbat ezaugarri daukala, antzinako ekido arrazen ezaugarriak denak. "Arratoi ile"dun kolorea, zebra-marrak hanketan eta mando-marra bizkarrean, mutur beltza...
Beste aldetik azken ikerketen arabera Iberiar Penintsulara Afrikatik heldutako aurreneko astoak duela 4.400 urtekoak dira, eta feniziar merkatariek ekarri omen zituzten. Beraz, Equus hydruntinusenak omen ziren Brontze Arotik geroko hainbat hondakin txiki astoenak lirateke. Era berean data honek tarte gehiago ematen du antzinagotik Penintsulan basoratutako etxeko astoen populazioak sortzeko. Beste aldetik ezaguna da etxekotutako azienda berriro baldintza naturaletara itzultzerakoan, eta bereziki denbora tarte luze bat pasata, beraien arbaso basatien hainbat ezaugarri etologiko zein morfologiko berreskuratzeko joera dutela. Aski ezagunak dira Txipreko basahuntzen eta Korsikako basa aharien kasua. Egun ia mufloien ezaugarriak dituztela beraien arbasoak etxeko azienda izanik. Edo Eskoziako Soayko ardien kasua. Soayko uhartean aspalditik abandonatutako ardiak aldatzen joan dira beraien arbaso basatien hainbat ezaugarri berreskuratu arte.
Leonen topatako botozko epigrafean II. mendean Eremuko edo Paramako ordokietan ehizatzen zituzten equi silvicolentes (hau da, zaldizko basatiak) aipatzen dira [14].
Toledoko artzapezpikua zen On Rodrigok, latinezko kontuetan ondo jantzitako eliz gizona, asto, onagro eta enzebroen arteko nahasmendua areagotu zuen Astorgako artzapezpikuak 969. urtean egindako kronika batean oinarriturik. Bere idatzian Astorgakoak Galizian normandiar piratek egindako eraso bat kontatzen zuen eta piratak Galiziako barne lurretan barrena Zebreroko Mendiak arte heldu zirela esaten zuen, egungo O Cebreiron. Berak «Alpes montes Ecebrarii» aipatu zuen, zehazki. Baina Toledoko artzapezpikuak adiera latina bilatu zuen bere itzulpenean aipatutako toponimoaren aberearentzat eta onager hitza erabili zuen.
Joan den mendean 1957. urtean, Dimas Fernandez-Galiano naturalista eta mikrobiologo katalanak enzebroa desagertutako benetako ekidotzat aldarrikatu zuen, basasto bat edo, baina bere proposapena eszeptizismoz harturik eta baztertua izan zen gainontzeko zientzialarien aldetik.
- Noizbait benetako zebrak egon dira eta asko iberiar mendietan. Ihes egindako abereak lirateke, adibidez erromatarren garaian, edo besterik gabe betidanik egon ziren hor. Teoria hau funts gutxikoa da. Espainiako erresumetan agiri baten bidez ezagutzen den aurreneko zebraren kasua «Egiptoko Erregeak» enbaxada batekin Alfontso X.a Gaztelakoa erregeari opari gisa bidalitakoa animalia da, 1260. urtean:
« | Alfonso Erregea Sevillan zegoela, eta jende guztia berekin bere aitarekin egiten zuten konplimendua zela eta, beregana etorri ziren Egiptoko Erregearen mezulariak, Alvanderaxaver deitzen zutena. Eta ekarri zituzten oparitzat Alfonso errege honi ohial preziatu ugari, eta natura asko, eta bitxi asko, oso preziatu eta oso arrotz. Eta bolia ekarri zuten eta "azorafa" (jirafa) deitzen zuten animalia, eta marraduna zen asteme bat, marra zuri bat eta bestea beltza zeukana, eta mota askotariko basapizti eta abere gehiago... | » |
Testu horretan ikusten da zebra ezezaguna zela Gaztelan, eta "asteme marraduna" bezala ikusten zutela. Zebra izena oraindik ez ziotela jartzen, eta jakina, ez zen Iberiar Penintsula oraindik ugari eta ezaguna zen enzebra.
Le Petit Robert frantses hiztegiak hau dio zebrari buruz:
« | Zébre- 1610, port. zebbra (XIIe.), d´o. i.; jatorrian Iberiar Penintsulako ekido bat izendatzen da horrela, era berean Afrikako abere bati ezartzen zaio izena. | » |
Aipuarekin agerian geratzen da zebra izena bi abere ezberdin izendatzeko erabiltzen zela. Bata enzebroa, bestea Afrikako zebrak.
Frai Martin Sarmiento beneditarrak Disertación sobre el animal cebra. Nacido, criado, conocido y cazado antiguamente en España, donde ya no se encuentra izenburuko bere liburu argitaragabean, enzebroak benetako zebrak direla zioen [15]. Lana zazpi kaierez osaturik dago, eta Madrilen 1752ko ekainaren 24an datatua da. Beneditarrak gainera zera proposatzen zuen, Kongon ugari ziren zebrak ekarri Penintsulara desagertutako espeziea berreskuratzeko. Beneditarraren izkribua ordea ez zuten argitaratu eta nahiko ezezaguna izan da duela gutxi arte.
