Edukira joan

Bizikleta

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Bizikleta modelo zabalduena (eta ibilgailu mota guztien artetik munduan zabalduena) Uso Hegalaria izeneko Txinako bizikleta da, 500 milioi baino gehiago produzitu baitituzte.[1]

Bizikleta edo txirrindua gizakiaren indarraz, bi gurpilen gainean eta pedalei eraginez dabilen ibilgailua da.[2] XIX. mendean sortua eta hainbat aldaerez garatua, garraiobide merketzat erabili zen XX. mendean, herrialde pobre eta klase sozial apaletan bereziki, askotan autoa nagusitzen zen bitartean. Ariketa fisikoa eskatzen duen gailua izanik, osasuntsua izateaz gainera, txirrindularitza izenez biltzen diren kirolak ere sortu dira bizikleta oinarritzat harturik. XX. mendearen bukaerako kezka ekologikoak garraiobide jasangarri bilakatu du, bereziki hirietan; hartara, bizikleta bideak egin dituzte, eta bizikletaz ibiltzea sustatzen duten proiektu anitz garatu dira, hala nola bizikleta maileguak.

Non ibili eta zertarako erabiltzen den, bizikleta mota anitz dago. Besteak beste, mendiko bizikleta [3]mendiko bideetan ibiltzeko erabiltzen diren bizikletak dira, gurpil lodiekin; lasterketa-bizikletak errepide eta pistako txirrindularitzarako bizikleta azkarrak dira; hiri-bizikletak hirian ibiltzeko bizikleta aproposak dira, gauzak eramateko saskiak eta parrilak dituztenak eta trizikloak[4] haur eta bizikletaz ibiltzeko arazoak dituzten pertsonentzako bizikletaren antzeko hiru gurpileko ibilgailuak dira.

Bizikletaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bizikletaren aurrekaritzat jo daitekeen draisienne izeneko ibilgailua. 1820 urtearen inguruan.

Bizikleta terminoa 1860ko hamarkadan Frantzian sortu bazen ere, aurretik bizikletaren aurrekaritzat jo daitezkeen gailuak asmatu ziren.[5] XVIII. mendean zehar gizakiaren hanken indarrez mugitzen ziren lau gurpiletako gurdiak eraiki ziren[6], baina egungo bizikletaren parekotzat jo daitekeen lehenengo gailua Karl Drais alemaniarrak 1813an asmatutako gailua izan zen, draisienne izenekoa, bi gurpilekoa baina pedalik gabekoa eta gailua hankaz aurrera bultzatuz mugitzen zena. Berak belozipedo izena eman zion, gerora 1870eko hamarkadara arte gizakiaren hankaren indarrez mugitzen ziren gailu guztiak izendatzeko termino moduan erabiliko zena. Bizikletaren lehenengo aurrekaritzat jo daitekeen gailu honek oso zabalkuntza eskasa izan zuen, ordea, bere asmatzaileak ibilbide luzeak ere egin zitezkeela frogatzeko ahaleginak egin zituen arren eta parke eta lorategietan bakarrik erabili zen.

1870eko hamarkadan, aurrean oso gurpil handia zuten bizikletak zabaldu ziren, pedalak bertan jarririk pedalkada bakoitzean distantzia handiagoa ibiltzeko helburuarekin; oso arriskutsuak ziren, ordea.

Porrot horren ondoren, 1860ko hamarkadara arte itxaron behar izan zen egungo bizikletatik gertu zegoen gailu bat aurkitzeko. 1861 urtean Pierre Michaux artisauak bere semea draisienne bat baliatzeko zituen zailtasunak ikusita, aurreko gurpilarekin batera jiratzen zuten pedalak eta balaztak gaineratu zizkion. Arrakasta ikusita, hurrengo urteetan milaka michaudine izeneko bi gurpileko belozipedoak ekoizten dituzte. Hasiera batean Michaux eta bere bazkideekin lan egin zuen Pierre Lallement, bere aldetik, Estatu Batuetara joan eta, bertan bizikleta modelo baten patentea erregistratu ondoren, berehala zabaldu zen bizikletaren erabilera.

