Aro Garaikidea
Aro Garaikidea edo Gaur Egungo Aroa Historia banatzen den zatietako laugarrena da, Aro Modernoaren ondorengoa, Frantziako Iraultzan hasi eta gaur egun arte hedatzen dena. Aro Garaikidean aldaketa nabarmenak eta sakonak gertatu ziren aurreko aro historikoen aldean. Frantziako Iraultzak gobernarien eta gobernatuen artean bestelako erlazioak ekarri zituen, ideologia modernoak sortuz, eta Industria Iraultzak ekoizleen eta erosleen artean bestelako erlazio sozio-ekonomikoak sorrarazi ditu, kapitalismo modernoari bide emanez. Garaikide izena eztabaidagarria da, XVIII. mende amaierako eta XIX. mendeko gertakariak bizirik dagoen inork ez baititu zuzenean bizi izan, ez dira inoren garaikideak zentzu hertsian, baina hala ere egun aski zabaldua den hitza da.[1] Horrez gain, garaikide hitza euskaraz tradizioz izena izan denez, zenbaitzuek haren ordez gaur egungo erabiltzea hobetsi dute.[2]
Iraultzen Aroa (1789-1848)
aldatuIndustria Iraultza
aldatuIndustria Iraultza, XVIII. mendearen bukaeran Erresuma Batuan jaioa, egundoko aldaketa izan zen giza historian, eguneroko bizitzaren alderdi guztiak bestelakoak izanen baitziren harrez geroztik.
Zio ugarik azaltzen dute zer dela-eta jaio zen Industria Iraultza Erresuma Batuan. Alde batetik erakusten dute oro har nolakoa zen Europako ekonomia XVIII. mendean, eta, bestetik, ingelesen norabide berezia ekonomia, gizarte eta politika arloetan.[3] Ingalaterrako bereizgarrien artean honako hauek ditugu: itsasarmada handiena, mundu zeharkako sal-erosketak egin ahal izateko itsasoen gaineko kontrola eman ziona; zientziak eta teknikak garatzeko behar adina kapitala; banka sistema garatua; askatasuna barneko merkataritzan; kokapen egokia, Europako gerretatik at; feudalismoa desagertzear; legearen aurreko berdintasunaren doktrina; askatasun zibil eta erlijiosoaren balioak finkaturik; eta aldaketetara egokitzen zen aristokrazia.[4]
Aldaketaren motorra ehungintza, burdina ekoizteko tekniken garapena eta ikatzaren erabilera. Ondoren, aldaketak beste eremu batzuetara hedatu ziren. Ubide nabigagarri andana egitean, errepideak hobetzean eta (geroago) burdinbideak paratzean, merkataritza suspertu zen. [5] Ikatzen bitartez zebilen lurrun makina sartzeak ahalbidetu zuen industria ororen ekoizpena ikaragarri handitzea.
Baina industrian eta merkataritzan aldaketa horiek izan zitezen, demografia eta nekazaritza ere aldatu behar izan ziren. Izan ere, Europak 1750ean 140 milioi biztanle zituen, 1800ean 187 milioi, eta 1850ean 266 milioi. Jaiotzen tasak mantendu ziren, baina heriotzarenak jaitsi ziren hobekuntzak bizi baldintzetan zirela medio. Halaber, populazioaren igoerak hazkunde industriala areagotu zuen, langile eta kontsumitzaile franko ematen baitzituen. Nekazaritzari dagokionez, esan beharra dago emankortasuna izugarri handitu zela. Ingalaterran, garai honetan nekazaritzaren sistema tradizional irekitik (openfield) nekazaritza itxi batera iragan zen lege ugariren bitartez (enclosure acts).
Frantziako Iraultza
aldatuFrantziako Iraultza Antzinako Erregimenaren amaiera ekarri zuen ekimen historikoa izan zen. Harrez geroztik gizartearen eta politikaren eredua oso bestelakoa izan zen, bertan mundu garaikidearen hiztegia, alderdi politikoen programak eta ideak sortu baitziren.[6]
XVIII. mendeko autore ilustratuen ideiak oinarri hartuta, Frantziako krisialdi ekonomikoaren aurrean herrialdearen egitura politikoa aldatzen saiatu ziren iraultzaileak. Hastapenean monarkia konstituzioduna eratu nahi izan zuten Biltzar Nazionalaren bitartez: botereen banaketa, nazioaren burujabetza eta boto zentsitarioa ezarri zituzten. Antzinako Erregimena eraitsi eta Gizaki eta Herritarraren Eskubideen Aldarrikapena egin zuten.
Baina arazo ekonomiko eta politikoak zirela kausa, iraultza areagotu zen monarkiaren eta aristokraziaren kontrako sumina handitu ahala. Louis XVI.a erregea epaitu ondoren, exekutatu zuten, eta Errepublika deklaratu. Konbentzioarekin Iraultzaren eperik erradikalena etorri zen, Robespierreren eskutik. Bitartean, aldameneko herrialdeak Frantziaren aurka batu ziren, sortutako erregimen berriari erasotzeko eta desegiteko.
Alabaina, 1795etik aurrera, Direktorioarekin barneko egoera baretu zen burgesiak boterea eskuratuta. Urte horietan Napoleon Bonaparte militarra nabarmendu zen borroketan, zeinek 1799an estatu kolpe bat eman baitzuen boterea lortzeko.
Gerra
aldatuFrantzia eta Europako gainerako herrialdeen arteko gerra Iraultza garaian hasi bazen ere, Napoleon Bonaparteren agintaldian erpinera iritsi zen. Gerra hauek Europako armadak zeharo itxuraldatu zituzten, antolatzeko eta jokatzeko eredu berriak erabili baitziren. Izan ere, derrigorrezko errekrutatzeak hasi zirenez, gerrak maila ezezagunetan borrokatu ziren.
Lehenengo Koalizio handia Frantziako Iraultza geldiarazten saiatu bazen ere, gobernu iraultzaileak hartutako neurriei esker (derrigorrezko errekrutatzea -levée en masse-, armadaren eraberritzea eta guztizko gerra) frantziarrek garaitu zuten. Bigarren Koalizioaren garaipenen aurrean, Napoleon Bonapartek boterea hartu zuen estatu kolpe batean. Hark egindako erreformekin, frantziarrak fronte guztietan eskuratu zuten garaipena (Marengo eta Hohenlinden besteak beste).
Hala ere, Erresuma Batuaren aurkako gatazka 1803an berritu zen. Baina Trafalgarren porrotaren ondoren (1805eko urriaren 21ean) ezinezkoa izan zuen britainiarren itsasoko nagusitasunari aurre egin. Hortaz, 1806an Napoleonek uhartearekiko sal-erosketak debekatu zituen blokeo bat ezarriz, Erresuma Batuko ekonomia ito nahian. Hirugarren Koalizioa osatu zen Napoleonen aurka, baina Austerlitzen garaipen itzela erdietsi zuten frantziarrek austriarren eta errusiarren kontra (1805eko abenduaren 2an). Handik hilabete batzuetara Laugarren Koalizioa osatu zen. Oraingo honetan Napoleonek prusiarrak garaitu zituen Jenan (1806 urriaren 14an) eta errusiarrak Friedlanden (1807ko ekainaren 14an). 1808an Iberiar Penintsulako gerra hasi zen, espainiar matxinatuak frantziarren okupazioaren kontra altxatu ondoren.
Errusiarekiko hartu-emanak 1810ez geroztik gaiztotu zirenez, Napoleonek Errusia inbaditzea erabaki zuen 1812an. Armada itzela osatuta (Grande Armée), Mosku hartzera heldu zen Napoleon irailaren 14rako. Baina hiria hutsik topatutakoan, atzera egin behar izan zuten frantziarrek. Negu gorriaren ondorioak pairatu behar izanda, porrot ikaragarria izan zen, 210.000 lagun inguru galdu zituen eta. Baina Napoleon garaitzeko itxaropentsu, Europako zenbait estatu berriro elkartu ziren Seigarren Koalizioan. Frantziarrek garaipenak lortu zituzten Lützenen (1813ko maiatzaren 2an) eta Bautzenen (1813ko maiatzaren 20-21ean). Baina Iberiar Penintsulan borrokaren emaitza makurra zen Napoleonentzat, eta Gasteiz galdu ondoren (1813ko ekainaren 21ean) Pirinioz bestaldera egin behar izan zuen. Gainera, aliatuek armada erraldoia osatu zuten, eta Leipzigen, Nazio Guztien guduan, frantziarrak gailendu ahal izan zituzten. Napoleonek atzera egin behar izan zuen eta aliatuek Paris hartu zuten 1814ko martxoaren 30ean. Apirilaren 6an boterea utzi zuen Napoleonek. Elbako erbestetik itzulita, gobernua berriro osatu zuen 100 egunez, baina Waterlooko batailan erabateko eta azken porrota jaso zuten frantziarrek.
Horrenbeste urtetan borroka latzetan egon ostean, ondorioak ez ziren nolanahikoak izan. Germaniako Erromatar Inperio Santua desegin zen eta Espainia okupatuta zegoela Amerikako koloniak independentzia aldarrikatzen hasi ziren. Horrenbestez, Britainiar Inperioa munduko indarrik handiena izatekoa zen hurrengo mendean. Baina politika arloan ere nabaritu ziren gerren ondorioak. Okupatutako lurraldeetan Frantziako Iraultzako ideiak sartu ziren (demokrazia, botereen banaketa, pribilejioen akabera, etab.) eta Napoleondar Kodea oinarri zuten kode zibilak idatzi ziren. Erregeek nekez ezarri ahalko zuten lehengo sistema absolutista berriro abian.
Bakea
aldatuFrantziako Iraultza, gerra eta Inperio Sainduaren desagerpenaren ondoren, Europako botereen ordezkariak Vienan elkartu ziren Metternich printze austriarraren zuzendaritzapean kontinentearen mapa politikoa berriro marrazteko, batik bat Frantziako, Poloniako, Herbehereetako, Rhin Konfederazioko, Saxoniako eta Italiako mugei zegokienez. Horretarako Frantzia, Austria, Errusia eta Britainia Handiaren eraginpeko eremuak hartu ziren kontuan (tokian tokiko arazoen ordez), Europan botereen arteko oreka egon zedin.
Historiako lehenengo aldia zen kontinente osoko ordezkariak toki berean biltzen zirela itun bat hitzartzeko. Aurrekoetan, mandatarien bidez hiriburutik hiriburura egiten ziren. Herrialde askotako ordezkariek parte hartu bazuten ere, erabakiak Frantziak, Erresuma Batuak, Austriak eta Errusiak, eta batzuetan Prusiak ere, hartzen zituzten.
Vienako Batzarrean Europako nazioarteko aferetako oinarriak finkatu ziren, aldaketak aldaketa, Lehen Mundu Gerraraino (1914) iraun zutenak. Egia izanda ehun urtean Europako herrialdeak beste guztizko gerra egoera batean ez zirela berriro sartu, XIX. mendean zehar Vienako Batzarra maiseatu zuten haren ikuspuntu atzerakoia zela eta. Izan ere, mugimendu nazionalistak eta liberalak ez ziren kontuan hartu itunean, eta Frantziako Iraultzan sortutako askatasunak eta eskubide zibilak baztertu ziren Batzarraren osteko Europan.
Iraultzak
aldatuNapoleonen porrota eta Vienako Batzarrak ezarritako politika zela eta, Borboiak berrezarri ziren Frantziako tronuan Iraultzaren oihartzuna amatatu nahian. Erregimen berria, aldiz, monarkia konstituzioduna zen, ez aurrekoa bezala, absolutista, eta parlamentarismoaren hasi-masietan Iraultzako zenbait lorpen nola edo hala gorde ziren 1814ko Kartan. Izan ere, bokatzea onartu bazen ere, ez zen eskubide unibertsala izan, zentsiatarioa baizik eta erregeak botere handia zeukan oraindik bere esku.