Dena den 1897. urtean Graells naturalista errioxarrak Sarmientoren tesia ezagutu zuen eta kontrako argudioak eman zituen. Beretzako Penintsulan inoiz ez dira zebrarik egon mendietan libre eta gainera ez dira beraien fosilik ezagutzen. Beretzako enzebra, zebro, zebra lotura etimologikoa ez zen nahikoa afrikar bezalako zebren teoria baieztatzeko.
- Enzebroak Iberiar Penintsulan garai historikoak arte iraun egin zuten Europako basa astoak dira, Equus hydruntinus hain zuzen. Basa asto hauek onagroen oso antzekoak Europan eta Ekialde Ertainan bizi omen ziren 300.000 urtetan baino gehiago. Equus hydrntinus oso ugari izan ziren Mediterraneoaren inguruan Europako Pleistozenoan. Lehen uste zen Brontze Aroan (duela 4.000 urte inguru) galdu zirela. Teoria honek dauka egun funtsa gehien froga paleontologikoak kontutan hartuz. Hala ere beste hainbatentzat froga arkeologikoek ez daukate hainbesteko indarra, zeren eta topatutako erdi aroko aztarna txikiak eta oso zatikatuak daude. Portugaldar ikerlari batzuek XVII. mendeko ustezko enzebra baten hezurdura oso bat aurkeztu zuten duela zenbait urte. Azkenean, dena den, Equus hydrntinustzat aurkeztutako hezurdura hau etxeko asto batena zela egiaztatu zuten.
Guzti honek agerian utzi zuen, eta ADNko zenbait frogek azken hau baieztatu dute, ekidoetan oso zaila dela askotan paleontologiaren bidez arraza ezberdinak eta espezie baten basoratutako eta etxeko abereak bereiztea. Gainera animali hauek beraien inguru naturalera moldatzeko aldaketa morfologiko handiak garatzen dituzte belaunaldi gutxitan. Hau dela eta espezie bereko bi abere oso ezberdinak izan daitezke morfologikoki.
Honez gain kontutan hartu behar da ekidoak beraien artean gurutzatu daitezkeela, eta kasu askotan emandako umeak antzuak badira ere (esate baterako mandoak, zaldi eta astoaren arteko gurutzaketa), beste hainbat kasutan ateratako hibridoek umeak egiteko gai dira, eta beraz populazio basatiak garatzeko.
Esate baterako egungo Poloniako konik zaldiak bertako azken basoko tarpanen eta etxeko zaldien arteko nahasketa bat dira. Baliteke enzebroa beraz bi edo ekido gehiagoen arteko nahasketa bat izatea ere, edota sorraia zaldiak, Konik ponien kasuan bezala, enzebroen eta etxeko zaldien arteko nahasketa bat izan.
Alfontso X.a erregeak bere kroniketan eznzebroa onagroarekin lotzen du eta «mendiko astoa» deitzen du.
- Enzebroak garai historikoak arte iraun egin zuten basa tarpanak dira, eta beraien azken oinordekoak sorraia zaldiak omen dira. Garai batean basazaldi hauek Iberiar Penintsula guztian barrena zabaltzen ziren. Teoria hau bigarren onartuena da gaur egun. Bereziki Portugaldar adituek mantentzen dute teoria hau. Horren adierazle Alentejoko bertako ardo baten izena vinho zebro dela, eta abere hauen irudia dauka bere ikurtzat [16].
Baliteke enzebro hitza, finean, Iberiar penintsulako basazaldi guztiak izendatzeko erabilia izatea. Basazaldiak oso ugari ziren erromatarren garaian eta gero ere iraun zuten.
Onagro, enzebro eta tarpanen ondorengoak ziren basazaldien arteko nahasketa ez da bakarrik ema iberiar enzebroen kasuan. VI. mendean Poitierseko apezpiku Venancio Fortunatok oker erabili zuen onagro hitza Frantziako iparraldean, Ardenetan ehizatzen zituzten basazaldiak izendatzeko.
Nikolai Przewalski, koronel eta esploratzaile errusiarrak, bere deitura daraman zaldia (Przewalski zaldia) Mongoliako lautadetan topatzerakoan XIX. mendearen bukaera aldean, onagro bat zela uste zuen hasiera batean [17].
Hainbat ikerlarik are gehiago, esaten dute enzebro hitza Iberiar penintsula guztian edozein basazaldi mota izendatzeko erabilitako izena omen zela, zeren eta basazaldien ezaugarriak asko aldatzen ziren eskualde batetik bestera.
Penintsulako Iparraldeko hainbat poni arrazek "asto" itxura hartzen dute, Mongoliako przewalski zaldien antzera. Bereziki neguko ilaiarekin daudenean. Esate baterako, Asturiasko asturkoi zaldien bertako izenetariko bat zera da, "Burrus del Sueve", hau da, Sueveko astoak.
Galiziako garrano zaldiak ere "burrus" deitzen dituzte, esate baterako, Val Miñor eta O Baixo Miño eskualdetan. [18]
Enzebroaren hainbat laginen ADN mitokondrialaren azterketa egin eta gero, Eva-Maria Geigl ikerlariak abere hauek tarpanekin lotzen ditu.
« | Orain uste dugu zebroa basazaldi bat omen zela, estepako tarpana bezalakoa, Errusian eta Ukranian XVIII. mendearen amaiera deskribitu zutena. Edo XIX. mendean iraungi zena, basoko tarpana deitzen zutena eta Poloniako Bialowiezan bizi zena eta 1810.ean desagertu zena. | » |
Carlos Nores asturiar zoologoaren arabera tarpan eta enzebroak zaldi mota berera ziren, ingurune ezberdinei moldaturik, hori bai.
