Aberri Eguna
Aberri Eguna | |
---|---|
Jose Antonio Agirre lehendakaria 1933ko Aberri Egunean | |
Tokia | Aldakorra |
Data | |
Data | Pazkoa Igandea |
2023 | Apirilaren 9 |
2024 | Martxoaren 31 |
2025 | Apirilaren 20 |
2026 | Apirilaren 5 |
Artikulu hau serie honen zatia da: Euskal abertzaletasuna |
Oinarrizko kontzeptuak
|
Koalizio eta alderdi politikoak
|
Sindikatuak
|
Gizarte-eragileak
|
Talde armatuak
|
Eusko abertzale ospetsuak
|
Gertuko kontzeptuak
|
Aberri Eguna Pazko Igandean ospatzen den aldarrikapen eguna da, bai eta Euskal Herria edota Euskal Aberriaren jaiegun nazionala ere.
Errepublika garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako Bigarren Errepublika sortu eta gero lehen Aberri Eguna ospatu zen. Kataluniako abertzaleek "Diada" antolatzen zuten 1889tik eta Galizakoek "Galiziako Egun Nazionala" 1919tik. Euskal Herrian antzeko jai bat antolatzeko beharra ikusi zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak eta lehenengo Aberri Eguna deitu zuen Bilbon 1932an. Antolaketa Euzko Idazkaltza Burubak egin zuen, Bizkai Buru Batzarrari laguntza tekniko eta aholkularitza egiten zion organoa[1]. Manifestaldi bat izan zen Sabin Aranaren etxean bukatu zena (Sabin Etxea). Jendetza mobilizatu zen (60.000 lagun inguru) [2]
1933an Donostian ospatu zen Aberri Eguna, Euzkadi-Europa lelopean. Jose Antonio Agirrek eta Telesforo Monzonek hitz egin zuten publikoaren aurrean. 1934an Manuel Irujok hitz egin zuen Gasteizen egindako mitinean[3] eta 1935ean Iruñean ospatu zen. Iruñean egin zen manifestazioak arazoak izan zituen, Nafarroako eskuin politikoak ez baitzuen egitea nahi. Horregatik, Gobernuaren baimena lortzeko "Euzko Eguna" izena jarri zioten eta data aldatu. Euskal Jai pilotalekuan egin ziren hainbat ekitaldi eta, ondoren, Iruñeko zezen plazan
Erbestea eta klandestinitatea (1937-1977)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frankismoan egun hau guztiz debekatua izan zen eta horregatik aldarrikapen nazionalareko erabili ohi zen. Aberri Egun batean ere ETAk bere burua aurkeztu zuen publikoki Galdakaoko eliza batean.
Erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzak egin zuen, 1964. urtean, klandestinitate garaiko lehen deialdia, Gernikara, eta 1966an Eusko Jaurlaritzak eta ETAk dei bana egin zuten Gasteizera eta Iruna. Kontrolak, zapalkuntza, borrokak eta atxiloketak izan ziren nagusi 1978an, gerraondoko lehen Aberri Eguna legez ospatu ahal izan zen arte. Geroztik, gorabehera askoren artean Herri Batasunari debekatu zitzaion 1981ean Gernikara deitu zuen biltzarrerako baimena, alderdi politiko estatalisten axolarik eza, alde batetik, eta estatutuaren aldeko alderdi abertzaleen eta ordena politiko berri baten aldekoen arteko batasun eza, bestetik, izan dira geroztiko deialdien ezaugarria. Ipar Euskal Herrian, Enbata erakundeak 1960ko hamarkadan eginiko deialdien ondoren, urtero egin da Aberri Eguna, azkenaldi honetan alderdi eta erakunde politiko abertzale guztiek bateratsu jokatzea erdietsirik.
Kronologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1947: Bilbon kontzentrazio garrantzi handiko batez ospatutako Aberri Eguna, maiatzaren 1eko greba nagusiaren ataria izan zena.
- 1948: Eusko Jaurlaritzak Donibane Lohizunen ospatzen duen bitartean, arratsaldeko 3,30etan Euskal Erresistentziak Donostia Irratiaren uhinak eteten ditu Agirre lehendakariaren mezua iragartzeko, eta Portugaleteko Eskegitako Zubian ikurrinak agertzen dira.
- 1949: Herri Irratia irrati-etxean etena Agirre Lehendakariaren mezua iragartzeko.
- 1963: Atzerrian Eusko Jaurlaritzako a Jesus Maria Leizaola lehendakariak Parisen Aberri Eguna zela eta ETAri eta bere Zutik argitalpen berriak indarkeriarako egindako deiari eraso eginez idatzitako idatzia. Ipar Euskal Herrian, Itsasun, lehen aldiz Enbata biltzen da.
- 1964: Eusko Jaurlaritzak Aberri Eguna barrualdean, Gernikan, ospatzeko deia dagi, eta lortutako partaidetza mailak deialdiaren egile zein polizia faxista harritzea dakar.
- 1965: Bergaran egiten da eta polizia frankistak hiribilduaren inguruan hesi sendo bat ezartzen du. Oso jende gutxik lortzen du hiribildu gipuzkoarrean sartzea.