Hasierako belozipedo modelo hauek pedalak aurreko gurpilaren ardatzean zituzten. Pedalei eragindako biraketa bakoitzean ibilitako distantzia handitu nahian, 1870eko hamarkadan zehar gero eta aurreko gurpil altuagoak egiten hasi ziren eta batzuetan metro t'erdira ere heltzen ziren: biziklo izeneko belozipedo berezi horiek zabalkuntza handia izan zuten Europan eta Ipar Amerikan, baina gizonezkoei zuzenduriko luxuzko produktu moduan bereziki. Praktikan ez ziren oso erabilgarriak, oso arriskutsuak ziren (bidean edozein koska jota, txirrindulariak kolpe handia hartzen baitzuen) eta jolas eta erakustaldi moduan erabiltzen ziren batez ere. Alternatiba moduan, egungo bizikleten oso antzekoak ziren segurtasun bizikletak garatu ziren 1880ko hamarkadan. Bizikleta hauetan bi gurpilen tamainak berdindu eta egun bizikleta guztietan erabiltzen kate bidezko transmisioaren bitartez, trakzioa atzeko gurpilera aldatu zuen, pedalkada bakoitzeko atzeko gurpilari biraketa batzuk eman eta ibilitako distantzia nabarmen gehituz; bizikletaren pneumatikoa ere aldatu zen, barruan kamara sartuz, hiriko bideetan ibiltzeko aproposagoa. 1888. urtean, John Boyd Dunlop eskoziarrak asmatu zuen eta azkar batean mundu osora hedatu zen. Urte berean, Nottingham hirian, Raleigh Bicycle Company sortu zen, eta munduko bizikleta ekoizlerik handiena bihurtu zen, urtean 2 milioi bizikleta baino gehiago eginez.

Bizikletan izandako berrikuntza hauek guztiz arrakastatsuak izan ziren eta bizikletaren zabalkuntza handia ekarri zuten. Aldi berean, masazko ekoizpenak kostuak gutxitu eta bizikleta gizarte-klase guztietara zabaldu zuen. Emakumeak ere bizikletaz ibiltzen hasi ziren eta batera eta bestera ibiltzeko ematen zuen askatasuna dela garai hartan mugimendu feministak bultzatu egin zuen.

Bizikleta ibilgailu erabiliena da. Flying Pigeon[7] empresa txinatarrak 500 milioitik gora bizikleta egin ditu eta ibilgailu modelo baten ekoizpen handienaren errekorra dauka. Konparaketa moduan, hurrengo ibilgailurik salduena Honda Super Club motorra da eta 60 milioi motor saldu dira, eta autoetan, Toyota Corolla da salduena 35 milioi baino gehiagorekin.

Bizikletaren atalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizikletaren elementuak koadro izeneko egitura bati eransten zaizkio. Bizikletaren erabilera zein den, koadroa altzairu, aluminio, titanio edo karbono zuntzez eginak izan ohi dira eta oro har sendotasuna, zurruntasuna eta aldi berean arintasuna bilatzen da. Aurrealdean, urkila izeneko pieza mugikorra eransten zaio, non aurreko gurpila eransten den.

Hiriko bizikletetan eskulekuak atzerantz luzatzen dira, txirrindularia zutik joan dadin.

