San Laurendi (ibaia)
San Laurendi[1] (ingelesez: Saint Lawrence River; frantsesez: Fleuve Saint-Laurent, gaur egungo mohawkeraz: Kaniatarowanenneh)[2] Ipar Amerika ekialdeko ibaia da, Ozeano Atlantiko aldera isuria dutenen artean garrantzitsuena. Tarte osoari 'ibai' deitu arren, zati batean besterik ez da ibaia, bestela itsasadarra baita.
Mendebaldetik ekialdeko norabidean, Aintzira Handiak eta Ozeano Atlantikoa lotzen ditu. Estatu Batuak eta Kanadaren arteko muga da eta Quebec bitan zatitzen du. 1.197 kilometro luze da (3.058 km Aintzira Handiak kontuan hartuz) eta 1.344.200 km²ko arroa drainatzen du. Garrantzi handia izan du beti arrantza eta merkataritzaren aldetik, lurralde eta ur desberdinen topaleku gisa duen kokapen bereziagatik.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatorriz, mohawkek Kakanoaakakagaalla («ur bide handia») izena ematen zioten. XVI. mendean eskualdea aztertu zuen Jacques Cartier frantziar esploratzaileak ibaia Grand fleuve de Hochelaga («Hochelagako ibai handia») eta ibaiadarra baye sainct Laurens («San Laurendi badia») izendatu zituen. Geroago ibai osoak hartu zuen San Laurendi izena.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]San Laurendi Aintzira Handietan du iturburua, eta Superior aintziraren mendebaldean hasten da haren arroa. Ontario aintziratik irteten denean ipar-ekialdera jotzen du eta Saint-François eta Saint-Louis aintzirak eratzen ditu. Ottawa ibaiaren ura biltzen du ondoren hiru adarren bidez eta Montrealgo uharteditik uraz behera Saint-Pierre aintzirara sartzen da. Aintziratik behera, Trois-Rivières hiritik hurbil, Saint-Maurice ibaia jasotzen du eta handik, Quebec-eraino, Levis mendien eta Diamant lurmuturraren artean igarotzen da. Québec hiria igaro ondoren hasten da ibaiaren estuario zabala (19 km zabal Tadoussac-en; 42 km zabal Matanen, Saguenay ibaiaren ura jaso ondoren). Azkenik, Ozeano Atlantikora isurtzen da, San Laurendi golkoan.
Ibilgu osoan zehar ontziz ibil daitekeen arren, izoztu egiten da urtean hiru hilabetez. Hala eta guztiz ere, munduko ibai garrantzitsuena da merkataritzari dagokienez, eta Kanadako lehen mailako komunikabidea da horrenbestez. Ibai-ibilguaren erregulartasunik eza (ur-lasterrak) dela eta, ubideak eta ur-hesiak eraiki behar izan dira.
Ibaiadar eta aintzirak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Saint-Louis aintzira, Montrealgo hegoaldean.
- Saint-François aintzira, Quebeceko Salaberry-de-Valleyfielden.
- Ottawa ibaia.
- Saint-Maurice ibaia.
- Richelieu ibaia, Champlain aintziran jaioa.
- Saguenay ibaia.
Uharteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ontarioko Thousand Islands, Kingstonen ondokoak
- Montreal uhartea
- Orléans uhartea
- Anticosti uhartea, Gaspé penintsularen iparraldean.
Hiriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Natura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]San Laurendi haraneko lur eta urek espezie eta habitaten ugaritasun eta aniztasun handia dute. Eskualdeak giza-eragin eta garapen handia izan duen arren, oraindik badira ekosistema heze ukitugabeak eta espezie bakanentzako habitata garrantzitsuak[3].
Ibaiaren eta Atlantiar ozeanoaren eraginaren arteko elkargunea bereziki inportantea da, estuarioko ekosistema handi eta biologiko desberdin bat sortzen delako berran: balea urdin, hego balea, Minken balea eta beluga edo balea zuriaren habitatak hartzen dituena. Hauen artean, bereziki azpimarratzekoa da belugen populazio berezko bat, deskonektatua Artikoko beluga gehiengandik[4].
Estuarioa eta ibarrak oso garrantzitsuak dira itsas espezieentzat. Itsas ugaztunez gain, itsas-hegaztiak eta itsas arrainak ere ugari aurkitzen dira estuarioko ur aberatsetan elikatzeko. Estuarioko padura gaziek espezie bakanentzako habitatak ematen dituzte, tximeletak eta landareak barne[3].
Hidrometria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]San Laurendiren emaria 1860 eta 1972 bitartean neurtua izan zen Ogdensburgeko estazio hidrometrikoan (New York; itsasoratu baino 911 km lehenago)[5]. Gune horretan, drainatutako eremuak 783.664 km² ditu, arro osoaren % 58. Urteko batez besteko emaria 6.782 m³ segundoko da. Urtean zehar emaria oso erregularra da; handiena ekainean du (7.326 m³/s), eta txikiena otsailean (6179,6 m³/s).
San Laurendiren batez besteko emariak (m³/s), Ogdensburgen (New York) neurtuak
Datuak: 1860 eta 1972 artean
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/1/2 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .
- ↑ Jon MAIA: Apaizac obeto. Donostia: Elkarlanean, 2006. 61. orria.
- ↑ a b (Ingelesez) «St. Lawrence Valley» Nature Destinations / Destinations Nature (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
- ↑ «Beluga Whales of the St. Lawrence River: The “River Sweepers” | Phipps Conservatory and Botanical Gardens | Pittsburgh PA» Phipps Conservatory (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
- ↑ San Laurendi Ogdensburgen, N.Y.