Edukira joan

Lope Agirre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau esploratzaileari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Agirre».
Lope Agirre

Bizitza
JaiotzaAraotzOñati, 1510eko azaroaren 8a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntzaeuskara
HeriotzaBarquisimeto1561eko urriaren 27a (50 urte) (41/51 urte)
Heriotza moduagiza hilketa
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkonkistatzailea eta Sayayin (en) Itzuli
Izengoitia(k)el Loco, el Tirano eta el Peregrino

Musicbrainz: 61b7bb50-ef1b-4a9c-8983-5edae934f9c2 Edit the value on Wikidata

Lope Agirre (Oñati, Gipuzkoa, 1510eko azaroaren 8a[1] - Barquisimeto, Venezuela, 1561eko urriaren 27a) Espainiar Inperioaren zerbitzura Hego Amerika esploratzen eta konkistatzen aritu zen euskaldun bat izan zen, gerora Espainiako Koroaren aurka altxatu zena. Espainiako erregeari idatzitako gutun batean, Agirrek bere buruari Erromesa eta Askatasunaren Printzea eta ezizenez deitu zion; beste batzuek Jainkoaren Haserrea izendatu zuten; aitzitik, espainiar etsaiek Eroa edota Tiranoa deitu zuten.[2]

Agirre nolabaiteko kulturadun kaparea litzateke, ziurrenik On Juan Carlos Guerrak iradokitzen duen bezala eskribauen seme. Agirre gaztea 21 urterekin Sevillan zegoen garai hartan, Ameriketara joateko asmoa zutenei Indietako Kontseiluak murrizketak ezarri eta 1503an sorturiko Kontratazio Etxeak fidantzak eta beste hainbat baldintza eskatzen zizkien.[3]

Gaztaroa eta Ameriketara bidaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturri gehienek diote Oñatin (Gipuzkoa) jaio zela Lope, eta bertako eskribau baten semea zela, baina XVI. mendeko Ibarguen-Cachopin kronikak dio Aramaiokoa (Araba) zela sortzez.[4].

Francisco Pizarro Perutik sekulako altxorren istoriak kontatuz itzuli zenean, Agirre Sevillan zegoen eta 21 urte zituen. Urrearekin ametsetan, espedizio batetan izena eman zuen, eta 1536 inguruan heldu zen Perura. Nuevo Toledoko erregidore izan zen eta zaldiak hezten ere aritu zen[5].

Kolonietako gerra zibilak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
XVI. mendeko conquistador delakoek zerabilten armadura.

1544ean, Blasko Nuñez Vela erregeordea heldu zen Perura, indigenen esplotazioa erregulatzen zuten legeekin. Konkistatzaileek ez zituzten lege hauek atsegin, indigenekin nahi zutena egitera ohituta. Horregatik, Gonzalo Pizarro eta Frantzisko Carvajal erregeordearen aurka altxa ziren. Agirrek erregeordearen alde jokatu zuen, baina erregeordea garaitua izatean, Nikaraguara ihes egin behar izan zuen, sarjentu nagusi tituluarekin.

1551ean Frantzisko Esquivel epaileak atxilotu eta jendaurrean zigorrarazi zuen. Mando bati lotu eta 100 edo 200 zigorkada jaso zituen, zauriak gatzez igurzten zizkiotelarik[5]. Agirreren aitonsemetza gorabehera bilauei zegokien zigorra ezarri zitzaiolako zigortuak mendekua aldarrikatu zuen. Epaileak, Agirreren mendekuaren beldur, ihes egin behar izan zuen, etxebizitzaz etengabe aldatuz. Garaiko kronista batzuk diotenez handik hiru urtera, Cuscoko epailearen etxean bere mendekua bete zuen.

1554ean Alfonso de Alvaradok barkatua izan zen, zein Francisco Hernandez Giron errebeldearen kontra borrokatzeko gizonak biltzen ari baitzen. Chuquingako borrokaldian bi arkabuz tiro jaso zituen zango baten, eta zangoa galdu ez bazuen ere herren geratu zen[6][7].

