Erwin Schrödinger
Erwin Rudolf Josef Alexander Schrödinger (Viena, Austria, 1887ko abuztuaren 12a - Viena, Austria, 1961eko urtarrilaren 4a) irlandar bertakotutako autriar fisikari eta filosofoa izan zen. Mekanika kuantikoan egindako ekarpenengatik da ospetsua, bereziki Schrödingerren ekuazioarengatik[1]. Ekuazio horrengatik, Fisikako Nobel Saria jaso zuen, Paul Dirac-kin batera, 1933an[2]. 1935ean, Albert Einsteinekin gutun ugari partekatu ondoren, Schrödingerren katua izenaz ezaguna den esperimentua proposatu zuen, fisika kuantikoak eragiten zituen paradoxak eta galderak erakusten zituena[3].
Bizitza
aldatuHaurtzaro eta gaztaroa
aldatuSchrödinger Vienatik gertu dagoen Erdberg herrian jaio zen 1887an, Rudolf Schrödinger eta Georgine Emilia Brenda gurasoengandik, eta familia aberats bateko semea zen. Tutore pribatu batek eta aitak hezi zuten. 1898an, Akademisches Gymnasium-en sartu zen, germaniar esparru orokorreko irakaskuntza ertaineko erakunde ospetsuenetakoa, Vienako Unibertsitatera joan aurretik. 1906 eta 1910 urteen artean, Schrödingerrek Vienan ikasi zuen, Franz Serafin Exner eta Friedrich Hasenöhrl-en ikasketak jasoz; lan esperimentalak ere egin zituen, Friedrich Kohlrauschekin elkarlanean. 1910ean eskuratu zuen doktoregoa, eta, ondoren, unibertsitatean hasi zen lanean. 1911n, Schrödinger Exner-en laguntzaile bihurtu zen[4].
Ibilbide zientifikoaren hastapenak (1911-1921)
aldatu1911ko urrian, Austriako armadan urtebete soldadutzan eman ondoren, Schrödinger bere antzinako fisika institutura itzuli zen Exnerren laguntzaile gisa. Fisika klaseak eman zituen, eta Exnerren laborategian egindako esperimentuetan parte hartu zuen. 1913an, Schrödingerrek «privdozent» (irakasle pribatu) kargua eskatu zuen, eta, beharrezko baldintzak bete ondoren (artikulu zientifiko bat argitaratzea, eskola magistralak ematea...), 1914ko hasieran, Ministerioak eskaera onartu eta gaikuntza eman zion. Lehen Mundu Gerrak atzeratu egin zuen Schrödingerren karrera pedagogikoaren hasiera[5]. Fisikari gaztea artilleriako ofizial gisa aritu zen Austria hego-ekialdeko fronteko gune baketsu samarretan, Raibl, Komarom eta Proseccon, Trieste eskualdean. 1917an, Wiener Neustadt-eko ofizialen akademian, meteorologia irakasle izatera iritsi zen. Bere ordutegiek denbora dezente uzten ziotenez, bibliografia profesionala irakurri, eta arazo zientifikoetan lan egin zuen[6].
1918ko azaroan, Schrödinger Vienara itzuli zen. Handik gutxira, Txernivtsiko unibertsitateko fisika teorikoko katedra betetzeko eskaintza jaso zuen. Austria-Hungariako Inperioa kolapsatu ondoren, Txernivtsi beste herrialde batean geratu zen, eta eskaintza baztertu zuen. Egoera ekonomiko zailak, soldata eskasak eta familia negozioaren porrotak beste lan bat bilatzera behartu zuten, baita atzerrian ere. Aukera bat sortu zitzaion 1919an, Max Wienek, Jenako Unibertsitateko Fisika Institutuko buruak, fisika teorikoko irakasle laguntzaile izateko gonbita egin zionean. Austriarrak bihotz-bihotzez onartu zuen eskaintza, eta, 1920ko apirilean, Jenara joan zen bizitzera, hilabete hartako 6an Annemarie Bertelekin ezkondu eta berehala. Hala ere, lau hilabete besterik ez zuen egin, irailean Stuttgart-era joan baitzen hiriko Goi Eskola Teknikoko fisika irakasle izateko (gaur egun Stuttgarteko Unibertsitatea). Momentuko inflazioa handia izan arren, soldata igoera handia eskaini zioten. Hala ere, laster, beste erakunde batzuek baldintza hobeak eskaini zizkioten, baita fisika teorikoko katedradun kargua ere, Wrocław, Kiel, Hamburgo eta Vienako unibertsitateek barne. Schrödingerrek lehenengoaren alde egin zuen, eta Stuttgart utzi zuen urte erdi baten ondoren. Wrocławen udako denboraldian lan egin zuen, baina, azkenean, lana aldatu zuen berriro, oraingoan Zuricheko Unibertsitateko Fisika Teorikoko Departamentu ospetsuko buru izateko[5][4].
