Edukira joan

Erriberriko Errege Jauregia

Koordenatuak: 42°28′54″N 1°38′58″W / 42.481731°N 1.649563°W / 42.481731; -1.649563
Wikipedia, Entziklopedia askea
Erriberriko Errege Jauregia
Kultura ondasuna
Hegoaldeko aldea. Eskuinean, gaztelu zaharra dago, erdialdean, berriz, gaztelu berria.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaErriberri
Koordenatuak42°28′54″N 1°38′58″W / 42.481731°N 1.649563°W / 42.481731; -1.649563
Map
Historia eta erabilera
IrekieraXIII. mendea
JabeaPatrimonio Nacional
SuntsipenaXV. mendea
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Ondarea
BICRI-51-0000306

Erriberriko Errege Jauregia edo Erriberriko gaztelua[1] Nafarroako errege-erreginen egoitza izan zen, XIII. eta XIV. mendeetan Erriberrin eraikitako eraikin militarra. Karlos Noblearen erregealditik aurrera Nafarroako Erresumako Gortearen egoitza izan zen. Nafarroako kultura ondasuna izendatua dago. Alboan, atxikia du Andre Maria Erreginaren eliza.

« ...segur ez dela erregerik halako jauregi eta gaztelu ederragoekin, ezta hainbertze gela urrezkorekin...
...ezin liteke erran, ezta irudikatu ere, zein miresgarri eta handiosa den jauregi hau...
»
XV. mendeko alemaniar bidaiari batek idatzitako hitzak[2].
Erriberriko jauregia XIX. mende amaieran edo XX.aren hasieran, Isidro Gil Gabilondo margolari azkoitiarrak (1843 - 1917)

Jauregia eraikitzerakoan ez zuten proiektu "osoa" egin eta mendeetan zehar eginiko etengabeko lanen emaitza da. Gaur egun, jauregia hiru zatitan banatua dago: Jauregi Zaharra (egun Espainiako Turismo Paradore dena), San Jurgi kaperaren hondakinak eta Jauregi Berria.

Jauregi Zaharrak, izenak dioen bezala antzinakoenak, oinplano laukizuzena du eta erromatar garaiko praetorium-a dela uste da[3], babes sistemako eraikuntza garrantzitsuena. Horma eta dorreetako oinetan erromatar garaiko aztarnak aurkitzen dira, I. mendekoak[4][5].

Gaurko itxura ematen dioten lan nagusiak Antso VII.a Nafarroakoaren erreinaldian, XIII. mendean, hasiak izanda ere, gehiena XIV. mendearen bukaeran eta XV. mendearen hasiera artean egin zuten, batez ere 1402-1424 tartean. Garai hartako Nafarroako erregeak, Karlos Nobleak, gaztelua errege egoitza bihurtzea erabaki zuen eta beraz jauregiek behar zituzten apaingarriz bete zituen. Evreux leinuko errege hura ezagunagoa da kultura eta jauregiko luxuzko bizimoduagatik, bere kanpaina militarrengatik baino, eta horren lekuko da Erriberriko jauregia, garaian Europako luxuzkoenetariko bat.

Karlos III.a Leonor Trastamarakoarekin ezkondu zen 1375ean, eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Horien artean zegoen Zuria erregina (erregealdia 1425-1441 artean), Vianako printzearen ama. Biek Erriberriko gorteko bizimodu lasaia gozatu zuten, XVI. mendea hasi arte.

1512ko Gaztela eta Aragoiko erresumen Nafarroako konkista eta gero jauregiaren hondatzea hasi zen, bakarrik erregeordeek noizean behin erabilia izan zelako. Pixkanaka-pixkanaka hondatzen ari bazen ere, XIX. mendearen hasieran oraindino zutik zegoen eta Iberiar Penintsulako Gerran, 1813an, Espoz y Minak erabaki zuen jauregia erretzea Napoleonen tropek erabil ez zezaten.

1923an Nafarroako Foru Aldundiak iragarri zuten lehiaketa gaztelua zaharberritzeko. Lehiaketaren irabazleak Javier eta Jose Iarnotz izan ziren[4] eta egungo itxura sortu zuten lanak 1937an hasi zuten. Lanak oraindino bukatzeke daude izan ere gazteluaren jatorrizko egitura berreskuratzea dute helburu, antzinako eraikina eta zaharberritutakoa bereiziz. Tamalez, harresiak betetzen zuen barne-dekorazio joria behin betiko galduta dago, gaztelua inguratzen zuten kanpoaldeko lorategiak bezala.