Bizikleta eskulekuaz gidatzen da. Eskulekua eskuinera nahiz ezkerrera mugituz, urkila eta aurreko gurpila ere norabide horretan mugitzen dira. Bizikleta batzuetan, eskulekua potentzia izeneko pieza berezi batez lotzen da koadrora, eskulekua aurreratzen duena. Mota askotako eskulekuak daude, txirrindulariaren jarrera nolakoa izatea nahi den: mendiko bizikletetan eskuleku lauak erabili ohi dira, lasterketa-bizikletetan berriz eskulekuak beherantz luzatzen dira, txirrindulariak makurtu eta jarrera aerodinamikoagoa har zezan. Hiriko bizikletetan, eskulekuak atzerantz luzatzen dira, txirrindularia zutikoago egon dadin. Potentziaren luzera ere kontuan hartu behar da txirrindulariaren jarrera erabakitzerakoan. Gainera, eskulekuan kokatu ohi dira balaztak, aldagailuak, txirrina eta bestelako osagarriak. Txirrindulariak bizikletan duen jarrerari eragiten dion beste faktore bat zelaren kokapena.[8]

Bizikleta bateko bi gurpilak ezberdinak dira: aurreko gurpila gehienetan urkilarekin batera mugitzen da eta bizikleta gidatu egiten du ezkerretara eta eskuinetara. Atzeko gurpilaren biraketak bizikleta mugiarazi egiten du, pedalkadaz transmititutako indarrari esker: pedalkada bakoitzean platerak bira bat ematen du eta kate bidezko transmisioaren bitartez, atzeko gurpileko pinoia, txikiagoa denez, zenbait bira ematen ditu, atzeko gurpila ere emango dituena.

Bizikleta motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepideko bizikleta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizikleta hau abiadura handia hartzeko diseinatua dago. Eskulekua bi posizio ditu. Normalean, goiko aldetik eusten da, baina abiadura handian joatean behetik eusten da aerodinamiko-agoa delako.[9] Gurpilak oso estuak dira (2 zentimetro inguru) errepidearen kontrako erresistentzia ekiditeko. Munduko lasterketarik ospetsuenak bizikleta honekin egiten dira. 1903. urtean egunkari frantziar batek herrialdera bira emateko lasterketa ospatu zuen eta hau da, gaur egun, txirrindularitzaren lasterketa garrantzitsuena: Frantziako Tourra. Miguel Indurain nafarrak, bost aldi jarraian irabazi zuen. XX. mendean hainbat lasterketa eratu ziren. Munduko honenak, Frantziako Tour-a, Italiako Giro-a eta Espainiako Vuelta dira. Bitxikeri moduan, Espainiako Vuelta-ko 1950, 60, eta 70ko hamarkadetan Bilbo eta Donostia hirietan zuen jomuga edo helmuga. Gurean, Euskal Bizikleta, Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa, Udaberriko Sari Nagusia, Urkiolako Igoera, Getxoko Zirkuitua izan dira garrantzitsuenak. Afizionatu mailan, Bizkaiko Bira itzuli handienetakoa izan zen eta herrialde askotako selekzioak parte hartzen zuten. Itzulia irabazten zuenak profesional mailara pasatzen zela esaten zen. Julian Gorospe-k irabazi zuen lehenengo ekitaldia, eta gero, Roberto Laiseka, Erik Dekker, Igor Gonzalez de Galdeano eta Mikel Elgezabal, besteak beste. 1990ko hamarkadan, Euskadi taldea eratu zen gurean, eta gero, Euskaltel-Euskadi taldea bihurtu zena ikaragarrizko lasterketak burutu zituen. Nahiz eta euskal herriko txirrindulari gehienek taldera pasatzen ziren profesional bihurtzeko batzuk atzerrira joan beharra izaten zuten eta gehienetan gero etxera hurbiltzen ziren. Honen eredu, Iñigo Chaurreau (Polti taldea, Italian) eta Iñaki Barrenetxea (Tonissteiner-Saxon taldea, Belgikan) dira, besteak beste.

Munduko txirrindulari honena Eddy Merckx belgikarra izan da dudarik gabe. Bost Tour eta bost Giro irabazi zituen hainbat eta hainbat lasterketen artean. Historiako beste txirrindulari handienetakoak ondoko hauek dira; Bernard Hinault, Fausto Coppi, Jaques Anquetil, Miguel Indurain,Gino Bartali, Jan Ullrich eta Christopher Froome dira.

