Edukira joan

Gaskoi okzitaniera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gaskoi (hizkuntza)» orritik birbideratua)
Gaskoia
gascon
Datu orokorrak
Lurralde eremua Frantzia
 Espainia
 Euskal Herria
Hiztunak250.000 inguru
RankingaEz 100 mintzatuenen artean
OfizialtasunaAranera
( Katalunian)
EskualdeaGaskoinia, BAB eta Xarnegu Herria (Euskal Herria), Arango harana (Katalunia)
UNESCO sailkapena3: arriskuan
Hizkuntza sailkapena
giza hizkuntza
indoeuropar hizkuntzak
hizkuntza italikoak
hizkuntza erromantzeak
mendebaldeko hizkuntza erromantzeak
hizkuntza galo-iberiarrak
hizkuntza galo-erromantzeak
Hizkuntza okzitaniar-erromantzeak
okzitaniera
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiasubjektu aditza objektua eta silabadun hizkuntza
Alfabetoalatindar alfabetoa
Hizkuntza kodeak
ISO 639-3gsc
Glottologgasc1240
Linguasphere51-AAA-fa
Linguist Listoci-gsc
UNESCO352
IETFoc-gascon
Endangered
Languages Project

8631

Gaskoia[1] okzitanieraren dialekto bat da,[2] Gaskoiniako lurraldean hitz egiten dena, hau da, Frantziako hego-mendebaldeko bederatzi departamendutan eta Kataluniako Aran eskualdean. Ipar-ekialderantz Garona ibaiak nolabaiteko muga ezartzen du, eta Pirinioek eta Euskal Herriak egiten dute muga hegoaldean[3]. Frantziar estatuan ez da hizkuntza ofiziala, alta Kataluniako Erkidego Autonomo osoan hizkuntza ofiziala da[4].

Azkenaldi honetan, haren erabilera guztiz murriztu da XIX. mendean bi milioi hiztun zirela uste da[3], baina egun 250.000 hiztun inguru ditu[5].

Euskal substratua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarren agintaldiaren aurretik, Gaskoinian hitz egiten zen hizkuntza, akitaniera, antzinako euskararen ahaide zen. Izan ere, gascon hitza bera latinezko vasco, vasconem errotik dator. Badirudi, beraz, Gaskoiniako hiztunek euskalduntzat zutela beren burua, nolabait ere. Frogatuta dago gaskoiak euskal substratua duela: horrek azaltzen ditu gaskoiaren eta okzitanieraren gainerako dialektoen arteko ezberdintasun nagusietako batzuk.

Substratu horren aztarnak hizkuntzan ere aurki daitezke. Lexikoan latin jatorriaren aztarnarik gabeko hitzak aztertu eta euskararekin parekatu ditu Gerhard Rohlfs filologoak. Josep Crivillé i Bargalló etnomusikologoak gaskoiaren berezitasun fonetikoen jatorria antzinako euskaran zekusan, latinetik modu berean moldatu baitzituzten hitz ugari[6].

Substratu horretatik datorkeen gaskoiaren ezaugarrietako bat latinetiko maileguetan hitz hasierako f- gaskoiz h- bihurtu izana da. Adibidez, latinezko festa («jaia») hitzean, soinu hori ahuldu eta [h] hasperendun bihurtu zen, eta gero, zenbait tokitan, erabat galdu. Substratuaren aldeko teoriak dioenez, euskarak garai hartan /f/ fonemarik ez izatea horren arrazoia da. Beraz, hitz horrek gaskoiz hèsta [ˈhɛsto] edo [ˈɛsto] formak hartu ditu. Gaztelaniaz ere antzera gertatu zen: latinezko facere > hacer ([aˈθer]) bilakatu zen (edo, Andaluziako hego-mendebaldeko zenbait tokitan, [haˈsɛɾ]).[7]

Gaskoiaren beste ezaugarri bat latinez r- soinuaz hasten diren hitzei aurrean bokal bat gehitzea da. Euskaraz aurretik e- edo a- jartzen zaizkie eta gaskoiz, a- batik bat: latinezko rosa gaskoiz arròsa da (euskaraz, arrosa) eta latinezko rota, arròda (euskaraz, errota): bilakaera hori aragoieraz ere gertatzen da, hots, agian euskal substratua duen beste hizkuntza batean.

Beste ezaugarri batzuk ere ditu: bokal arteko ll edo l soinuak r bihurtzea (euskaraz, caelum > zeru; latinezko bellus, bella, bellum > bell > bèth / bera, 'ederra') edo bokal arteko n soinuak galtzea (euskaraz, latinezko corona > koroa; latinezko luna > lua, 'ilargia').