Zurich - Berlin (1921-1933)
aldatuSchrödinger 1921eko udan joan zen Zurichera bizitzera. Suitzako bizimodua egonkorragoa egin zitzaion. Zientzialariak eskia eta mendizaletasuna praktikatu zituen mendietan, aisialdirako aukera asko eskaintzen baitzituzten. Peter Debye, Paul Scherrer eta Hermann Weyl-ekin izandako harremanek, Zuricheko Politeknikoan lan egiten baitzuten, Schrödingerren sormen zientifikoa bultzatu zuten[7]. Zurichen eman zuen denbora, gaixotasun larri batek ilundu zuen 1921ean eta 1922an. Tuberkulosia diagnostikatu zioten, eta bederatzi hilabete eman behar izan zituen Arosan, Suitzako Alpeetan, sendatzen[8]. Sormenari dagokionez, Zuricheko urteak izan ziren emankorrenak, eta Schrödingerrek uhin-mekanikoari buruzko bere obra klasikoa idatzi zuen. Jakina da Weylek asko lagundu ziola zailtasun matematikoak ebazten[9].
1926an, bere eredu atomiko kuantiko ez-erlatibista proposatu zuen. Eredu horretan, hasiera batean, elektroiak materiazko uhin geldikor gisa ikusten ziren, eta uhin horren anplitudea azkar jaisten zen erradio atomikoa gainditzean. Urte horretan, «Quantisierung als Eigenwertproblem»[10] izeneko artikulua argitaratu zuen Annalen der Physik[11] aldizkari entzutetsuan, Schrödingerren ekuazio bihurtuko zen uhin-mekanikoaren bektore propioen arazoaren kuantizazioari buruz.
Schrödinger Berlingo Unibertsitateko fisika teorikoko katedradun kargua hartzeko hautagai nagusietako bat izan zen, bere lan berritzaileak sortu zuen ospeari esker, izan ere, Max Planckek dimisioa eman eta gero kargua hutsik geratu baitzen. Arnold Sommerfeldek ezezkoa eman ondoren eta Zurich uztea merezi ote zuen zalantzak gaindituta, Schrödinger eskaintza onartu, eta kargu berrian hasi zen lanean 1927ko urrian.
Berlinen, fisikari austriarrak lagunak eta aliatuak aurkitu zituen, mekanika kuantikoaren inguruan zuen ikuspegi kontserbadorearekin bat egiten zutenak eta Kopenhageko interpretazioa onartzen ez zutenak, hala nola Max Planck, Albert Einstein eta Max von Laue. Unibertsitatean, Schrödingerrek fisikako hainbat diziplinatako klaseak eman zituen; mintegiak antolatu eta fisikako solasaldiak moderatu zituen, baina, oro har, ez zuen arreta handirik pizten, eta hori argi zegoen, ikasle gutxi baitzituen. Victor Weisskopf, hala, Schrödingerren laguntzaile izan zen denbora batez, eta, haren hitzetan, Erwinek «kanpotar papera egiten zuen unibertsitatean»[12].
1927an bertan, V. Solvay Kongresuan egon zen, Bruselako Unibertsitate Askean garatu zen nukleo atomikoaren egitura eta propietateei buruzkoa.