Sakontzeko, irakurri: «Ziklo-kros»

Bizikleta hau errepidekoarena bezalakoa da baina gurpil pixkat lodiekin. Lasterketak zelaietan egiten dira eta bira asko ematen dira, zirkuitu laburretan (2 km adibidez). Badirudi Frantzian hasi zirela lasterketak egiten XX. mendeko lehen urteetan. Udazkenean eta neguan egiten dira lasterketak, euripean eta elurpean ere bai. Lokatzetan egiten dira lasterketak eta horregatik bira batzuen buruan bizikletaz aldatzen dute txirrindulariek. Gurean, Igorreko Lasterketa Internazionala izan zen lasterketarik honena eta munduko hoberenak etortzen ziren urtero Munduko Kopa-ko proba zelako. Gure txirrindulari handiena David Seco izan da. Nahiz eta errepidean ere ibili zen, Ripolin-Bondex taldean, ziklo-krosean ezaguna egin zen beti. Euskadiko txapelduna izan zen 12 urtez eta Estatuko txapelduna 6 aldiz (inork ez du titulo gehiago eskuratu txapelketan).

Pistako bizikleta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Pistako txirrindularitza»

Bizikleta hau ez ditu galgarik ezta aldagailurik. Horrez aparte, errepidekoaren antza handia dauka. Pistako txirrindularitza egiteko belodromoa behar da eta gurean dagoen garrantzitsuena Donostia-koa da. Bizkaian, Zalla eta Trapagaran-ko herrietan belodromoak daude baita ere. Lasterketak proba desberdinak ditu; Omnium, Puntuaketa, Madison eta Scratch. Pistan ibilitako txirrindulari honena hemen, Unai Elorriaga bizkaitarra izan da. Unaik, Omnium probetan 3 domina eskuratu ditu Europako txapelketetan, eta estatu mailan hainbat domina proba guztietan eskuratu ditu.[10]

Mendiko bizikleta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Mendiko bizikleta»

XX. mendeko bigarren partean sortu zuten, eta gurpil lodiagoak izateagatik bereizten da batik bat. Eskulekua laua da eta beste bizikletak baino luzeagoa, eskuak aldendu-agoak izanik. Gainera indargetzaileak ditu. Hasieran, aurrealdean bakarrik zuten baina gero atzealdekoa asmatu zen baita ere. Biak izatea, bizikleta astunegia izatea dakartza eta beraz jeisteko bakarrik erabili izan dira. Zirkuituak laburrak izaten dira baina Ziklo-krosekoak baino luzeagoak. Normalean, 5 eta 8 kilometro bitartean egoten dira zirkuituen luzera, normalean mendi handietan eta zirkuitu bariatuetan. Euskal Herrian egon diren lasterketa handienak, Euskadiko Opena, Hego Euskal Herriko Kopa eta Arabako Challengea izan dira. Lehenengo biak bateratuta daude gaur egun. Euskal herritarren artean, Iñaki Lejarreta (Munduko Txapeldun Juniorra 2001ean, Diploma Olinpikoa Beijing 2008ean) berriztarra nabarmendu zen Durango-n entrenatzen zebilenean auto batek harrapatu zuen arte. Munduko txapelduna izan zen junior mailan, eta profesional bihurtu zen Orbea taldean. Orbea, mendi eta errepideko txirrindulari taldeak izan ditu, eta mendi bizikletan, munduko talderik honenetarikoa izan da Iñaki Lejarretarekin batera, Julien Absalon (Munduko Txapelduna) taldean izan zuten eta.

Beste bizikleta motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trizikloa: hiru gurpil dituen bizikleta da. Oreka askoz handiagoa dauka baina bihurguneak azkar pasatzea zaila da bizikleta honekin. Umeak bizikletan ibiltzen ikastean bizikleta honekin hasten dira lehenengo.

