Geoffrey Chaucer
Geoffrey Chaucer (Londres, 1343 inguru – Westminster abadia, Londres, 1400eko urriaren 25a), Erdi Aroko ingeles poeta nagusia, eta garai horretako Europako literatura osoko idazle garrantzitsuenetako bat izan zen. Ingelesezko literaturaren aitatzat hartzen da.
Soldadu ibili ondoren, hainbat diplomazia bidaia egin zituen Frantzia, Flandes eta Italian barrena. Frantzian eta Italian boladan zegoen hamar silabako metroa hartu eta egokitu zuen; hala, bertso heroikoa, aurrerantzeko ingeles poesiako banako nagusia, egituratu zuen. Antzinako olerkaritza anglo-saxoitik urrunduz, Frantziako gorte poesia sartu zuen Ingalaterran; bestalde, Italian ezagutu zuen Boccaccio gaztearen obren zordun izan zen. Ovidioren Heroidae poemetan inspiraturiko The Legende of Good Women («Emakume zintzoen elezaharra», 1386) obra bukatu gabeak ere umore eta freskotasun handia eskaintzen ditu zenbaitetan. The House of Fame («Ospearen etxea», 1380) Danteren Divina Commedia poemaren parodia edo alegoria da: bertan adierazten ditu Chaucerek gloriaren gorabeherak eta zurrumurruak zabaldu ohi diren era guztiz bitxiak. Alegoriazkoa da, halaber, The Parlement of Foules («Hegaztien biltzarra», 1382), txori arrek laguna aukeratzerakoan bizi dituzten gorabeherak azaltzen dituen poema. Beti ere, bere lanik ezagunena Canterburyko ipuinak izenekoa da.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1343an inguruan Londres hirian jaio zen, familia aski aberats batean. Haren bizitza pribatuaz ez dakigu gauza handirik, eskasak baitira dokumentuak: behin behintzat ezkondu zen, eta dirudienez bi seme izan zituen; azkenengo aldiz 1400. urtean jaso zuen errege pentsioa eta, Westminster abadian dagoen idazki batek dioenez, 1400. urteko abenduaren 25ean hil zen. Horiek dira Chaucerren gaineko datu pertsonal ziur bakarrak; erlijioaz, politikaz, maitasunaz pentsatzen zuena jakiteko, bere obretatik atera daitekeena besterik ez dago.
Obra horiek, nolanahi ere, asko argitzen dituzte poetaren literatura zaletasunak, zuzeneko aipamen nahiz zeharkakoen bidez, kultura zabala erakusten baitute, humanistikoa eta baita zientifikoa ere. Sarritan egiten ditu astronomiari, medikuntzari eta alkimiari buruzko iruzkinak, adibidez, «Astrolabioaren liburua» (Treatise on the Astrolabe) deritzanean.
Askoz datu gehiago dago Chaucerren bizimodu publikoaz: Eduardo III.a Ingalaterrakoaren errain baten zerbitzari moduan hasi zen gortean lanean eta, orduz geroztik, beti izan zuen erregearen babesa, baita ondorengo errege Rikardo II.a Ingalaterrakoarekin eta Henrike IV.a Ingalaterrakoarekin ere. Erantzukizun handiko eginkizunak izan zituen administrazioan dilectus valletus noster gisa, eta diplomazia lanak bete zituen Frantzian, Flandrian eta Italian. Chaucerren garaian gertatu zen Ehun Urteko Gerra; bera ere gerran aritu zen Frantziako lurretan, eta 1359an espetxeratu ere egin zuten lau hilabetez. Era berean, oso gaztea zela, 1350eko Izurri Beltza ezagutu zuen eta, geroago, 1381eko Nekazarien Matxinada izugarria.
Joan Gantekoarekin harremana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Chaucer Joan Gantekoaren lagun mina zen, Lancasterreko duke aberatsa eta Henrike IV.aren aita, eta Lancasterren agindupean zerbitzatu zuen. Lancaster eta Chaucer koinatu egin ziren hura Katherine Swynfordekin (Roet) ezkondu zenean, 1396an; Philippa (de) Roeten aizpa zen, Chaucerrekin 1366an ezkondu zena.
