Siberiar hotz-bolada
Siberiar hotz-bolada neguan Siberiako hotza hegoaldera dauden latitudeetara iristean gertaturiko fenomeno meteorologikoa da.
Neguan Siberian zeroz azpitik 40 eta 60 gradu artera jaisten dira tenperaturak, eta noizbehinka hotz hori hegoalderago bideratzen da, goi eta behe presio guneek lagunduta.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Siberiar hotz-boladak bi kokagune desberdin ditu, batetik Europa ekialde eta mendebaldea, eta bestetik Asia. Normalean, errazagoa izaten da Txina, Mongolia eta Koreara hotz hori iristea, Ozeano Atlantikoan dagoen itsas korronte beroak Europa neguan tenperatura nahiko epel mantentzea posible egiten duelako.
Neguan, Siberia gehienean, indar handiko Siberiako goi presio gunea egon ohi da. Indar horren adierazle, 1968an 1083mb izatera heldu izana. Azoreetako antizikloiak bere ohiko kokalekua utzi eta Britainia Handiaren iparraldera mugitu eta Siberiakoa Europarantz gehiago hurbiltzean, normalean Europatik urruti egoten den hotza, Uralak gainditu eta mendebalderantz bideratzen da.
Europa erdialde osoa zeharkatzen duen haize hotz eta lehorra da, atmosferaren goiko geruzetan ezegonkortasun txikia egoten da eta hori dela eta, prezipitazioak urriak izaten dira. Dena den, Mediterraneoar itsasoan behe presio gunerik egongo balitz, Iberiar penintsularen ekialdean eta Frantzia hegoaldean, elurra itsasoaren mailan egitea posible da.
Askotan, Siberiatik etorritako haizeari "frantzipar" deritzo Euskal Herrian, nahiz eta haize hori beti bertatik ez etorri.
Hotz-boladak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1956ko otsailean, hotz-bolada indartsua izan zen Europa mendebalde eta erdialde osoan eta bere ezaugarri nagusia bere iraupena izan zen. Hilabete osoan zehar hedatu zen. Otsailaren 1ean sartu zen denborale siberiarra europatik eta aire sarrera honek hilabetearen azken egunetararte iraun zuen. Donostian 19 izotz egun izan ziren hilabete osoan eta egun askotan termometroa ez zen 0 °C-tatik igo, horregaitik elurra metatzen joan zen arazo handiak eraginez eta zenbait tokitan 2 metroko altuera hartu zuen, Urbasan esaterako.
Hamarnaka hildako izan ziren Europa osoan.