Karlos III.a Nobleak antzinako gaztelu zabaldu eta errege jauregia eraiki zuen. Askok "gaztelua" deitzen badute ere, gaztelua baino areago jauregia da, eraikitzerakoan bizileku-aldeak militar-aldeak baino inportanteagoak zirelako.

Jauregi Zaharra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jauregi Zaharraren fatxada nagusia
Solairu nagusiko leihoen xehetasuna, non erregearen armarriak agertzen diren, Nafarroakoa eta Evreuxkoaren konbinazioa.

Eraikin hau zen jauregi osoaren jatorrizko erdigunea. Erromatar garaiko oinarrien gainean eraikia, bisigodoek hartu zuten VII. mendean eta Antso Azkarra erregeak bisitatu, Tibalt dinastiakoek (Tibalt I.ak eta Tibalt II.ak) guztiz eraberritu zuten arte XIII. mendean.

Jatorrian, erdiko patio baten inguruan egituratua zegoen. Behe solairuan "Gortearen Aretoa" zegoen (Nafarroako Gorteen batzartokia) eta solairu nagusian "Joana andrearen ganbera" eta "Ganbera luzea" (fatxadako leihoekin). Jauregi berria eraiki ondoren, eraikuntza hau zalditegi, bihitegi eta jantokietarako erabili zen.

Nafarroako konkistaren ondoren, erregeordeen egoitza izan zen urte batzuz. 1584an, Almazango markesak sarrera berria egin zion Filipe II.a Espainiakoaren armarriarekin, egun oso hondatua dagoena. XIX. mendeko sutearen eta ondorengo arpilatzeen ondoren, guztiz suntsituta utzi zuten, salbu-eta kanpo hormak eta dorreak. Egungo barnealdea osoki berria da, XX. mendeko bigarren erdialdean eraikia hotel bat ezartzeko.

Lau erpinetan dorre bana dago: "San Jurgi dorrea", "Presondegi dorrea", "Zikoinaren" edo "Talaiaren dorrea" eta izenik ez duen laugarrena.

San Jurgi kapera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
San Jurgi kaperaren eta Erreginaren jauregiaren hondakinak, kanpoaldetik.

Jauregi Zaharraren alboan kokatua, Andre Maria elizaren absidearen ondoan, San Jurgi kapera errege-erreginen otoizleku pribatua zen. Izan ere, Andre Maria eliza handiegia eta oparoegia zen eguneroko bizitzarako, eta ospakizun garrantzitsuetan soilik agertzen ziren.

XIV. mende amaieran eraikia, gune horri "Erreginaren jauregia" ere deitzen zaio, Leonor Trastamarakoak sustatu baitzituen obrak. Eraikuntzan Valentziako hargin musulmanek parte hartu zuten eta Martin Peritz Lizarrakoa izan zen hargin-maisua.

Hala ere, egun bi horma leihodun baino ez dira geratzen, beste guztiz hondatu baita. Lurrazpian ordea, jauregiko upategi bat gordetzen da oraindik.

Erregearen ganbera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leiho gotiko zabalak eta sutondo handia dituen ganbera handi hau erregeak erabiltzen zuen, gonbidatuei harrera egiteko. Begizten ganbera ere esaten zaio, zurezko kasetoidun sabai osoan begiztak baitzeuden landurik, Karlos III.aren ikurretako bat zena.

Txoko batean dagoen irtengune txikia “retrait” delakoa zen, hau da, erregeak atseden hartzeko erabiltzen zuen lekua pribatua.

Erregearen galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erregearen galeria, kanpotik.

"Erregearen galeria" Europako gotiko zibilaren adibide garrantzitsua da. Hegoalderatz begiratzen du eta "Laranjondo gaineko galeria" ere esaten zitzaion, begiratokiko behealdean zegoen laranjondo lorategiarengatik. Egun, "Masustondoaren patioa" dago behealdean, bertan masustondo zahar bat baitago.

Karlos III.aren bizitzaren azken urteetan, beirate koloredunez estali zen, aire-lasterrik izan ez zedin. Gainera, beste gela batzuetan bezala, zurezko sabaia, ederki landua, urreztatua zegoen. Arkuen trazeria begiratuz, erraz bereizten da zaharberritu den zatia (eskuinaldea) eta jatorrizkoa.