Chaucer Dukesaren Liburua (Blaunche dukesaren heriotza ere deitua) [40] Joan Gantekoaren lehen emazte Lancasterko Blancheren oroimenez idatzia izan zen[1]. Olerkiak John eta Blancheri egiten die erreferentzia alegorian, narratzaileak kontatzen duenean: «A long castel with walles white/Be Seynt Johan, on a ryche hil» (1318 – 1319), bere maitasunaren heriotzaren ondoren dolu mingarrian dagoena, «And goode faire White she het/That was my lady name ryght» (948 – 949). A lon castel (Castel luzea) esaldia Lancasterren erreferentzia da (Loncastel eta Longcastell ere deitua), walles white (harresi zuriak) Blancheren zeharkako erreferentzia direla uste da, Seynt Johan (John Gantekoaren izen santua) eta ryche hil (Richmonden) erreferentziak dira. Erreferentzia horiek agerian uzten dute olerkiko zaldun beltz minduaren nortasuna: John Gantekoa, Lancasterreko dukea eta Richmondeko kondea. White (Zuria) frantsesezko "blanche" hitzaren ingelesezko itzulpena da, eta aditzera ematen du dama zuria Lancasterreko Blanche zela[1].
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sail eta poema nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Chaucer hiru poema narratibo osoren egilea da; beste lau poema utzi zituen osatu gabeak, hogei bat poesia labur idatzi zituen eta bi itzulpen egin zituen, hiz lauz bata, latinetik, eta bertsoetan bestea, frantsesetik, lehen aipaturiko «Astrolabioaren liburua»-z gainera. Canterburyko ipuinak obran, bi hitz lauz idatziak dira (hogeita bi dira guztira). Chaucerrek erabiltzen duen ingeles dialektoa South East Midland deritzana da, Londreseko eskualdekoa, eta, hortaz, gortean erabiltzen zen bera; Kent konderriko ezaugarri batzuk ere baditu, egileak ondo ezagutzen baitzuen eskualde hori.
Kritikak hiru aldi handitan banatu ohi ditu Chaucerren lanak: lehen aldian eragin frantsesa da nagusia, egileak Roman de la Rose («Arrosaren eleberria») (XIII. mendea) bereziki miresten zuena; haren zati batzuk itzuli zituen ingelesera. Orobat zen bere garaiko zenbait idazle frantsesen zale: Guillaume de Machaut (1300-1377) eta Eustache Deschamps (1346-1400). Garai honetakoak dira The Book of the Duchess («Dukesaren liburua») eta Roman de la Rose-ren itzulpena. Bigarren aldia italiar idazleen eraginpekoa da, Boccacciorena batez ere, nahiz eta Dante eta Petrarca ere ezagutzen zituen; aldi honetakoak dira Troilus and Criseyde («Troilo eta Kriseida»), The House of Fame («Ospearen etxea»), The Parlement of Foules («Hegaztien biltzarra»), The Legend of Good Women («Emakume zintzoen elezaharra») . Hirugarren (azken) aldia, ingelesa, bere Canterburyko ipuinak maisulanari dagokio. Roman de la Rose-ren parte batzuk ez ezik, Boezioren De consolatione philosophica filosofiazko lan ospetsua itzuli zuen latinetik ingelesera. Gaur egungo kritikak ordea ez du guztiz ontzat ematen sailkapen hori. Bere ibilbidearen hasieran, Chaucer, dudarik gabe, maitasunaren poeta frantsesa izan zen, ingelesez idazten zuena; baina, ororen gainetik, poeta gazte tradizional bat zen, bere bidearen bila. Italiar antzearen eragina, Bocacciorena batez ere, istorioen hautapenean antzematen zaio; baina artista orijinala ere bada, «Troilo eta Kriseida»-n bereziki. Horrez gainera, sailkapen horrek ez du kontuan hartzen Ovidioren eta Boezioren eragina.
Chaucerren poemen ezaugarri nabarmenenetako bat poetaren beraren agerpena da, ez bakarrik haietan kontatzen diren istorioen kontalaria delako, baita, zenbait kasutan, gertaeretan parte hartzen duen pertsonaia moduan agertzen delako ere. Chaucerren ni hori, kontalaria eta aktorea, obra guztietan ageri dena, fikziozko pertsona bati dagokio; poetak umore handiz sortua da, eta ez du zerikusirik batere egilearen benetako nortasuna izan zitekeenarekin, diplomatiko trebea eta funtzionario eraginkorra izan zen harekin, alegia. Osagai umorezko, satiriko eta parodikoen erabilera izan zen Chaucerrek ingeles literaturari egin zion ekarririk handiena, eta ni-aren erabileran hasten da umore hori. Poemetan ageri den Chaucer hau gizon txikia, potoloa, arretagabea eta motz samarra da.
