Nazio ereserki
Nazio ereserkia edo ereserki nazionala herri, nazio edo estatu baten sinbolo musikala da. Orokorrean gizatalde horren goraipamena egiteko eta bere ordezkaritzarako erabili ohi da. Gobernuak edo agintari publikoek onartzen dute estatu edo nazioaren sinbolo gisa, sarri bandera edo bestelako ikurrekin batera.
Europan lehen sortutako estatuek jadanik XVIII. mendean hautatu zuten beren nazio ereserkiak: Erresuma Batuaren God Save the Queen/King 1745an, Espainiaren Marcha Real 1770an, eta Frantziaren La Marseillaise 1792an. Baina XIX. mendean, erromantizismoan, nazionalismoa hedatu zen Europan zehar, eta iraultza erromantikoak aurrera joan ahala, sortu ziren nazio ereserki gehienak. Hala ere, nazio ereserkirik zaharrena Het Wilhelmus, Herbehereen ereserkia izan zen, nahiz eta Japoniaren Kimi Ga Yo ereserkiaren hitzak (musika ez) lehenagokoak izan.
Nazio ereserkiak ofizialak dira lege batek hala badio, bestela de facto izango dira.
Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musikalki, nazio ereserki gehienak martxak edo gorazarreak dira. Hala ere, eskualde bakoitzak du bere estilo, adibidez, Hego Amerikako zenbait nazio ereserkik opera itxura dute, eta bestek cobla itxura. Hala ere, eskuarki, kalitate gutxiko moldaketak dira.
Baina badira zenbait nazio ereserki, musikagile famatuek eginak:
- Alemaniaren Das Lied der Deutschen: Joseph Haydn;
- Austriaren Land der Berge, Land am Strome: Wolfgang Amadeus Mozart;
- Vatikano Hiriaren Inno e Marcia Pontificale: Charles Gounod;
- Hungariaren Himnusz: Ferenc Erkel;
- Indiaren Jana Gana Mana: Rabindranath Tagore;
- Europar Batasunaren eta Europako Kontseiluaren Europako Ereserkia: Ludwig van Beethoven;
- Tunisiaren Himat al-Hima: Mohamed Abdelwahab.
Hala ere, nazio ereserkirik ezagunenen egileak ez dira hain ezagunak:
- Frantziaren Marseillesa: Claude Joseph Rouget de Lisle;
- Ameriketako Estatu Batuen The Star-Spangled Banner: John Stafford Smith;
- Italiaren Il Canto degli Italiani: Michele Novaro;
- Kanadaren O Canada: Calixa Lavallee.
Hitzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oro har, herrialdeko hizkuntza ofizialean idatziak dira, hala ere indiar Jana Gana Mana ez dago gehiengoaren hizkuntza den hindiz, baizik gutxiengo hizkuntza den bengaleraz. Hizkuntza ofizial bat baino gehiago dituzten herrialdeetan nazio ereserkiak zenbait hizkuntzatan izaten dira, adibidez, Suitzarena frantsesez, alemanez, italieraz eta erromantxeraz dago. Bestetik, Hegoafrikaren ereserkia bost hizkuntzatan idatzia dago (estrofa bakoitzak hizkuntz ezberdin batean).
Nahiz eta eskuarki kalitate gutxiko olerkiak izan, badira idazle famatuek osatutako hitzak dituzten ereserkiak ere:
- Indiaren Jana Gana Mana eta Bangladeshen Amar Shonar Bangla: Rabindranath Tagore;
- Norvegiaren Ja, vi elsker dette landet: Bjørnstjerne Bjørnson.
Azkenean, badira nazio ereserkiak, hitzik ez dituztenak, adibidez Bosnia-Herzegovinarena, Espainiarena edo San Marinorena.
Usadioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nazio ereserkiak egoera askotan erabiltzen dira, jaialdietan eta zeremonietan batez ere, baina kirolarekin dute lotura estua, adibidez, Olinpiar Jokoetan dominak banatzen direnean.
Estatu batzuek bere ikasleei nazio ereserkia kantarazten diete, abertzaletasuna sustatzeko. Beste batzuetan nazio ereserkia entzun behar da zineman edo antzerkian.
Nazio ereserki bat ofizial bihurtzen denean, sarritan legeak nola entzun behar den finkatzen du.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]