Euskarak ere, gerora, hainbat hitz hartu ditu gaskoitik, hala nola beira eta polit (gaskoiz, polit, polida). Hitz horietako batzuk Ipar Euskal Herritik sartu ziren, bi hizkuntzen arteko mugaren bidez; beste batzuk, XI. mendeaz geroztik, Hondarribiatik Donostiara bitarteko Gipuzkoako kostaldeko zerrendaren bidez, hor gaskoia mintzatu baitzen XVIII. mendea arte, bai eta dokumentu formaletan erabili ere XVI. mendea arte. Pasaian oraindik gaskoia mintzatua zen, 1870eko hamarkadan.[8]

Gaskoia, arrosaz, okzitanieraren dialektoak erakusten dituen mapan.

Okzitanieraren aldaera izaki, gaskoiaren barruan hiru talde nagusi bereizten dira[9]:

Bearnori dagokionez, bertako hizkera edo bearnesa trantsizio hizkuntza da, hiru aldaera nagusien elementuak dituena.

Gaskoiaren erabilera (herrien izenak frantsesez eta gaskoiez idatziak dira).

Gaskoiaren erabilera beherantz doa urtez urte. XX. mendearen hasiera arte osasuntsu bazen ere, bigarren mundu gerraren ondoren, transmisioa hausten hasi zen[10].

1982an Bearnon eginiko galdeketa baten arabera[11], biztanleen % 51k hitz egin zezakeen, % 70ek ulertzen zuen eta % 85 hizkuntza babestearen alde zegoen.

1997an, aldiz, gaskoiaz mintzatzen zirenak % 13 ziren Girondan (% 3 Bordelen), % 22 Lot eta Garona eskualdean, % 28 Landetan % 22 Pirinio Atlantikoetan eta % 35 Pirinio Garaietan[12].

2008ko galdeketa batean, Akitaniako okzitaniera (edo gaskoi) hiztunak %10 zirela eta ulertzen zutenak % 50 zirela ageri zen[13].

Aran bailaran, gaskoia ofiziala den toki bakarrean, % 58 mintzatzen da araneraz, eta alfabetizazioari dagokionez, % 34 da hizkera horretan, eta % 50 katalanez (gaztelaniaz, % 100 da)[14].

Euskal Herrian ere gaskoia asko galdu da azken urteetan. Baionan, adibidez, % 5 soilik dira gaskoiz mintzatzen direnak[15]. Euskal Herrian 20.000 hiztun ziren 2001ean[10].

Erabileraren apaltze horren atzean, frantsesaren inposaketa hiztunen sakabanatzea, hizkuntzak jasan duen mespretxua, ofizialtasunik eza, irakaskuntzan gutxi erabili izana eta ondoriozko transmisio etena aipatzen dira arrazoi gisa[10].

Institut Occitan erakundeak (1996an sortua) okzitanieraren eta gaskoiaren sustapena du helburu. Hizkuntza haurren hezkuntzan txertatzeko asmoz, 1979an Calandreta sortu zen, okzitanieraz irakasten duen eskola sarea.

Gaskoia Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Baionako kaleetako seinaleetan gaskoia irakur daiteke, frantsesa eta euskaraz gain.

Behe Erdi Aroan, XII. mendearen erdialdean eta merkatarien artean bereziki, gaskoia Aturriren hegoaldeko alde euskaldunetara hedatu zen. Angelu, Miarritze, eta Baiona neurri handi batean gaskoitu ziren. Euskaldunek berek ere gaskoia bereganatu bide zuten merkataritzan zeukaten interesagatik edo gaskoi lurretan nekazaritza edo abeltzaintzan aritzeagatik[16].

400 urtez Baionan ofiziala ere izan zen gaskoia[10], eta XIV. eta XV. mendeen artean dokumentu administratiboak gaskoiz idazten ziren bertan[3]. Nafarroako erreinuaren zati zen Behe Nafarroan ere idazten ziren dokumentuak gaskoiz, eta Pirinioez bestalde ere erabili izan zela dirudi[3]. Gipuzkoako lurraldeko kostaldean ere izan zuen hedapena, Hondarribia, Errenteria, Pasaia eta Donostia aldera arte.

Gaskoiak izen ugari laga ditu Donostian, horietako asko gaur egun arte iritsiak: Aiete (gaskoiz, Ayet, Aiete izenaz euskaratua), Gros, Miramon (gaskoiz, Miramont), Monpas (Mont-pas), Morlans, Polloe (gaskoizko Poll eta Pollet hitzetik dator, Polloe izenaz euskaratua), Ulia (gaskoiz Oli, euskaraz Ulia edo Uliamendi), Urgull (gaskoiz, Orgull edo Urgullus, Urgull izenaz euskaratua), Embeltran kalea (Em Beltran, hots, "Jaun Beltran")[17] eta Narrika kalea (Na Rika, hots, "Rika anderea")[18].

Gaur egun, Euskal Herrian gaskoi hizkuntzaren eta kulturaren aitorpena eta erabilera bultzatzen dituen elkarte nagusia 1975ean Angelun sorturiko Aci Gasconha da[19]. Akitania osoan aritzen den Institut Occitan erakundeak ere lan egiten du gaskoiaren alde.

Euskal Hirigune Elkargoak gaskoi hizkuntza ofizialki aitortu zuen, euskararekin batera, 2018an[20][21][22]. Aitorpen horrek hizkuntzari ekar diezaiokeen ofizialtasun maila zalantzan jarria da, hala ere[23].

Gaskoiaren isoglosak

Ezaugarri fonetiko nagusiak ondoko hauek dira:

  • Hitz-hasierako f- kontsonantea h- hasperendun bilakatzea (filium > hilh, 'semea') (2. isoglosa).
  • Hitz-amaierako -ll albokaria -t' leherkari horzkari sabaikaria —euskarazo tt, Antton hitzean dagoena— bilakatzea (bellum > bell > bèth, 'ederra') (1. isoglosa).
  • Bokal aurreko -ll- albokaria -r- dardarkari leuna bihurtzea (bella > bèra) (9. isoglosa).
  • Bokal arteko -n- galtzea (luna > lua, 'ilargia') (4. isoglosa).
  • v igurzkari ezpain-horzkaria b leherkari ezpainbikari gisan ahoskatzea (vita > bita, 'bizitza') eta ezpainkari-aurreko o bokala a bihurtzea (novum > nau, 'berria').
  • Hitzen hasierako r- dardarkariari bokal baten protesia ezartzea (riu > arriu, 'ibaia') (3. isoglosa)

Gaskoiak euskararen eragina du, fonetikan batez ere. Halaber, Pirinioetako gaskoiak lotura zenbait ditu goi aragoierarekin (adibidez: eth eta era artikuluak, maskulino singularra lehena, femenino singularra bigarrena).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko «gaskoi» sarrera, hirugarren adiera: «Gaskoinian mintzatzen den hizkuntza. Gaskoiz mintzatu. Gaskoia okzitanieraren dialekto bat da.»
    Zenbait tokitan ageri den gaskoiera edo gaskoinera izenak ez du oinarririk.
  2. (Frantsesez) «occitan» encyclopedie larousse (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).
  3. a b c d (Gaztelaniaz) Cierbide Martinena, Ricardo. «Gascón» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).
  4. (Katalanez) «Estatut d’autonomia de Catalunya» Parlament de Catalunya (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  5. (Frantsesez) «Atlas interactif UNESCO des langues en danger dans le monde» unesco (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  6. (Okzitanieraz) Josep Crivillé i Bargalló, Josep Crivillé i Bargalló. (1988). Es gascons e era musica, Musèu dera Val d'Aran (Dirección y coordinación Jusèp Mª Boya y Carmen Gassó). Departamento de cultura de la Generalitat de Catalunya.
  7. (Gaztelaniaz) A. R. Almodóvar: Abecedario andaluz, Ediciones Mágina. Barcelona, 2002
  8. (Gaztelaniaz) Múgica Zufiría, Serapio «Los gascones en Guipúzcoa», Imprenta de la Diputación de Gipuzkoa, 1923.
  9. (Frantsesez) Fossat, Jean-Louis. «du recueil de données (1947-1952) aux cartes synthétiques de l’Atlas linguistique de la Gascogne maritime» géolinguistique (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).
  10. a b c d Dolosor, Frank. «Frank Dolosor: 'Bi milioi okzitaniar hiztun daude, baina sakabanatuak'» eitb (tribuaren berbak) (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  11. (Ingelesez) «gascon» ethnologue (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  12. Lafitte, Jean. (2005). Situation sociolinguistique et écriture du gascon aujourd'hui. Université de Rennes.
  13. Breç, Joan. «Joan Breç: 'Akitanian biztanle erdiek okzitaniarra ulertzen dute'» EITB (tribuaren berbak) (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  14. (Katalanez) (pdf) Enquesta d’usos lingüístics de la població2008. (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  15. Erremundegi Beloki, Ekhi. [Indar berri baten xerka «Indar berri baten xerka»] Berria (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  16. (Ingelesez) Haase, Martin. Basque and Gascon language contact. (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).
  17. (Gaztelaniaz) Orella Unzué, Jose Luis "La gasconización medieval occidental del Reino de Navarra", Lurralde : inves. espac. 33 (2010), 177-208 orr.
  18. http://irutxulo.blogspot.com/2008/12/calle-calle-calle-de-narrica-narrika.html
  19. (Frantsesez) «Istoric "ACI GASCONHA"» acigasconha.asso.fr (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  20. Ubiria, Maite. «Euskara eta gaskoia lurralde hizkuntza gisa ofizialki onartu ditu Euskal Elkargoak» naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).
  21. «Hizkuntza eta kultura politikak» communaute-paysbasque.fr (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  22. (Frantsesez) «L’Agglo Pays basque reconnaît officiellement les langues basque et gasconne» Sud-Ouest (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).
  23. Bidegain, Eneko. «flotagailua krokodiloen lakuan» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-11-11).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]