Esan bezala, Chaucerrek oso ondo ezagutzen zituen XIII. eta XIV. mendeko poesia usadio frantsesak, eta haien eragina nabarmena da lehen obretan. Usadio horietan, kontakizuna poeta-kontalariak izan duen ikuspen edo amets baten moduan agertzea da nagusia. Baliabide horri esker, egileak mundu alegorikoak irudika ditzake, idealizatuak edo huts-hutsik fantastikoak; mundu horretan txoriek hizketan egiten dute, jainko klasikoak lur honetan dabiltza eta abstrakzioek forma konkretuak hartzen dituzte. Roman de la Rose-k zabaldu zuen teknika hori baliatzen dute Dukesaren liburua, Ospearen etxea, Hegaztien biltzarra poemek eta Emakume zintzoen elezaharra-ren sarrerak.
Dukesaren liburua elegia dotore bat da, Joanes Gantekoaren emazte hil berriari eskainia. Idazleak bazuen modu aski usadiozkoan egitea, tonu pertsonaleko elegia baten gisa, baina Chaucerrek bestelako omenaldi bat aukeratu zuen: poemaren hasieran, loezinari buruzko hausnarrean ari da kontalaria, aipamen klasikoetan oinarriturik; azkenean loak hartzen duenean, Roman de la Rose-ko irudiak ageri dituzten koadroez betetako gela batean esnatzen da, eta Beltzeko Gizon kontsolaezinarekin topo egiten du (alargunarekin); hark, poetaren (Chaucerren pertsona) galdera traketsei erantzunez, bere dukesa goraipatzeko aitzakia aurkitzen du. Poemak, beraz, emazte hila goresteaz gainera, ohore egiten dio alargunaren oinazeari.
Hurrengo poema, Ospearen etxea, ez zuen amaitu. Alabaina, Chaucerren literatura zaletasunen osagai garrantzitsuak ageri dira bertan: loaren fizkziozko markoa, giro klasikoa, eztabaida filosofikoa -arrano baten eta kontalariaren arteko elkarrizketa batean agertua hemen-, kontzeptu alegorikoak eta, batez ere, umorezko eta satirazko tonua arranoaren nolakotasunean.
Orobat arrano batek iragartzen du Hegaztien biltzarra poemako hegaztien mundu xelebrea. Biltzarra baita, elkarrizketa da nagusi eta Chaucerrek, erromes sail oparo baten sortzaile izango denak, samurkiro lantzen du jada hemen pertsonaien nolakotasuna.
Troilo eta Kriseida poema osoa da, Chaucerren heldutasuneko maisulana, sarritan landu zen -Boccacciok bereziki- gai baten gainekoa. Baina Erdi Aroko egileek ez zuten ezagutzen plagioaren kontzeptua; aitzitik, meritu handiko lana zen auctoritas bat imitatzea eta egokitzea, eta Chaucerrek sarritan aipatzen du bere egilea. Troiako gerra gertalekutzat hartuta, egileak errealismo handiz kontatzen du Troilo Troiako printzearen atsekabe bikoitza: zoritxarrekoa da hasieran Kriseida alargun ederraren maitasuna ezin lortu duelako (Kalkas traidorearen alaba da) eta, hura eskuratu duenean, berriz da zoritxarreko Kriseidak -gerraren biktima bera ere- Diomedes gerlari grekoarekin engainatzen duenean. Pertsonaia nagusiak, batez ere Kriseida eta Pandaro, Troiloren adiskidea, bikain daude deskribatuak, nortasun aberatseko pertsonen moduan, eta guztiz ulergarriak eta erakargarriak gertatzen dira.
Canterburyko ipuinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urruneko mundu klasiko bat halako errealismo, ulerpen eta berotasunez birsortzeko gai izanik, ez da harritzekoa egileak Canterburyko ipuinak poeman bere mundua eta bere garaia deskribatzean maisulan bat osatzea. Obra orijinala da; baliteke Chaucerrek Boccacioren Il Decamerone (1348-1358) ezagutzea, eta estrategia bera erabiltzen da bietan, hau da, kontakizunak istorio zabalago batean harilkatzea. Baina hemen kontalariak askoz gehiago dira, gizarte klase guztietakoak, eta ipuinen arteko loturak askoz sendoagoak eta dramatikoagoak dira Il Decamerone-n baino.
Chaucerrek bete-betean asmatu zuen Erdi Aroan, errealismo osoz, era guztietako jendea bil zezakeen gai bakarra hautatuz, gai erlijiosoa -Ingalaterrako santutegi ospetsuenera egiten den erromesaldia, Canterburyko Thomas Becketenera-. Jende hori XVII. mendean artean existitzen zen ostatu batean (Tabard Inn) elkartzen da, oraindik ere egin daitekeen bidea eginez.