« | Uste dugu ere Portugaleko Sorraia zaldiarekin ere lotuta dagoela, Lisboatik gertu bizi dena. Zaldi hau enzebroaren banaketaren muinean dago, baina ez dakigu seguru. | » |
- Enzebroa egun arte zientifikoki sailkatu gabe eta ondo deskribatu gabeko iberiar ekido espezie autoktono bat izan zen.
Espeziearen historia. Enzebroa testu zaharretan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espeziearen aurreneko aipamena Gratio Faliseo erromatarrak egin zuen Cinegeticón bere lanaren 514. bertsoan. Ovidiok ere jasotzen du aipu hori [19]. Gratio Faliseok zaldi "murcibios" edo "murcibrios" aipatzen ditu. Martín Sarmiento apaizaren arabera, "Mulo Cibrio" (mando zibrio) edo Mulo Cebro (mando zebro) esan nahi du [20].
Marko Terenzio Varron erromatarrak I. mendean, zera esaten zuen; Hispanian equus ferus ugari zegoela. Equus ferusen esanahia basazaldia da. Erromatar kronistak oro har nahiko zehatzak ziren eta aldi berean ezin ahaztu garai haietan Erromatar Inperio guztian onagroak "onager" deituak latinez eta astoak "asinus" aski ezagunak zirela beraientzat. Beraz enzebroa bi abere hauetatik eta beste zaldi motatik bereizten zituzten berain kroniketan.
Erdi Aroko kronikek enzebra etxeko astoaren antzeko aberea bezala deskribatzen dute, baina altuago, sendoago eta indartsuagoa ere. Gainera oso arina zen lasterkan eta pertsonekiko aldarte txarrekoa zen, nahiz eta hainbat testutan etxekotutako enzebroak agertzen diren, zela zaldiak bezala erabilita. Ilaje urdinxka zuen ("arratoi ilea" delakoa, hau nahiko ohikoa da Erdi Aroko deskribapenetan enzebroari dagokionez). Enzebrek antzinako ekido arrazen ezaugarriak zeuzkaten, hala nola bizkarrean barrena mando-marra beltza. Antza muturra ere beltza zeukan, eta hanketan zebra-marrak, nahiz eta hankak beheko partean beltzak izan ere. Jendeak erruz ehizatzen zituen hedatuak zeuden eskualdeetan, eta gainera haien haragia oso preziatua zen, jakia bezala zein botikatzat erabiltzeko ere. Abere hauen larruarekin garai haietan oso estimatuak ziren "cebrunos" edo "zebrunos" izeneko oinetakoak ere egiten zituzten.
Nahiz eta esan bezala antzinako testuetan zein toponimian enzebroaren eta bere kideko izen eta aipu ugari agertu, abere hau erabateko ezezaguna izan da zientziarentzat duela gutxi arte. Fray Martín Sarmiento izeneko fraide eta naturalista espainiarrak 1571. urtean espezie hau Iberiar Penintsulan ugari izan zela atzeman zuen, eta enzebroari buruzko bere teoria eman zuen liburu batean (benetako zebrak zirela), baina bere liburua argitaratu gabe egon zen, eta ondorioz ezezaguna izan zen hainbat ikerlarik 2011. urtean argitaratu zuten arte. Gainera Sarmientok bere ikerketarako soilik toponimoak eta hainbat testu zahar erabili zituen, besterik gabe.
Erdi Aroan ugari dira enzebroaren aipuak. Ehizagaia zen haragitarako eta era berean bere gorputzaren hainbat atal sendagai bezala erabiltzen zituzten. Enzebrotik ateratako larrua ere preziatua zen larrugintzan eta tuérdago deitzen zuten antzinako gaztelanian. Tuerdago honen hainbat zati ailegatu zaigu bai zebrunos deitutako garai hartako oinetakoetan bai erdi aroko gerla ezkutuetan.
Bruneto Latino idazleak 1260. urtean Gaztela Zaharraren zebrak aipatzen ditu, eta honela deskribatzen ditu:
« | Zebrak Espainia aldean bizi diren abere mota bat dira, oreinak baino handiagoak, belarri luzeak dauzkate eta mandoak bezalako arraia edo lerro bat bizkar gainean, eta apatx arraildutako aberea da. Bere haragia oso elikagai ona da. Hain arina da lasterkan ezen ehizatzeko larretzen den basoetan su piztutzea baino beste modurik ez dago. Hiru egun pasata ura aldera uxatzen dira eta asetu arte edaten uzten zaie eta orduan errez ehizatu daitezke. | » |
XII. mendean enzebroak oraindik ugari ziren Iberiar Penintsula ia osoan. Hurrengo mendetan populazioa hiru gunetan zatituta geratu zen, hirurak hegoaldean.
Enzebroak Aragoiko Foruetan aipatzen dira os cebros masclos izenarekin. Hona hemen aipua:
« | Asko direnean basurdea akabatzen dutenak, zauritu zuen lehendabizikoari dagokio burua lepoarekin, eta baten batek geziz, azkonez edo lantzaz zaurituko balu basa mando bat, cebro masclo izenaz ezaguna, edo orein bat edo orkatz bat, edo basahuntza, edo antzeko basa abereak, haragiaren erdiarekin larrua izan behar du, eta beste erdia basa abera haren akabera parte hartutakoei dagokie. | » |
Beste hainbaten artean Alarcón, Cuenca eta Kordobako foruek aipatzen dute enzebroa.