Oxford - Graz - Gante (1933-1939)
aldatuSchrödingerrek honela deskribatu zuen Berlinen igarotako denbora: «Irakatsi eta ikasi nituen urte zoragarriak»[12]. Aldi hori, 1933an amaitu zen, Hitler boterera iristearekin batera. Schrödingerri ez zen batere ados nazismoarekin, baina ez zuen inoiz jendaurrean adierazi, politikan ez inplikatzeko. Hala ere, garai hartan, ia ezinezkoa zen Alemanian apolitiko irautea.
Erregimen antisemita baten agintepean ez irauteko, Alemania uztea erabaki zuen. Schrödingerrek berak azaldu zuenez, «ezin dut sufritu politikariek ni estutzea». Frederick Lindemann fisikari britainiarra (geroago Lord Cherwell izango zena), Alemanian bisitan zegoen, eta Oxfordeko Unibertsitateko Magdalen Collegera joateko gonbita egin zion[13]. Erwin eta emaztea Hego Tirolera atera ziren oporretan, eta, handik, zuzenean, Oxfordera joan ziren[14]. Iritsi eta gutxira, Paul Diracekin batera Fisikako Nobel Saria irabazi zuela jakin zuen, «teoria atomikoaren ekoizpen-forma berriak aurkitzeagatik»[15][16].
Parada horretarako idatzitako autobiografian, Schrödingerrek honela laburbiltzen zuen bere pentsamoldea:
« | Nire ikerketa lanean eta bizitzan, oro har, ez dut inoiz pentsamenduarekiko konpromisorik hartu nagusitu nahian, eta ez diet aspaldi ezarritako iritziei jarraitu. Kosta egiten zait taldean lan egitea, baita ikasleekin ere, zoritxarrez, nahiz eta nire lana ez den inoiz erabat independentea izan, gai batean dudan interesa besteren batek erakusten duen interesaren araberakoa baita. Ez dut lehenengo hitza esaten, azkenekoa baizik, nire motibazioa protesta egiteko edo arazoak konpontzeko gogoa izaten baita... | » |
Erwin Schrödinger |
Oxfordeko Magdalen Collegen zuen karguak ez zekarren irakasle lanik. Beste atzerritar batzuek bezala, Imperial Chemical Industries-etik jasotzen zuen dirua. Hala ere, ez zen inoiz ohitu Ingalaterrako unibertsitate zaharrenetako baten izaera berezira. Arrazoietako bat zen Oxfordek batez ere letretan eta teologian jartzen zuela arreta, fisika teorikoarekiko interes gutxirekin, eta horrek deseroso sentiarazten zuen zientzialaria bere goi kargu eta soldata handiarekin, batzuetan limosna bat hartzen ari zela iruditzen baitzitzaion. Gustatzen ez zitzaion beste alderdi bat bizitza publikoa zen; bere ustez, askatasuna mugatzen zion konbentzio eta formalitatez betetako gizarteak. Egoera are konplikatuagoa zen bere bizitza pertsonal eta familiar ez-konbentzionalagatik (bi emakumerekin bizi zen), Oxfordeko zirkulu erlijiosoetan eskandalua eragin zuena. Bereziki, Schrödingerrek gatazka mingotsa izan zuen Clive Staples Lewis ingeles eta literatura katedradunarekin. Arazo horiek guztiek, 1936ko hasieran zientzialari etorkinentzako diru-laguntzen amaierarekin batera, Schrödinger hainbat aukera aztertzera behartu zuten, bere ibilbidea Oxfordetik kanpo jarraitzeko.
1934an, Princetongo Unibertsitatean irakurletza bat egin zuen, eta, bertan, onartu ez zuen plaza iraunkor bat proposatu zioten. Edinburgheko Unibertsitatera joatekotan egon zen, baina bere bisa iraungi egin zen, eta, 1936an, Grazeko Unibertsitatean (Austria) Fisika Teorikoko katedradun kargua onartu zuen[17].