Ezarritako Louis XVIII.a, halere, ordeztu zuen Charles X.a baino liberalagoa zen. Haren politika atzerakoiaren aurrean (donaustearen kontrako legea, esaterako), 1830eko uztailean matxinada errepublikazale bat piztu zen Parisen. Hiru eguneko kaleko istiluen ondoren, erregeak eta familiak alde egin zuten. Baina diputatu liberal gehienak monarkiaren aldekoak ziren. Hortaz, zalantzak gainditurik, monarkia konstituzioduna mantentzea, dinastita aldatuta ere, hobetsi zuten. Honela, Orleans etxeko Louis Philippe I.a frantziarren errege izendatu zuten. Erregimen berriaren asmoa 1831ko urtarrialren hitzaldi batean adierazi zuen erregeak:
« | Bidezko erdibidean (juste milieu) saiatuko gara geratzen, botere herrikoiaren gehiegikerietatik eta erregeen botereen nagusikerietatik aldenduta distantzia berean. | » |
Frantziako matxinadak eraginda, iraultza Europako beste toki batzuetara ere hedatu zen: Greziak eta Belgikak independentzia eskuratu zuten urte horretan, baina Poloniak, Errusiar Inperioaren kontra matxinatuta ere, ez zuen halakorik lortu.
Frantzian, edonola ere, Lois Philipperen erregealdia barrikadek ere amaiarazi zuten 1848ko otsailean, Bigarren Errepublika ezartzeko. Bozka unibertsala ezarrita, abenduaren 2an Louis Napoleon hautatu zuten presidente, batik bat landa lurraldeetako babesari esker.
Parisko istilu horiek eraginda, iraultza Europako beste tokietara hedatu zen, hainbatetan Herrien Udaberria deitu den olatuan. Austrian, Alemanian, Hungarian, Polonian, Italian eta Errumanian egon ziren istiluak liberalismo, nazionalismo eta sozialismo gisako ideien programak aldarrikatzeko, dagoeneko zabalduak erdi eta behe mailako klaseen artean.
Nazionalismoa
aldatuAro Garaikidean sortu zen nazionalismoa, jendea politikoki mugiarazteko indar nagusienetakoa, XIX. eta XX. mendeetan zehar ikusi zen bezala. Ernest Gellnerek industrializazioari egozten zion nazionalismoaren sorrera. Beste batzuetan prentsa idatzia, kapitalismoa edo hezkuntza publikoaren garapena aipatu dira.[8] Horren aurretik leialtasunak herriarekikoak baino erregearekikoak ziren.
XVIII. eta XIX. mendeetako Erromantizismopean, norberaren iragana eta herri xehearen zenbait ezaugarri -folklorea, ipuinak, hitzak, etab.- goraipatzen hasi ziren, eta amankomuneko ezaugarri horiek aldez aurretik nazio bat zegoela zekarten zenbaiten ustez, hala nola Herderren iritsiz alemaniarrek Volkgeist delakoa (herriaren izpiritua) zeukaten.
Aldi berean, Frantziako Iraultzan, nazioaren printzipioa sortu zen, herriek bere burua gobernatzeko eskubidea zeukatelakoan. Halaber, iraultzaileek "muga naturalak" aldarrikatzen zituzten herrialdeak finkatzekoa, hau da, Frantziaren kasuan Pirinioak eta Rhin ibaia. Iraultzak eta ondorengo Inperioak ekarri zuten gerrateetan, Fichtek Alemaniar nazioarentzako hitzaldia idatzi zuen (1807) alemaniarren alde. Bertan, belaunaldiz belaunaldi jaraunsten diren ezaugarriekin (hizkuntza, kultura, lurra, usadioa) lotu zuen nazio kontzeptua. Mazzini italiarrak, bere aldetik, uste zuen nazioak gizabanakoen borondatetik sortzen direla.
Ideia nazionalista horiek XIX. mendearen lehendabiziko erdian munduan zehar zabaldu ziren: Hego Amerikako independentzia prozesuan edo Greziako independentzian ere. 1848ko iraultzetan, altxamendu nazionalistak Austrian, Alemanian (Prusia, Bavaria...), Hungarian, Polonian, Italian eta Errumanian izan ziren. Alemanian eta Italian, hurrengo urteetan herriak batzeko prozesuaren abiapuntua izango ziren.
Inperioen Aroa (1848-1914)
aldatuKapitalismoa
aldatuIndustria Iraultza garatzean industria kapitalismoa sortu zen, kapital asko eta asko metatutakoan makinerietan inbertitzearen ondorioz. Honela, lantegia eratu zen manufakturatzeko sistema nagusia bezala, lana modu konplexuetan bereizita. Azkenean, ekoizteko era kapitalista hau nagusitu zen mundu osoan.
Sistema zabaldu ahala, industriak sal-erosketa ordeztu zuen kapitalismoaren jarduera nagusia bezala, artisau, anaitasuna eta jornalari tradizionalak desagertzen ziren bitartean. Orobat, industria kapitalismoak gora egitean, merkantilismoak behera egin zuen. Izan ere, XIX. mendearen erdialdetik bukaera aldera, Ingalaterra laissez faire izeneko kapitalismoaren tontorrera iritsi zen, merkantilismoaren kalterako. Adam Smith eta David Ricardo buru ziren ekonomista klasikoen irakaspenekin bat, Ingalaterrak merkatu ekonomiaren lehia eta garapena bultzatu zuen.
Britainia Handiaren industria gero eta handiagoak ahalbidetu zuen finantza eta kreditu sistemak garatzea. XIX. mendearen hasieran, bankan aritzea familia aberats-aberatsen klubetako kontua bazen ere, Napoleonen mehatxua desagertu zenez geroztik batik bat, banka mota berri bat agertu zen: akziodun anonimoak ziren jabeak, kudeatzaile profesionalek eramaten zuten negozioa eta aurreztaile txikien zein handien utzitakoak gordetzen zituen.
XIX. mendearen bukaera aldera, industriaren esparru handien kontrola eta agintea trust delakoen eta finantza eta holding konpainien esku geratu zen. Honela, zenbait oligopoliok egundoko mozkinak eskuratu zituzten.[9] Garai honetan monopolioaren kapitalismoa deritzona garatu zen, kapital gero eta handiagoa bankuen eta finantzarioen oligopolio edo monopolioetan metatu baitzen. Sortutako korporazio erraldoietan desberdinak ziren akziodunak, jabeak eta zuzendariak.
1870eko eta 1880ko hamarkadetan Depresio Luzea gertatu zen. Ondorioz ekonomiaren goraldiak eta beheraldiak kapitalismoaren arazo ohikoa bilakatu zen, epe luzerako eramangarria zen ala ez ezartzeko eztabaidak sortuz.[10][11]
Langileen mugimenduak
aldatuIndustria Iraultzan fabriketako langileek eskubiderik gabe lan egiten zuten, industria jarduera arautzen zuen legerik ez baitzegoen. Beraz, egunero hamabi orduz lan egin behar izaten zuten baldintza kaskarretan, eta haurren lana ere ohikoa zen, are gehiago kontuan hartuta enpresaburuek soldata txikiagoak ordaintzen zizkietela.
Langileen aldeko estreinako mugimenduak Ingalaterrako luddismoarekin etorri ziren, Ned Ludd langilearengatik. Hauek makinei egozten zieten artisau txikien erosteko ahalmenaren galera, eta suntsitzeei ekin zieten.
Langileen kexak enpresaburuei zuzentzen hasi zirenean sindikalismoa jaio zen. Gobernu ingelesaren hastapeneko jarrera edozein langile elkartea debekatzea izan zen. Klandestinitatea gorabehera, lanbide berekoak biltzen ziren amankomuneko interesak greben bidez defendatzeko. Elkarri laguntzeko elkarteak osatzen zituzten eta bazkideek ordaindutakoaz probesten ziren behar izanez gero. Lan elkarte horiek 1830eko eta 1840ko hamarkadetan Europan zehar hedatu ziren, Alemaniara, Frantziara eta Belgikara alegia.
Urte horietan, Ingalaterran, hasiera bateko langileen mugimenduak lan baldintzen inguruko aldarrikapenak besterik egin ez arren, eskakizun politikoak aldarrikatzeari ekin zion, kartismo delakoaren bidez. Hau da, Parlamentuari zenbait neurri har zitzala eskatzen zitzaion eskubideak (hala nola gizonezkoen bozka unibertsala) biltzen zituzten kartetan sinatuz edo greben bitartez. Hala ere, barneko arazoak, errepresioa eta 1848ko iraultzen porrota zela medio, amaitu zen kartismoa.
Horren ondoren, klasean oinarritutako alderdi politikoak eratzen hasi ziren langileak. Hala, 1864an Londresen sortu zen Karl Marxek zuzenduriko Langileen Nazioarteko Erakundearen ideiak (“Lehen Internazionala”). Ingalaterrako sindikalistak, anarkistak, frantziar sozialistak eta italiar errepublikazaleak bildu ziren Europako proletargoa politikoki antolatzeko.
1971n Parisko Komunaren alde egin zuten. Izan ere, langileriak boterea eskuratu zuen lehen aldia izan zen. Parisko Udala mendean (martxoaren 18tik maiatzaren 28ra arte), lege aurrerakoiak, sekularrak eta demokrazia altukoak jarri zituzten indarrean. Hala ere, amaiera latza izan zuen: 30.000 exekutatu, 38.000 espetxeratu eta 7.000 erbesteratu.
Horren ostean Lehen Internazionalaren gainbehera etorri zen. 1872an anarkistak kanporatu zituzten, Marx eta Bakuninen arteko hika mikak zirela eta. Anarkistek kapitalismoaren aurkako borroka zuzenaren alde egiten zuten, eta marxistek, aldiz, parlamentuetan aritzearen alde. Ofizialki 1875ean desegin zen. Bigarren Internazionala 1889an sortu zen, Lehengoaren lanari eusteko, berriz ere anarkistak alboratuta. Egunean zortzi orduz lan egiteko kanpainari ekin zioten[12] eta maiatzaren 1a nazioarteko langileen eguna deklaratzea lortu zuten (1910ean). Hala ere, Lehen Mundu Gerran desegin zen, gerraren aurrean batasunari ezin baitzion eutsi, nork bere herrialdearekin bat egin ondoren.
Herrialdeak batzen
aldatuAlemaniaren bateratzea
aldatuAlemaniarren sentimendu nazionala XVIII. mendean jaio zen Akademiker delakoen artean (unibertsitateko diplomadunak, goi mailako funtzionarioak eta artzain luthertarrak). Frantziako Iraultzarekin eta Napoleondar Gerrekin batera, sentimendu nazionala herrikoi bilakatu zen. Izan ere, Napoleonek Germaniako Erromatar Inperio Saindua desegin zuen (1806), eta Errusia inbaditu nahi izan zuen armada handiak atzera egitean askapenerako gerra sortu zen Alemanian (1813).
Alemaniar Konfederazioa (Deutscher Bund) sortu zen harrezkeroztik. Mugimendu nazionalista beste esparruetara hedatu zen, eta Alemaniaren batasuna askatasunekin batera aldarrikatzen hasi zen 1830eko iraultzetan. Baina areago 1848ko iraultzetan, Herrien Udaberria izeneko matxinada multzoetan. Alemaniako zenbait abertzale (liberalak edo demokratak, Friedrich Hecker bezalakoak) Heidelbergen bidurik, batzar konstituziogilea eratu nahi izan zuten, bozka unibertsalaren bidez alemaniar guztiek hautatua. Frankfurten bildurik, 1849ko urtarrilean, erabaki zuten Austriako alemanieradunak barne izango zituen Konfederazioa estatu federal bihurtzea, enperadore bat buru zuela. Prusiako erregeari eskaini zioten, baina horrek muzin egin zion proposamenari.
Beraz, Alemaniaren batasuna herrien borondatearen bidez lortu ez arren, beste bide bat hartuko zuen, Otto von Bismarckek zabaldua. Honek Alemania Txikiaren alde (Austria kanpoan utzita) egin zuen, Prusia nagusi. Horretarako, diplomazia trebea eta errealista erabiliz (Realpolitik) emeki-emeki lortu zuen.
Lehendabiziko urratsa Danimarka kontrakoaren gerra izan zen (1863), Prusiak Austriarekin batera burutua. Honela Schleswig eta Holstein Konfederazioan sartu zituzten. Bigarrena, Austriaren beraren kontrako gerra izan zen (1866), Italiak eraginda eta Prusiarekin zeukan itun sekretua zela medio irabazita. Konfederazioko hegoaldeko estatuek (katolikoak) Austriarekin bat egin bazuten ere, galdutakoan defentsa hitzarmenak sinatu behar izan zuten Prusiarekin. Hori zela eta, Frantziak gerra deklaratu zuenean (1870), Alemaniako estatu guztiek batera egin zuten borroka. Garaipenaren ondoren, Alemaniar Inperioa sortu zen, Prusiako erregea enperadore bihurtuta.