Espedizioa Amazonian zehar

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pedro Urtsua, XVI. mendeko miniatura.

1560ean, Agirre Pedro Urtsuaren espediziora batu zen, Amazonas ibaian zehar nabigatuz El Dorado aurkitu nahi zuena. Cuscotik abiatu zen Agirre, eta Huallaga ibaiaren inguruetan lotu zitzaion espedizioa antolatzen ari zen kanpalekuari. 300 konkistatzaile inguru, afrikar esklabo zenbait eta 500 bat morroi indigenez osaturiko taldea hiru ontzitan abiatu zen 1560ko irailean, Huallaga ibaian behera (amazonas ibaiaren adar bat).[8]

1561eko urtarrilean, beste espedizio kide batzuekin Pedro Urtsuaren erailketan parte hartu zuen, eta Fernando Guzman espedizioko buru ezarri zen, Agirre soldaduen buruzagi bilakatuz. 1561eko martxoaren 23an, Agirrek bere menpeko kapitain eta soldaduak Fernando Guzman Peru eta Txileko errege izendatzen zuen deklarazio bat sinatzera konbentzitu zituen. Ondorioz, 186 soldadu eta ofizialek uko egin zioten Filipe II.a Espainiako Erregearen agindupean egoteari[9].

Espainiaren kontra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Agirreren konkista-bidaia Cuscon hasi eta Venezuelan bukatu zen. Ez da ziurra Casiquiaren zehar Orinokora heldu zenik.

1561eko maiatzaren 22an matxinada bat egon zen Guzmanen aurka, eta Agirrek hartu zuen erabateko agintea. Uztailean Ozeano Atlantikora heldu ziren, gaur egungo Venezuelako kostan. Ez dakigu Amazonasen ahoraino heldu zen eta itsasoz iparraldera egin zuen, edo Amazonasen adar baten gora egin eta Orinoko ibairekiko lotura topatu zuen (Casiquiare kanalak lotzen ditu Amazonas eta Orinoko, bertakoek ezagutzen zutena baina konkistatzaileentzat ezezaguna zena). Hilabete hartan Margarita uhartea hartu zuen (Venezuela); izuaren bidez kontrolatu zuen. Handik bidali zizkion Filipe II.ari  koroaren aginduari uko egiteko arrazoiak azaltzen zituzten gutun famatuak.

Abuztuan uhartea utzi eta Panamarantz jo zuen. Baina Panama konkistatzeko saiakera horrek ez zuen arrakastarik izan, bidean amaitu zen koroaren aurkako bere matxinada. Mendietan sukarrek erasan zuten taldea, eta ez zuten Venezuelatik ateratzea lortu. Barquisimeton inguratuta (gaur egungo Caracas eta Maracaibo artean), eta jarraitzaile asko batailan galdu ondoren, bera hil aurretik alaba Elbiraren heriotza eragin zuen, arerioen esku ez uztearren[10]. Azkenean garaitua eta exekutatua izan zen, 1561eko urriaren 27an[9]. Gonzalo Pizarrorekin eta beste hainbat garaituekin egin zuten antzera, bere gorputza zatikatu eta zatiak Venezuelako hiri ezberdinetara eraman zituzten[11].

Mendeetan zehar, Espainiako errege etxearen eta metropoliaren aldeko kronistek[12], historialariek eta idazleek, Lope Agirre deabruaren pare jarri izan dute, eta iturri neutral fidagarri gutxi dira bere izaera ulertzen lagun lezaketenak.

Beste konkistatzaile asko bezala, koroaren alde egindako zerbitzuak gorabehera gaizki tratatua sentitzen zuen bere burua, eta horrek izaera garraztu ziola. Izan ere, Amerikan ziren erregearen menpeko soldadu asko bezala, Agirre bazter nahasletzat jotzen zuten, gerrarako egokiagoa, administraziorako baino.

Bazuen jendearengan eraginik, mintzatzen zenean jendeak adi-adi entzuten omen zion[5]. Soldaduak konbentzitzeko erraztasuna zuen, ziurrenik ongi ulertzen zituen haien nahiak, bera ere soldadu beteranoa izaki. Bestalde, Filipe II.ari idatziriko gutunek heziketa eta idazkera oneko gizona zela agerian uzten dute[13].