Schrödingerrek bere sorterrian egindako egonaldia ez zuen luze iraun. 1938ko martxoan, Anschluss edo Alemania naziak Austria anexionatu zuen. Schrödinger arazoak izaten hasi zen 1933an Berlindik ihes egin zuelako eta nazismoaren aurkako jarrera politikoak zituelako. Horregatik, unibertsitateko errektorearen aholkuei jarraituz, hasiera batean, idatzi bat argitaratu zuen Tagesposten nazismoaren aurkako jarrerari buruz (gero egin izanaz damutu egingo zen, Einsteini aitortu zion bezala), eta horrek kritika basatiak ekarri zizkion bere lankide erbesteratuen aldetik[18]. Gertaera hori, hala ere, ez zen nahikoa izan naziek iraina ahazteko, eta unibertsitateak kargutik kendu zuen fidagarritasun politikorik ez zuelako. Jazarpena jasan zuen, eta Austria ez uzteko aginduak jaso zituen. Schrödinger, indarrez gelditu beharko zen beldurrez, Austriatik Erromarantz abiatu zen bizkor (garai hartan, Italia faxista zen Hirugarren Reicheko hiritarrek bisaturik gabe bidaiatu zezaketen herrialde bakarra). Ordurako, Éamon de Valera Irlandako lehen ministroarekin, zeina matematikaria baitzen, harreman bat landua zuen, eta hark Princetongo Ikasketa Aurreratuen Institutuaren antzeko bat Dublinen ezartzea pentsatu zuen[19].
Erromatik Oxfordeko Unibertsitatera eta Gantekora joan zen.
Dublín - Viena (1939-1961)
aldatu1940an jaso zuen Éamon de Valera taoiseach-ak (lehen ministroa) sustatutako Dublin Institute for Advanced Studies (Ikasketa Aurreratuen Irlandako Institutua) sortzen laguntzeko gonbidapena. Irlandara joan, eta Dublinen finkatu zen, Clontarfeko auzoan, eta School for Theoretical Physics-eko (Fisika Teorikoaren Eskola) zuzendari izendatu zuten. 17 urte egon zen Irlandan, eta Irlandako herritartasuna hartu zuen. Dublingo egonaldian, 50 argitalpen baino gehiago idatzi zituen hainbat gairi buruz, biologiatik (What is life, 1944), zientziaren historiaraino (Nature and the Greeks, 1954), oinarrizko indar guztien teoria bateratu batera egindako hurbilketetatik pasatuz. (batzuetan, guztiaren teoria izenpean ezagutua) (Space-Time Structure, 1950)[20][21].
Schrödinger Dublinen bizi izan zen 1955ean; erretiroa hartu zuen arte. Egonaldian, zenbait emakumerekin harremanak izaten jarraitu zuen, baita zenbait ikaslerekin ere. Harreman horiek eskandalagarritzat hartzen ziren, eta bi alaba izan zituen. 1956an, Vienara itzuli zen. Bere bizitzako azken urteak fisika matematikoan, erlatibitate orokorrean eta osotasunaren teorian eman zituen; baina bere azken liburua, Meine Weltansicht (Nire mundu ikuskera), 1961ekoa, metafisikaz zuen ikuspegiari eskaini zion.
Schrödinger 1961eko urtarrilaren 4an hil zen, Vienan, 73 urte zituela eta tuberkulosiak jota, eta Alpbach herrian lurperatu zuten, Tirolen.
Kronologia
aldatu- 1920tik aurrera, aldi laburrak eman zituen Jenan, Stuttgarten, Breslaun eta Zurichen ikasten. Lanean hasita, artikulu sail bat argitaratu zuen 1926an, uhin mekanikaren fundatzaile izan zirenak. Horren ondorioz, Max Plancken lekua hartu zuen Fisika Teorikoko irakasle postuan, Berlinen (1927), baina nahiago izan zuen lanpostu hori utzi Hitlerrek aginpidea hartu zuenean, 1933an. Oxforda joan zen, baina, aberri minez, Graza itzuli zen 1936an.
- 1934 Princetongo Unibertsitatean elkartu gisa.