Italiaren bateratzea
aldatuNapoleonek Italiako Errepublika eta geroago Erresuma ezarri ondoren, italiar nazionalismoa suspertu zuen eskualde horietakoen artean. Vienako Batzarrean, ordea, aurreko estatuen sarea berrezarri zen, Austriaren eraginpean. Baina batasunaren ideia hedatu zen herritarren eta artisten artean emeki emeki, Metternich austriarrak Italia geografiari dagokion esapidea baino ez dela adierazi bazuen ere.
Batasunaren aldeko lehendabiziko matxinadak Carbonari izeneko erakunde sekretuko kideek (ikazkinak) burutu zituzten, 1820an eta 1830ean. Herrien Udaberrian, 1848an, matxinadak Italia osoan zehar piztu ziren, eta austriarrek su eta ke jardun behar izan zuten itzaltzeko. Garibaldi eta Mazzini abertzaleek, esate baterako, ihes egin behar izan zuten porrotaren ondoren.
Piemonteko Erresuma batasunaren bultzatzaile nagusietakoa izan zen matxinadetan. Porrotaren gorabehera, ez zen etsi Cavour kondea ministroburua zela. 1858an, Napoleon III.arekin elkartu zen hitzarmen sekretu bat (Plombièresko Ituna) sinatzera. Horren bitartez, Austriaren aurkako gerran bat egiteko engaiamendua hartu zuen Napoleonek Niza eta Savoiaren truke, eta Piemontek Austriaren Lonbardia eta Venezia eskuratuko zituen. Magento eta Solferinoren garaipenen ostean, aldiz, Napoleon III.ak Austriarekin egin zuen bakea bere kasa, Piemonteri Lonbardia besterik ez zitzaiola uzten. Horiek horrela, Piemontarrek erdialdeko Toskana, Parma eta Modena bereganatu zituzten.
Bi Siziliako Erresumari dagokionez, Garibaldik antolatutako espedizio batek (I Mille) konkistatu zuen 1860an, Piemonteko Vittor Emmanuel II.aren izenean. 1866ko Prusiaren kontrako gerran austriar porrotaz probestuta, Italiak Venezia eskuratu zuen, presio militarpean egindako erreferendum baten bidez.
Aita Santuen Lurraldeak geratzen ziren Piemonterekin bat egin gabe, Napoleon III.aren tropek babestuta. Baina 1870eko Frantzia-Prusia Gerran, Frantziara itzuli ziren tropa horiek. Erroma babesik gabe zegoela ikusita, Vittor Emmanuel II.a negoziazioaren bidez saiatu zen hura bereganatzen, baina Pio IX.ak muzin egin zion proposamenari. Horren ondorioz, armada italiarrak hiria eta Lazio konkistatu zituen.
Ideologiak
aldatuLiberalismoa
aldatuXIX. mendean liberalek ziren monarkiaren aurrean gizabanakoen eskubideak azpimarratzen zituztenak, eta, hortaz, Europako 1848ra arteko iraultzaile eta Amerikako independentista gehienak. Europako monarkietan alderdi liberalak mugitzen ziren goberntu parlamentudunak, ordezkaritza politikoa gero eta handiagoa, eta erregeen boterearen aurkako kontrapisua lortzeko. Ekonomia arloan ere agertzen zen liberalismoa, pribilegio feudalak, erregeen monopolioak edo jabetza pribatuaren kontrako mugak deuseztatu nahian.
Hein batean edo bestean, liberal hauek Turkia, Errusia edo Japonia gisako autokrazietan ere azaldu ziren. Errusian, esaterako, 1905ean eta 1917an gobernuaren kontrako iraultza liberalak geratu ziren; eta Ekuadorren ere, 1895ean, Eloy Alfaroren iraultza liberalak estatua sekularizatu zuen, ezkontzari buruzko lege zabalak onetsi zituen eta azpiegiturak eta ekonomia garatzen ahalegindu zen.
Estatu liberala XIX. mendearen bigarren erdian Mendebaldean nagusitu zenean, kritikak jasotzen hasi zen. Izan ere, aberastasun itzela gutxi batzuen esku geratu zen, eta ordua, zenbaiten ustez, askatasuna, lehen gobernu autokratikoek mehatxatua, aberatsen despotismoak jartzen zuen arriskuan.[13]
Liberalismoaren akats horiek zuzentzeko, erantzun desberdinak sortu ziren. Karl Marx fisolosofoak kritika sozialista egin zion, liberalismoa klase sozial bakar baten beharrak, burgesiarenak alegia, betetzeko ideologia zelakoan. Anarkistek salatu zuten liberalismoak aldarrikatzen zuen askatasuna ez zela benetako askatasuna ekonomian desberdintasunak bazeuden. Mikhail Bakuninen hitzetan:
« | Askatasun politikoa berdintasun politikorik gabe iruzurra da, engainua, iseka. | » |
Sozialismoa
aldatuUste da sozialismo hitza Pierre Lerouxek 1834an sortu zuela Frantziako Iraultzako Askatasun, Berdintasun eta Anaitasun printzipioei eusten zietenei deitzerakoan[14].
Lehen sozialista modernoak ziren XIX. mendearen hasieran Mendebaldeko Europako gizartea kritikatzen zutenak. Sozialismoa doktrina eta esperimentu anitzetatik joan zen gorpuzten, pentsalari britainiar eta frantziarrekin lotuta (Robert Owen, Charles Fourier, Pierre-Joseph Proudhon, Louis Blanc, eta Henri de Saint-Simon). Industria Iraultzak sortutako txirotasuna eta desberdintasuna ikustia, aberastasunaren banaketa eta gizartea komunitate txikiagoetan banantzea txirotasuna desagerrarazteko aldarrikatzen zuten batez ere.
Marxek eta Engelsek aurreneko sozialista horien zenbait ideia (sozialismo utopikoa), GWF Hegel alemaniarren filosofia eta Adam Smith eta David Ricardo britainiarren ikerketa politikoak hartuta, sozialismo zientifikoa zeritzona edo marxismoa garatu zuten, historiaren gaineko teoria (materialismo historikoa), eta teoria politikoa, ekonomikoa eta filosofikoa, alegia.
Manifiesto Komunista 1848an plazaratu zuten, iraultzak piztu baino lehentxeago. Bertan ezartzen zen gizarte guztien historiak klase borrokak zirela. Hortaz, sistema sozialista lortu eta gobernatzeko, gizartean aberastasuna sortzen zutenek, langileek edo proletargoak, klase kapitalistari aurre egin behar zioten aberastasuna sortzeko bitartekoak (lantegiak, bankuak, merkataritza... edo, hitz batean esanda, kapitala) eskuratuz eta amankomunean eramanez.
Uste zuten kapitalismoa eraisteko langileriak burututako iraultza beharrezkoa zela. Gizarte komunistaren lehendabiziko etapan ekoizpenaren bitartekoak estatuaren jabetza edo komunak izango lirateke, eta norberaren parte-hartzearen arabera banatuko litzateke aberastasuna. Trantsiziosko fase hau amaitutakoan (estatu sozialista edo proletargoaren diktadura berez desagertuko bailitzateke), gizarte komunistaren faserik gorenera iritsiko litzateke, non alienaziorik gabe bakoitzak ahalmenaren arabera emango lukeen eta bakoitzari beharren arabera emango litzaiokeen. Gizarte horretan ez legoke klase desberdintasunik izango, eta beraz, klase borrokarik ere ez.[15]
Hori guztia dela eta, marxismoak estrategia batua eta zentzuduna eskaini zuen, aurreko teoria solte eta anitzen aurrean. Denborak aurrera egin ahala zabaldu eta langileen babesa jasotzen hasi ondoren, sindikatuen eta sozialisten aliantza osatu zen.
Anarkismoa
aldatuPierre-Joseph Proudhonek bere burua anarkistatzat hartu zuen lehenengoa da agidanez, 1840ko Zer da jabetza? liburu urratzailean izen hori hartu baitzuen. Hori dela eta, Proudhon anarkismo modernoaren sortzailetzat hartzen da hainbatetan.[16]. Garatu zuen berezko ordenaren (Ordre spontané) teorian azaltzen du antolakuntza berez sortzen dela, gainerakoen borondateen eta interesen aurka doan koordinatzaile zentralik gabe. Hala, "askatasuna ordenaren ama da, ez alaba".
Orobat, jabetza zer den galderari erantzuteko, "lapurreta" dela erantzun zuen. Beraz, jabetzaren aurka (popriété) egin zuen, jabeek daukatena nahi duten bezala erabili eta xahutu baitezakete..[17] Horren aurrean, "edukitza" (possession) zeritzona paratu zuen, hau da, baliabideen eta ondasunen jabetza mugatua, erabilera jarraia bada.
Estatu, erlijio antolatu eta zenbait jarduera kapitalistaren aurka egoteak ondoren etorri ziren anarkistei irakasbidea eman zien, eta garaiko gizarte pentsalari nagusienetakoa bilakatu zuen. Halaber, komunismo, errenta, interesa eta mozkinen aurka zegoen.[18] Langileak bultzatu zituen guztiek baldintza berberak zeuzkaten jendarte demokratikoak era zitzaten. Kapitalismoaren azpian, langileak menpekoak eta esplotatuak dira, eta "euren behin betiko egoera men egitea da", "morroitza".
Proudhonen ideiek eragin sakona izan zuten Frantziako langileen mugimenduen artean. Bere aldekoek buru belarri jardun zuten bai 1848ko irultzan Parisen bai 1871ko Parisko Komunan ere. Beste anarkista frantziar nabarmenduak, besteak beste, Anselme Bellegarrigue, Ernest Coeurderoy eta bere burua lehen aldiz libertariatzat jo zuen Joseph Déjacque ziren.
XIX. mendearen bigarren erdian, Mikhail Bakunin eta Piotr Kropotkin gisako pentsalariek, kapitalismoaren kontrako kritika marxistan oinarrituta, estatuaren kritika egin zuten, azpimarratuz ikuspuntu komuna garrantzitsua zela gizabanakoen askatasunari eusteko. Bakuninek uste zuen beharrezkoa zela langileria opresiotik defendatzea eta aginteko klasea erauztea estatua desegiteko. Kropotkinen komunismo anarkista bere ikerketa zoologikoetatik garatu zen, ikusi baitzuen kooperazioa lehia baino askoz garrantzitsuagoa ela espezien biziraupenean. Ondorio hauek 1902an argitaratu zituen, gero eta hedatuagoa zen gizarte-darwinismoaren kontra ere.
Zenbait anarkistak bortizkeria bultzatzen zuten, sabotaiatik estatuburuen erahilketara, horrela iraultza errazago piztuko zelakoan. Hala ere, beste anarkista batzuek ekintza hauek kontraeraginkortzat edo antzutzat zeuzkaten. Eskuarki, greba orokorra hobesten zen "gizarte berri bat zaharraren oskolaren barruan" eraikitzeko moduan.
Inperioak
aldatuAro Garaikidearen hasieran Ameriketako kolonien independentzia gertatzen bada ere (1770-1820), 1870eko hamarkadatik aurrera inperioei ekin zieten Europako botereek (batik bat Britainia Handiak, Frantziak eta, geroxeago Alemaniak) suhartsu, inperioak inperioengatik. Inperialismoaren bigarren olatu hori abian jarri aurretik, Frantziak Aljeriako lehenengo kolonia 1830ean kokatu zuen eta Erresuma Batuak, AEBak galduta ere, lurralde dezente zituen bere menpean, batez ere Indian, Kanadan, Karibean eta Ozeano Barean. Errusiarekin, Joko Handia hasi zen Asia kontrolatzeko (1813-1907).
XIX. mendean, Vienako Batzarra, eta Alemania eta Italiaren bateratze prozesuen ostean, Europaren barneko gatazkak konponduta zeuden, eta lehia itsasoz haratagoko lurretan burutu zen. Gainera, industrializazio berriak kanpoko merkatuak behar zituen ekoiztutako ondasunetarako, Depresio Luzea zela-eta (1873-1896) sal-erosketa askea bertan behera geratu baitzen Europako botereen artean. Halaber, arraza zuriaren nagusitasunari buruzko zenbait doktrina zabaldu ziren garai honetan, beste herriak bere burua gobernatzeko gai ez zirela zioenak.