Amazoniako espedizioan zehar, eta El Doradoko altxorrak aurkitzen ez zutenez, elkarrenganako mesfidati eta giro nahasian nabigatzen zuten. Aurreko bi matxinadak kontutan hartuta, armaturik egiten zuen lo, eta bere aurka jasotzekotan ziren kapitain eta soldadu batzuk ere hil zituen. Bere eskuz zuzenki edo bere aginduen bidez, 72 erailketa egotzi izan zaizkio: 64 espainiar, 3 apaiz, 4 emakume eta indiar bat.

Zenbait ezaugarri

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agirrek hainbat ezaugarri berezi izan zituen:

  • Errege etxeari ez zion inoiz bidali kintorik (bertako indigena amerikarrei kendutako urre eta zilarren ehuneko hogei).[14][15]
Urrezko eskultura bat
  • Azken hilabeteetan hiru eskutitz igorri zituen,[2] eta horien artean Filipe II.ari bidalitako independentzia eskutitz ospetsua. Bere etorkizuneko helburu pertsonala ez zen, aberastu ondoren, Espainiara itzuli eta nobleziaren tituluren bat erdiestea, Peruren askatzailea bilakatzea baizik.
  • Bertako Cruspa Huaranca indigenarekin ezkondu zen, hango errituekin. Alaba bat izan zuten, Elbira[16]. Cruspa hil zenean hartu zuen El Doradorako espedizioan parte-hartzeko erabakia. Konkistatzaileek indigenei nahitaez espainolez egitera behartzen zieten bitartean, Agirrek kitxua hizkuntza ikasi zuen[erreferentzia behar], bertako ohituretara eta usadioetara atxikitzeko. Eta bertako erlijioa eta jainko zein jainkosa errespetatu zituen.
  • Ez zuen indiorik hil, espainiarren zelatari egin zen bat salbu. Eta ez zuen indigenen lurrik “konkistatu”[17] beretzat edo Espainiaren erregearentzat.
  • Bere ama hizkuntza euskara zen, eta eskribau baten semea izanik, gaztelaniaz idazten ondo zekien. Ameriketara joandako % 98, berriz, analfabetoak ziren.

Agirreren itzala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lope Agirrek eragin ezberdinak izan ditu garaiko eta beranduagoko jendearengan. Espainiarrentzat, Agirre errebeldea, eroa eta tiranoa izan zen, Filipe II.ak bere izena aipatzea ere debekatu zuelarik[18]. Beste batzuentzat, ekintza gizon ausarta izan zen, Hego Amerikako lurralde basatienak zeharkatzeko gai izan zena, eta espainiar inperioari erronka bota ziona. Justizia, askatasuna eta mendekua bilatzen zuela diote batzuek, besteek aldiz botere eta diru goseak gidatzen zuela. XIX. mendeko Simon Bolivarren hitzetan, Agirreren gutunak dira Ameriketako "lehen independentzia adierazpena"[19].

XVI. mendeko kronisten kontakizunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lope de Aguirre. Crónicas 1559-1561 liburuan, Agirreren garaiko sei kronista hauen idatziak jasotzen dira: Gonzalo de Zúñiga, Toribio de Ortiguera, Pedro de Monguía, Custodio Hernández, Almesto Vazquez, eta azkenik anonimo bat, oso interesgarria, Emiliano Josek Madrileko Historia Akademian aurkitua eta 1950ean argitaratua.

Kronisten eskuizkribu bat

Bartzelonako Unibertsitateko Elena Mampel eta Neus Escandell liburuaren egileek diotenez, kronista bakoitzaren idatzia bere testuinguruan irakurri behar da. Batzuetan Filipe II.a erregeari atsegingo zaion erara idazten dute, edo Espainiara itzulitakoan prebendak jasotzeko. Beste batzuetan lekuko zuzena izan gabe entzundako gertakariak idazten dituzte, kasuren baten bere burua zuritzeko, edo bada baita Agirreri mendekua hartzeko kontatzen duenik ere.