- 1936 Grazeko Unibertsitatea, Austria.
- 1938 Alemanak Austrian sartu zirenean (1938), heriotzaren mehatxupean, ihes egin behar izan zuen; Dublinen hartu zituen bizilekua eta lanpostua Ikasketa Aurreratuetako Institutuan, Éamon de Valera irlandar lehen ministroak, oso matematikazaleak, Schrödingerrentzat sortu zuena. Eiren zorionezko hamazazpi urte eman ondoren, Vienako Unibertsitatera joan zen irakasle, uko egina baitzion hara itzultzeari harik eta sobietarrek alde egin arte. Baina iritsi, eta, berehala, gaixotu zen, eta ez zen inoiz erabat sendatu.
- 1944 Zer da bizitza? (Kode genetikoaren kontzeptua, negentropia).
- Dublinen, erretiroa hartu arte.
- 1955 Vienara itzultzen da (plaza ad personam). Munduko Energia Konferentzian esandako konferentzia garrantzitsu batean, energia atomikoari buruz hitz egiteari uko egin zion, gaiari buruz eszeptikoa delako. Horren ordez, filosofiari buruzko hitzaldi bat eman zuen.
1961ean, Vienan hil zen 73 urte zituela, tuberkulosiak jota. Anny alargunak bizirik iraun zuen. Alpbachen (Austria) lurperatu zuten[22].
Zer da bizitza?
aldatu1944an, Zer da bizitza? (What is life?)[23] izeneko liburutxo bat argitaratu zuen, ingelesez, dibulgaziozko hitzaldi batzuen emaitza zena. Obra txiki horrek eragin handia izan du biologiaren ondorengo garapenean. Funtsezko bi ideia eman zituen:
- Lehenik, bizitza ez dela termodinamikaren legeetatik kanpo eta ez diela kontra egiten, aitzitik, sistema biologikoek beren konplexutasuna kontserbatzen edo zabaltzen dutela, beren prozesuek sortzen duten entropia esportatuz (ikus negentropia).
- Bigarrenik, herentzia biologikoaren kimika (azido nukleikoekiko edo proteinekiko mendekotasuna argi ez zegoen unean) «kristal aperiodiko» batean oinarritu behar da, kristal bati eskatzen zaion periodikotasuna kontrastatuz nahitaez irregularra den informazioa kodetzeko gai den sekuentzia baten beharrarekin. James Watsonen memorien arabera, DNA, The Secret of Life, Schrödingerren 1944ko What is Life? liburuan inspiratu zen geneak aztertzeko, eta horrek DNAren helize bikoitzeko egituraren aurkikuntzara eraman zuen[24].
Ikerketa zientifikoa
aldatu1926an, Schrödingerren ekuazio ospetsua formulatu zuen[25]. Werner Heisenbergen «Matrizenmechanik» (mekanika matriziala) baino beranduxeago iritsi arren, mekanika kuantikoaren oinarrietako bat da. Schrödingerrek ekuazio diferentzialak erabili zituen sistema fisiko baten egoera kuantikoa denboran zehar nola aldatzen den deskribatzeko. Ekarpen horrek mundu mailako ospea eman zion, eta 1933ko Fisikako Nobel Saria eman zioten (Paul Dirac fisikari britainiarrarekin batera)[26][27]. Annalen der Physik zientzia-aldizkarian argitaratutako artikulu-serie ospetsu batean, Schrödingerrek frogatu zuen bere formulazioaren eta Heisenberg, Born eta Pascual Jordanen matrize-mekanikaren arteko baliokidetasuna.
1935ean, Albert Einstein adiskidearekin gutun ugari partekatu ondoren, Schrödingerren katua izenez ezagutzen den esperimentu mentala argitaratzea proposatu zuen, Kopenhagek mekanika kuantikoaren interpretazioak (eskala makroskopikoan fenomenoen deskribapenari aplikatzen saiatzean) zituen arazoak argitzeko asmoz[28].
