Donostiako arraunketa

Donostiako arrauna» orritik birbideratua)

Donostiako arraunketa hirian sendo errotutako kirola da, tradizio handikoa eta urteetan zehar talde eta elkarte ugari sortu dituena.

Donostia
Sorrera 1907 Amaikak Bat
1911 Fortuna
1912 Esperanza
1922 Ur-Kirolak
1924 Loiolatarra
1933 Empuje
1941 Chimparta
1956 Txapel Aundi
1960 Jaizkibel
1960 Ibaeta
1965 Arraun Lagunak
1968 Kai-alde
1968 Donostia AB
1997 Kiriko AKE
2007 Donostiarra
Herria Euskal Herria Donostia, Gipuzkoa
Patroia(k) Luis Karril, Kiriko,
Soterotxo, Famao, Pintxan
Kolorea(k)      zuria
Trainerua
Palmaresa Gizonezkoak
14 Kontxako Bandera
0 TKE Liga
1 KAE 1 Liga
1 KAE 2 Liga
1 Federazioaren Liga
2 Espainiako Txapelketa
1 Euskadiko Txapelketa
Emakumeak
3 Kontxako Bandera
2 Euskotren Liga
4 Euskadiko Txapelketa
2 Gipuzkoako Txapelketa
1 ETE Liga
Kontxako Banderaren eguneko giroa kaian (1926)

Traineru arraunketako kirola, kostako herri guztietan bezala, arrantzaleen lanbidetik sortu zen Donostian ere XIX. mendearen amaieran, eta, arrantza-jarduera indartsuko hiria izanik, parte hartze zabala izan zuten bertako kuadrillek garaiko estropada eta desafioetan. Luis Karril eta Kiriko bezalako lege zaharreko patroi donostiar handiak izan ziren garai hartan.

1920ko hamarkadaren inguruan arrantza ontziak higiarazteko arrantzaleen giza indarra erabiltzeari utzi zitzaionean, hiriko elkarteek hartu zuten kuadrillak eratzeko eta sustatzeko ardura, eta, hamarkada batzuk geroago, arraun klub modernoek hartu zuten haien lekukoa. Kirol honek Donostian beti eragin izan duen grinaren erakusgarri da datu hauxe: Kontxako Banderan 12 elkarte donostiar desberdinek parte hartu dute, eta, kaiko edo Parte Zaharreko arrantzale giro hertsian ez ezik, Loiola, Martutene eta Ibaeta auzoetan ere sortu izan dira arraun taldeak eratzeko ekimenak.

Kirol emaitzen aldetik denboran zehar gorabeherak izan dituzten arren, talde horiek guztiek hainbat Kontxako Bandera lortu dituzte (Donostia hirugarrena da sailkapen nagusian), baita maila goreneko txapelketak ere arraun modalitate guztietan: (traineruetan, trainerilletan, bateletan, aulki mugikorreko kategoria guztietan eta Mediterraneoko llaütetan). Arraunketa olinpikoan ere jarduera zabala izan dute Donostiako arraunlari eta taldeek, 1920ko hamarkadan hasi eta modalitate honetan era jarraituan aritzen lehenak izan baitziren bere inguruan.

Tostako arraunketaren historia

aldatu

Lehen aipuak

aldatu
 
Kontxako Bandera (1915). Argazkian lehian ageri diren bi traineruetako bat Donostiakoa da, urte horretan garailea izan zena Soterotxo patroi zela.

Traineru arraunketako kirola, kostako herri guztietan bezala, arrantzaleen lanbidetik sortu zen Donostian ere XIX. mendean, eta, arrantza-jarduera indartsuko hiria izanik, parte hartze zabala izan zuten bertako kuadrillek garaiko estropada eta desafioetan.

Donostian dokumentatua dagoen traineru-estropadarik zaharrena 1845 urtekoa da.[1][2][3] Urte hartako abuztuaren 12an, Gipuzkoako bederatzi traineru lehiatu ziren (Hondarribia, Pasaia, Donostia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku) Kontxako uretan eta Donostiako trainerua izan zen irabazlea. Garaiko kazetek diotenez, tenplete gisako bat jarri zioten Isabel II.a erreginari Apaizen pasealekuan, eta handik estropadez gozatzen izan omen zen familiarekin batera.[4][5][6][7]

