Edukira joan

Ignacio Artamendi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artamendi

Ignacio Artamendi 1934an
Izen osoa: Ignacio Artamendi Abendibar
Jaiotza data: 1900eko uztailaren 31
Jaioterria: Mallabia (Bizkaia)
Heriotza data: 1953ko abuztuaren 21a
Heriotza herria: Zaldibar (Bizkaia)
Pilotaria
Modalitatea: esku huskako pilota
Postua: atzelaria
Debutatze data: 1920
Erretiratze data: 1941

Ignacio Artamendi Abendibar, pilota arloan Artamendi edo Artamendi II.a deituraz ezaguna (Mallabia, Bizkaia, 1900eko uztailaren 31 - Zaldibar, Bizkaia, 1953ko abuztuaren 21a) esku huskako pilotaria izan zen. Atzelari jokatzen zuen. Artamendiren jokoa oso bizia zen. Jotzaile handia izanik, bere garaiko kazetariek Artamendiren berezko dohain atletikoak nabarmentzen zituzten. Horrez gain, eta buruz buruko espezialista izanik, tantoa amaitzea gogoko zuen, bai pilota moztuz edota horma biak joaz.

Bere ibilbide profesionala 1920an hasi zuen. Esku huska, buruz buruko jokalari bikaina izan zen. Joko mota horretan 1920ko eta 1930eko hamarkadetako pilotari aipagarrienenetakoa izan zen. Hain zuzen ere, bera da bakarra, garai hartako pilotarien artean, Atano III.aren, Kirruren eta Etxabe IV.aren aurka indarrak neurtu zituena.

Artamendik lau aldiz jokatu zuen buruz buru Atano III.aren aurka. Lehena, Markinako pilotalekuan izan zen eta Artamendik irabazi zion Azkoitiko fenomenoari 22-13. Hain zuzen ere, Artamendi da buruz buru Atano III.ari irabazi zion Bizkaiko pilotari bakarra bere ibilbide profesional osoan. Ondoren, Azkoitian Atano III garaile atera zen. 1925ko martxoaren 1an Astelena pilotalekuan jokatu zuten, Artamendik bat eta erditik ateratzen, eta Atano III.ak hirutik ateratzen. Azkoitiarrak irabazi zuen norgehiagoka, 22-14ko emaitzarekin. Ondoren, 1925eko martxoaren 16an, Astelena pilotalekuan baita ere, Atano III.ak eskuinez eta batetik ateratzen eta Artamendik lautik ateratzen jokatu zuten. Hogeita batera berdindu zuten, ikaragarri jokatuta. Azkenean, partida Artamendik irabazi zuen.

1927ko azaroaren 20an, Donostiako Moderno pilotalekuan buruz buru jokatu zuten Artamendik eta Kirruk. Artamendi partida erraz irabazten ari zela, 8-1, Gernikako aurrelariak min hartu zuen, eta erretiratu egin behar izan zuen.

1928ko urtarrilaren 3an Etxabe IV.aren aurka neurtu zen Artamendi, Donostiako Moderno pilotalekuan orduan ere. Etxabe IV.a nagusitu zitzaion Artamendiri, 22-14.

Bikoteka, atzelari bikaina izan zen. 1927an, Kirruren aurkako norgehiagoka zela eta, El País Vasco egunkariak esku huskako atzelari onena Artamendi zela jo zuen. 1928an, Excelsior egunkariak antolatutako torneoan parte hartu zuen. Hain zuzen ere, hura izan zen esku huskako pilotari profesionalentzat antolatutako binakako lehen txapelketa. Artamendik Irureta II.a ezkertiarekin batera jokatu zuen. Torneoa ez zen bukatu, pilotalekuetako enpresak ez zirelako ados jartzen. Hala ere, Irureta II.a-Artamendi bikotea klasikoa bilakatu zen, Zabala-Txapasta edota Ulazia-Altunarekin batera. Elkarren aurka hainbat aldiz jokatu zuten ondorengo urteetan.

Artamendik 1941 arte jokatu zuen. Erretiratu ondoren, 1944ko abenduaren 21ean omenaldi beroa jaso zuen Astelena pilotalekuan. Omenaldiko partidan Bolinaga-Kortabitarte eta Akarregi-Gallastegi pilotariek jokatu zuten; Bolinagak eta Kortabitartek irabazi zuten, 22-16.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]