Schrödingerrek ekarpen garrantzitsuak egin zituen kolorearen alorrean. Ernst Machen lanak kolorearen ikuskeraren edo pertzepzioaren teoriara ekarri zuen, eta, alor horretan, aditu ezaguna izatera iritsi zen. Kolorimetria-azterketak ere egin zituen, eta Nazioarteko Argiztapen Batzordeko CIE 1931 (CIE XYZ) modeloaren kolore-espazioak aztertu zituen[29]. Koloreen batuketak batuketa bektorialaren arauei jarraitzen dienez, koloreak bektore gisa irudikatu zituen[30].
Fisikako lanak
aldatuSchrödinger 1924an argitaratutako Louis de Broglieren ideien ondorioak lantzen hasi zen. Broglieren ideia horien arabera, partikula orok badu uhin bat berari lotua, eta partikula eta uhin izate bikoitzaren ondorio dira partikula horren ezaugarriak. Schrödinger eta Broglie, biak, konturatu ziren ekuazio diferentzial partzial batek —ehun ekuazio izenekoak— deskriba zezakeela partikula baten mugimendua, eta mota horretako ekuazio bat prestatu zuten. Uhin funtzioa bakarrik kontuan hartze horrek Bohrren quantum teoria zaharraren arazoak saihesten zituen, baina praktikan zaila zen aplikatzea. Schrödingerrek, orduan, partikulen mugimendua deskribatzen zuen Hamiltonen metodoa baliatu zuen, eta uhin gisa berridatzi zuen; halaxe sortu zuen Schrödingerren ekuazioa. Aurreko ekuazioek ez bezala, honek ez ditu kontuan hartzen erlatibitatearen ondorioak, baina askoz errazagoa da ikusten (nukleoaren inguruan dauden uhintzat) eta, orobat, benetako egoeretan aplikatzen.
Hidrogeno atomoari aplikatzen zaionean, ekuazioak atomo bateko elektroi baten energia maila zuzenak ematen ditu, Niels Bohrren atomo ereduaren ad hoc suposiziorik gabe. Energia maila horiek esperimentalki neurtu ziren, hidrogenoaren espektroan ikusiriko lerroak erabiliz horretarako. Lorpen horrengatik, 1933an, Fisikako Nobel Saria jaso zuen, Paul Diracekin batera.
Schrödingerren teoriari, uhinen mekanika deitu zitzaion (1926), eta, Diracek frogatu zuenez, matrizeen mekanikaren baliokide zen, zeina 1925ean Born, Jordan eta Heisenbergek formulatu zuten. Teoria osatu hori —Wolfgang Pauliren esklusio hastapenarekin batera— erabili zuen Diracek mekanika kuantikoa urte bukaerarako ia osorik prestatzeko.
Mekanika kuantikoak aurreikuspen ahalmen handia zuen, eta egoki deskribatzen zituen ordu arte ezin azaldu izan ziren puntu batzuk, baina Schrödingerrek arazo zail bat ikusten zion. Uhin funtzioa partikulari (adibidez, elektroiari) lotzea, zaila da. Bornek azalpen bat eman zuen aditzera, gaur egun onartua: partikula puntu horretan aurkitzeko probabilitatea deskribatzen duela uhinaren anplitudeak. Schrödinger, Broglie eta Einstein bezala, ez zegoen horrekin ados, eta elkarrekin aritu ziren argudioak lantzen probabilitateen quantum mekanika baten kontra. Borneen ikusmoldeak gertaera bat bestearen atzetik etortzeko probabilitate hutsa deskribatzera kondenatzen du fisika, eta, beraz, fisika ez litzateke gai izango kausa eta ondorioaren aurreikuspen zehatza egiteko, teoria klasikoek egin behar duten gisa.
Schrödinger oso gizon irekia eta lasaia zen, eta, hori zela-eta, bere lankide eta ikasleek asko estimatzen zuten; bizitza osoan bidaiatu zuen mendiko botak jantzita eta motxilarekin, eta, horregatik, arazoak izaten zituen Nobel saridunen Solvay bileretan sartzeko.
Aitorpenak
aldatu- 1933an, Fisikako Nobel Saria jaso zuen.