Hurrengo urteetan ere hainbat estropada jokatu ziren. Horrela, beste aipamen bat 1852koa da, abuztuko Amabirjinaren egunean (15ean) antolatutako estropada bat aipatzen denekoa.[8][9] Traineru donostiar baten aipamen zuzena egiten den beste estropada bat 1853koa da, Baionan jokatutako estropada bati buruzkoa.[10] 1858an, hamaseina arraunlariko bi ontzi lehian aritu ziren beste estropada bat dago dokumentatua Donostian (Napoleon III.a lekuko izan zuena).[4]

Patroi handiak (1879-1931)

aldatu

Hala ere, donostiar arraunketaren benetako historia 1879an hasi zen. Urte hartako Kontxako Banderan, historiako lehenean, donostiarrek parte hartu zuten eta, hain zuzen, Lequeitiana traineru donostiarra atera zen irabazle.[11][12] Lanbidez arrantzan aritzen patroien garaia zen traineru lehiaketen lehen urte haiena; patroi bakoitzak egunerorko arrantza jardunean lankide zituen arrantzale-arraunlarien kuadrilletan oinarrituz osatzen zituen tripulazioak estropada eta desafioetarako. Patroia zen kuadrilla horietan nagusi eta buru nabarmena, eta, horregatik, patroi famatu handien izenak datozkigu oroimenera donostiarren garai haiek gogoratzean, hala nola Luis Karril, "Kiriko" edo "Soterotxo".

Donostiako traineruek historian izan duten mailarik onena garai honetakoa dela esan daiteke. XIX. mendeko azken hamarkadetan eta XX. mendeko lehenetan punta-puntakoak ziren traineru donostiarrak, Kontxako Banderan lortutako garaipen ugariek erakusten duten moduan: banderaren lehen 30 edizioetatik 13 irabazi zituen Donostiak, eta oraindik indarrean dagoen errekorra lortu zuten, jarraian 7 bandera eskuratuta 1883-1894 bitartean. Hauek dira garai horretako patroirik ezagunenak:

Juan Kruz Karril "Txorrolo"

Sakontzeko, irakurri: «Juan Kruz Karril»
 
Kontxako Bandera (1915)

1879an Kontxako historiako lehenengo bandera irabazi zuen patroia dugu Juan Kruz Karril (ezinenez, "Txorrolo") patroia, Luis Karril handiaren anaia. Hainbat lekutan Pasaiako Avante agertzen bada ere lehen bandera horren irabazle modura, garaiko egunkariek argi uzten dute Lequeitiana traineru donostiarra izan zela garailea, Orioko bi traineruren aurretik geratuta.[11][12][13]

Hurrengo urtean, 1880an, bigarren gelditu zen. 1889an eta 1890ean ere parte hartu zuen, baina Luis Karril anaia nagusitu zitzaion, eta 1892an, berriz, Kiriko.

Joxe Jabier Uresberueta

Sakontzeko, irakurri: «Joxe Jabier Uresberueta»

1883ko Kontxako Bandera irabazi zuen Angelita traineruarekin. Bigarren geratu zen 1898an eta 1906ko Kontxako Banderan ere parte hartu zuen. Luis Karril handiari irabazi zion 1882an Kontxako estropada batean, baina argitzeke dago Kontxako Bandera zen ala bestelako estropada bat zen.[14] Patroi aritu aurretiko garaian, arraunlari gisa, Getaria eta Donostiako bi batelen arteko desafio ospetsu batean irabazle izan zen, artean gaztetxo zela, 1869an. Izurdia eta Potakorra zuten izena, hurrenez hurren, getariarren eta donostiarren batelek, eta bertsopaperetan jasoa ere geratu zen desafio sonatu hura.[15]

 
Jendea arroketan, Kontxako Bandera ikusten (1915)

Kirol-jardueraz aparte, Donostiako portuan sardina eta antxoaren arrantzarako ohiko traineru eta lantxen ordez arrantza-baporeak sartu zituen lehen arrantza-patroia izan zen[14] [16](beste erabilera batzuetarako bapore handiak lehendik sartuak zituen Mercader familiak, 1877tik aurrera). 1900ean, Pierre Mari baporea erosi zuen Donibane Lohizunen, eta Denak-Bat izen berria emanda, Donostian matrikulatu zuen. Gerora, beste bapore batzuk ekarri edo eraikiarazi zituen.

Jose Mari Iturriza

Sakontzeko, irakurri: «Jose Mari Iturriza»

1887ko Kontxako Bandera irabazi zuen Jose Mari Iturrizak. Iturriza abizeneko patroi batek beste edizioren batean parte hartu zuen, baina izena agertzen ez denez, ezin da jakin Joxe Mari ala beste urte batzuetan agertzen den Manuel zen.

