Konfuzio
Konfuzio[1] (txinera tradizionalez: 孔子; pinyinez: Kǒngzǐ; K.a. 551 – K.a. 479a) txinatar filosofo, pentsalari eta idazlea izan zen, konfuzianismoaren sortzailea. Haren pentsamenduak eragin itzela du Txina, Japonia, Korea eta Vietnamgo kulturetan. Konfuzioren filosofiak gizabanakoen eta gobernuen etika, gizarteko hartu-emanetan zuzentasuna, justizia eta zintzotasuna azpimarratzen ditu. Bertute horiek nagusitasuna lortu zuten beste batzuen aurrean, legalismo edo taoismoaren aldean esaterako. Han dinastian, Konfuzioren irakaspenetan oinarrituta konfuzianismo izeneko filosofia-sistema garatu zen. Europan, Matteo Ricci jesuitak sartu zuen lehen aldiz, Confucius izena latinera eraman zuena. Haren irakaspenak Konfuzioren Analektak liburuan bildu ziren bera hil eta urte andana igaro zirenean. Egungo historialariek ez dute uste Konfuziok berak idatzitako dokumenturik ez dagoenik, baina 2.000 urtean bost libururen idazletzat jo zuten.[2]
K.a. 221ean, Txinako Inperioa ezarri ondoren, bere filosofia kendu, eta Legalismoaren alde egin zuten. Hala ere, filosofia hori alboratu egin zen Qin dinastia erori eta Han dinastiaren igoeraren ondoren. Konfuzioren irakaspenak Wu enperadorearen erregealdian (K.a. 141-87) ofizialdu ziren, hurrengo 2000 urteetako pentsamendu korronte ezagunena bezala finkatuz. Konfuzio giza historiako pentsalari garrantzitsuenetakotzat hartzen da bere filosofiak Txinan zein munduan izan duen eragin handiagatik[3].Kultur heroiaren lekua du txinatar zibilizazioan, eta halakotzat ohoratzen dute errito tradizionaletan.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mandarin txineran, Konfuzioren ohiko izena Kǒngzǐ da, literalki Kong Irakaslea, askotan Kung Fu Tse idazten den arren. Izen horren, gaur egun ezohikoa den, aldaera bat Kǒng Fūzǐ da, eta hortik dator euskarazko izen tradizionala, Confucius forma latinizatutik.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Qufun jaio zen, antzinako Lun eta gaurko Shandongen, lur-jabe noble batzuen familian, Kong klanean. Konfuziok hiru urte besterik ez zituen aita hil zitzaionean eta familia pobrezian murgildu zen, baina horrek ez zuen oztopatu haurrek hezkuntza zaindua jasotzea.[4] Oso gazte hasi zen Lu estatuaren administrazioan lanean. Lehen lanbidea estatuaren aletegian izan zen eta Justizia Ministro izatera iritsi zen. Handik urte batzuetara,, dimisioa aurkeztu zuen, printzeak jarraitzen zuen politikarekin ez zetorrela bat-eta.
Zi Zhaan lehen ministroak, Txinako lehen kode juridikoa ezarri zuenak, eragin handia izan zuen Konfuziogan eta gerraz gerra ibili ondoren, jainkoenganako fedea galduz joan ziren eta erlijioarekiko eszeptiko bilakatzen ari ziren garaikideek ere bai.
Irakasle
[aldatu | aldatu iturburu kodea]50 urterekin, irakasten hasi zen. Bakarrik bidaiatzen zuen alde batetik bestera eta inguratzen zitzaizkion ikasle gutxiak trebatzen saiatzen zen. Gizon jantzia eta betiko ohitura eta ideien jarraitzaile, bere ospea di-da batean zabaldu zen Lu printzerrian hasieran eta Txina guztian gero.
Han dinastiaren ondoko enperadoreek Konfuzioren lanean oinarritu ziren Txinako gizartea antolatzeko. Konfuzioren aurretik eta Txina Zhou dinastiaren pean egon zenean, gobernuaren gainbehera nabaria zen eta ohitura zabarrak orokortu egin ziren. Garaiko desordenak eta eredu moralen hutsuneak erabat atsekabetzen zuten Konfuzio. Horrela iritsi zen antzinako jakintsuen printzipio eta jakintzak herrian zabaldu behar ziren erabakira. Txinako literaturako klasikoak irakasten zituen eta musika txinatarraren garrantzia azpimarratu zuen. Gobernariek, handiak eta eraginkorrak izan nahi bazuten, eredu izan behar zuten eta aparteko printzipio moralen jabe. Herriarentzako, zoriona eta arrakasta lortu ahal izateko estimulu nahikoa izango ziren.
Ministro
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tradizioari jarraituz, ministro izan zenean, erreforma ugari ezarri omen zuen justizia administrazioan. Luk indar ikaragarria eskuratu zuen eta ondoko estatu batek ministroaren kargugabetzea lortzeko intrigatu zuen. Hala ere, agian ez zen ministroa izan, funtzionario xumea baizik. Era batera edo bestera, Konfuziok, K.a. 496an, kargua utzi zuen eta bidaiatzeari ekin zion, klaseak han-hemenka emanez, printzeren batek erreformei hasiera emateko aukera eskainiko zion zain. K.a. 484an, gobernari egoki baten alferrikako bilaketa baten ondoren, Lura itzuli zen azken aldiz. Azken urteak autore klasikoen idatziak irakurri eta iruzkinak idazten eman zituen.
Lun hil zen eta Qufun (Shandong) eman zioten lur K.a. 479an.
1994an, bai Konfuzioren tenplua, bai hilerria, Gizateriaren Ondare deklaratu zituzten.
Filosofia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizitzan zehar izandako portaera egokian, Estatuko gobernu onean (karitatea, justizia, eta hierarkiari zor zaion errespetua), tradizioak zaintzean, ikasketan eta meditazioan zetzan haren irakaskuntzaren funtsa.
Bertute nagusiak hurrengoak ziren: tolerantzia, ontasuna, borondate ona, hurkoarenganako maitasuna eta helduenganako eta arbasoenganako begirunea. Printzea bertuteduna bada, herritarrek haren adibideari jarraituko diote. Gizarte aurrerakoi batek harreman horiek bere horretan kontserbatuko ditu. Ezinbestekoa da antzinako jakintsuak berreskuratzea eta herritarren ohituretan eragitea.
Kung maisua izan zen jarraitzaile talde bat lortu zuen lehena. Funtzionario zenean formulatutako hartu beharreko neurriez gainera, Txeu Dukearen politika berreskuratzen saiatu zen. Konfuziok bere irakaskuntzak jarraitu behar zituen printze bat behar zuen eta, horrela, handik hamabi hilabetera espero zen emaitza lortzen hasiko zen; hiru urtean, gizarte proiektua ezin hobeto ezarriko zen.
Hauek ziren Konfuzioren dotrinak gobernuan zegoenari egiten zizkion aginduak:
- Herria maitatu, morala berritu eta egunerokotasunerako behar ziren baldintzak bete.
- Horregatik, lehen pausoa Lehen Agintaria den Hura zerbitzatzea izango da.
- Norbanakoaren bertutea zaindu behar da eta etengabeko hobekuntzara joan behar da beti.
- Bai bizitza pribatuan eta baita bizitza publikoan ere, Justizia ez da begi bistatik galdu behar.
- Gizakiaren ahuldadeak kontuan izan behar dira: haragia arriskua izaten da; arrazoia, berriz, galtzen erraza.
- Harreman sozialaren eskakizunak bete behar dira (gobernari-ministro, aita-seme, senar-emazte, senitartean, lagunartean).
- Azken helburua bake unibertsala eta harmonia orokorra dira.
Bost klasikoak maisua hil eta gero agertu ziren. Bai lana eta baita bizitza ere, kultu objektu bihurtu ziren eta izugarrizko paradigma dira egun arte.
Konfuzio euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskaraz Konfuziori buruzko lehengo testua 1858an plazaratu zen, Juan Martin Hiribarren apaizaren eskutik, Eskaraz egia liburuan. Testu hau erlijioen historia bat da .[5]
- 2008an Analektak (Lun Yu) liburua plazaratu zen Ibaizabal argitaletxearen eskutik, Erlijioen Jakinduria bilduman. [6] Konfuziok bere ikasleei eman zizkien hitzaldi batzuen bertsio idatzia da; ikasleek idatzi eta bildu zituzten.
Irudi galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ (Ingelesez) «Confucius | Biography, Teachings, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-08-12).
- ↑ «China Confucianism: Life of Confucius, Influences, Development» www.travelchinaguide.com.
- ↑ (Ingelesez) «Confucius» Britannica Kids (Noiz kontsultatua: 2022-08-12).
- ↑ https://armiarma.eus/emailuok/?s=Konfuzio
- ↑ https://www.elkar.eus/es/liburu_fitxa/analektak/konfuzio/9788483942215
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Konfuziori buruzko edukiak hizkuntza desberdinetan.
- Juan Martin Hiribarrenek idatzitako Eskaraz egia (1858) liburuaren Konfuziori buruzko pasartea.