XIV. mendean, Palentziako Carrión de los Condesen jaioa Sem Tob ben Ishaq ibn Ardutiel, Sem Tob de Carrión idazle eta olerkari juduak Proverbios morales bere liburuan halako aipua egiten du:
« | Otsotik eta enzebrotik; zergatik urrunduko dugu?. On Pedro errege noblea goiz honetan ikusten dugu. | » |
XVI. mendean egile anonimo batek argitaratutako Romance del Rey Marsín erromantzean honako aipu hau dago:
« | Ihesi doa Marsín erregea, enzebra batean zaldun, nahiz eta zaldiren faltarik ez izan | » |
. Hor aipatzen da Marsin erregeak, nahiz eta zaldi nahikoa eduki, nahiago zuela enzebra bat ihes egiteko. Honek agerian jartzen du enzebroak etxekotzen zirela eta estimatuak zirela leku zailetan ibiltzeko.
Alfontso XI.a Gaztelakoaren enkarguz egindako Libro de la Montería delakoan, XIV. mendeko aurreneko erdialdean idatzita eta erresumako ehiza jarduera eta ehizalekuei buruzko deskribapen zehatzak dakartzana, zuzenki aipatzen da animali hau Murtziako Ciezan, Caravaca de la Cruzn eta Lorcan:
« | Lorcako lurretan... Villa Francako ibaia basurdentzat mendi ona da, eta enzebrentzat neguan. | » |
« | Celda eta Caravacako lurretan... Coparesko "Las Cabeças" basurdentzat mendi ona da, eta enzebrentzat neguan... | » |
« | Zelchiteko mendizerra basurdentzat mendi ona da neguan, eta enzebra ugarikoa aldi berean... | » |
El Libro de la monteria ehizari buruzko oso deskribapen zehatza denez, agerian geratzen da [21] garai hartarako enzebraren banaketa eremua oso murriztuta zegoela jada Iberiar penintsulan. Bakarrik Murtzian aipatzen baita, eta ez, esate baterako, Gaztelan edo Galizian.
1423. urtean, Arte Cisoria liburuan, Enrique de Villenak honako aipua egiten du enzebroaren haragiaz [22]:
« | Gauza horietaz aparte, jakitzat eta irauteko eta beraien zaporeen plazerragatik jaten direla, beste batzuk botika bezala jaten dira; horrela gizakiaren haragia hezurren apurketentzat eta txakur haragia hortzak indartzeko, azkonar zaharraren haragia izua eta bihotzeko beldurra kentzekod, miruaren haragia hazteria kentzeko, Argi-oilarraren haragia entendimendua zorrozteko, zaldi haragia gizon prestua egiteko, lehoi haragia inguruan beldurra ezartzeko, enzebraren haragia nagia kentzeko. | » |
Testu deigarri honetan beraz enzebroaren haragia beste hainbat haragi exotiko edo esoterikorekin parekatzen da, botikatzat bere balio dela eta, lehoi edo giza haragia barne. Hala ere enzebroaren haragiaren balio berezi horrek zera esan nahi du; garai hartan enzebroa jada nahiko eskutarik zegoela Iberiar penintsulatik.
Martín de Cantosek, Albaceteko Chinchillako artzapeza, 1576. urtean ezagutzen den espeziearen deskribapen zehatzena egin zuen. Enzebra Chinchillako Markeserriko lurren ehizagaien laburbilduma batean azaltzen da [23]. Testua honako hau da:
« | [...] Lur honetan badira orein ugari, orkatzak, basakatuak eta noizean behinka basurde eta basahuntzak. Basa espezie bat izan zen garai batean lur honetan Espainia guztian ez zegoena baizik hemen, eta enzebrak ziren horiek, asko zeudela eta hainbeste zeuden zeren laborel soroak eta ereintzak galtzen zituztela. Hauts koloreko edo arratoi ile koloreko behor modukoak dira, apur bat muzinak (abere "muzinak" ilaia beltza edota bereziki mutur aldea beltza daukatenak dira), behorrak bezala egiten dute irrintzi, eta hainbesteko korrika egiten zuten ezen ez zegoen horiek harrapatuko zituen zaldirik, eta zereal soroetatik bidaltzeko hango jabeak zain jartzen ziren zaldi eta xarlangoekin, zeren eta beste txakurrek ezin zituen horiek harrapatu, eta modu horretan bidaltzen zituzten, zeren eta ezin zituzten akabatu beraien arintasuna zela eta. | » |
Animaliaren azken aipua 1579. urtekoa da, Felipe II.a. erregeak agindutako, "Relaciones Topográficas” delakoetan. La Rodako topografiaren zerrendan espeziaren iraungitzeaz hitz egiten da.
« | Ugari ziren oreinen ehiza amaitu eta handik urte gutxira, 40 urte inguru edo, hiribildu honen ingurura enzebra ugari zegoen, eta ehizgai horrekin amaitu egin da era berean. | » |
Garai haietan Albaceteko hiria dagoen tokian urmaelen multzo handi bat zegoen, eta La Roda bertan zegoen. Enzebro haien habita beraz padurak eta lautadak ziren.