Baina era eta kasu guztietan, nabarmena da momentuan bertan idatzitako kronikak ez direla, baizik eta beranduagokoak. Eta beti, metropoliaren eta agintarien kontakizun ofizialari mesede egingo diotenak.

Antzerako joera izan zuen beste kronista batek, Hans Staden alemaniar artilleroak (1525-1579). Warhaftige Historia idatzi zuen, eta salmentak igotzeko eta arrakasta lortzeko, kanibalismoaren alderdi morbosoa eta bertakoen basakeria nabarmendu zituen, urrutiko lurrak liburuz bakarrik ezagutzen zituzten europarrentzat jakin-min handia pizten zuten topikoak.

Garaiko kronista gehienek boterearen zerbitzura jokatu zuten, modu baten edo bestean. Bestalde badira kronista orokor gutxi batzuk, adibidez Fray Bartolome de las Casas (1484-1566) eta Fray Antonio de Montesinos dominikoak (1475-1540), konkistatzaileen gehiegizko jazarpenak salatu zituztenak Espainiako gortean[20], baina Agirreri buruz ez zuten deus idatzi.

Kontatzaile garaikideak Espainian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendeko kronisten idatzietan oinarrituta, mendeetan zehar metropoliak bere kontakizuna zabaldu du, gaur egun arte[21]. Honakoak lirateke adibide batzuk:

RAEko liburutegia

Espainiako Hizkuntzaren Errege Akademiako partaide de Pere Gimferrerek, Robert Southeyren Ursuaren espedizioa eta Agirreren krimenak liburuaren sarreran, honela dio: «Ameriketara joandako figura gutxik sortu dute Lope Agirrek bezainbesteko literatura, eta, agian, literatura horrek ez ditu inolaz ere hain tindu ilunak estali. Kortesek, Alvaradok edo Pizarrok miresleak eta aurkariak dituzte, sarritan biak aldi berean, eta bigarrena bakarrik badira ere, gutxitan ukatzen diete pertsonaia horiei handitasun tarte bat. Beste batzuek, Ojedak edo Balboak kasu, batez ere sinpatia pizten dute. Lope Agirreren inguruan bakarrik harridura unibertsal beldurgarri moduko bat piztu da. Soilik XX. mendean aldarrikatu dute pertsonaia, kasu batzuetan (Otero Silva) anakronismo nabari batekin».

RAEko beste akademiko ospetsu batek, Arturo Perez Revertek,[22] ondorengo hau dio: «Oñatiko Agirre euskaldunaren kasuan, kointzidentzia erabatekoa da: bere abentura da denetan erotuena eta odoltsuena. Porrot egindako konkistatzaile, krudel, harroputz, paranoiko eta hiltzaile horren istorioak liluratu egiten nau, Ramon J. Senderren "Lope de Agirreren abentura ekinbidea" irakurri nuenetik. Soldadu errezelotsu eta krudel hark, badaezpada ere peto eta ezpataz armaturik lo egiten zuenak, eta prebentzioz aurkariei lepoa mozten zienak, bere burua uxatu gabe, Konkistaren alderik zurrunena eta ilunena sinbolizatu zuen niretzat. Klaus Kinski histrioniko ilehoriak, Werner Herzogen “Agirre, Jainkoaren kolerak” pelikulakoak, ez zuen zerikusirik harakin gozakaitz, egoskor, altzairu errazezko horrekin. Beti iruditu baizait txikia, zitala, bizartsua, lasaia eta isila zela».

Manuel Godoy historialariak dioenez,[23] «Simon Bolibarren baieztapena, Lope Agirre Amerikaren lehenengo independentzia adierazpenaren egiletzat aitortuz, hutsegitea da, emantzipazio-prozesuak Europako kode kulturalen barruan dagoen pertsona zuri batek zuzentzen dituenean bakarrik hartzen baititu kontuan. Ez du aintzakotzat hartzen, adibidez, 1539. urtean Guatipan buruzagiak 5.000 indigena gidatu zituela Pedro Añazco espainiarraren aurkako gerra baten. Edo 1560. urtean Los Teques komunitate indigena Guaicaipuro kazikearekin antolatu zela Luis de Narvaez kapitainaren aurka».

Ildo berritzaileko kontatzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gabriel Insausti historialariak Jorge Oteiza artistak Agirreri buruz duen sentimendua azaltzen du bere “Utopia zergatik arkadia: Oteiza eta Amerika” azterketan[24]: Oteizaren heroietako bat Lope Agirre oñatiarra zen, espainiar erregearengandik "independizatzeko" ausardia izan zuena, bere proiektu propioa Ameriketako lurretan sortzeko. Eta bere figura, hain zuzen ere, tokiko ingurune kulturalak ber ebaluatzen zuen. Bere saiakeretan, Agirre Aranarekin batera erretratatu zuen, euskal herritarrentzako "jokabide-eredu" gisa hartuta, hau da, errebeldiaren eta presaren adibide gisa, nazionalismo baketsuenaren etsipenaren aurka. Eta ekintzarako duen gaitasuna goraipatzen du

Kontatzaile garaikideak Ameriketan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miguel Otero Silva idazle venezuelarrak “Lope de Aguirre. Principe de la libertad” liburuan[25], Agirre bere testuinguru amerikarrean jartzen du: «Agirre Simon Bolivarren aurrekoa da, ustez bere gutuna "Amerikaren independentziaren lehen aktatzat" jotzen zuena. Bere obran begi-bistakoa irudituko litzaioke Bolivarren bidea, termino geografiko zein politikoetan, mende batzuk lehenago beste euskal soldadu batek marraztu zuena. Ez zinen hain eroa, Lope Agirre, zure difamatzaileek halakotzat epaitu zaituzten arren».

Simon Bolivar Askatzaileak berak, Bolivia eta Kolonbia Handiaren independentzia lortu zuenak, honela azaltzen zuen bere pentsaera Luis Perú de Lacroix jeneralak idatzitako liburuan, Bucaramangako egunkarian (1828). Perú de Lacroixek, bere kolaboratzaile militar onenetako batek, Bolivarrek pertsonaia historiko honekiko duen lilura aipatzen du: adibidez, 1828ko apirilaren 11n, Soublette jeneralaren etxean egindako bazkari batean, Askatzailea Lope Agirreren eta bere heriotzaren istorioa kontatzera iritsi zen, eta pasarte eta ezaugarri interesgarrienak eta heroienak aukeratu zituen».[26]

  • Agirreren bizitza bi aldiz eraman dute zinemara: lehena Werner Herzogen Agirre edo Jainkoaren haserrea 1973an eta bigarrena El Dorado, Carlos Saurarena, 1988an.
  • Bi nobelek ere Agirre dute protagonista: Ramón J. Senderren Lope Agirreren abentura ekinokziala eta Arturo Uslar Pietriren El Doradorako bidea.
  • Robert Southey ingelesaren "The Expedition of Orsua; and the Crimes of Aguirre" liburuan agertzen da.
  • Agirreren historian oinarritutako bi komiki daude gutxienez, bata Alberto Breccia argentinarrarena eta bestea bere seme Enriquerena.
  • "Gillman" rock talde venezuelarrak Agirreri buruzko abesti bat du bere "Escalofrío" (1994) diskoan, "El tirano Agirre" izenekoa.
  • El Tirano hondartza, Margarita irlako ipar ekialdean, Agirreren egonaldia gogoratzen du.
  • 2018an LOPE film herrikoia grabatu zuten Oñatin. Umorea eta kritika uztartuz, "El Dorado" espedizioa 2019ko Udal hauteskundeetara ekarri zuten egileek.
  • 2020an, Oñatiko Olaitturri Kultur Elkarteak "1562- Lope Agirreren estatua" biografia antzeztua landu du bere blogean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1964). Ensayos de historia local vasca, De la anécdota como historia. Ed. Auñamendi, Donostia, 166 or. ISBN 738363..
  2. a b (Gaztelaniaz) Mampel & Escandell, Elena & Neus. (1984). Lope de Aguirre. Crónicas 1559-1561. Ediciones Universidad de Barcelona,, 340 or. ISBN 848541151X...
  3. (Gaztelaniaz) «Lope de Aguirre», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  4. Julen ARRIOLABENGOA: «Lope Agirre: Aramaioko seme?», Argia, 2101. zenbakia, 2007-09-09.
  5. a b c (Ingelesez) L. Lewis, Bart. The Miraculous Lie: Lope de Aguirre and the Search for El Dorado in the Latin American historical novel. (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
  6. Americas (englis ed.). Organization of American States, 31 or..
  7. Uranga, Nagore Irazustabarrena. (2007-05-20). «Araoztik El Doradora» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
  8. (Gaztelaniaz) Estornés Lasa, Mariano. (1987). Biografía de Lope de Aguirre. Ed. Auñamendi Eusko Entziklopedia, 281 or. ISBN 2444-5487..
  9. a b (Gaztelaniaz) «Lope de Aguirre», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  10. (Gaztelaniaz) Otero Silva, Miguel. (1979). Lope de Aguirre, príncipe de la libertad. Editorial Seix Barral, 276 or. ISBN 8432203503..
  11. (Gaztelaniaz) Zumalde, Iñaki. (1972). Referencia inédita a Lope de Aguirre. Boletín de la Biblioteca Municipal de Oñate, 123 or. ISBN VI 1033-1972...
  12. Lope de Aguirre : Crónicas, 1559-1561. (1a ed. argitaraldia) Editorial 7 1/2 1981 ISBN 84-85411-51-X. PMC 8172001. (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  13. https://web.archive.org/web/20100613123621/http://elortiba.org/pdf/lopedeaquirre.pdf Lope Agirreren gutuna Felipe Bigarrena erregeari. Iakob Zvanev
  14. Canales, Carlos,. El oro de America : galeones, flotas y piratas. ISBN 978-84-414-3655-8. PMC 949870776. (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  15. García Fuentes, Lutgardo.. ([1991]). Sevilla, los vascos y América : las exportaciones de hierro y manufacturas metálicas en los siglos XVI, XVII y XVIII. Fundación BBV, en colaboración con Laida ISBN 84-87168-30-2. PMC 27433196. (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  16. Sender, Ramón José, 1901-1982.. (1998). La aventura equinoccial de Lope de Aguirre. Magisterio ISBN 84-218-1840-6. PMC 38750035. (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  17. «Unassisted childbirth» Choice Reviews Online 31 (10): 31–5487-31-5487. 1994-06-01  doi:10.5860/choice.31-5487. ISSN 0009-4978. (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  18. Uranga, Nagore Irazustabarrena. (2007-05-20). «Araoztik El Doradora» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
  19. (Gaztelaniaz) Lope de Aguirre: Crónicas, 1559-1561. Ediciones Universidad de Barcelona, 13 or. ISBN 84-85411-51-X..
  20. Espino López, Antonio, 1966-. La conquista de América : una revisión crítica. (Primera edición. argitaraldia) ISBN 978-84-9006-684-3. PMC 866897740. (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  21. Caro Baroja, Julio.. (2014). Lope de Aguirre "traidor" : Pedro de Ursua o el caballero.. Caro Raggio ISBN 978-84-7035-115-0. PMC 903219074. (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  22. «Héroe, conquistador, asesino | Web oficial de Arturo Pérez-Reverte» www.perezreverte.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  23. «Lope de Aguirre. Un colonizador no puede ser símbolo de libertad» Halabedi 2019-02-04 (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  24. (Gaztelaniaz) Cervantes, CVC Centro Virtual. «CVC. América, tierra de utopías. Utopía por que Arcadia: Oteiza y América, por Gabriel Insausti.» cvc.cervantes.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  25. Otero Silva, Miguel, (1908- ...)., Auteur.. (1982). Lope de Aguirre, príncipe de la libertad. Casa de las Américas PMC 489772644. (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  26. https://babel.banrepcultural.org/digital/collection/p17054coll10/id/3172/

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]