Tandema: bat baino gehiagorentzako bizikleta da. Normalean bi txirrindularientzat egiten da baina, hiru edo gehiago izan daitezke ere. Aurrean doanak bideratzen du bizikleta eta aldagailua erabiltzen dut, eta besteek pedalei bakarrik eragiten diete. Aurrera joatearen erresistentzia pertsona bakarrekoa da, baina energia bat baino gehiagorena, eta beraz, ondo koordinatuta badaude, urrunago eta abiadura handiagoan joan daitezke.[11]

BMX: mendi bizikletako beste mota bat da. Gurpilak eta koadroa tamaina txikikoak dira. Jauziak eta abiadura txapelketak egiten dira bizikleta honekin. Oso leunak dira.

Kargako bizikleta: Herbeherean asko daude honelakoak. Batzuk atzean dute karga eramateko lekua baina beste batzuk atzean eta aurrean dute lekua.

Bizikleten aparkalekua Donostiako Gros auzoan.

Bizikleta publikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XXI. mende-ko lehen urteetan, ingurumena zaintzeko asmoarekin hainbat hirik bizikleta publikoen alde egin dute. XX. mende-ko azken urteetan bidegorri batzuk eginda zeudela baliatuta, diru gutxigatik txirrindulak alokatzeko aukera eman zioten hiriko biztanleei. Nahiz eta lehenengo momentuan paseatzeko txirrindula normalak jarri ziren, gero txirrindula elektrikoak jarri zituzten. Bilbo hiria, adibidez, Bilbaobizi programa ezarri zuen 2018. urtearen azkenengo asteetan.

Instituzio askok ibilgailu honen alde egin dute eta diru laguntzak baliatu dituzte ibilgailu honen alde egiteko hirien poluzioa dela eta batik bat. Honez aparte, biztanleria irakatsi egin behar da eta horretan dihardu Txirringaeskolan elkartea Bizkaiko eskoletan (12 urte inguruko umeekin). Elkarte honek lau aldiz bisitatzen ditu eskolak urtean zehar eta lau ekintza desberdinak irakasten ditu: 1. Bizikletaren kontrola. 2. Txirrindularitza munduko hitzaldia. 3. Segurtasuna eta elikadura. 4. Ingurutik eginiko irteera.

Bizikletak kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde askotan bizikleten kultura biztanlerian ezarrita dago eta egunkari espezializatuak daude. Garrantzitsuenetakoak hauexek dira: L´Équipe (Frantziarra), La Gazzetta dello sport (Italiarra) edota META2MIL (gaur egun, desagertua).

Bizikletak filme askotan garrantzi handia izan dute. Adibidez honako hauetan: Ladri di biciclette (Bizikleten lapurra) eta Il Postino (Postaria)(Italiarrak), Le Vélo de Ghislain Lambert (Ghislain Lambert-ko bizikleta)(Frantziarra), Muerte de un ciclista (Txirrindulari baten hilketa) (Espainia), E.T. the extra-terrestrial ( E.T. Extra-lurtarra)(Amerikarra), Wadjda (Bizikleta orlegia) (Saudi Arabiarra).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Koeppel, Dan. (2007-02). «Flight of the Pigeon» Bicycling (Rodale) 48: 60–66. ISSN 0006-2073..
  2. Onintza, Irureta Azkune. (1997-02-01). «Bizikleta» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  3. «Bizikleta motak - Bizikletaz - Bizikletaz» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  4. «Nolakoak dira triziklo hauek?» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  5. «Bizikleta - Bizkaia.Eus» www.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).[Betiko hautsitako esteka]
  6. (Ingelesez) Herlihy, David V.. (2004). Bicycle: The History. , 15-19 or..
  7. «FLYING PIGEON» www.flying-pigeon.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  8. (Gaztelaniaz) jonfa14. (2015-04-11). «BIZIKLETAREN ATALAK» PEDALKOLPEA (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  9. Bikes, Axalko. Errepideko bizikleta – Axalko Bike. (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  10. SVadmin. (2021-08-06). «Zer da pistako bizikleta?» Vida de dos ruedas (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  11. «Asia eta bizikleta, tandem perfektua» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: bizikleta .