On Kixote Mantxakoa liburuan, (1605) Miguel de Cervantesek abere hauetaz hitz egiten du ere:
« | Aipatuko dut Pegaso zaldiaren gain noala zaldun, zebra edo alfanaren (jirafa) gainean, Muzaraque mairu ospetsu harek zamalkatzen zuena. | » |
1682. urtean Badajozeko testu batean zera esaten da; jumento cebro delako bat etxekotzea lortu omen zutela. Honen arabera orduan oraindik enzebro basatiak geratzen ziren.
Enzebroaren etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Equus hydruntinusen izena abere hau deskribatu zuten lehendabiziko arkeologia aztarnategitik dator, Italiako Otranton izan baitzen hori. Otranto Hydruntum baita latinez.
Antzinetik XVI. mende arte, Iberiar Penintsulako zein Europako beste zenbait lekuetako zaldi basatiak izendatzeko aipatuak izan dira ἵπποι ἄγριοι izenekoak, equi feri o equiferi, ertaroko equifer izena zaldi gaiztoa izendatzeko, encebros, zevros eta beste hainbat aldaerak [24].
Ugari dira beste aldetik enzebroaren adiera ezberdinak Iberiar Penintsulako hizkuntza erromantzetan. Toponimian edota agiri zaharretan agertzen direnak: zebra, zebro, zebra, enzebro, enzebra, enzabra, enzibia, zebrero, zevra, cebra, cebrero, cevra, zibra, zebrinho, encebrico, cebron, oncebra, acebra, acebron....
Eztabaida handia dago hizkuntzalarien artean enzebro hitzaren etimologiaren inguruan. Bitxia da hizkuntzalarien artean enzebroaren inguruan eztabaida aspaldikoa izan arren, zoologoek ez diote jaramon handirik egin duela gutxi arte Penintsulako megafaunaren desagertutako azken ugaztun handiari.
1275. urtean, Alfonso X.aren Historia Orokorrean, zera esaten da (latinez, jatorrizkoan):
« | Onager esaten dugu guk, eta gure hizkuntzan basasto edo enzebro. | » |
Antonio de Nebrijak 1492ko gazteleraren bere aurreneko hiztegian honako definizioak dauzka;
« | "Zebra: Siriar mando bezala ezaguna den aberea". Eta latinetik egindako itzulpenean; "Siriar mandoa: Abere suhar eta basatia". | » |
, biak bat datoz enzebroaren ezaugarriekin.
Joan den mendearen hasieran eztabaida piztu zen Lisboako Zientzien Akademian zêbro, zêbra eta zebrum hitzei eta beraien deribatuei buruz. Portugaleko foru zaharretan zein toponimian sarri agertzen diren hitzak dira. Hasiera batean oreinaren sinonimoa zela uste zuten (NUNES, 1921-1922) baina baita, ahuntza, idi edo behiaren sinonimotzat hartu zituzten ere. Handik gutxira Merêak (1925), Sarmientori gertatu zitzaion bezala, XII. mendeko Gaztelako foru baten bertsio bikoitza topatu zuen. Zaharrena latinez eta hurrengo mendekoa erromantzez. Bertan latineko "onager" zebra bezala itzultzen da. Idazkiaren amaieran Merêak zoologoei eskatzen die argitzeko ea testu zaharraren aberea Afrikako benetako zebra bat edo Asiako onagroa den argitzeko. Edo zer senidetasun izango zuen zebra iberiar misteriotsu horrek bi abere haiekin.
Gerora ere enzebroari buruzko zenbait lanetan Merêaren tesia joaten da indartzen (CASTRO, 1928; RODRIGUES LAPA, 1932-33; AGERO, 1947; SILVEIRA, 1948; AEBISCHER, 1957; FERNANDEZ-GALIANO, 1957; TERRON, 1983), danak Sarmientoren lehenengo tesiak defendatzen zituzten, alegia, ekido misterioso baten presentzia Iberiar mendietan duela hainbat mende agiri zaharretan eta toponimian oinarriturik. Eta hau naiz eta Sarmientoren lana ez zutela ezagutzen. Hala ere Portugaldar filologo hauen lanak kasu gutxi jaso zuten zoologoen aldetik.
Hainbat adituk Equiferus hispanus izen zientifikoa proposatu dute enzebroa izendatzeko [25].
Enzebroak Afrikako zebren izenaren jatorrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Afrikako zebren eta enzebroen arteko izen nahasketa horrek, antza, iturburu historikoa dauka. XV. mendean portugaldar esploratzaileak beraien itsasontziz Afrikako Esperantza Oneko Lurmuturrera heldu zirenean, bertan Portugalen oraindik ugari ziren abereen antza handia zuten ekido batzuk topatu zituzten, zebrak, eta beraien lurraldeko abereen izen berbera ezarri zieten antzeko animaliak zirelakoan [26].
Equus quagga quagga motako zebra haiek hainbat ezberdintasun zuten egun arte iraun duten gainontzeko zebra motekin alderatuz gero, kolorean esate baterako. Arre-gorrixkak ziren bizkar aldean eta bertan ez zuten zebra-marrarik. Hankak eta sabelaldea zuriak ziren, eta zebra-marrak buruan, lepoan eta zurdan zituzten. Ezaugarri horiek direla eta, uste da abere haiek gainerako zebrekin baino antz handiagoa zutela Iberiar penintsulako enzebroekin. Horregatik hartu zituzten portugaldar marinelek abere horiek etxeko enzebrotzat [27].