- 1966: EAJk Gasteizerako deia dagi eta ETAk Irun-Hendaian. Errepresio gogorra.
- 1967: Iruñean Aberri Eguna ospatzeko Eusko Jaurlaritzak deia dagi. Bezperaz erregimen faxistak Bizkaian espainiarren Foruko artikulu batzuk eten egiten ditu, salbuespen egoera aitortuz.
- 1968: Donostian ospatzen da, errepresio gogorra bitarte dela.
- 1969: Aberri Egunean EGI-Baik ETArekin bat egiten du.
- 1972: EGI, PNV, ELA, ETA, Anai Artea, Enbata, Branka eta APVk deia egindako baterako Aberri Eguna Baionan.
- 1973: Aberri Egunerako alderdi guztien baterako adierazpena lortzeko EAJko zuzendaritza berriak egindako arrakastarik gabeko ahalegina.
- 1974: Eusko Jaurlaritzak Gernikan deitzen du Aberri Eguna, 19 ordutan zehar atzerritik etorritako Leizaola Lehendakariaren isilpeko bertaratzearekin.
- 1975: EAJk beste alderdi politiko guztiei Gernikan agerrarazteko gonbita egiten die, gehienek onartua izanez. Polizia faxistak indarkeriaren erakustaldi ikaragarria garatzen du baina ez du eragozten Luyten eta Kuijpers diputatu flandriarrek Batzar Nagusien aurrean ikurrina zabaltzea eta txapelokerrak atxilotu eta tratu txarrak ematen dizkie. Gobernu belgikarrak gaitzespen formala aurkezten du.
Trantsizio garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Diktaduraren bukaerarekin Aberri Egun bateratuak deitu izan ziren, baina denborarekin alderdien arteko distantzia handitu zenez banakakoak deitzen hasi ziren.
Kronologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1976: Euskalherriko Karlista Alderdiak, zenbait euskal alderdi ezker independentistek (ETA (m eta pm), EHAS, LAIA eta LAB) eta espainiar alderdi ezker iraultzaile batzuk (MC, LCR eta ORT) ospakizun bateratua antolatu zuten.[4]
- 1977: EAJk Loiolan, (Gipuzkoan), onartutako ekitaldi bat ospatzen du, ezker abertzaleak Vitoria-Gasteizen elurte harrigarria dela ospatuz.
- 1978: Martxoaren 27an, parte-hartze handia duen Aberri Eguna baterakoia ospatzen da lau hiriburuetan. Prentsaren arabera Bilbon 100.000 pertsonatik gora biltzen dira, Donostian 70.000 inguru, Iruñean 40.000 inguru eta Gasteizen 20.000 inguru. Hiriburu donostiarrean PSOE, EAJ eta Euskadiko Ezkerreko legebiltzarkideek Autonomia Estatutu Nazionalaren aldeko esaldiak irakurtzen diren pankarta bati eusten diote.
- 1979: EAJk eta HBk diktaduraren amaieraz geroztik ospatutako lehen udal hauteskunde demokratikoetan izandako emaitza izugarri onen ondoren Aberri Eguna banatuta ospatzen dute. Aurrerantzean, estatu izaerako alderdi politikoek ospakizun horretatik alboratu egingo dira. Aldi berean EAJ gainerako alderdietatik gauza ezberdin bat egiteko helburuarekin Alderdi Eguna ospatzen hasiko da.
Gaur egun
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Une horretatik aurrera, EAJk Aberri Eguna jaiari balio instituzional handiagoa emango dio, irailean ospatzen den Alderdi Egunerako (Euzko Alderdi Jeltzalearen Eguna), jendetza biltzearen ahalegina utziz. Bitartean HBk ohiko duen bezala Nafarroaren barneratze instituzionala aldarrikatzeko Aberri Eguna Iruñean ospatuko du. Oraintsuagoko aldietan hurrengo aipatzen diren ospakizunak dira nabarmendu beharrekoak:
1998tik aurrera Udalbiltzak saiakerak egin izan ditu Aberri Egun bateratuak deitzeko eta honek oihartzuna izan du Ipar Euskal Herrian. Azken urteotan Independentistak sareak deitu ditu hainbat Aberri Egun bateratu, arrakasta handiagoarekin. 2011n Baigorri eta Gernikan deitu ziren aldi berean, Nafarroaren Egunarekin bat eginez.
- 1999: Alderdi abertzaleek, 1998ko irailean ETAren su etenaren ondoren, "Nazio bat gara" baterako lemapean, Bilbon, ospatzen dute Aberri Eguna Josu Ortuondo Alkateak, goizean baterako idatzia irakurriz. Arratsaldean EAJk Bilboko Erakustazokan mitina ospatzen du, EAk Gernikako Jai Alai pilotalekuan egiten du, HBk Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egiten duen bitartean. Bere aldetik, estatu izaerako alderdiek jai-ekitaldi hori kritikatu besterik ez dute egiten, "kanporatzailea" eta "abertzaleena besterik ez den" ekitaldia dela adieraziz.