Gauzak honela, Afrika bilakatu zen inperialismo berriaren jomuga, baina beste lurralde batzuek ere konkistatu zituzten europarrek (eta japoniarrek ere): Asiako hego-ekialdea eta ekialdeko kostaldea. Txina mendebaldearen kontrola Opioaren gerrekin hasi zen pairatzen (1839-1842 eta 1856-1860). Atzerritarren eragin horrek inperioaren gainbehera ekarri zuen azkenean. Indotxina Frantziarrek jardun zuten eta Indonesian Herbehereak. Japoniak bere burua mendebaldetu zuen Meiji Aroan (1868-1912).
Afrikako banaketa Berlingo Batzarrean (1884-1885) finkatu zen. Bertan, benetako okupazioa zen adostutako irizpidea nazioarteko mailan aldarrikapen bat onarturik gera zedin. Tokian tokiko herrien aurka indar armatua erabiltzen bazen ere, ez zen ohikoa inperioen arteko gatazkarik: 1898ko Espainia-Estatu Batuak Gerra eta 1904-1905eko Errusia-Japonia Gerra edo Boerren Gerrak Hegoafrikako txurien artean. 1898ko Fashodako gertaeran, esaterako, Erresuma Batua eta Frantziaren arteko borroka apenas sahiesterik zegoen. 1904an, ordea, bi herrialdeek Entente Cordiale izeneko ituna sinatu zuten. Alemaniarrak itun hori apurtzen saiatu ziren Marokon, baina Alemaniaren beraren kontrako erresumina areagotzea lortu zuen.
Lazeriaren Aroa (1914-1945)
aldatuLehen Mundu Gerra
aldatuVienako Batzarraren ostean, Europako herrialde nagusiek botereen oreka bilatu zuten, inoren nagusitasuna suerta ez zedin. XIX. mendearen azken herenean, Alemania Prusiaren inguruan batu ondoren, Bismarcken asmoa status quo-ri eustea zen, Frantziak errebantxa gogoagatik Errusiarekin bat egitearen beldurrez. Baina Gilen II.a kaiser bilakatzean, politika hori ez zen berretsi, eta Frantziak eta Errusiak hitzarmen bat sinatu zuten 1892an, Aliantza Hirukoitzari (Alemania, Austria-Hungaria eta Italia) aurre egiteko. Horretaz batera Ingalaterra eta Alemaniaren arteko lehia areagotu zen arlo militarrean zein industrialean. Gero eta arma gehiago izateko lehia hori Europan zehar hedatu zen. 1908 eta 1913 bitartean, Europako botereen gastu militarra %50 hazi zen. [19]
Bitartean, Balkanetako egonkortasuna pitzatzen zen, 1908-1909an Austria-Hungariak Bosnia-Herzegovina ofizialki bereganatu zuelako (Errusia eta paneslaviarrak haserraraziz), eta 1912-1913an Balkanetako gerrak borrokatu zirelako. Baina Europa osoko gatazka piztu zuen txinparta Franz Ferdinand Austria-Hungariako ondorengoaren hilketa izan zen 1914ko ekainaren 28an. Uztaileko elkarrizketen ondorioz, Austria-Hungariak ultimatuma bidali zion Serbiari, eta uztailaren 28an gerra deklaratu. Errusiak Serbiaren alde egin zuen biharamunean. Honela, aliantzen kateari tiraka, Europako botere nagusiak gerran sartu ziren.
Alemaniaren asmoa zen Frantziari azkar erasotzea Belgika neutrala zeharkatuz, ekialdeko frontea ia babesik gabe utzita (Schlieffen Plana). Hastapenean arrakasta lortu zuten, baina Errusiak eraso uste baino lehenago egin zuenez, alemaniarrek armada erdibitu behar izan zuten, eta aliatuek Marneko lehen guduan geldiarazi zituzten alemaniarrak (irailaren 5-12a). Ondoren, Lorrenatik Belgikako kostalderako tartea lubakiz bete zen, inork bestearen lerroa zeharkatu ezinik, aurrerapen teknologikoak gorabehera (gas pozoitsua, gerra-gurdiak, hegazkinak...). Lubakien borroka odoltsua suertatu zen oso. Esaterako Sommeko erasoan bakarrik britainiarrek milioi erdia lagun galdu zituzten. [20]
Gerran zehar herrialde gehiago sartu ziren borrokan. Haietako garrantzitsuena Estatu Batuak izan ziren, 1917an aliatuen alde egin zuena. Halaber, boltxevikeek Errusian boterea eskuratu ondoren, gatazka utzi zuten Brest-Litovskeko hitzarmena sinatutakoan (1918ko martxoaren 3a). 1918ko udaberrian alemaniarrek erabakiorra nahi zuten erasoa burutu arren, abuztuan aliatuek kontraerasoari ekin zioten. Irailean Hindenburg Marra gainditu zuten aliatuek. Alemaniarrak ohartu ziren borroka ezin zutela irabazi, eta Hindenburgen hitzetan, "ez galtzen saiatu beharra zuten".
Bakea adosteko negoziazioak hasi ziren. Woodrow Wilson estatubatuarrak kaiserrek dimiti zezala eskatu zuen. Azaroaren 9an Philipp Scheidemann sozialdemokratak errepublika deklaratu zuen Alemanian. Bake hitzarmena Versaillesko Ituna izan zen. Horren arabera, gerraren erantzukizuna Alemaniari zegokion, eta egundoko gerra-ordainak pagatu behar izan zituen. Orobat, koloniak galdu zituen. Austria-Hungaria eta Otomandar Inperioak desegin ziren, eta Austria, Hungaria, Txekoslovakia eta Jugoslavia sortu ziren (Brest-Litovsken itunari esker Estonia, Letonia, Lituania, Finlandia eta Polonia sortu ziren).
Gerran 60 milioi soldadu mobilizatu ziren. 8 milioi hil, 7 milioi betiko geratu ziren elbarritu, eta 15 milioik zuri larriak pairatu zituzten. Alemaniak gizonezkoen %15.1 galdu zituen, esaterako [21]. Horretaz gain, Espainiako gripeak jota 50 milioi lagun hil ziren.[22] Orobat, etxera itzulitako askok gerraren traumak nozitu zituzten, eta ez ziren ongi moldatu berriro bizimodu zibilean. Inoizko gerrari ankerren hori irabaztea zeukatela uste zuten alemaniar andanak, ordea, bakeak ezarritako umiliazioek erresuminduta. Naziek frustrazio sentimendu horietaz baliatu ziren boterea eskuratzeko urte batzuk geroago.
Munduko Iraultza
aldatuLehen Mundu Gerra piztean, Europako alderdi sozialdemokrata bakoitzak bere herrialdearen alde egin zuen. Honela, Bigarren Internazionala bertan behera geratu zen. Leninek, berriz, gerra kritikatu zuen, gerra inperialista eta burgestzat hartuta. Suitzan herbesteratuta bazegoen ere, Otsaileko Iraultzaren ondoren, alemaniarrek Finlandiara eraman zuten, gerra ekialdeko frontean amaitu nahian.
Lenin 1917ko apirilaren 16an Petrogradera iritsi zen. Hastapenean behin-behineko gobernuaren aurka egiteak kritikak ekarri bazizkion ere, emeki-emeki jende gehiago bereganatu zuten boltxebikeek (Leninen alderdia alegia) gobernuaren oposizioan eta Bakea, lurra eta ogia programarekin. Azkenean, sobietei botere osoa eman ziezaietela aldarrikatuta, azaroaren 6-8an boterea beraganatu zuten eta Errusia munduko lehen herrialde marxista bilakatu zen.
Marxek Agiri Komunistan esan arren iraultza komunista baldintza jakin batzuen azpian baino ez zela gertatuko (industrializatutako nazio batek pot egin ostean), Leninek lortu zuen herrialde nekazari batean, abangoardia iraultzaile baten zuzendaritzapean. Baina askoren ustez, herrialde garatuetan iraultza egitea beharrezkoa zen Errusiari lagundu ahal izateko.
Errusiako burua izanik, herrialdea Lehen Mundu Gerratik atera zuen Leninek Brest-Litovsk ituna sinatutakoan, nahiz eta lurralde andana galdu mendebaldean. Baina Errusiaren barnean, boltxebikearen kontrakoek Armada Zuria zeritzona osatuta, gerra zibila piztu zen. Armada Zuriak kanpoko laguntza jaso arren, boltxebikeek eskuratu zuten garaipena. Horretarako Gerrako komunismoa ezarri behar izan zuen Leninek, eta, gerra bukatutakoan, herrialdearen ekonomia suspertzeko, politika ekonomiko berria, non ekonomia pribatua neurrian onartu baitzen.
Errusia sobietarrean, boltxebikeek ez zuten espero isolaturik aurrera egitea. Leninen ustez Mosku sozialismoaren behin-behineko egoitza nagusia izango zen Berlinera mugitu arte.[23] Lehen Mundu Gerra Europan bukatu ondoren, zenbait iraultza sozialista piztu ziren Alemanian (Rosa Luxemburgekin), Hungarian eta Finlandian, Errusiako iraultza eredu hartuta. Batik bat 1918an eta 1919an, oso litekeena zirudien kapitalismoa Europatik erauztea, mundu osoan zehar komunismoa hedatu nahi zuen Komintern nazioarteko erakundeak lagunduta (alemaniera izan zen erakunde horren hizkuntza ofiziala hastapenean). Baina Europako iraultzak banan banan zapaldu zituzten, Errusiakoa izan ezik, eta herrialde bakarreko sozialismoa garatu behar izan zen. Gainera, Stalin Trotskiren gainetik nagusitzerakoan, bertan behera geratu zen iraultza hedatzeko ideia.
Kapitalismoaren krisia
aldatuKapitalismoaren krisirik luzeena, hedatuena eta sakonena Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen, 1929ko urriaren 29an New Yorkeko burtsa behera etorritakoan (Astearte Beltza), eta laster munduan zehar zabaldua zen.[24]
Ekonomia sorgin-gurpilean sartu zen. Deflazioarekin kontsumoak eta inbertsioak behera egin zuten. Dow Jones indizea halako 10 gutxitu zen 1929 eta 1932 bitartean. Burtsa krisia bankuetara hedatu zen berehalakoan. Alde batetik, bankuen aktiboak amildu ziren (bai afera ilunetan sartuta zeudenenak bai zintzo eta tinko jokatu zutenenak)[25], eta bestetik zordunek ez zieten ordaintzen. Banka sistema deseginda, jendeak beldur zion geratzen zitzaien diru apurra gastatzeari, eta, beraz, merkatuan ez zegoen likideziarik joera aldatu zezakeen jarduera ekonomikoetan aritzeko. Gauzak horrela, industria ekoizpena 1929 eta 1933 bitartean erdira murriztu zen.
Horren guztiaren ondorioak gizartean latzak baino latzagoak izan ziren. AEBetan, langabezi tasa izugarri igo zen 1930eko hamarkadaren hasieran, eta 1932rako 13 milioi langabetu zeuden, babes sozialik gabe. Goseak eraginda matxinadak eta manifestazioak ugaldu ziren. Nekazal lurraldeetan ere egoerak txarrera egin zuen, lehorteek eta hautsa ekaitzek areagotuta. Nekazal produktuen prezioak jaitsi ziren %60. Lautada Handiko laborari ugarien mixeriak milaka lagun mugiarazi zituen mendebalderantz.
Estatu Batuetako banku eta enpresa andanak interes ugari zituzten Europako zenbait banku eta burtsetan. Etxeko krisiaren eraginez, Amerikara itzuli zituzten soak eta sosak, eta, horrenbestez, kapital galera horregatik, Europan zehar ere hedatu zen krisia. Herrialdeak, orduan, neurri babeskoiak hasi ziren hartzen, nork bere ekonomia salbatzeko. Alemanian, horrelako langabezia tasa bezalakorik ez zen ezagutzen (1932an populazio aktiboaren %25era iritsi zen), jendartearen haserrea areagotuz. 1933ko urtarrilaren 30ean Adolf Hitlerrek hartu zuten boterea. Mundu osoak nozitu zuen krisia Stalinen Sobiet Batasunak izan ezik, planifikatutako autarkia ekonomikoak babestuta.
