Tirreniar itsasoa
Tirreniar itsasoa[1] (italieraz Mare Tirreno) Mediterranear itsasoaren beso bat da. Italiar penintsularen mendebaldean dago, Korsika, Sardinia, Toskana, Lazio, Calabria eta Campaniaren artean. Messinako itsasartea Joniar itsasoarekin muga da eta Elbako uhartea Liguriar itsasotik banatzen zaio. Sakonera handiena duen tokia 3.785 metrora dago. Afrika eta Europa zatitzen duen failaren ondoan dagoenez, mendilerroak eta sumendi asko ditu bere barnean.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsasoaren izena tirreniar, edo etruskoak, antzinako herritik zetorkion; Herodotok Lidiar herriak, Turkia mendebaldetik Italiako itsasbazterretara etorrita, Tirreno bere printzea omendu nahian, herriaren izena aldatu zutela esaten zuen.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kostaldeen ondoko itsas ordokia estua da eta 4.600 m-ra iristen da sakonera handiena (Mediterraneoko mendebaleko handiena). Itsasoaren hondoa menditsua da, sumendiek eragina, eta batzuk piztuak daude gaur egun.
Itsasoaren iparraldean, Tirreniar eta Ligur itsasoen artean, Toskanako uharteak daude (Korsikaren eta kontinentearen artean); hego-ekialdean Messinako itsasartea dago, Siziliaren eta kontinentearen artean, eta Tirreniar itsasoa eta Itsaso Jonikoa lotzen ditu; hego-mendebaldean, Sardiniako itsasarteak Sardinia eta Sizilia bereizten ditu eta Korsikaren eta Sardiniaren artean Bonifazio itsasartea dago.
Aipaturikoez gainera, Poncianas, Ischia, Capri, Lipari eta Ustica dira Tirreniar itsasoko uharte garrantzizkoenak. Tirreniar itsasoko portu nagusiak Civitavecchia eta Napoli dira penintsulan, eta Palermo, berriz, Siziliako uhartean.
Portuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Italiako penintsulan, iparraldetik hegoaldera: Civitavecchia (Erromako portua), Napoli eta Salerno.
- Korsikan: Bastia.
- Sardinian: Cagliari eta Olbia.
- Sizilian: Palermo.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/09/01 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ 159. araua. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2011-04-11).