Europarrek Afrikako zebrei egindako lehendabiziko aipua 1591. urteko liburu batean agertzen da, Filippo Pigafetta geografo eta matematikoak eginda. Pigaffetak erabilitako informazioa Duarte Lopes portugaldar merkatariak eman zion berari. Lopes egungo Angolaraino heldu zen bere bidaietan eta bertatik Europara itzuli zen bertako Alvaro I. erregearen enbaxadore gisa. Afrikar errege hau kristautu egin zen eta Lopes Espainiara zein Erromara bidali zuen Felipe II.a erregearekin zein Sixto V.a aita santurekin estatu harremanak ezartzeko eta misiolariak bertara bidaltzeko eskaera egiteko. Ez Espainiako erregeak ezta Aita santuak ez zioten jaramonik egin bere enbaxadore enkarguetan, baina Erroman Lopesek Filippo Pigafetta ezagutu zuen eta bere Afrikako ibilbideen berri eman eta honek kontatu zituen aipatutako liburuan, zebraren deskribapena barne, Saharaz hegoaldeko Afrikaz urte askotan egon zen lehen aipatutako liburuan.
Liburuan Pigafettak, Lopesek esanda, zebren arintasuna lastertan deskribatzen du. Portugalen eta Gaztelan garaia haietan erabiltzen zen esamoldea aipatzen du ere" zebra bezain arina", jakina, enzebroaz ari ziren.
Lopesek beraz zebra deitu zuen Afrikako ekidoa, eta Mozambikera joandako portugaldar misiolariak izen bera erabili zuten bertako zebrak deitzeko. Aipatzekoa da beste hainbat hizkuntzatan egindako abere hauei buruzko garai hartako aipamenetan "astoak" edo "zaldi marradunak" deitzen dituztela.
Baina zebraren izena abere hauek izendatzeko Ulisse Aldrovandiren eskutik etorri zen. Zientzialari honek 1616. urtean faunari buruzko entziklopedia argitaratu zuen, eta ugaztun solipedoen (ekidoak) liburukian zebra agertzen da. Berak zebraren deskribapena Jan Huyghen van Linschoten herbeheretarrak idatzitako liburu batetik hartu zuen. Holandar hau Indiako Goa artzapezpikuaren idazkaria zen, baina berak Pigafettaren liburutik hartua zeukan aldi berean datua. Beraz zebraren izenak eta deskribapenak nahiko bide korapilatsua jarraitu zuten ofizialak egin arte.
Enzebroa toponimian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enzebro inguruko leku izenak oso ugari dira Iberiar Penintsulako toponimian eta iparretik hegora zein ekialdetik mendebaldera hedatzen dira [28]. Oro har leku izenen ugaritasuna handiagoa da espezieak gehiago iraun zuen eskualdetan, hau da, Galizian, Portugaleko hegoaldean eta Gaztela-Mantxan. Kantauriar mendikatearen iparraldean gutxiago daude, eta baita Pirinioetan. Carlos Nores irakasleak ehundik gora leku izen jaso ditu Penintsulan enzebroren aldaera ezberdinekin. Aurreneko aipu toponimikoak IX. mendekoak dira.
Edozein moduan, toponimoen multzorik handienak Zebroekin zer ikusirik duela zalantzan jarri gabe, zenbait adituek "zebro" hitzaren eta gazteleraren "acebo"ren balizko nahasketa aipatzen dute [29]. Horrela enzebrorekin lotutako zenbait toponimo benetan acevro edo acebro, hitzetatik etorri daitezke gazteleraren acebo (Ilex aquifoliumL.) . Izen hau bereziki mendebaldeko asturieraz , galego-portugaleraz zein Astur-leonesez eman zen. Haiekin batera acibro, acivro, acevro, acevo, zebro, civro eta acivo hitzak mantendu dira asturieraren dialekto hauetan zuhaizka izendatzeko. Latineraren aquifolium ( acifoliu ahoskatuta) acifolu, aciflu eta acefalo ahazkeren barrena. Euskal Herrian hainbat toponimo daude, baina baliteke enzebroak berezko euskal izena edukitzea eta leku izenak egun toponimian gordeta egotea baina beraien esangura ezezaguna izanik.
Valcebre-Lleida. Encebra-Alacant. El Encebrico-Paterna. Las Encebras-Pinós.
Cebrones del Río, herria-Leon. Cebrecos, herria-Burgos. Rincón de Valdecebras-Zamora. Fuentecebras–Llambera. Cebreros-Ávila. Cerbón, herria Soria.
Monte Cebreiro, Ibias. Arroyo de Cebreros, Gijón. Alto de Cebrandi, Piloña eta Caso artean. Vega Cebrón, Salas.
Abrigo de los Encebros-Alacón.
Zibreira de Fé–Sobral de Monte Agraço. Zebral–Vieira do Minho. Zebras-Valpaços. Zebro de Cima eta Zebro de Baixo–Faro. Vale do Zebro– Salvaterra de Magos. Zebreiros–Gondomar. Zebro do Grou– Santarem. Zibreira- Fatima. Zebra– Arcos de Valdevez. Zebreira–Idanha-a-Nova. Ribeira do Zebro–Moura. Vale de Zebro– Abrantes. Zibreira–Torres Vedras. Zebreira-Castelo Branco. Zebras– Beira Baixa. Vale de Zebrinho– Abrantes. Casais do Vale de Zebras–Cartaxo.