Liberalismoaren krisia
aldatuLehen Mundu Gerra latzaren ostean, jende askok uste zuen demokraziak, liberalismoak edo marxismoak porrot egin zutela gizabanako edo internazionalismoaren alde egin baitzuten nazioen eta nazionalismoaren kalterako.[26] [27] Errusiako 1917ko Urriko Iraultzaren ondoren, boltxebismo gero eta boteretsuagoaren aurkako alternatibatzat aurkezten zuen bere burua faxismoak, baina boltxebikeen gobernuaren zenbait ezaugarri bereganatu zituen, hala nola alderdi bakarreko estatua, eliteen agintea herri xehea ordezkatzeko, edo langileei zuzendutako mezuak.[28] Lagabeziaren eta krisialdi ekonomikoaren kinkan, gerrako beteranoen aurrean kolektibizazioaren alde deitu zuen faxismoak, eta burgesiaren indibidualismoaren kontra armadari eta soldaduei ohoreak emanez.[29]
Lehen Mundu Gerran zehar Italian nazionalismoa areagotu zen, baina Versaillesko Itunarekin lortutakoa, irabaleen artean egon arren, huskeriatzat jo zuten italiar frankok. [30] Benito Mussolinik sortu zuen faxismoa, Fasci italiani di combattimento izenpean, Manifiesto faxista plazaratutakoan (1919ko martxoaren 23an): Italiako gerra beteranoei omendu, Italiari fideltasuna zin egin, eta sozialismoaren eta boltxebismoaren kontra egiteko engaiamendua. Batera iraultzaileak eta tradiziozaleak ziren faxistak [31] Atorbeltzak izeneko talde paramilitarra osatu zuten komunisten, sozialisten eta anarkisten aurka egiteko.
Bi urtean azkar hazi zen Alderdi Faxista Nazionala. Diputatuen Ganbararako hautatu zuten Mussolini 1921ean eta hurrengo urtean erregeak Lehen Ministro izendatu zuen, Mussolinik Erromako Martxa egin ondoren. 1924ko ekainaren 10ean diktadura ezarri zuen. Joseph Goebbelsek onartu zuen faxistak lehenak zirela demokrazia liberalaren kontra joaterakoan:
« | Erromako Martxa demokrazia liberalen garai ilunen seinalea izan zen. Izpiritu liberal-demokrata suntsitzeko lehen saioa izan zen [...], zein 1789an hasi zen Bastilla hartutakoan, eta harrezgeroztik herrialde guztiak konkistatu ditu banan-banan iraultza bortitzen bidez, nazioak marxismo, demokrazia, anarkia eta klase borrokaren azpian uzteko | » |
Naziak Alemaniako faxistak zirela aldarrikatutakoan, Hitlerren ospea handitzen hasi zen. Boterea lortzen saiatu ziren naziak Municheko putsch-en bitartez. Porrot egin zuten, ordea, eta Hitler espetxean amaitu zen, non Mein Kampf (Nire borroka) liburua idatzi zuen. Bertan Alderdi Naziaren ideia nagusiak garatzen ziren: anti-parlamentarismoa, pangermanismoa, arrazismoa, kolektibizazioa, eugenesia, anti-semitismoa, anti-komunismoa, eta anti-liberalismoa, bai politikoa bai ekonomikoa.
1929ko krisialdi ekonomikoak gogor jo zuen Alemania, eta Weimarko Errepublikako politikari tradizionalen ezintasunaren aurrean, nazien ospea handitu zen berriro. 1932ko hauteskundeak irabazi zituzten, eta 1933an Alemaniako kantziler izendatu zuten. Berehala diktadore bate botereak bereganatu zituen Hitlerrek eta Hirugarren Reicha eraikitzeari ekin zion.
Bigarren Mundu Gerra
aldatuLehen Mundu Gerraren ostean, Versaillesko Itunean, herrialde garaileek zigor ekonomiko eta politiko larriak ezarri zituzten herrialde garaituen gainean. Alemanian, jende askoren ustez bidegabekeriak eta umilgarriak izan ziren. Halaber, 1929ko kraxak berezeki gogor jo zuen Alemania. Gauzak horrela, jende askok sistemaren kontrako alderdietara jo zuen, eta 1933ko urtarrilaren 30ean Hitlerrek hartu zuen boterea. Mein Kampf (Nire borroka) liburuan adierazi zuen bezala, bere helburua Versaillesko Ituna iraultzeaz gain, Alemaniarako etorkizun loriatsua eta oparoa lortzea zen. Horretarako, Alemaniaren inguruko lurraldeak (Lebensraum - Bizitzeko tokia) konkistatu eta alemaniar bihurtu nahi zituen. Horretarako, emeki-emeki hasi zen lurraldeak bereganatzen (Sarre, Austria, Sudeteak) nazioarte mailan oztoporik topatu gabe (ikus Municheko Ituna).
Hala ere, Polonia inbaditzean (1939ko irailaren 1ean) Erresuma Batuak eta Frantziak gerra deklaratu zioten Alemaniari. Nazien aurkari tradizionala zen Sobiet Batasunak, ordea, ez zuen halakorik egin, Molotov-Ribbentrop Ituna zela medio.
Nazien hastapeneko aurrerapenak azkarrak ziren oso. Berehala bereganatu zituzten Polonia, Danimarka, Norvegia eta Frantzia. Mussoliniren Italiak Alemaniarekin bat egin zuen orduan, eta aurrean, Churchillen Britainia Handiak baino ez zirauen, Ingalaterrako batailan uhartea airez defendatuz. Italiako erasoei eusteko, alemaniarrek eskua Iparraldeko Afrikan eta Balkanetan sartu zuten, eta, 1941eko ekainaren 22an, Bizargorri Operazioan SESBen aurka ekin zioten. Abenduaren 7an Japoniak AEBetako Pearl Harbor itsas baseari eraso zion, eta, beraz, F. D. Roosvelten Estatu Batuak ere sartu ziren gerran.
Ekialdeko frontean borroka latzen artean, gudurik erabakiorrena Stalingradokoa izan zen (1942ko abuztuaren 21etik 1943ko otsailaren 2ra). Izan ere, sobietarrak, galerak galera hiri horretan alemaniarren erasoari eutsita, hasi ziren etsaiak atzera eragiten. Handik aurrera, frontea mendebalderantz mugitzen hasi zen. Ekialdeko Europa beregantuta, sobietarrek Berlin 1945eko maiatzaren 2an konkistatu zuten. AEBek eta Ingalaterrak, halaber, 1944ko ekainaren 6an beste fronte bat ireki zuten Frantzian, Normandian lehorreratuta. Alemaniak amore emanda, herrialdea lau irabazleen artean (AEBak, SESB, Erresuma Batua eta Frantzia) banandu zen, lau okupazio eremutan.
Ozeano Bareko gerrari dagokionez, 1942ko udan geldiarazi zuten estatubatuarrek Japoniaren hedapena, Midwayko guduan. Harrez geroztik, uhartez uharte japoniarrek atzera egin behar izan zuten. Txinan ere, gerra zibileko nazionalistek eta komunistek bat egin ondoren, gero eta lurralde gehiago galdu zuen Japoniak. Azkenean, Europan gerra amaituta, Harry S. Truman AEBetako presidente berriak arma nuklearrak erabiltzeko deliberoa hartu zuen, Japoniak lehenbailehen amore ematera behartzeko. Abuztuaren 6an Hiroshiman eta 9an Nagasakin lehertu ziren asmo belikoak zituzten lehen bonba atomikoak. Abuztuaren 15ean, Hirohito Japoniako enperadoreak irratian herrialdeari errendizioa jakinarazi zion, nahiz eta gobernuko zati bat borrokan jarraitzearen alde egon. Irailaren 2an errendizio ofiziala sinatutakoan amaitu zen Bigarren Mundu Gerra.
Gerra latz honetan, esan daiteke 60 milioi lagun inguru hil zirela; horietakoak 20 milioi soldaduak eta 40 milioi zibilak ziren. Zibil guztiak armen ondorioz ez ziren hil, izurriteaz, goseteaz edo genozidioaz baizik. Holokaustoko biktimak 12 milioi izatera irits daitezke. Alemaniak eta Japoniak egindako gerra-krimenak epaitu ziren (ikus Nurembergeko epaiketak). Orobat, gerrak Europa suntsiturik uzti zuenez, AEBek Marshall Plana garatu zuten hura ekonomikoki suspertzeko. Gerraren ondorioz, AEBak eta SESB irabazle eta superbotere gisa atera ziren, baina haien arteko hartu-eman gaiztotuak Gerra Hotza eragingo zuen hurrengo hamarkadetan.
Urrezko Aroa (1945-1991)
aldatuGerra Hotza
aldatuAliatuak Jaltako Bileran (1945eko otsaila) elkartu ziren gerra ondoko mundua nolakoa izanen zen erabakitzeko. Europako mugei zegokienez ez ziren bat etorri. Postdamgo Bileran (1945eko uztailean) ikuspuntu desberdinak areago urrundu ziren. 1946ko otsailean George F. Kennan estatubatuarrak Moskutik "Telegrama Luzea" bidaliz zuen, non sobietarren arriskuaz ohartarazten zuen. Irailean sobietarrrek Novikov telegrama jaso zuten. Bertan ohartarazten zen AEBak munduko nagusitasuna lortzeko prestatzen ari zirela.[32] Urte berean Churchillek Altzairuzko Oihala aipatu zuen hitzaldi ospetsu batean. 1947ko irailean Kominform osatu zen komunismoa munduan zehar zabaltzeko. Greziako gerra zibilerako, Trumanek bere doktrina plazaratu zuen: komunismoa lehenbailehen geldiarazi behar zegoen dominoen fitxen antzera beste herrialdeetara hedatu aurretik.[33] AEBen lehenengo esku-sartze zuzena Koreako Gerrakoa izan zen (1950-53).
Giro gaiztotu horretan Europa eta Alemania erdibiturik gertatu ziren sobietarrek eta mendebaldeko botereek okupatutako lurraldeen artean. Mendebaldeko erdiak Marshall Planaren laguntza ekonomikoa jaso zuen, eta NATO egitura militarraren barruan sartu zen. Ekialdekoak, beste aldetik, Varsoviako Ituna sinatu zuen SESBrekin.
Hungariarrak 1956an hauteskunde askeen alde matxinatu zirenean, Khrustxevek tankeak sartu zituen Budapesten. 1968ko irailean Pragako Udaberrian askatasun gehiago eskatu ziren (adierazpen librearena, mugimenduarena...) Sobietarrek berriro inbaditu zuten matxinatutako herrialdea, Brezhnev doktrinari jarraikiz:
« | Sozialismoaren aurkako indarrak herrialde sozialista bat kapitalista bihurtzen saiatzen direnean, auzia ez dagokio soilik herrialde horri. Aitzitik, herrialde sozialista guztien arazoa eta kezka da. | » |
Baina Gerra Hotzaren gatazkak munduko edozein tokitan suertatzen ziren: Guatemalan, Iranen, Filipinetan, Indotxinan edo Kuban. Lyndon B. Johnson hasi zen Vietnamera zuzenean eskua sartzen, maila handiko gatazka bilakatu zen arte. Kondor Operazioaren barruan, estatu-kolpeen bitartez komunistak boteretik kentu zituzten Hego Amerikan AEBen laguntzarekin.[34] Bi superbotereen arteko lehia espaziora ere eraman zen. Edonola ere, herrialde frankok Gerra Hotzetatik at geratu nahi zutenez gero, Bandungeko Bileran Herrialde Ez Lerrokatuen Mugimendua sortu zuten (1961).
Bi superbotereek, halere, "elkarbizitza baketsua" ezarri nahi zutela adierazi zuten. Aldi berean, Mendebaldeko Alemanian Willy Brandtek Ostpolitik zeritzona egin zuen, ekialdearekiko hartu-emana estuagoa izan zedin. Armategiak (batez ere nuklearrak) murrizteko ahaleginak egin ziren SALT akordioekin. Hala ere, Reagan eta Thatcher agintera iristean eta sobietarrek Afganistan inbaditzean, erlazioak gaiztotu ziren berriro. Gorbatxovek SESBn boterea eskuratu zuenean, ordea, Gerra Hotza bukatzeko bidean paratu zen. Glasnost eta perestroika politikak egin zituen erregimenaren askatasunak zabaltzeko. Irekiera horrekin, 1989an gobernu komunistak Polonian, Hungarian, Txekoslovakian eta Errumanian erauzi zituzten iraultza olatu batean, SESBak eskua sartu gabe. Alemanian, Berlingo Harresia bota zuten, eta 1991n Sobiet Batasuna bera desegin zen estatu-kolpe baten ondoren.