Bizitasun handia ematen dioten hastapen dramatikoetan oinarritzen da poema. Hala, sarreran, istorioaren noiz eta nongoa agertzen zaizkio irakurleari, ekintza -zer- hasi aurretik. Udaberria zen, dio, eta Tabard osatuan zela, erromesaldira joateko prest, han ikusi zituen guxienez hogeita bederatzi lagun, oso jende klase desberdinetakoak, eta haiekin elkartzea erabaki zuen. Pertsonaia haien erretratua egingo du poetak, eta ostalariak gero lehiaketa moduko bat proposatuko erromesak bidean ez daitezen aspertu: bina ipuin kontatu behar dituzte. Hoberena kontatzen duena afaltzera gonbidatuko dute gainerakoek. Hori da obraren istorio nagusia. Chaucerrek ez zuen bere eginkizuna burutu, eta hogeita bi ipuin bakarrik idatzi zituen.
Hainbeste erromes eta hain elkarren desberdinak izanik, ez da harritzekoa egileak, ahal zuen neurrian, bakoitzari bere nortasunaren araberako istorioa izendatu izana. Era horretan,Erdi Aroko kontaera mota guztiak ageri dira: fabliaux, alegiak, exempla, ipuin satirikoak, ipuin aristokratikoak eta giro klasikokoak, santuen bizitzak, etab.
Troilo eta Kriseida-n bezala, Canterburyko ipuinak poemaren meriturik handiena erromesaldiak nolakoak ziren adieraztea da: ingeles gizartearen estamentu guztiak ageri dira, elizgizonak eta laikoak, gizonak eta emakumeak (hiru bakarrik); haien artean badira zikoitzak, harroak, haserreak, jatunak, ustelak eta likitsak, oso gutxi perfektuak, batzuk badira, baina denak egiazkoak, bizi-biziak. Testua, gainera, bete-betea dago ironiaz eta satiraz; txisteak eta hitz jokoak ere oso ugariak dira.
Chaucerren eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Chaucerrek fama handia izan zuen bere garaian. Bere hurrengoek eta, batez ere, XV. mendeko poetek, biziki goretsi eta imitatu zuten, hainbesteraino non literaturaren historian «chauceriano ingeles eta eskoziar» izendatzen baitiren. XVI. mendean, Erreformaren garaian, idazle satiriko ospea zuen, bere garaiko usadioak eta batez ere elizaren ustelkeria gogor salatzen zituelako. Alabaina, XVII. mendeaz geroztik eta XVIII. mendean zehar, zaharkitutzat jo zuten Chaucerren obra, landugabea zerizkioten hizkerari, eta trakets bertsoei.
1775. urtean Thomas Tyrwhitt-ek Canterburyko ipuinak obraren edizio berri bat egin zuen, sarreran argitaratzailearen azterlan bat zuena; horrekin aldi berri bat etorri zen Chaucerren ospean, gaur arte dirauena. Poeta eta kritikari erromantikoek -Lord Byronen salbuespenarekin- eta orobat viktoriarrek, oso goraipatzen zuten «maisu» deitzen zuten hura. Aldi berean, XIX. mende amaierako ingeles hizkuntzaren historialariek gero eta datu gehiago ematen zituzten Chaucerren ingelesaren ezaugarriei buruz, eta era horretan haren hizkuntzaren maisutasun teknikoa eta artistikoa nabarmendu zuten.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Roman de la Rose-ren itzulpena, ziur asko (The Romaunt of the Rose)
- The Book of the Duchess
- The House of Fame
- Anelida and Arcite
- Parlement of Foules
- Boezioren De consolatione Philosophiae-ren itzulpena, ziur asko (Boece)
- Troilus and Criseyde
- The Legend of Good Women
- The Canterbury Tales (Canterburyko ipuinak)
- Treatise on the Astrolabe
Poema laburrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- An ABC
- Chaucers Wordes unto Adam, His Owne Scriveyn
- The Complaint unto Pity
- The Complaint of Chaucer to his Purse
- The Complaint of Mars
- The Complaint of Venus
- A Complaint to His Lady
- The Former Age
- Fortune
- Gentilesse
- Lak of Stedfastnesse
- Lenvoy de Chaucer a Scogan
- Lenvoy de Chaucer a Bukton
- Proverbs
- To Rosemounde
- Truth
- Womanly Noblesse
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012-7-6 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015-5-14 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Chaucer, Geoffrey. (1987). The Riverside Chaucer. Boston, Mass. : Houghton Mifflin Co. ISBN 978-0-395-29031-6. (Noiz kontsultatua: 2023-02-11).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskarari ekarriak: Geoffrey Chaucer Ekarriak.armiarma.eus