- 1937an, Max Planck Domina jaso zuen.
- 1949an, Londresko Royal Society-n sartu zen (kide gisa).
- 1983an, Schrödingerri eskainitako 1.000 txelineko diru-papera jaulki zuen Austriako Bankuak.
- Bere omenez, Schrödinger asteroidea (13092) bere abizenarekin bataiatu zen, 1992ko irailaren 24an Freimut Börngen eta Lutz D. Schmadelek aurkitutakoa[31].
- Schrödinger ilargi-kraterrak izen hori darama bere oroimenean[32].
- 1999an, Austriako Zientzien Akademiak Erwin Schrödinger Saria (Erwin-Schrödinger-Preis) sortu zuen.
Ondarea
aldatuSchrödingerren katuak planteatzen dituen arazo filosofikoak oraindik ere eztabaidatzen dira. Esperimentu mental hori bere ekarpen iraunkorrena bihurtu da herri-zientzian, Schrödingerren ekuazioa, berriz, bere ekarpen iraunkorrena da esparru teknikoago batean. 1993an, Erwin Schrödinger Fisika Matematikoko Nazioarteko Institutua sortu zen Vienan[erreferentzia behar].
Ilargian, Schrödinger kraterrak bere abizena jaso zuen bere omenez.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Ingelesez) Jeremy Bernstein. (4-18-2017). «Erwin Schrödinger» Encyclopedia Britannica.
- ↑ (Ingelesez) «Erwin Schrödinger - Biographical» Nobelprize.org.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Erwin Schrödinger 1887-1961» Astronoo 1 de junio de 2013.
- ↑ a b Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan:
ez da testurik eman
:0
izeneko erreferentziarako - ↑ a b (Ingelesez) D. Hoffman. Erwin Schrödinger. , 18—31 or..
- ↑ (Ingelesez) J. Mehra.. Erwin Schrödinger and the Rise of Wave Mechanics. , 724 or..
- ↑ (Ingelesez) D. Hoffman. Erwin Schrödinger. , 32—36 or..
- ↑ (Ingelesez) W. J. Moore. (1994). A Life of Erwin Schrödinger. Cambridge: University Press, 108—109 or..
- ↑ (Ingelesez) D. Hoffman. Erwin Schrödinger. , 37—50 or..
- ↑ E. Schrödinger, Quantisierung als Eigenwertproblem. Annalen der Physik, Número 79, Primera parte, página 361; Segunda parte, página 489; Número 81, Tercera parte, página 109; Leipzig, 1926. Disponible en Primera parte y en Segunda parte, Tercera parte (en alemán)
- ↑ Annalen der Physik (1799tik 1930era Frantziako Liburutegi Nazionalak digitalizatutako bertsioa eskuragarri). .
- ↑ a b (Ingelesez) D. Hoffman. Erwin Schrödinger. , 51—59 or..
- ↑ (Ingelesez) «Dr Erwin Schrödinger» Magdalen College (Oxford).
- ↑ (Ingelesez) D. Hoffman. Erwin Schrödinger. , 60—67 or..
- ↑ (Katalanez) «Erwin Schrödinger» L'Enciclopèdia.cat. Bartzelona: Grup Enciclopèdia Catalana http://www.enciclopedia.cat/EC-GEC-0061434.xml.
- ↑ (Ingelesez) «Erwin Schrödinger» Nobel Sariaren Batzordearen webgune ofizialaren informazioa (Nobelprize.org).
- ↑ (Ingelesez) P. K. Hoch, E. J. Yoxen. (1987). «Schrödinger at Oxford: A hypothetical national cultural synthesis which failed» Annals of Science 44: 593?616..
- ↑ (Ingelesez) W. J. Moore. A Life of Erwin Schrödinger. , 240 or..
- ↑ Arnau, Juan. (6 de agosto de 2021). Erwin Schrödinger, la vibración universal. Babelia, El País.
- ↑ Schrödinger, E.. (1950). Space-Time Structure. Cambridge Univ. Press.
- ↑ The General Unitary Theory of the Physical Fields. Proceedings of the Royal Irish Academy, 49 A, (1943), pág. 43-58 .