Luis Karril

Sakontzeko, irakurri: «Luis Karril» eta «Donostia - Ondarroa traineru desafioa»

Donostiako arraunketaren eta, oro har, traineru arraunketaren historiaren ikono handienetako bat da. Kontxako Banderari dagokionez, 1889ko eta 1890eko banderak irabazi zituen Luis Karrilek. Baina benetan ospetsu egin zuena 1890ean jokatutako Ondarroaren aurkako desafioa izan zen. Seguru asko arraunketaren historian sonatuena izan den desafio hark ikusmira bizia sortu zuen, eta apustu ikaragarriak izan ziren alde baten eta bestearen alde; estropada irabazita, Luis Karril erabateko idolo bihurtu zen donostiarren artean.[17]

Estropada famatu haren ondoren, Baionako traineru batek beste desafio bat bota zion Donostiari, baina oraingoan Luis Karrilen mutilek galdu egin zuten, zirkunstantzia polemiko eta guzti (abordatu egin zuten, antza, donostiarren trainerua, eta estropada irabazteko aukerak galdu zituen hor).[18] Porrot horri zela medio, uko egin zion aurrerantzean Donostiako trainerua gidatzeko zereginari, eta "Kiriko"k hartu zuen traineruaren ardura, Karrilek berak hala gomendatuta.

Luis Karril ezaguna da, era berean, heriotza tragikoa izan zuelako. Bere arrantza kuadrillarekin arrantzan ari zela, haize bolada bortitz batek txalupa irauli eta kroskoari eutsita iraun behar izan zuen luzaro, bere kuadrillakideak bezala. Hala ere, indarrak azkenean huts egin eta banaka-banaka asmatu eta itota hiltzen joan ziren. Arrantza kuadrillako lau arrantzale besterik ez ziren salbatu. 1892ko urriaren 19a zen.

Leku askotan jaiotzez asturiarra zela agertzen bada ere, Luis Karril donostiarra zen, bere familia osoa bezala[19][20]. Luis Karrilek Torrekua goitizena zuen (Luis Torrekua), Torrean bizi zelako, garai batean Itsas Kontsuletxe izandakoan, gaur egungo Euskal Itsas Museoan[21]. Hain zen ezaguna goitizena, 1889ko Kontxako Banderaren agirietan irabazlea ez da Luis Karril izen-abizenez ageri, Luis Torrekua goitizena bakarrik aipatzen da[19].

 
Kontxako bandera txalupa batetik ikusten (1918)

Frantzisko Zubiaurre "Kiriko"[22]

Sakontzeko, irakurri: «Frantzisko Zubiaurre "Kiriko"»

Kontxan garaipen gehien lortutako patroi donostiarra da "Kiriko": guztira 5 Kontxako Bandera lortu zituen. 1891n Donostiako traineruaren lema hartu eta 1891ko Kontxako Banderan garaile atera zen, 1892an eta 1894an bezalaxe. Hurrengo urtean, 1895ean, traineru donostiarrei debekatu egin zitzaien parte hartzea, azken urteetan nagusi zirenez (7 edizio jarraian irabazi zituzten 1894 arte, jarraian irabazitako Kontxako Banderen errekorra); horrela, antolakuntzak inguruko herrietako traineruak parte hartzera anima zitezen nahi zuen.[23]

Kirikoren garaipenak ordea ez ziren amaitu: urte batzuetan traineru donostiarraren gidaritza utzia izan ondoren, 1910eko hamarkadaren bukaeran berriro ere traineruaren ardura hartu eta Kontxako bi bandera gehiago (1918 eta 1920) eta Abrako bandera sonatua (1919) lortu zituen.[24] [25]

Azken bandera horretan egin zuen arraunketaren historian hain famatua den "Kirikoren ziaboga,"[26][14] traineru lehiakideari aurrea hartzeko aukera eman omen zion ziaboga paregabea.[27][28]

Izan ere, Kirikok ziaboga emateko modu berritzaile bat plazaratu zuen. Nolabait esan liteke ziaboga emateko era modernoaren sortzailea dela. Hori eman zuen aditzera garaiko kronikari batek 1894ko Kontxako Banderan aritu zen Kirikoren ontziaren maniobra iruzkindu zuenean.[29][30]

Frantzisko Silva

Sakontzeko, irakurri: «Frantzisko Silva»
 
Jendea arroketan, Kontxako Bandera ikusten (1917)

1897ko Kontxako Bandera irabazi zuen Frantzisko Silvak,[14] eta hamarkada horretako beste ia edizio guztietan ere hartu zuen parte: 1892, 1894, 1896, 1898, 1899 eta 1900. Goian aipatu bezala, 1895ean Donostiari ez zitzaion Kontxan parte hartzen utzi, beste herrietako traineruek parte hartzeari uko egin ez ziezaioten;[23] traineru donostiar batzuentzat beste estropada bat antolatu zen beste egun batean, kontsolazio gisa-edo, eta Silvaren ontziak irabazi zuen.