Erreginaren ganbera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erriberriko Gazteluan emakume bat bertako arkitektura aztertzen.

"Erreginaren ganbera" edo "Aingeruen ganbera" Jauregi Berriko lehen solairuan dago, Erregearen ganberaren alboan, baina hego-ekialdera irekia. Gainerako gelak bezala, behinola guztiz apaindua zegoen: zurezko behe-oholak, kolorezko zeramika, tapiz, margo eta igeltsulanez. Pirinioetatik ekarritako zurez eginak ziren ateak, tapiz-gortina lodiz estaliak. Adreilu esmaltatuz zolaturik zeuden lurrak, ihizko lurreko tapizez estaliak, horietako batzuk Zipre edo Turkiatik ekarriak. Leihoen itxitura kolorezko beiratez, harzuriz edo ohial ezkoztuz egina zegoen.

Erreginaren galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreginaren ganberari atxikia eta Arkuen gelaren gainean kokatua, erdi-kalostra itxurako lorategi esekia da Erreginaren galeria. Gaur egun erabat zaharberritua dago, jatorrizko elementu gutxi ez baitira gelditu, horien artean filakteria duen aingeru bat eta zutabeen oinarriak.

Lorategiaren azpian, behe soilairuan, "Arkuen gela" dago, jauregiko gela ikusgarrienetakoa. Eraikuntza-eginkizun soila zuen, Erreginaren galeria eusteko egin baitzen, arku zorrotz handiz eraikia. Euria egitean edo lorategia ureztatzean, ura gela hontara isurtzen zen, erabilgaitz bihurtuz, batez ere neguan. Iragazgaitzeko lanak XX. mendean egin ziren. Gaur egun, agertoki bezala erabiltzen da Antzerki Klasikoaren Jaialdian.

Igeltsulanen ganbera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Ganbera mudejarra" ere esaten zaio, hango hormen zati bateko igeltsulanen motagatik. Jatorrizko apainketa (partzialki) mantendu duen gela bakarra da: Erriberako maisu mudejarrek[6] egindako 10 panel daude bertan. Marrazki geometrikoak, begiztak, ikur heraldikoak eta gaztainondo hostoak irudikatzen dituzte besteak beste.

Apaindurak antzinakoak eta aski delikatuak direnez, bisitarien kopurua mugatua dago.

Jauregi berriko dorreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nagusia, Fenero eta Hiru Koroen dorreak, Lau Haizeen dorretik ikusiak, eta jauregiaren inguruak.

Fenero portaleko dorrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dorre azpian dagoen sarbide portalea da Erdi Arotik egundaino bere horretan iraun duen bakarra. "Fenero portalea" deitzen da, Erriberrira zekarten belar ondua (erromantzez feno) handik sartzen baitzen. Portalearen gainean Nafarroako eta Evreuxko armarria dago.

Talaia dorrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Talaia dorrea" edo "Zelatariaren dorrea" izenekotik kontrolatzen zen ea kanpotik berririk heltzen zen Erriberrira. Talaiatik Uxue herriaren silueta ikusten da. Aragoiko erresumaren mugatik oso hurbil zegoenez, Uxuetik seinaleak egiten ziren inguruko herrietako behatoki edo talaietara, balizko arriskuez ohartarazteko.

"Joiosa Guardaren dorrea" ere esaten zaio (frantsesezko Joyeuse Garde esapidetik, euskaraz "Zaintza Alaia"), soldaduak zaintzan zeudelarik edaten, dadotan edo kartetan pasatzen baitzuten denbora. Egundaino gorde den leihoko trazeriak Betiereko begizta irudikatzen du, Karlos III.aren ikurretako bat.

Lau Haizeen dorrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Lau haizeen dorrea" lau aldeetara irekita dagoen dorrea da, hiru behatoki edo leiho gotiko handi dituena. Horregatik "Tres finestras dorrea" ere esaten zaio ("leiho" erromantzez finestra). Dorreko behatoki horietan jarriak, errege-erreginak eta aitoren semeek jauregiaren kanpoaldeko zelaigunean egiten ziren ikuskizunak ikusten zituzten, hala nola zezenketak, justak, torneoak eta pilota jokoak. Gangaren giltzarrian Nafarroa-Evreuxko armarria dago, jauregiko eta herriko beste hainbat tokitan bezala.

Hasieran, pasabide estu batek (estalia, beharbada) lotzen zituen Taiala dorrea eta Lau Haizeena. XVI. mendean hormabularrak eta arku sendo batzuk gehitu zizkioten dorreei haiek indartzeko.