- ↑ (Ingelesez) «Erwin Schrodinger The Founder of Quantum Wave Mechanics» Vigyan Prasar Science Portal.
- ↑ (Ingelesez) Erwin Schrödinger. What is life?. opensource ISBN 9788472236073.. (Texto completo accesible)
- ↑ (Ingelesez) Matthew Jebb. «What is Life? by Erwin Schrödinger» National Botanic Gardens of Ireland.
- ↑ (Katalanez) «Equació de Schrödinger» L'Enciclopèdia.cat. Bartzelona: Grup Enciclopèdia Catalana http://www.enciclopedia.cat/EC-GEC-0061433.xml.
- ↑ E. Schrödinger, Quantisierung als Eigenwertproblem. Annalen der Physik, Número 79, Primera parte, página 361; Segunda parte, página 489; Número 81, Tercera parte, página 109; Leipzig, 1926. Disponible en Primera parte y en Segunda parte, Tercera parte (en alemán)
- ↑ E. Schrödinger, Über das Verhältnis der Heisenberg-Borne-Jordanschen Quantenmechanik zu der meinen, Annalen der Physik, Número 79, página 734, Leipzig, 1926. Disponible en Über das Verhältnis der Heisenberg-Borne-Jordanschen Quantenmechanik zu der meinen (en alemán)
- ↑ (Katalanez) «Paradoxa del gat de Schrödinger» L'Enciclopèdia.cat. Bartzelona: Grup Enciclopèdia Catalana http://www.enciclopedia.cat/EC-GEC-0517753.xml.
- ↑ W. Heisenberg: Erwin Schrödinger. Jahrbuch der Bayrischen Akademie der Wissenschaften 1961, 27-35 (en alemán)
- ↑ Erwin Schrödinger: Grundlinien einer Theorie der Farbmetrik im Tagessehen. In: Annalen der Physik, Heft IV, Jahrgang 63, 1920, S. 397ff, S. 489 ff. (en alemán)
- ↑ (Ingelesez) Datos de la NASA (JPL Small-Body Database Browser). .
- ↑ "Schrödinger". Gazetteer of Planetary Nomenclature. USGS Astrogeology Research Program.
Bibliografia
aldatu- (Gaztelaniaz) Schrödinger, Erwin. (1926). «La Cuantizacion como un Problema de Eigenvalores (Quantisierung als Eigenwertproblem), Primera Comunicacion» Annalen der Physik 79: 361–376.. (Texto en español)
- (Gaztelaniaz) Schrödinger, Erwin. (1926). «La Cuantizacion como un Problema de Eigenvalores (Quantisierung als Eigenwertproblem), Segunda Comunicacion» Annalen der Physik 79: 489–527.. (Texto en español)
- Moore, Walter John. (1994). A Life of Erwin Schrödinger. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-46934-0..
- Schrödinger, E. (2008, 7ª ed). ¿Qué es la vida?. Trad. y notas de Ricardo Guerrero. Tusquets, Barcelona. Colección Metatemas.
- Schrödinger, E. (1947). ¿Qué es la vida?. Trad. de Greta Mayena. Espasa Calpe, Buenos Aires.
- Symonds, N. (1986). What is life?: Schrodinger's influence on biology. Quarterly Review of Biology, 61(2):221-6.
- Science and the human temperament Allen & Unwin (1935), traducido e introducido por James Murphy, con un prólogo de Ernest Rutherford
- Nature and the Greeks y Science and Humanism Cambridge University Press (1996) ISBN 0-521-57550-8.
- The interpretation of Quantum Mechanics Ox Bow Press (1995) ISBN 1-881987-09-4.
- Statistical Thermodynamics Dover Publications (1989) ISBN 0-486-66101-6.
- Schrödinger, life and thought. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-43767-7...
- Moore, Walter J. (2003). «A Life of Erwin Schrödinger» A Life of Erwin Schrödinger (Cambridge University Press) ISBN 0-521-46934-1. Bibcode: 1994les..book.....M...