Ongizatearen gizartea
aldatuDepresio Handiak ekarritako krisi ekonomikoa liberalismoak ezin izan zuen ez konpondu ez arindu, eta merkatuak bere kasa orekatzen zirela zioen teoriaren gaineko fedea galduz joan zen. Hortaz, ekonomian eskua sartu nahi zuten politikariak agintera iristen hasi ziren, hala nola 1933an Franklin D. Roosevelt AEBetan New Deal izeneko programarekin eta Fronte Herrikoia Frantzian 1936an. Gizarte onurak jende orori zabaldu eta egonkortasun ekonomikoa sustatu nahian, beharrezkotzat jo zen Estatuak eskua sartzea ekonomian[35], Keynesek proposatu zuten bezala (keynesianismoa). [36]Gainera, Bigarren Mundu Gerran estatuek ekonomiaren gaineko ardura hartu zuten, ahalik eta erangikorrena izan zedin. Horrenbestez, gerraren ostean, herrialde frankok, batez ere Europan, guztien ongizatea bilatzen ez zuten aurreko politikak baztertu zituzten, ongizate estatu modernoa sortuz.
Ingalaterran Ernest Bevin laboristak proposatutako ongizatea, ekonomia mistatzat jo zen arren, Harold Macmillan kontzerbatzaileen buruak ere onetsi zuen. Frantzian indar politiko nagusia zen gaullismoak, kapitalismoaren merkatu askearen printzipioen aurka, zerbitzu orokorren sistema ezarri zuen, kapitala eta langileak batzeko asmoz. Alemanian, Hitlerren kontrako oposizio kontserbadoreak eta erlijiosoak CDU demokrata-kristaua eratu zuen, Konrad Adenauer buru zela. Alred Müller-Armack-en proposamen politikoak eta ekonomikoak oinarri, merkatuaren gizarte-ekonomia garatu zuten. Iparraldeko Europako herrialdeetan gizarte zerbitzu horiek biziki garatu ziren, estatuak zerbitzu andana eta kalitate handiarekin ematen baitzituen, zerga altuei esker.
AEBetan, New Dealen ondoren, demokratek antzeko programak jarri zituzten martxan: John F. Kennedyren New Frontier (Muga Berria) edo Lyndon B. Johnsonen Great Society (Gizarte Handia). Haien asmoa txirotasuna eta arrazakeria erauztea izan zen, eta hezkuntza, osasun, hirigintza eta garraio programak garatu ziren epe horretan. Vietnamgo gerraren testuinguruan politika horiek zerkarten gastu ekonomikoaren aurka, neokontserbatzaileen mugimendua sortu zen. Richard Nixon errepublikanoa hasi zen gastu handiko programa hori bertan behera uzten, 1970eko hamarkadako petrolio krisian. Joera hori Ronald Reaganen politikekin (eta Ingalaterran Margaret Thatcherrekin) areagotu zen.
"Benetako sozialismoa"
aldatuBigarren Mundu Gerraren ondoren, benetako komunismoa[37] oso hedaturik zegoen munduan zehar: Europatik Txinaraino, eta Afrikara, Asiako beste tokietara (Vietnam) eta Amerikara (Kuba) ere hedatzekoa zen. Gutxi gorabehera munduko biztanleriaren heren bat bizi zen herrialde komunista batean.
Stalinen zuzendaritzapean, SESB biziki industrializatu zen ekonomia planifikatuaren bidez, Alemania bera garaitzeko adina. Hala ere, ordaindu beharreko prezioa latza izan zen, batez ere nekazarientzat. Etxealdeak kolektibizatzean, ekoizpena jaitsi zen 1930eko hamarkadan. Sobietar sistema diseinaturik zegoen garatu gabeko herri atzeratu hura ahalik eta lasterren industrializatzeko, jendea mantenimendu hutsa baino gehixeagorekin konformatuko zelakoan.[38]
Ekonomia aginduetan oinarritzen bazen, beste horrenbeste gertatzen zen politikagintzan. Leninen abangoardiako alderdia iraultzaile profesional diziplinatuek osatzen zuten, zeinek alderdiari men egiten zioten arrazoia zeukalako eta iraultza salbatu beharra zegoelako, ezkerraren kultura demokratazaletik aldenduta ere.[39] Autokrazia muturrera eraman zuen Stalinek: bere erregimenak 1934 eta 1939 bitartean 4 edo bost milioi alderdikide atxilotu zituen zio politikoengatik eta 400.000-500.000 epaiketarik gabe exekutatu.
Stalinen heriotzaren osteko XX. Alderdi Sobietarraren Bilkuran, Khrustxevek gogor kritikatu zuen aurreko politika hitzaldi ospetsu batean (1956). Handik gutxira Polonian buruzagitza erreformazalea onartu zen baina, aldiz, ez Hungarian. Hala ere, sistema sobietarra eredua zuen ekonomian malgutasuna ezartzeko nahia zabaldu zen 1960eko hamarkadan herrialde komunistetan zehar. Izan ere, ekonomia ez-sozialistek egundoko hazkundea izan zuten gerra ondoko urteetan, eta bi sistemen arteko tartea areagotu zen, Alemanietan ikusten ahal zen moduan. Txekoslovakian, liberalizazioak kutsu politikoa ere bazuen, eta 1968an matxinada bat (Pragako Udaberria) eragin zuen.
Bitartean, Txinan, komunistek boterea eskuratu zuten gerra zibil latza eta luze baten ostean, Mao Tse-Tungen eskutik. SESBarekiko hartu-emana 1960an eten zen, eta Txina Moskuren laguntzarik gabe geratu zen. Herrialde garatu nahian, Mao Lemazain Handiak hiru neurri garrantzitsu hartu zituen: nekazal ekoizpena bizkor-bizkor kolektibizatu 1955-57an, Aurrerako Jauzi Handia industrian 1958an (1959-61an gosete handiak jarraituta, agian XX. mendekorik hilkorrena[40]) eta Kultura Iraultza, Maoren heriotzarekin (1976) amaitu zena. Horren bitartez, Maok ikasleen borondatezko armada Alderdiko aurkariei aurre egiteko bidali zuen. Ondoren, Den Xiaoping bihurtu zen Txinako burua, eta bertako politika pragmatismoaren bidean sartu zuen.
Den Xiaopingen norabide berriak erakusten du "benetako sozialismoaren" egituretan aldaketak egin behar zirela 1970eko eta 1980ko hamarkadetan. Ekonomia moteldu zen, AEBetako, Europako edo Japoniako ekonomien aldean. Baina beste gizarte estatistika batzuek ere, heriotzarenak kasu, behera egin zuten. SESBen nomenklatura delakoa sortu zen, hau da, Alderdi eta Estatuaren burokrazia gogogabetua eta ustela. Egoera horretan Mikhail Gorbatxovek hartu zuen boterea SESBn.
Gorbatxoven agintaldiaren ezaugarri nagusia Sobietar Batasuneko politika eta ekonomia-sistemaren aldaketa eta eraberritzea izan zen: glasnost (irekitzea), perestroika (berregituraketa) eta uskoreniye (garapen ekonomikoren bultzada). Kanpo harremanetan oso nabariak izan ziren politika berriaren ondorioak. Mendebalderekiko hartu-emanak hobera egin zuen, elkarrenganako mesfidantza gaindituz. Breznev doktrina izenekoa ere amaitutzat eman zen, eta, ondorioz, Europako alde komunistako herrialdeek bere barneko aferetarako autonomia osoa berreskuratu zuten. Honela, komunismoa Ekialdeko Europatik desagertu zen 1989tik aurrera (Berlingo Harresiaren erorketa).
Ekonomiaren gainbeherak, hainbat errepubliketako separatismoak eta Gorbatxeven egunez eguneko botere handiagoak krisia eragin zuten. 1991ko abuztuan alderdiko buru batzuek estatu kolpe bat eman zuten. Kolpeak porrot egin arren, bere ahuldade politikoak, batik bat Boris Yeltsinen aurrean, dimisio aurkeztera behartu zuen Gorbatxev. 1991ko abenduaren 25ean SESB bera desegin zen ofizialki.
Deskolonizazioa
aldatuKolonietan, metropoliarekiko nahigabea hedatu zen nekazarien gainean zama handiegia ezartzean (krisi ekonomikoetan) edo sortu zen klase ertainaren artean nazionalismoa piztean. Toki batzuetan besteetan baino lehenago gertatu zen hori. Britainiarren kolonia txuriei (Kanada, Australia, Zeelanda Berria eta Hegoafrika) dagokienez, XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran dominio estatusa eta, geroago, independentzia eskuratu zuten, arazo handiegirik gabe. Besteetan gorabehera handiagoa izan ziren. Esaterako, Indian independentziaren aldeko Indiar Batzar Nazionala (Indian National Congress) 1885ean jaio zen. 1921ez geroztik Mohandas Gandhik zuzendaritzapean bortizkeria propio baztertuta, Bigarren Mundu Gerraren ondoan (1947) eskuratu zuen independentzia Indiak[41].
Afrikaren kasua desberdina zen. Sahara azpiko Afrika, eskuarki, ez zen kolonizatu XIX. mendearen amaierara arte, eta bertan babes zabaleko mugimendu nazionalistarik ez zegoen 1939ren aurretik. Hegoafrikan arrazan oinarritutako segregazio sistema indarrean sartu zen 1924an, zeinek kolonizazioaren kontrako sentimendua kontinente osoan zehar zabaldu baitzuen. Dena den, 1950eko hamarkadan Sudan eta Ghana independizatu ziren, eta 1968rako Rhodesia (Zimbabwe) besterik ez zen geratzen britainiarren esku Afrikan.
Frantziak, gerren arteko garaian, ez zuen burujabetza onartzeko asmorik erakutsi, are gutxiago independentzia. Horrenbestez, kolonien nazionalismoa indartu zen, eta Marokon Abd el-Krimen gerra borrokatu zen (1921-1925). Bigarren Mundu Gerraren ondoren areagotu ziren mugimendu hauek, Laugarren Errepublikak Frantziar Batasuna sortu arren. Indotxina Batsunatik banandu zen 1946an, Ho Chi Minh, 1920an Frantziako Alderdi Komunistaren sortzaileetakoa, burua zuela. Gerra piztu zen (1946-54) eta frantziarrek amore eman ondoren Vietnamgo Gerra etorri zen. Marokok eta Tunisiak independentzia 1956an eskuratu zuten, Aljeriako Gerraren erdian (1954-1962), Frantzian bertan istilu andana zeudela. Sahara azpiko Afrika 1960ko hamarkadan independizatu zen.
Gainerako koloniek antzeko ibilbideari ekin zioten, Nazio Batuek autodeterminazioaren printzipioa babestu ondoren. Gerra Hotzaren garaian, bi blokeetako batekin lerrokatu nahi ez zutenez, Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimendua osatu zuten, Bandungeko Bileraren ondoren. Dena den, botere kolonialek eratutako merkataritza sistemak gehiago iraun zuen, eta horretaz baliatu ziren lehengo kolonien gaineko kontrola izaten jarraitzeko. Hori dela eta, garatu gabe dirau kolonia ohi andana batek, Hirugarren Mundua deritzona osatuz.
Egungo historia (1991-)
aldatuSobiet Batasunaren gainbeherarekin, AEBak munduko superbotere bakarra geratu da. Historiaren amaieraz[42] hitz egin bazen ere (Pax Americana), AEBetako nagusitasun horrek kritika ugari jaso ditu zenbait intelektual eta politikarien aldetik, eta atzerrian gerra batzuk burutu dituzte (Kosovo, Afganistan, Irak), batez ere 2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean. Dena den, munduko botere ekonomiko nagusia izaten jarraitzen dute, 2008-2010ko krisialdi ekonomikoa gorabehera. G-7, G-8 edo G-20 gisako nazioarteko bileren bitartez saiatzen dira munduko herrialde nagusiak ekonomia zuzentzen.