Pedrafita do Cebreiro, Alto do Cebreiro-Lugo. Auga dos Cebros-Pontevedra. Cebreiro-Ourense. O Cebreiro-Lugo.
Gune hau izan zen enzebrek gehiago iraun zuten lekua. Toponimia handia dago animali hauekin, bereziki Albacete herrialdean:[31][32] Las Encebras-Albacete. Casa de las Encebras-Almansa. Nava de las Cencebras-El Bonillo (Parajea). Volcán de la Encebra-Ciudad Real. Linchas de la Cebrera-Alcalá del Júcar (Parajea). Casas de Oncebreros, Ceja de Oncebreros (Gailurrra), Loma de Oncebreros (Parajea), Los Oncebreros (Paraje)-Higueruela. Acequia de Oncebreros, Oncebreros (Etxea)-La Herrera. Casas de las Encebras, Cortijo de las Encebras (Parajea), Collado de las Encebras-Letur. Las Encebras, (Parajea)-Lezuza. El Encebrico, (herrixka)-Paterna del Madera. Las Encebras, (Etxeak)-Pozo Cañada. Letur- Barranco de las Encebras.El Acebrón-Cuenca. Las Encebras-Montalbo. Valcebro-Teruel. Las Encebras-Chinchilla de Monte-Aragón.
Pico Cebrón-Sevilla.
Acebrón laku eta jauregia, Doñana.
Cortijo de la Encebra-Jumilla.
Euskal Herriko toponimian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian ere zenbait toponimo mantendu dira abere hauen izena gardenki agertzen dutenak, beste batzuen esanahia zalantzazkoa izanik. Cebron, Cebror, Balzebreda, Zibria edo Zibiria, Zibirain edo Zibriain, Altazabro basoa... Toponimian beti gertatzen denez, baliteke leku izen guztiek zer ikusirik ez izatea enzebrekin, baina asko izanik eta gardenak, haietako batzuek seguruen bat datoz Penintsulako beste lekuetako enzebren topinimiarekin.
Baliteke enzebroak euskal izen propioa izatea, egun ezezaguna zaiguna, eta horregatik abere horren hainbat toponimo izatea, identifikatu gabeak. Edo, besterik gabe, zibro edo zebro izenak antzinako iberiar hizkuntzetan amankomuna zen, antzineuskara barne. Euskal Herrian ere zenbait toponimo agertzen da "zebra" edo "zibria" izenarekin. Batzuk beste hainbat baino gardenagoak.
- Cebron, cebror. Hustutako herria. Larraga. [33]
- Balzebreda. Viana.
- Zibria edo Zibiria. Xabros, sakana. Izaba.
- Zibirain edo Zibriain. Txulapain.
- Sabrasotobo, Sanmartinzar.
- Altazabro basoa, Urizaharra. Iberiar Penintsulan barrena badaude zenbait toponimo enzabro-rekin baita ere.
- Xabros erreka, Gorzan. Xabros sakana, Ezkaroze. Xabros, Orontze.
- Zerbio-zebrio, Basaburua.
- Sanzerbide, Erromantzatua.
- Zeberia, Bertizaranako auzoa da.
Arabako zaldi-sasiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabako zenbait lekuetan toki izen berezi mantendu zen, Gerardo Lopez de Gereñuk jasota[34].
Zaldi-sasia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zalantzarik gabe zaldi hauek zaldi basatiak izango ziren. Pottoka motakoak eta beste leku batzuetan agertzen diren enzebroen parekoak. Baliteke ere basatiak bilakatutako etxeko zaldiak izatea ere, baina harrigarria da toponimoaren zalbalpena Arabako lautadatik mendialdera. Beraz baliteke zaldi-sasia enzebroaren adieraren parekoa edukitzea Arabako euskaran.
Toponimoak:
- Saldeisaci, 1699. Jungitu.
- Saldiisasi, 1558. Amarita.
- Saldisase, 1660. Pagoeta. Gertu Urizaharreko Altazabro basoa dago.
- Salsisasi, 1713. Deredia.
- Zaldiisasia, 1716. Ilarratza.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Galizieraz) Costa, Xoán. (2015). «Zebra: o nome galego que do Cebreiro pasou para a África» Sermos Galizia (Galiza).
- ↑ (Gaztelaniaz) de Juana, Ricardo. (2005). «La encebra iberica» SOS caballo losino (Pancorbo).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El misterio del zebro: estado de la cuestión» Cronicas de Fauna.
- ↑ (Gaztelaniaz) Nores, Carlos. (1992). «La zoología histórica como complemento de la arqueología. El caso del zebro» Archeofauna (Oviedo).
- ↑ (Ingelesez) Ludovic, Orlando. (2006). «Geographic distribution of an extinct equid (Equus hydruntinus: Mammalia, Equidae) revealed by morphological and genetical analyses of fossils» Molecular ecology (France: Blackwell Publishing Ltd).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El encebro. ¿Caballos salvajes en España?» Criptozoología.
- ↑ (Ingelesez) Burke, Ariane. (2003). «The systematic position of Equus hydruntinus, an extinct species of Pleistocene equid» Quaternary Research (Science Direct) 59.
- ↑ (Ingelesez) Foild, Daniel. (2015-7-12). «Equus hydruntinus, the enigmatic European wild ass» The breeding-back blog.
