Edukira joan

Baronatarren dorretxea

Koordenatuak: 42°49′47″N 3°04′18″W / 42.82973°N 3.07156°W / 42.82973; -3.07156
Wikipedia, Entziklopedia askea
Baronatarren dorretxea
Kultura ondasuna
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGaubea
Koordenatuak42°49′47″N 3°04′18″W / 42.82973°N 3.07156°W / 42.82973; -3.07156
Map
Ondarea
BICRI-51-0005121
62

Baronatarren dorretxea Gaubeako Villanañe herrian dagoen gaztelua da. Eliza eta lorategiarekin eraikin multzo bat eratzen du, 2002ko otsailaren 19an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zituen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Jauregiak, lorategiak eta elizak plataforma bat osatzen dute. Plataformak ezponda bat du bertara heltzeko hegalaren luzera osoan. Eraikin-multzoa herritik apur bat aldenduta dago, hego-ekialderantz eta parrokiarekin batera taldea osatzen du.

Gaztelua XV. mendetik baronatarrena izan da, Gaztelako Erresuma eta Aragoi arteko gudetan zein Karlistadetan garrantzitsua zen leinua.

Baronatarren dorretxea 1949ko apirilaren 22ko Dekretuaren eta Ondasun Kulturalaren 16/1985 Legearen babespean dago.

Kondairak dio, Rui Perez izeneko buruzagi bisigodo batek agindu zuela dorretxea eraikitzea 680 urte inguru bere kokapen estrategikoa zela eta. Beste kondairekin ere lotura badu: batek dorrea errekonkistaren abiapuntua zela esaten du eta bestea baronatarren kondaira da.

Dorre-jauregia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Baronatarren dorretxea urrunetik.

Dorre-jauregia eraikin nagusia da, baronatarren jaiotetxea. Baronatarrek garrantzi handia izan zuten XVI. mendean izandako gertakari erabakigarrietan, horregatik aparteko abantailak lortu zituzten euren bailaran ez ezik baita Gaztelan ere. Aipatzekoak dira karlistaldian eurok egindakoak. Baronatar batzuk prokuradoreak izan ziren eta Pedro Barona Arabako Ahaldun Nagusi 1855etik 1858ra bitartean.

Harresia eta babes-erretena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpoan harresi eta babeseko ur-erretena ditu (ur-erretena mantentzen duen Arabako gaztelu bakarra da) bigarrena, desagertuta dago ipar eta ekialdean. Bertatik igarotzeko zubi eta atetzarrak daude.

Harresi-barruan jauregiak bi solairu ditu eta inguratu egiten du dorrea bere iparraldeko eta mendebaldeko hegaletatik; dorrea bakarrik goiko solairuan geratzen da exentu.

Eraikinean sartzea hegoaldeko atetik egiten da eta ate horrek bi dobelaz egindako arku zorrotza du. Garai batean, antza, sarrera bestelakoa izan zen, izan ere, dorreak matakana baitu hura sarrera izan zela erakusten duena eta badirudi, zubi altxagarria ere izan zuela. Bada beste ate bat ere, txikiagoa ekialdean, agidanez, biltegirako sarrera izango zena.

Dorrea harlangaitzez egindako eraikina da eta harlanduak ditu bere eskantzuetan, gutxi gorabehera 10x10m-ko karratua osatzen du. Behe solairua eta hiru solairu ditu, goian almenak errematatzen dute eta teilazko lau isurialdeko estalkia du.

Defentsako bi matakan ditu eta argi-bao gutxi. Bi leiho bikoitz ditu arku zorrotzekoak zeinak hiru atalekin egindakoak diren. Hegaleko atal bakoitzak, bere leiho-zangoek eusten diolarik, bere arkuaren kanpoko zatia osatzen du. Erdiko piezan, mainelean oin hartuta dagoenak, zizelkatuta ditu arku bien beheko zatiak. Zati horiek metro bateko garaiera dute eta ia argi erdiko zabalera.

Fitxategi:003 VARONA.jpg

Egun, dorrearen behe solairua eta lehena jauregira batuta daude eta bigarren solairuan, sarbidea jauregitik duenak eskailera bat du bigarren solairura joateko eta almenetaraino doana. Eskailera oraintsukoa da eta, hortaz, bere diseinua oraingoa da. Estalkiaren egitura metalikoa da.

Jauregiaren sarrera den ataritik aurrera eginda patio nagusira helduko gara. Atarian aipatzekoa da zoruaren dekorazioa, hau da, hamabi petaloko lore bat errekarriz egina.

Patioak, Arabako Foru Aldundiak oraintsu egindako azken eraberritzera arte, goiko solairuetara joateko eskailera zuen. Eskailera hori aurretik egindako eraberritze lan desitxuroso bat zenez, azken eraberritzean kentzea erabaki zen. Patio zentral horri esker eraikinak badu, nahiz eta kanporako bao gutxi izan, behar besteko argitasunik eta aireztatzeko modurik, hortik dator bada, eraikin multzoa harresituaren itxura mantendu izana.

Nahiz eta eraikina jauregi moduan erabili izan, bao gutxi dira hormaren izaera monolitiko eta defentsazkoa apurtu dutenak, eta den hori, argia sartzeko egindako patioari esker.

Eraikinak zuen zurezko egitura oso egoera txarrean zegoen goiko solairuetan eta horregatik, ondo zegoen zura mantendu egin zen eta aldatu mantendu ezin zena. Horrela bada, berreskuratutako patioan, zutabe mota bi ditugu, batetik, harrizkoak, duten tailuarengatik interes aipagarri dutenak eta bestetik, metalezkoak, lerdentasun handikoak eta indartutako estalkiaren pisua deskargatzen dutenak.

Fitxategi:007 VARONA.jpg

Eskailera zaharra kendu egin zenez gero, berri bat jarri da jauregiaren ipar-mendebaldeko angeluan, aldaketarik gehien jasan izan duen eta interesik gutxien duen gunean hain zuzen ere.

Lehen solairuan dago baronatarren etxebizitzaren alde nagusia, ikusgarria, benetan, dituen elementu apaingarri eta higiezinengatik. Elementu horiek batzuk zaharberritze bidean dira, beste batzuk zaharberritzekotan eta beste batzuk, zaharberrituta daude dagoeneko.

Aipatzekoa da Kixotearen Gela. Zorua Kixotearen eszenak irudikatzen dituen XVII. mendeko Talaverako zeramikaz jantzia dago, propio gela honetarako egindakoa gainera. Hormak gai horretako irudiz margotutako paperez estalita daude.

Beste areto batek zuri-beltzean egindako alegoria bat du marraztuta, bertan Espainiako probintziak, garraiobideak, garaiko dibertsio-motak, jarduera ekonomikoak eta Amerikarekin, Afrikarekin eta abarrekin zen merkataritza irudikatzen dute.

Logelak, dorrearen solairua okupatzen du, oso interesgarria diren altzariak ditu eta tamaina handiko zurez egindako zoladura. Gainontzeko logelen altzairuak ere irizpide berak erabiliz jarri izan dira.

Bigarren solairua eraikinaren zati berrian dago eta bere oinplanoa libreagoa izanik solairu horretako hegalen batean museoa kokatu ahal izango litzateke. Solairu honetako sabaiaren egitura berria da, hormigoizko lauzaz egina, lehen zena hondatuta baitzegoen.

Baronatarren etxebizitza berria, beste hegalean kokatzen da. Berria denez ez du aparteko interesik.

Bigarren solairuak almenak ditu eta horiek dira argia sartzeko dituen leiho bakarrak.

Beste elementu batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barona jauregiaren inguruko beste elementu batzuek ere ondare babestuaren izendapena dute: lorategien multzoak, eta Villanañeko elizak, Andre Mariaren Jasokundearena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Susana Aretxaga eta Francisca Vives (2003), Torres y Fortificaciones en Álava

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]