Sobiet Batasuna deseginda, Errusiak hartu du haren lekuko, nahiz eta ez dituen berreskuratu sobietarren boterea eta itzala. Herrialde asko sortu dira handik, baita Jugoslavia eta Txekoslovakia desegitetik ere, gerra eta hitzarmenen bidez hurrenez hurren. Hauteskundeak eta merkatu ekonomia sartu dira herrialde komunista ohi gehienetan. Honela, shock terapia deritzona ezarri da horrelako zenbait ekonomiatan, oso azkar prezioen gaineko kontrola eta estatuen diru-laguntzak galdu eta estatuen enpresa ugari pribatizatu baitira. Batzuetan ondorioak latzak izan dira oso, Ekialdeko Alemanian kasu. Pribatizazioarekin, gainera, Errusian oligarkia boteretsua sortu da, hainbatetan mafiarekin lotu dena[43].
Europa da AEBetako aliatu nagusia. Bertan Europar Batasuna osatu da (1993), egun (2009ko iraila) 27 estatu dituela, tartean Gerra Hotzeko Ekialdeko Blokeko estatu andana, eta Kroazia, Mazedonia eta Turkia sartzeko hautagai ofizialak dira, Albania, Bosnia Herzegovina, Montenegro, Serbia eta Islandia ere balizko hautagaiak direla.[44] Estatuen arteko batasuna itunen bidez arautzen da. 2005ean Konstituzioa Frantzian eta Herbehereetan egindako erreferendumen bidez bertan behera geratu ondoren, egun Lisboako Itunak hartu du indarra. Halaber, merkatu batua eratzeaz gain, EBko 16 estatuk moneta bera hartu dute, euroa, 2002ko urtarrilaren 1az geroztik.
Hego Amerikan egoera irauli da azken urteotan. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Argentina, Brasil, Txile edo Uruguaiko gobernuak kendu eta politika neoliberalak martxan jarri baziren, kontinentean zehar demokratizazioaren olatu bat etorri zen, eta estatu-kolpeak murriztu. Zenbait krisialdi ekonomikoren ostean (Mexikon edo Argentinan esaterako), herrialde batzuetan mugimendu ezkertiarrak nagusitu dira, Hugo Chavez eta Lula da Silva nabarmenduta. Orobat, kontinentea batzeko mugimenduak egon dira eta 2008an Hego Amerikako Nazioen Batasuna sortu zen, Europar Batasunen antzera, bertatik AEBen eragina aldendu nahian.[45]
Asia azkar garatu da azken urteotan, batik bat Txina eta India, biak milioika kontsumitzaileren merkatuak edukita. Txinan klase ertaina agertu da, bizitzaren baldintzak hobetu baitira, baina herrialdearen mendebaldea ekialdea baino askoz atzeratuago dago oraindik, ahaleginak ahalegin. India ere, munduko demokraziarik handiena, biziki garatu da eta bizilagun andanak utzi dute atzean txirotasun egoera[46]. Aldi berean, munduan protagonismo gehien duten gatazkan Asian gertatzen ari dira, hala nola Irakeko eta Afganistango inbasioak edo gatazka arabiar-israeldarra.
Azken urteotan, helbideak eta komunikazioak, batik bat interneti dagokionez, munduan zehar ugaldu eta areagotu dira globalizazio izeneko prozesuan (herrixka globala). Hala, kultura arloan, desberdinen arteko elkarren ezagutza handitu da. Alabaina, kritikoen iritsiz, honek, besteak beste, kultura txikien galera, enpresa berberen janzkera, janari edo kultur ekoizpen berberak ekarri ditu nonahi. Ekonomian, nazioarteko merkatu bat osatu da salerosketen bidez. Hala ere, zenbait herrialdetan honek guztiak eragin dituen arazoak direla-eta mugimendu altermondialista sortu da, globalizazioa beste bidetik eraman nahian. Halaber, egun hainbat arazo mundu osoari dagozkio, hala nola klima aldaketa edo krisialdi ekonomikoa. Konponbidea estatu bakar baten esku ez dagoenez, nazioarteko biltzarrak egin dira guztien artean hitzarmenak adosteko, Kiotoko Protokoloa kasu.
Aldaketa geldoak
aldatuPopulazioa
aldatuIndustria Iraultza dela-eta, populazioak izugarri hazi ziren. Izan ere, jaiotza eta heriotza tasa garaietatik, heriotza tasa baxura igaro zen, eta geroago, jaiotza tasa baxura ere. Honela, Londresen 5 urtetik beherako umeen heriotza tasa %74.5ekoa zen 1730-1749 bitartean eta %31.8 1810-1829 bitartean[47]. Hortaz, Europako populazioa (lehen industrializatu zen kontinentea alegia) XVIII. mendean 100 milioi ingurutik 200 milioira, eta XIX. mendean ere berriro bikoiztu zen.[48] Indian populazioa 125 milioitik 389ra hazi zen 1750tik 1941era.[49]
XX. mendean Europako populazioaren hazkundea moteldu zen, beste kontinenteetakoa hazten hasi zen bitartean. 1900 eta 2000 bitartean munduko populazioa %277 handitu zen (1.500 milioitik 6.000 milioira).[50] 1950tik 1984ra Iraultza Berdeak munduko nekazaritza garatu zuen, janariaren ekoizpena %250 hazi baitzen.[51] Hala ere, gosete latzak pairatu behar izan dira zenbait herrialdetan, batez ere Afrikan.
Fenomeno horien aurrean, 1798an Thomas Malthus demografo britainiarrak oker iragarri zuen populazioaren hazkundeak janariaren hornidura gaindituko zuela XIX. mendearen erdialderako. Harrezgeroztik demografia garatu zen, herrialdeen populazio hazkundeak neurtu eta kontrolatu nahian. Populazioaren gaineko kezka ez da egun desagertu. Jakiteko dago hazkunde tasa horiei eusten ahalko zaien etorkizunean, petrolioa gero eta urriagoa eta munduko populazioa gero eta handiagoa izanda, klima aldatuta, bizitegitarako eta industriarako lurra galduta, eta haragi kontsumoa areagotuta.[52]
Gizartea
aldatuAntzinako Erregimeneko gizarte estamentuduna amaitu zen Aro Garaikidean, hainbatetan era bortitzean (Frantziako Iraultzan, kasu), beste batzuetan hitzarmen politikoen bidez (Erresuma Batuaren adibidea). Izan ere, jaiotzetiko pribilegioak amaitu ziren, nahiz eta gizarte mota horren zenbait arrasto denboran zehar luzatu.
Aro Garaikidean, Marxen ustez, klasea zen gizartea banantzen zuen egitura mota, ahalmen ekonomikoak markatuak: goi mailakoa edo burgesia, erdi mailakoa edo behe burgesia eta behe mailakoa edo proletargoa. XIX. mendean, bozka zentsitarioa ezarrita eta Industria Iraultzak ematen zuen botere ekonomikoa oinarri, burgesia izan zen klase nagusia. Erresuma Batuan gizarte viktoriarrean (1837-1901) islatu zen burgesiaren nagusitasun hori, alde batetik arteekiko zaletasunean (antzerkia, opera, literatura eta margolaritza biziki garatu ziren), eta bestetik moral publiko zurrun eta zorrotzean (zurruta, prostituzioa edo jokoa geldiarazteko elkarteak). Kontinentean aldiz, Belle Epoque (Aro Ederra frantsesez) deitu zitzaion goi mailako klaseen urrezko garaiari (1871-1914).
Alfabetizazioa eta boto sistema hedatu ahala, masa-gizartea sortu zen. Émile Durkheim soziologoaren iritsiz, gizarte hau gizabanako solte baina bereizgaitzek osatzen zuten. José Ortega y Gasset filosofoak, ordea, deitoratzen zuen goi mailako kultura galtzen zela gizarte horretan. Izan ere, kulturaren industria sortu zen, zeinek gehienen gustuko ekoizpen kulturala egiten zuen. Kontsumorako kultura herrikoia kirol, musika, zinema edo literaturan islatzen da (eta geroago telebistan eta komikietan).
1920ko hamarkadan eta batez ere Bigarren Mundu Gerraren ostean publizitateak bultzatutako kontsumismoa garatu da, Mendebaldeko herrialdeetan ahalmen ekonomikoa izugarri handitu baitzen (sorgin-gurpil batean kontsumismoak eta masa-ekoizpenak elkar bultzatzen dute). Kontsumo kultura horretan markek garrantzi handia lortu dute, estatusaren ikurra baitira. Joera horrek ekar lezakeen arazo ekologikoen aurrean, mugimendu ekologistak eta kontumoaren kontrakoak sortu ziren 1970eko hamarkadan.
XX. mendeko azken herenean, batik bat 1968ko iraultzaren ostean, gizarte postmodernoa eratu zen maila intelektualean, ikuspegi berri bat (erlatibista) sortu baitzen historia, legea, kultura, erlijioa eta giza-harremanak (batez ere sexuari eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko erlazioari dagokienez -feminismoa-) interpretatzeko. Horren isla literatura, artea, zinema, kazetaritza eta diseinu topiko-haustzaileak eta taburik gabekoak dira.
Artea
aldatuArte modernoaren aurrekariak dira erromantizismoarekin (Goya, David, Delacroix, Gericault, Friedrich, Turner, William Blake) edo errealismoarekin (Corot, Millet, Courbet, William Morris) nola edo hala lot daitezkeen artistak.[53] Inpresionismo (Edgar Degas, Édouard Manet, Claude Monet, Pierre-Auguste Renoir, Camille Pissarro, Alfred Sisley) eta postinpresionismoarekin (Georges Seurat, Paul Cézanne, Paul Gauguin, Vincent van Gogh, Henri de Toulouse-Lautrec, Henri Rousseau), kolore eta pinturaren bitartez argia eta espazioa era berrietan tratatzeko esperimentatzeari ekin zion arteak erabakitasunez.
Lehen Mundu Gerraren aurretik sormena areago garatu zen, abangoardiako mugimendu artistiko andana sortuz, tartean fauvismoa (André Derain, Henri Matisse, Maurice de Vlaminck), kubismoa (Georges Braque, Pablo Picasso), espresionismoa (Egon Schiele, Oskar Kokoschka, Edvard Munch, Emil Nolde, Amadeo Modigliani) eta futurismoa (Giacomo Balla, Umberto Boccioni, Carlo Carrà). Gerrak mugimendu horien amaiera ekarri zuen, baina artearen beraren kontra hasi zen Duchampen lanekin esaterako. Garaiko mugimenduen artea, besteak beste, honako hauek ditugu: dadaismoa (Jean Arp, Marcel Duchamp, Max Ernst, Francis Picabia, Kurt Schwitters), surrealismoa (Giorgio de Chirico, Marc Chagall, Jean Arp, Salvador Dalí, Max Ernst, René Magritte, André Masson, Joan Miró) eta abstrakzioa (Kasimir Malevich, Alexander Rodchenko, Wassily Kandinsky, Paul Klee).
Bigarren Mundu Gerran AEBak bihurtu ziren munduko artearen abiapuntua, Parisen kaltetan. Hurrengo hamarkadetan espresionismo abstraktoa (Willem de Kooning, Jackson Pollock, Hans Hofmann, Franz Kline, Robert Motherwell, Clyfford Still), pop artea (Richard Hamilton, Keith Haring, David Hockney, Robert Indiana, Jasper Johns, Roy Lichtenstein, Robert Rauschenberg, Andy Warhol, Ed Ruscha), minimalismoa (Agnes Martin, Dan Flavin, Donald Judd, Sol LeWitt, Richard Serra), fotorealismoa (Audrey Flack, Chuck Close, Duane Hanson, Richard Estes, Malcolm Morley) eta beste mugimendu batzuk garatu ziren. 1970eko hamarkadatik aurrera lur artea (Christo, Richard Long, Robert Smithson), performance, arte kontzeptuala eta abar sortu ziren. Garai hartan, pinturaren amaieraz mintzatzen zen (Douglas Crimpen 1981eko entsegu batean), eta teknologia berriekin hasi zen esperimentatzen (bideo artea).
Zientzia
aldatuXIX. mendean, zientzian aritzen zirenak profesional bilakatu ziren, zientziaren ezagutzak gero eta paper garrantzitsuagoa jokatzen baitzuen estatu-nazioen alderdi askotan. Teknologian eta ezagueran egiten diren aitzinamenduak elkarren eskutik doaz. Aro Garaikidean inoiz baino gehiago ugaldu dira biak zein biak, teknologiako aurrerapenek aurkikuntza berriak baitakartzate, zeinek zientzaren auziei ekarpen eta ikuspegi berriak ematen baitiete.
Matematikan, aurretik garatutako alorren baterakuntzari eta sistematizazioari ekin zitzaien. Augustin-Louis Cauchy, Bernhard Riemann eta Karl Weierstrass matematikarien eskutik kalkulua guztiz osatu zen. Niels Henrik Abel eta Évariste Galois beraien aldetik algebra eremu abstraktora eraman zuten, ekuazioen eremu soila gaindituz. Aldi berean, George Boole, Georg Cantor, Peano, David Hilbert eta Bertrand Russell logika modu abstraktoan eratu zuten, matematikaren eta filosofiaren garapenerako bide berriak zabalduz. Geometrian ere, geometria ez-euklidearrak definitu eta ikertu ziren, Nikolai Ivanovich Lobachevsky eta Bernhard Riemannen eskutik besteak beste. Ordura arte matematikara loturik izan zen estatistika gizarte zientzietara zabaltzen da XIX. mendearen erdialdean, Adolphe Queteleten lanei esker. Geroago, XX. mendearen atarian, inferentzia estatistikorako metodoak garatuko ziren Ronald Fisheri esker, kalkuluan eta probabilitate teorian izandako aurrerapenetan oinarrituz. XX. mendean, matematika aplikatuaren mendea da. XIX. mendean eratutako egitura teorikoa baliatuz, industriarako eta ekonomiarako tresnak izango ziren ikerkuntza operatiboa eta joko teoria garatzen dira XX. mendean. Aldi berean, Estatistika ekonomiarako eta soziologiarako ezinbesteko metodo bihurtzen da. XX. mendearen bukaeran berebiziko garrantzia hartu duen informatikak ere matematika izango zuen oinarri.
Fisika arloan, XIX. mendean elektrizitatea eta magnetismoa aztertu zituzten Faraday, Ohm eta beste zientzialari batzuek. Maxwellek biak uztartu zituen elektromagnetsimoaren teorian. XX. mendearekin iraultza etorri zen fisikara, Newtonen teoriak beti-beti ez baitziren zuzenak. Max Planck, Albert Einstein, Niels Bohr eta beste batzuek teoria kuantikoak eta erlatibitatearen teoria (1915) garatu zituzten, fisika tradizionalak azaldu ezin zuena azaltzeko. Galaxiak elkarrengandik urruntzen direla Edwin Hubblek ikusi ondoren (1929), Big Bangeko teoria formulatu zuen Georges Lemaîtrek. Bonba atomikoaren garepenarekin, "Zientzia Handia" izeneko arora heldu zen, laborategi, aurrekontu eta makina eskergak behar baitziren.
Kimikan, dena atomoek osaturik dagoen teoria John Daltonek eman zuen jakitera 1803an. Horretan oinarrituta, Dmitri Mendeleevek taula periodikoa eratu zuen 1869an. Friedrich Wöhler-ek alor berri bat ireki zuen, kimika organikoa. XIX. mendearen amaierarako, konposizio organiko andana sintetiza zitezkeen. Hori aplikatzerakoan, material sintetikoak sortu ziren. Fisikaren laguntzarekin, atomoaren egitura elektronikoa azaldu zen. Linus Pauling-ek mekanika kuantikoaren printzipioak erabili zituen molekulak aztertzeko. Honela, DNAren nondik norakoa ezagutu zen 1953an.
Geologian, XIX. mendearen erdialdean sailkapenetik Lurreko azala nola aldatu zen azaltzera igaro zen. Plaken tektonika deritzon teoria Alfred Wegener-ek proposatu zuen XX. mendearen hasieran, baina 1950eko hamarkadara arte ez zen aintzat hartu. Halaber, beste adar batzuk garatu ziren: geofisika, meteorologia edo ozeanografia.
Medikuntzan egundoko aitzinamenduak garatu dira, higienearen hedapenetik hasita. Louis Pasteur biologoak mikroorganismoak eta gaixotasunak lotu zituen, eta, 1880an, lehendabiziko txertoa, amorruaren kontrakoa, asmatu zuen. Biologian Charles Darwin naturalistaren hautespen naturalaren teoriak irauli zuen artean ezagutzen zena. Gregor Mendelek 1866an heredentziaren legeetan oinarrituta genetika garatu zen XX. mendean, eta 1990ean nazioarteko ahalegin batean gizakien genoma deskodetzeko lanak hasi ziren.
Gizarte zientziak ere garatu dira historiako epe honetan, metodo zientifikoa erabiliz gizakien portaeraren alor guztiak ulertu eta azaldu nahian. Hizkuntzalaritzan William Jones, Ferdinand de Saussure edo Noam Chomsky nabarmentzen dira. Ekonomian Adam Smith, Karl Marx, John Maynard Keynes edo Milton Friedman. Psikologian Ivan Pavlov, Sigmund Freud edo John B. Watson. Soziologian eta antropologian Émile Durkheim, Max Weber, Claude Lévi-Strauss. Historiagintzan, Leopold von Ranke edo Fernand Braudel. Eta filosofian Ludwig Wittgenstein, Martin Heidegger, Bertrand Russell, Jean-Paul Sartre, Karl Popper, Albert Camus, Michel Foucault, Jacques Derrida edo Jacques Lacan.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) Bédarida, François. (1998). «Definición, método y práctica de la Historia del Tiempo Presente» Cuadernos de Historia Contemporánea.
- ↑ Ibon Sarasola. (1998). «garaikide» Euskara batuaren ajeak. Alberdania, 91-92 or. ISBN 848866950X.
Aipua: «garaikide. Hitz hau, bere kideko adiskide bezala, izena da euskaraz, eta norbaiten garaikide joskera eskatzen du [...] Eta euskaraz, gaur egungo esapidea, aski erabilita, egokiagoa dirudi gau egungo historia, eskultura etab.-etan.». - ↑ Kamen, Henry (1984). La sociedad europea, 1500-1700. Madril, Alianza, 1986.
- ↑ Martínez, José U. Introducción a la historia contemporánea, 1770-1918. Madril, Ediciones Istmo, 1985, 35-36 or.
- ↑ Business and Economics. Leading Issues in Economic Development, Oxford University Press US. ISBN 0-19-511589-9 Irakur ezazu
- ↑ (Gaztelaniaz)Fernández, Antonio: Historia del mundo contemporàneo. Barcelona, Vicens Vivens, 1984, pàgina 43.
- ↑ « Nous chercherons à nous tenir dans un juste milieu, également éloigné des excès du pouvoir populaire et des abus du pouvoir royal. » Guy Antonetti, Louis-Philippe, Paris, Librairie Arthème Fayard, 2002 (p.713)
- ↑ Anderson, Benedict. 1991. Imagined Communities. ISBN 0-86091-329-5, 6. or.
- ↑ [Economy Professor https://web.archive.org/web/20090922230348/http://www.economyprofessor.com/economictheories/monopoly-capitalism.php]
- ↑ (Ingelesez) Capie, Forrest; Wood, Geoffrey. (1997). Business cycles and depressions: an encyclopedia. New York: Garland Publishing, 148–49 or. ISBN 0824009444..
- ↑ (Ingelesez) Rosenberg, Hans. (1943). «Political and Social Consequences of the Great Depression of 1873-1896 in Central Europe» The Economic History Review (Blackwell Publishing) 13 (1/2): 58–73..
- ↑ (Gaztelaniaz) Rubio, José Luis. (1971). Las internacionales obreras en América. Madril, 43 or..
- ↑ http://www.britannica.com/EBchecked/topic/339173/liberalism
- ↑ Lerux, Pierre, "Individualism and socialism" (1834)
- ↑ Marx, Karl, Critique of the Gotha Programme, p320-1, Selected Works, Lawrence and Wishart, (1968)
- ↑ Daniel Guerin, Anarchism: From Theory to Practice (New York: Monthly Review Press, 1970).
- ↑ Proudhon, Pierre-Joseph. "Chapter 3. Labour as the efficient cause of the domain of property" in "What is Property?", 1840
- ↑ Proudhon, Pierre-Joseph. The General Idea of the Revolution, p. 281
- ↑ Fromkin, David (2001), A Peace to End All Peace: The Fall of the Ottoman Empire and the Creation of the Modern Middle East, New York: Owl Books, pp. 119,
- ↑ Duffy, Michael: [1]
- ↑ Kitchen, Martin (2000), Europe Between the Wars, New York: Longman
- ↑ Knobler, Stacey L, ed. (2005), The Threat of Pandemic Influenza: Are We Ready? Workshop Summary, Washington DC: National Academies Press
- ↑ Eric Hobsbawm, The age of extremes, Vintage, 1996, 376 or.
- ↑ Great Depression, Encyclopaedia Britannica
- ↑ Goldman Sachs 104 dollarretik 1929an 1,75era 1932an igaro zen, American Founders Group 75etik 0,75era 1935ean, U.S. Steel 262tik 22ra 1932an, General Motors 1075etik 40ra 1932an eta General Electric 1612tik 154ra 1932an.
- ↑ Griffin, Roger (ed.). Linz, Juan. "Crisis of democracy after the First World War". International Fascism: Theories, Causes and the New Consensus. London: Arnold Publishers, 1998. Pp. 177–178.
- ↑ Turner, Stephen P. (ed.); Käsler, Dirk (ed.). Sociology Responds to Fascism. Routledge. Pp. 128.
- ↑ Griffin, Roger (ed.). Linz, Juan. "Crisis of democracy after the First World War". International Fascism: Theories, Causes and the New Consensus. London: Arnold Publishers, 1998. Pp. 176, 180.
- ↑ Griffin, Roger (ed.). Linz, Juan. "Crisis of democracy after the First World War". International Fascism: Theories, Causes and the New Consensus. London: Arnold Publishers, 1998. Pp. 180.
- ↑ FSmitha.com [2]
- ↑ Roland Sarti: Fascist Modernization in Italy: Traditional or Revolutionary
- ↑ Kydd, Andrew (2005), Trust and Mistrust in International Relations, Princeton University Press
- ↑ Gaddis, John Lewis (2005), The Cold War: A New History, Penguin Press
- ↑ McSherry, Patrice (2005). Predatory States: Operation Condor and Covert War in Latin America. Rowman & Littlefield
- ↑ Liberal Economics and Democracy .- ISBN 978-0-7006-0803-4 - [3]
- ↑ J.M. Keynes: How to Organize a Wave of Prosperity - The Evening Standard, 31 July 1928
- ↑ Esapide hau 1960etako SESBn sortu zen, adierazteko teorian sozialismo hobeak egon zitezkeela, baina errealitatean horixe zen zegoen bakarra.
- ↑ Eric Hobsbawm, The Age of Extremes, Vintage, 1996, 385 or.
- ↑ Eric Hobsbawm, The Age of Extremes, Vintage, 1996, 386 or.
- ↑ Eric Hobsbawm, The Age of Extremes, Vintage, 1995, 466. or.
- ↑ Hunt, Lynn, Thomas R. Martin, Barbara H. Rosenwein, R. Po-chia Hsia, and Bonnie G. Smith. The Making of the West Peoples and Cultures. Boston: Bedford/St. Martin's, 2008.
- ↑ Francis Fukuyama, The End of History and the Last Man. Free Press, 1992.
- ↑ http://news.bbc.co.uk/2/hi/special_report/1998/03/98/russian_mafia/70095.stm BBC News - The Rise and rise of the Russian mafia.
- ↑ "European Commission - Enlargement - Candidate and Potential Candidate Countries". Europako web ataria (2009ko abuztuaren 1a)
- ↑ SPERBER, Joshua. " How the US Lost Latin America", 2006ko azaroaren 4a, CounterPunch
- ↑ Nick Gillespie (2008). "What Slumdog Millionaire can teach Americans about economic stimulus".
- ↑ Mabel C. Buer, Health, Wealth and Population in the Early Days of the Industrial Revolution, London: George Routledge & Sons, 1926, 30. or.
- ↑ Modernization - Population Change. Encyclopædia Britannica.
- ↑ Reintegrating India with the World Economy. Peterson Institute for International Economics.
- ↑ Historical Demography in Encyclopedia of Public Health,
- ↑ Kindall, Henery W & Pimentel, David (May 1994). "Constraints on the Expansion of the Global Food Supply".
- ↑ Food crisis will take hold before climate change, warns chief scientist
- ↑ Arnason, H. Harvard. 1998. History of Modern Art: Painting, Sculpture, Architecture, Photography. New York: Harry N. Abrams, Inc. ISBN 0-8109-3439-6, 22. or.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu