Pablo Sarasate
- Artikulu hau biolinistari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Saratsate (argipena)».
Pablo Sarasate | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Iruñea, 1844ko martxoaren 10a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Biarritz, 1908ko irailaren 20a (64 urte) |
Hobiratze lekua | San Jose hilerria |
Heriotza modua | : bronkitisa |
Familia | |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Parisko Kontserbatorioa |
Hizkuntzak | gaztelania |
Irakaslea(k) | Lambert Massart |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea eta biolin-jotzailea |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | |
Genero artistikoa | erromantizismoa |
Musika instrumentua | biolina |
Pablo Sarasate (Iruñea, 1844ko martxoaren 10a - Biarritz, Lapurdi, 1908ko irailaren 20a), izen osoa Martin Meliton Sarasate Navascues, nafar biolin jotzailea eta musikagilea izan zen, Francisca Sarasate idazlearen neba. Ibilbide profesional arrakastatsua izan zuen bai Europan, bai Amerikan. Biolinari soinu goxo eta garbia ateratzen zion, eta berebiziko teknika zuen; guztiz berritu zuen biolina jotzeko modua.
Biolinerako zenbait lan ondu zituen, hala nola, Jota aragonesa, Romanza andaluza, Caprice Basque, Zapateado, Zigeunerweisen, Habanera eta Aires navarros.[1]
Haren omenezkoak dira Iruñeko Sarasate pasealekua, Pablo Sarasateren monumentua eta Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionala. Kondestablearen jauregian Pablo Sarasate museoa dago.[2]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martin Meliton Sarasate Navascues 1844ko martxoaren 10ean jaio zen, Iruñeko San Nikolas kalean; aita, Miguel Sarasate, Iruñekoa zen, eta ama, Javiera Navascues, Orbaizetako olakoa.[3] Bi urte besterik ez zuen igaro Nafarroako hiriburuan; izan ere, aita musikari militarra zen, Espainiako 20. erregimentuko musika bandaren zuzendaria, eta Valladolidera igorri zuten. Geroago, Santiago de Compostelan eta Coruñan bizi izan zen.[4][5] Hiri horietan guztietan, gurasoek aurkitu ahal izan zituzten biolin irakasle hoberenekin ikasi zuen.[6]
Zazpi urte zituelarik eman zuen lehenbiziko biolin kontzertua, Coruñan. 1853an, Juana de Vega Espoz Minako kondesak emandako dirulaguntza bati esker, Madrilera joan zen amarekin. Bertan, Manuel Rodriguez biolinista handia izan zuen irakasle. 1854ko martxoaren 23an jo zuen lehenbiziko aldiz Errege Antzokian, eta 1855eko maiatzean, Elisabet II.a erreginaren aitzinean.[6][7]
Umearen maisutasunak liluraturik, Elisabet II.ak pentsio bat ematea erabaki zuen Parisen ikas zezan. 1856ko uztailean abiatu zen harantz, amarekin, eta zenbait kontzertu eman zituen bidean, Iruñean eta Donostian besteak beste. Abuztuan, ordea, Baionara iritsitakoan, ama koleraz eritu eta hil egin zen. Ignacio Garcia Etxeberriak, Espainiako kontsulak, haren ardura hartu eta Frantziako hiribururaino eraman zuen. Horrez gain, gestioak egin zituen Nafarroako Diputazioak beste dirulaguntza bat eman ziezaion.[7][4]
Parisen Lassabathie senar-emazteek hartu zuten etxean. Pariskoa maila handiko kontserbatorioa bazen ere, gogor lan eginez, bertan ere nabarmentzea erdietsi zuen; biolin irakasle zuen Jean-Delphin Alardek hauxe idatzi zuen 1857ko ekaineko azterketa txostenean: “erraztasun harrigarria, akatsik gabeko zehaztasuna, itxaropen handia". Abuztuan, ahobatez eman zioten biolineko lehen saria. Horren ondoren, beste bi urtez segitu zuen harmonia ikasten, 1859 arte.[7]
Ikasketak amaitu ondoren, Madrilen edo Parisen biolin katedra hartzen saiatzea aholkatu zioten arren, munduko entzunleku nagusietan agertu nahi izan zuen bere antzea.[4] 1860ko hamarkadan, Parisko musika aretoetan maiz jotzeaz gain, Europan barrena ibili zen bere burua ezagutzera ematen: Bartzelona eta Madril (1860), Londres (1861), Bordele eta Frantziako beste hiri batzuk (1863), Saint-Malo (1864), Bukarest (1869)... Eta, 1870etik 1872ra, kontzertu bira handia egin zuen Ameriketan zehar, arrakasta gaitza bilduz.[7][6]
Ameriketatik itzulitakoan, Parisen kokatu, eta kontzertuak emateari ekin zion berriz ere. Haren bakarlari ospea sendotzeko, ordea, urrats erabakigarria eman zuen 1876an: Alemanian jotzea. Berlinen ez zuen harrera onik jaso, baina Leipzigeko kritikariak erabat irabazi zituen Gewandhaus aretoan eman zuen kontzertuarekin, eta gauza bera gertatu zen apur bat geroago Vienan, Austria-Hungariako Inperioaren hiriburuan. Harrezkero, harreman estua izan zuen bizi osoan alemaniar entzuleekin, eta baita musikagile batzuekin ere (Otto Goldschmidt, Max Bruch, Joachim Raff, Leopold Auer). 1879an, aurreneko aldiz jo zuen Errusian. Bestalde, urte horretatik aurrera, urtero Iruñeko Sanferminetan aritu zen, 1884an eta 1889an izan ezik.[7][6]
1880ko hamarkadan, etengabe ibili zen kontzertu-itzuliak egiten Europan zehar. Entzun-aretoak lepo betetzen zituen, eta omenaldi ugari egin zioten. 1880an, oso bira arrakastatsua egin zuen Iberiar penintsulan barna, Italian 1882an jo zuen lehenbiziko aldiz, 1888an Danimarkaraino heldu zen... Musikagile askok biolinerako lanak ondu zituzten harentzat: Max Bruchek, Camille Saint-Saënsek, Édouard Lalok, Henryk Wieniawskik, Alexander Mackenziek eta Antonín Dvořákek, besteak beste. Garai hartan, Berthe Marx pianista handiarekin hasi zen kontzertuak ematen.[7][6] Beste birtuosoekin batera ere behin baino gehiagotan jo egin zuen, esaterako Louis Diémer musikagile frantziarrarekin.
1889ko azarotik eta 1890eko apirilera, Ameriketako bigarren itzulia egin zuen, nekagarria bezain arrakastatsua, Estatu Batuetan, Kanadan eta Mexikon barrena; Eugen d’Albert eta Berthe Marx pianistak izan zituen lagun. Hurrengo urteetan, Europa osoan jotzen segitu zuen, Erresuma Batuan, Alemanian, Frantzian, Herbehereetan, Belgikan, Errusian, Italian, Espainian... Bisitatzen zituen herrialdeetako doinuak baliatu zituen bere konposizioak ontzeko; Airs Écossais (1891), Mélodie Roumaine (1901) edota Chansons Russes (1902) horren adibide dira.[7][6]
1908ko irailaren 20an hil zen Villa Navarra-n, Biarritzen zeukan etxean, biriketako gaixotasun baten ondorioz. Bost egun geroago, Iruñeko San Jose hilerrian ehortzi zuten. 1909ko abuztuaren 24an, Ramon Carmona Urrutiak egindako mausoleora eraman zituzten gorpuzkinak.[8]
Konposizioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Roxana Pavel Goldsteinek eta Elias Goldsteinek (biolinak) interpretatua, Cliff Colnotek zuzendutako Depaul Symphony orketrarekin
|
|
Arazoak fitxategi hauek entzuteko? Ikus multimedia laguntza. |
Opus | Konposizioa | Instrumentazioa |
---|---|---|
— | Fantasia capriccio | Biolina eta pianoa |
— | Souvenir de Faust | Biolina eta pianoa |
1 | La forza del destino-ren gaineko fantasia | Biolina eta pianoa |
2 | Omenaldia Rossiniriri | Biolina eta pianoa |
3 | La dame blanche de Boieldieu | Biolina eta orkestra |
4 | Réverie ("Ameskeria") | Biolina eta pianoa |
5 | Roméo et Juliette-ren gaineko fantasia | Biolina eta pianoa |
6 | Mireilleren gaineko kapritxoa | Biolina eta pianoa |
7 | Confidences | Biolina eta pianoa |
8 | Souvenir de Domont ("Domonten oroitzapena") | Biolina eta pianoa |
9 | Les adieux ("Agurrak") | Biolina eta pianoa |
10 | Sérénade andalouse ("Andaluziako serenata") | Biolina eta pianoa |
11 | Le sommeil | Biolina eta pianoa |
12 | Moscovienne ("Moskukoa") | Biolina eta pianoa |
13 | Faust-en gaineko fantasia berria | Biolina eta orkestra |
14 | Der Freischütz-en gaineko fantasia | Biolina eta orkestra |
15 | Mosaíque de Zampa ("Zamparen mosaikoa") | Biolina eta pianoa |
16 | Mignon-en gaineko gabota | Biolina eta pianoa |
17 | Prière et Berceuse | Biolina eta pianoa |
18 | Airs espagnols ("Espainiar aireak") | Biolina eta pianoa |
19 | Martha-ren gaineko fantasia | Biolina eta pianoa |
20 | Zigeunerweisen ("Buhame aireak") | Biolin eta orkestra |
21 | Malagueña y Habanera | Biolina eta pianoa |
22 | Romanza andaluza y jota navarra ("Andaluziako erromantza eta Nafarroako jota") | Biolina eta pianoa |
23 | Playera y zapateado | Biolina eta pianoa |
24 | Caprice Basque ("Euskal kapritxoa") | Biolina eta pianoa |
25 | Fantasía sobre Carmen ("Carmenen gaineko fantasia") | Biolin eta orkestra |
26 | Vito y habanera | Biolina eta pianoa |
27 | Jota aragonesa ("Aragoiko jota") | Biolina eta pianoa |
28 | Serenata andaluza ("Andaluziako serenata") | Biolina eta pianoa |
29 | El canto del ruiseñor ("Urretxindorraren kantua") | Biolin eta orkestra |
30 | Bolero | Biolina eta pianoa |
31 | Balada | Biolina eta pianoa |
32 | Muñeira | Biolina eta orkestra |
33 | Navarra ("Nafarroa") | Biolina eta orkestra |
34 | Airs Écossais ("Eskoziako aireak") | Biolina eta orkestra |
35 | Peteneras, caprice espagnol | Biolina eta pianoa |
36 | Jota de San Fermín ("San Ferminen jota") | Biolina eta pianoa |
37 | Zortzico Adiós montañas mías ("Agur ene mendiok" zortzikoa) | Biolina eta pianoa |
38 | Viva Sevilla! ("Gora Sevilla!") | Biolina eta orkestra |
39 | Zortzico de Iparragirre ("Iparragirreren zortzikoa") | Biolina eta pianoa |
40 | Introduction et fandango varié | Biolina eta pianoa |
41 | Introduction et caprice-jota ("Sarrera eta kapritxo-jota") | Biolina eta orkestra |
42 | Zortzico Miramar ("Miramar zortzikoa") | Biolina eta orkestra |
43 | Introduction et tarantelle ("Sarrera eta tarantela") | Biolina eta orkestra |
44 | La chase ("Ehiza") | Biolina eta orkestra |
45 | Nocturno — Serenata ("Nokturnoa - Serenata") | Biolina eta orkestra |
46 | Gondoliéra Veneziana ("Veneziako gondolaria") | Biolina eta pianoa |
47 | Melodía rumana ("Errumaniako melodia") | Biolina eta pianoa |
48 | L'Esprit Follet ("Izpiritu zoroa") | Biolina eta orkestra |
49 | Canciones rusas ("Errusiako abestiak") | Biolina eta orkestra |
50 | Jota de Pamplona ("Iruñeko jota") | Biolina eta orkestra |
51 | Don Giovanni-ren gaineko fantasia | Biolina eta pianoa |
52 | Jota de Pablo ("Pabloren jota") | Biolina eta orkestra |
53 | Le Rève | Biolina eta pianoa |
54 | Die Zauberflöte-ren gaineko fantasia | Biolina eta orkestra |
Sari ohoregarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Karlos III.aren Ordenako zalduna (1861)
- Elisabet Katolikoaren Ordenako komendadorea (1880)
- Frederiko Würtembergekoaren Ordenako Lehen mailako Gurutzea (1882)
- Mecklenburg-Schweringo Merezimenduaren Domina (1882)
- Londresko Royal Philharmonic Societyko ohorezko kidea (1884)[7]
- Elisabet Katolikoaren Ordenako Gurutzea (1886)[7]
- Ohorezko Legioaren zalduna (1892)[7]
- Alberto Saxoniakoaren Ordenako Lehen mailako Gurutzea (1893)
- Leopoldoren Ordenako zalduna (1895)
- Iruñeko seme kutuna (1902)[7]
- Alfontso XII.aren Ordenako Gurutze Handia (1907)[9]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Pablo Sarasate biolin jotzailea Biarritzen hil zen 1908ko irailaren 20an. euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-19).
- ↑ Pablo Sarasate museoa. visitnavarra.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-19).
- ↑ San Millan, Pello. Sarasate ta Baztan. baztangohaizegoa.wordpress.com (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
- ↑ a b c Sesma Urzaiz, Fernando. Pablo Sarasate naiz. Nafarroako Gobernua, educacion.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
- ↑ Arozamena Ayala, Ainhoa, Sánchez Ekiza, Karlos. Sarasate Navascués, Pablo Martín Melitón. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2022, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
- ↑ a b c d e f Pablo Sarasate. pamplonaescultura.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
- ↑ a b c d e f g h i j k Nagore Ferrer, Maria. Pablo Sarasate, el violín de Europa. Príncipe de Viana, ISSN 0032-8472, 70. urtea, 248. zenbakia, 2009, 527-551. orrialdeak, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-21).
- ↑ Altadill Torronteras, Julio. Mausoleo de Pablo Sarasate en el cementerio municipal de Pamplona. navarra.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-23).
- ↑ Martinez Soto, Pilar. Sarasate: catalizador de la vida musical en Pamplona. Príncipe de Viana, 248. zenbakia, 2009, navarra.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-26).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Pablo Sarasate, pamplonaescultura.es