Martin Peritz Lizarrakoa izan zen hargin-maisua[7].

Uharkaren dorrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Uharkaren dorrea" andel bezala erabiltzen zen eta hango harriak berunez loturik zeuden, zirrikituetatik urik isur ez zedin. Zeramikazko hodien bidez, Zidakos ibaitik dorrearen behealdera bideratzen zen ura, jarraian, horren oinarrian zegoen zurezko torloju batek uharkaren barneraino igotzen zuen.

Jauregi osoak berunezko hoditeria zuen, ura bideratzeko. Oraindik hormetan antzeman daitezke hodiak sartzen ziren erretenak, batez ere Masustondoaren patioan eta Lorategi Zaharrean.

Hiru koroen dorrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Hiru koroen dorrea" jauregiko ikusgarrienetakoa da: oktogono oinplanokoa, hiru gorputz ditu, goruntz gutxituz doazenak. Hortik datorkio izena. Ingurabidez eta matakanez inguraturiko solairuen gainaldean, bi tximinia artistiko ezarri ziren XX. mende erdialdeko zaharberritzean.

Horri buruzko kondaira baten arabera, erregeak eraikiarazi zuen horrela dorrea, bere seme-alabek jolastokia izan zezaten. Hala ere, ez dago halakorik baieztatzen duen agiririk.

Dorre nagusia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Dorre nagusia" 40 m garai da, jauregiko puntu gorena. Hala ere, jatorrian ez zen hain handia, zaharberritzean goratu baitzuten. Gehitutako zatia argi ikusten da hormetako harlanduetan, behekoak zaharragoak eta latzagoak baitira eta goikoak berriagoak eta leunagoak.

Lorategi zaharra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jauregi Berrirako egungo sarbidea dena, garai hartan "Lorategi zaharra" deitzen zioten, zuhaitz eta bestelako landare ugari baitzegoen han. Barnean zein inguruan jauregiak zituen lorategien adibide xume bat besterik ez da. Laranjondo, limoiondo, zidrondo, mingranondo edo jasminez beterik zeuden lorategiak, garai hartan landare exotikoak baitziren, oso estimatuak. Horien artean ziur aski Masustondo ospetsua eraman zuten.

Patioan Andre Maria elizaren absidea ikusten da, baita kanpandorreren oina ere.

Jauregiko antzinako elurzuloa.

Harresien kanpoaldean dago elurzuloa, baina jauregiari atxikia ia, leku ospelean. Arrautza-oskol itxura du eta haren azpian 8 m sakon den zulo edo putzua dago, non neguko izotz eta elurra gorde eta uda arte izozturik mantentzen zena. Horrela, edari hotzak edo izozkiak prestatzeko erabiltzen zituzten, baina baita ere janaria kontserbatzeko edo medikuntzan erabiltzeko. Isolazio termikoa bermatzeko, izotz-elurrak geruzatan ipintzen zen, lasto geruzak tartekatuz.

Nahiz eta ezin den baieztatu errege-erreginek erabili zutenik, hainbat agirik frogatzen du XVII. mendetik XX. mende hasierara erabili zela.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Erriberriko Gaztelua - Erriberriko Errege Jauregia - Nafarroa» Palacio Real de Olite (Noiz kontsultatua: 2023-10-09).
  2. Egun Londresko British Museumean gordeak. "THE ROYAL PALACE OF OLITE", congress2008.metamorphose-vi.org
  3. Jusué Simonena. (1985)., 234 or..
  4. a b Gil Cornet, Leopoldo. (2004). Papeles del Partal: revista de restauración monumental. Academia del Partal, 121-153 or. ISSN 1695-3029..
  5. Martínez de Agirre. (1987)., 142 or..
  6. Martinena Ruiz, Juan José. (1980). Nafarroako Aurrezki Kutxa ed. Lizarra: Salvat S.A. de Ediciones, 70-73 or. ISBN 84-7137-604-0..
  7. Auñamendi eusko entziklopedia. ISSN 2444-5487..
  • Iturralde Suit, Juan. (1870). El castillo de Olite. Estudio histórico-artístico. Iruñea (argitaratze data: 1922).
  • Mariano Carlos Solano y Gálvez, Marqués de Monsalud "El Palacio Real de Olite", Boletín de la Real Academia de la Historia, 49 (1906), 435-447 or.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa