Edukira joan

Nafarroako jota

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Nafarroako jotari buruzko zortzi datu.
Raimundo Lanas (1908-1939) joten abeslari mitikoa.

Nafarroako jota lurralde horren hegoaldeko musika mota tradizionala da, batez ere Erriberako eskualdekoa. Abeslariak edo abeslariek (jotariak edo joteros, -as) gitarrajoleak eta beste musikari batzuk dituzte kantuan laguntzen. Hainbat ezaugarri komun dauka Aragoiko eta Errioxa aldeko jotarekin. 2019ko azaroaren 15ean, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako jota kultura intereseko ondasun izendatzea onartu zuen.[1]

Abestien hitzak askotan bertso herrikoiak dira, mahats-bilketa edo jaioterria goresten dituztenak. Bestetan familia, nekazaritza-lana edo amodioa lantzen dituzte, gehienetan gaztelaniaz. Mendialdean, berriz, jotak euskaraz, edo euskaraz eta gaztelaniaz, kantatzen ziren[2]. Ekitaldian zati instrumental bat dago, errondaila batek egiten duena.

Jota kantu baten adibidea

Hitzak 4 bertsotan banatzen dira eta 3 errepikatu ondoren 7 osatzen dute, a, b, a, c, d, d, b saila eginez. Hona hemen adibide bat:

« La que en Navarra se canta

La jota más brava jota
La que en Navarra se canta
Es un manojo de rosas
Que sale de mi garganta
Que sale de mi garganta
La jota más brava jota.

»

Musika nagusiki, 6/8 edo 3/4 konpasean idazten da eta batzuetan 6/4 konpasean ere bai[2].

Egun nafar kulturarekin identifikazio estua izanagatik, Nafarroako jota ez da oso zaharra, eta XIX. mendean hasi zen Nafarroan agertzen. 1924an, grabatutako Nafarroako joten lehen diskoan, Pajes de Tafalla ospetsuek kantatuan, jotak ez du ia antzekotasunik letran, doinuan edo estiloan egungo jotekin. Tuterako Jose Maria Iribarren idazleak Espainiako gaztelu askorekin konparatu zuen jota, adieraziz batzuek oso zahartzat ("mairuen garaikotzat") joagatik, ez zutela "bizpahiru mende baino gehiago".[3]

Arturo Kanpionek ez zuen jota oso estimutan, ezta garai hartako nafar intelektualek ere, oro har, bertakoa ez zelakoan; Kanpionek esplikatu zuenez (Memorias de Sarasate idazlanean), nafar boluntarioek Zaragozako setiotik ekarri zuten Iberiar Penintsulako Gerran, eta "eskualde askotan bertako euskal doinuak ordezkatu", baita "gure txistu eta atabal aintzatsuak ere". Gerra horretan sortu zela dioen teoria da egun onartuena. H. Wilkinsonek jaso zuen Nafarroako jotaren berri lehenengo aldiz (1838), Sketches of Scenery in the Basque Provinces of Spain, with a Selection of National Music, arranged for Piano-forte and Guitar bere idazlanean.[3] Raimundo Lanas izan zen Nafarroako lehen jotari ezaguna.[3]

Ohikoa da Nafarroako hegoaldearen herrietan jota lehiaketak antolatzea, maila batzuk ezberdinduz: Gizonezko eta emakumezkoenak alde batetik, eta ume, gazte eta helduenak bestetik. Bestela, bakarka edo binaka abesteko aukera dute parte hartzaileek. Jotariek praka edo gona zuri, zinta gorridun espartin zuriak, gerriko gorri, alkandora zuri eta zapi gorri janzten dituzte.

Abuztuan, urtean zehar lehiaketaren bat irabazi duten txapeldun guztien artean "Campeón de Campeones" txapelketa antolatzen dute Tafallan.

Halaber, Sanferminetan (Iruñea) ere tradizionala da jota-erakustaldiak antolatzea.

Jotari ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jota abeslari ezagunen artean Raimundo Lanas "El ruiseñor navarro" (1908-1939) murilloarra, Jesus Molviedro (1919-) vianarra eta Juan Zabalegi "Juan Navarro" tafallarra ditugu.

Faico y Josefina, Julián Arina edo Hermanas Flamarique ere ospetsuak izan dira. Taldeen artean Alma Navarra («No te vayas de Navarra», «Pamplona, perla del norte» edo «himno de Osasuna» bertsionatu dituena), Navarra Canta edo Montaña y Ribera azpimarratu ditzakegu.

Gaur egun Tutera, Castejon, Martzilla, Cadreita, Buñuel, Ribaforada eta Cortes herrietan musika mota honetako eskolak ditugu.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «La jota parlamentaria» Euskal Irrati Telebista 2019-11-16 (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
  2. a b Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Jota. .
  3. a b c (Gaztelaniaz) Esparza Zabalegi, Jose Mari. (2012). Vasconavarros: Guía de su identidad, lengua y territorialidad. Txalaparta, 430-431 or. ISBN 978-84-15313-41-0..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]