- ↑ (Ingelesez) Llabata, Miguel. (2015-2-11). «Équidos (II): El zebro o enzebra (Equus hydruntinus).» Tierra Silvana.
- ↑ (Ingelesez) Burke, Ariane. (2003). «The systematic position of Equus hydruntinus, an extinct species of Pleistocene equid» Science direct.
- ↑ (Ingelesez) «Asiatic Wild Ass. Equus hemionus» Red list (IUCN).
- ↑ (Gaztelaniaz) Arribas Herrera, Alfonso. (2008). Vertebrados del Plioceno Superior terminal en el suroeste de Europa: Fonelas P1 y el proyecto Fonelas. Madrid: Instituto Geologico y Minero de España, 532 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) «Sobre la loca, muy loca, historia del zebro.» Capitán Malaspina.
- ↑ (Gaztelaniaz) Pascual Barea, Joaquín. EquifEri y aquifolia: Cebros y acebo en la toponimia de la Península Ibérica. Cadiz: Universidad de Cadiz.
- ↑ (Gaztelaniaz) Sarmiento, Fr. Martin. (2013. Berargitalpena.). Disertación sobre el animal zebra. Nacido, criado, conocido y cazado antiguamente en España, donde ya no se encuentra. La laguna: Museo de la Educación de la Universidad de la Laguna ISBN 978-84-616-3233-6..
- ↑ (Gaztelaniaz) Zebro. Granada, Blackberry, Grosella Negra y Violetas. Vinello..
- ↑ (Gaztelaniaz) Arce, Luis Mario. (2012-11-7). «El cebro, un enigma zoológico» La Nueva España (Oviedo).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La manada de A Groba, en la tele» Faro de Vigo (Vigo) ISSN 1131-8163..
- ↑ (Gaztelaniaz) Pomar, Don Pablo Pedro. (1784). Memoria en que se trata de los caballos de España: presentada a la Sociedad Aragonesa. Madrid, 5-6 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Sarmiento, Fr. Martin. (2013. Berargitalpena.). Disertación sobre el animal zebra. Nacido, criado, conocido y cazado antiguamente en España, donde ya no se encuentra. La laguna: Museo de la Educación de la Universidad de la Laguna ISBN 978-84-616-3233-6..
- ↑ (Gaztelaniaz) de Juana, Ricardo. (2005). «La encebra iberica» SOS caballo losino (Pancorbo).
- ↑ (Gaztelaniaz) Santamaría Hernandez, Maria Teresa. (2012-10-18). Textos médicos grecolatinos antiguos y medievales. Estudios sobre composición y fuentes. Ediciones de la Universidad de Castilla la Mancha, 172 or. ISBN 8484278824/978-8484278825..
- ↑ (Gaztelaniaz) «El encebro. ¿Caballos salvajes en España?» Criptozoología.
- ↑ (Gaztelaniaz) Pascual Barea, Joaquín. Equiferus Hispanus o cebro ibérico : El caballo salvaje de la Península Ibérica desde la Antigüedad a Época Moderna. Cadiz: Universidad de Cadiz.
- ↑ (Gaztelaniaz) Barea, Pascual. [https://rodin.uca.es/bitstream/handle/10498/20687/PascualBareaEquiferus.pdf?sequence=1&isAllowed=y Equiferus Hispanus o cebro ibérico : El caballo salvaje de la Península Ibérica desde la Antigüedad a Época Moderna. ] Cadiz: Universidad de Cadiz.
- ↑ (Galizieraz) Costa, Xoán. (2015). «Zebra: o nome galego que do Cebreiro pasou para a África» Sermos Galizia (Galiza).
- ↑ (Gaztelaniaz) Arce, Luis Mario. (2012-11-7). «El cebro, un enigma zoológico» La Nueva España (Oviedo).
- ↑ (Gaztelaniaz) Nores, Carlos. (1992). «La zoología histórica como complemento de la arqueología. El caso del zebro» Archeofauna (Oviedo).
- ↑ (Gaztelaniaz) Pascual Barea, Joaquín. EquifEri y aquifolia: Cebros y acebo en la toponimia de la Península Ibérica. Cadiz: Universidad de Cadiz.
- ↑ (Portugesez) Enzebrori buruzko PDF-a.[file:///C:/Users/Usuario/Downloads/O_Zebro_Consideracoes_historicas_sua_ide.pdf]
- ↑ http://viendobichos.blogspot.com.es/2014/10/las-encebras.html
- ↑ (Gaztelaniaz) «El misterio del zebro: estado de la cuestión» Cronicas de Fauna.
- ↑ (Gaztelaniaz) Libano Zumalakarregi, Angeles. (2000). Toponimia medieval en el Pais Vasco. Bilbao: Euskaltzaindia, C-82,83 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Onomasticon Vasconiae. 5. Gerardo Lopez de Gereñu galarraga. Toponimia alavesa. Seguido de mortuorios o despoblados y plueblos alaveses. 1989. Gasteizko udala. ISBN:84/385479/48/3 [1]
Kanpoko loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Iberiar enzebroari buruzko artikulua
- (Ingelesez) Europar basa astoari buruzko artikulua
- (Gaztelaniaz) Enzebroari buruzko artikulua
- (Gaztelaniaz) Enzebroari buruzko artikulua
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Enzebra |