- 2000: Udalbiltzak, Udal Hautetsien Batzarreko Batzorde Betearazleak, Aberri Egunean zehar baterako ekitaldiak ospatzeko egindako deiari erantzunez, apirilaren 23an Euskal Herri guztiko udaletxeen aurrean milaka pertsona bildu ziren.
- 2001: apirilaren 15ean Ibarretxe Lehendakariak, Aberri Eguna dela eta, Gernikan EAk eta Bilboko Erakustazokan EAJk antolatutako ekitaldi politikoetan parte hartzen du, "bakearen eta indarrik gabe egikaritu daitezen alderdi politiko guztien egitasmo politikoekiko begirunearen aldeko" bere konpromisoa azpimarratuz. Udalbiltzak Gernikako Batzarretxean ekitaldi bat ospatu zuen. Nicolas Redondok, PSE-EE alderdiaren izenean, prentsaurreko baten "burujabetza ahantzi dezan abertzaletasunaren beharrizana dugu" adierazi zuen.
- 2002: EAJk Aberri Egunaren 70. urteurrena Bilbon egin zen manifestaldi jendetsuz ospatu zuen eta hiriburu bereko Erakustazokan mitina emanez. Udalbiltzak HBren isla politikoa "demokrazia aurreko egoeretara garamatzalako" gaitzetsi egin zuen. ABk eta Aralarrek batera ospatu zuten ekitaldia Iparraldean, EAk Gernikan mitina egiten zuen bitartean.
- 2003: Era banatuan ospatu zen. EAJk Donibane Lohitzunen, Agirre Lehendakariaren hilobiaren aurrean eta Bilboko Erakustazokan ekitaldi jendetsu batez ospatu zuen. EAk Gernikan, eta bestalde Broussainen (Asparrenen) hilobian loredun koroa ezarri zuen, Udalbiltzak Hendaian ospatzen zuen bitartean, HBk Amaiurren (Nafarroa) eta ABk Ezpeletan (Lapurdi).
- 2004: Udalbiltzak "Euskal Herriak izaera estrategikoa eta behin betikoa izan dagian prozesu demokratiko eta baketsu bat zabaltzearen premia du, aspalditik dakarren izaera politikodun gatazka historikoa gainditzea ahalbidetuko diona" esan zuen. EAJk eta EAk, Bilboko Nazioarteko Erakustazokan eta Gernikan ospatu zituzten ekitaldietan ETAri euskal herriaren aurrean dagozkion erantzukizunak bereganatu eta armak utzi zitzala eskatu zioten. ABk Ezpeletan, Iparraldean, ospatu zuen. Ezker abertzaleak Iruñean Euskal Herriaren eraikuntza nazionalerako Kontseilua eratzea erabaki zuen.
- 2005: Martxoaren 27an erkidego mailako hauteskunde bezperan ospatzen da. EAJk jendez gainezka dagoen Bilboko Plaza Barrian ospatzen du eta Ibarretxe lehendakariak Zapatero eta Aznarrek egin zuen gauza berbera egitera mugatzen dela salatu zuen. Gernikan ospatutako ekitaldian EAko Lehendakariak Espainia "inperialistatzat" jo zuen. Iruñean Batasunak antolatutako deialdiaren aurka polizia ekimen ikaragarria eman zen. Aralarrek Durangon ospatu zuen, prozedura demokratikoen bidezko askatasuna aldarrikatuz. Batzarrek Nafarroan aldaketarako aukeraz jositako etorkizuna azaltzen zela iragarri zuen. Udalbiltzak Aberri Eguna batera ospatzeko euskal diasporari deia egin zion. PSE-EEk "eusko aberri abegitsu eta integratzailea"ren alde egin zuen, PPk ospakizuna hauteskunde-ekimena zela adierazteaz gain legezkoa ez zen herri galdetegirako deia nahi zuela esanez kritika egiten zuen bitartean.
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Eusko abertzaletasuna
- Alderdi Eguna
- Gudari Eguna
- Nafarroako Foru Erkidegoaren Eguna
- Euskadiren Eguna
- Euskararen Eguna
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «El mayor problema era que la casa no pertenecía a EAJ» www.sabinetxea.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
- ↑ Del Aberri Eguna unitario de Bilbo al de Irun pasando por Itsasu y Gernika Gara egunkaria
- ↑ Berriozabal Azpitarte, Román.. (2005). Aberri Eguna (Gasteiz, 1934) : ¡Euskadi entera está con Araba!. (1. argit. argitaraldia) Arabera ISBN 84-95774-15-1. PMC 433628705. (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
- ↑ Letamendia, Francisco. Carlismo y lucha antifranquista: el Aberri Eguna de 1976. in: Breve historia de Euskadi..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aberri Egunaren Historia eta Argazkiak. Auñamendi Entziklopedia
- (Gaztelaniaz) José Luis de la Granja Sáinz, El culto a Sabino Arana: La doble resurreción y el origen histórico del Aberri Eguna en la II República, in Historia y política: Ideas, procesos y movimientos sociales, ISSN 1575-0361, Nº 15, 2006 , págs. 65-116 [1]