Fraixku[31] Bakeriza "Soterotxo"[32]

Sakontzeko, irakurri: «Soterotxo»
 
Jendea hondartzan, Kontxako Bandera ikusten (1926)

Bizibidez arrantzalea zen[33], garaiko arraunlari eta patroi gehienak bezala (azken arrantzale urteak, Donostian oso ezaguna zen Trinido arrantza-ontzian egin zituen)[31].

Patroi honen kirol-garaipen nagusiak 1915eko eta 1922ko Kontxako Banderak izan ziren. 1915ean donostiarrek ez zuten trainerurik ateratzeko asmorik, baina azkenean Soterotxo jarri zen traineruko lemazain, eta bere kuadrilla ekarri zuen trainerurako. Hirian ez zen ongi ikusten egitasmo hori, Soterotxo kaxkarintzat baitzeukaten, eta beldur ziren ez ote ziren kuadrilla horrekin barregarri geldituko.[34][14] Azkenean, baina, pronostikoak hautsi eta garaile atera zen Donostiako trainerua. Urte hartan faborito nagusi zen Oriori burla egin zioten donostiar herritarrek, Orio irudikatzen zuen hilkutxa bat ere kaleetan zehar ibilita. Hurrengo urtean, 1916an, oriotarren atzetik bigarren geratu zen Soterotxoren trainerua, eta Orioko arraunlari batzuk, garaile zetozela donostiarren aurretik, horiei iseka eginez ziaka arraunean aritu omen ziren une batez.[35]

 
Kontxako bandera Aquariumetik ikusten (1931)

Esan bezala, urte haietan nahikoa zalaparta izan zela Donostiako herritarren artean, ontziak osatzerakoan. Eta 1916ko bandera galdu ondoren, zeresana eta eztabaida ez zen falta izan. Honakoa idatzi zuen bertsolari donostiar batek:


« Uniyorikan batere eztauka
Donostiyako erriyak,
zergatik dauden arrantzaliak
alkarren kontra jarriyak;
batek bestia ikusi nai ez,
zer gauza penagarriyak!
Ezpaditugu len bailen uzten
alkarganako tirriyak,
alper-alperrik egin ditugu
enbarkaziyo berriyak.[36]
»


Bigarren garaipen bat ere lortu zuen Soterotxok 1922ko Kontxako Banderan. 1923an berriz bigarren geratu zen, eta hurrengo urteetan ez zuen lortu emaitza aipagarririk.

Aipatu beharra dago egungo araudiarekin beste hirugarren bandera bat ere irabazia izango zuela Soterotxok: bi jardunaldiak batuz, banderako denbora onena egin zuten donostiarrek haren gidaritzapean 1921eko edizioan, baina ez zuten bandera irabazi, garai hartan bigarren jardunaldian ohorezko txanda jokatzen zutenek bakarrik zutelako bandera eskuratzeko aukera. Lehen jardunaldian hirugarren geratu zen Donostia, eta, nahiz eta bi egunetako denboren batura orokorrean zazpi segundoko aldea atera Pasaiari eta zortzikoa Oriori, Pasaiak eskuratu zuen bandera eta Orio izan zen bigarren, ohorezko txandan aritu zirenez bi hauek, eta Donostia, berriz, kontsolazioko txandan. 1943ko banderan gauza bera gertatu zitzaion Oriori, eta orduan araudia aldatu zuten: 1944tik aurrera bi jardunaldietako denborak batu eta edozein traineruk du bandera irabazteko eskubidea.

Amaikak Bat eta Loiolatarra (1932-1946)

aldatu
 
Loiolatarra taldeko trainerua Kontxako Banderan (1943).

1920ko hamarkadan, ontziak higiarazteko arrantzaleen giza indarra erabiltzeari utzi zitzaionean, arrantzale kuadrillen garaia amaitu zen, eta, hortik aurrera, elkarteen aroa iritsi zen Donostiako arraunketara. Elkarte ugari izango ziren gerora Donostiako arraunketaren historian, guztira 12 elkarte donostiar aritu baitira traineruan Kontxako Banderan.

1932an agertu ziren lehen aldiz horrelako elkarteak. Urte horretan, bi elkarte donostiarrek hartu zuten parte Kontxako Banderan, bakoitza bere izenarekin eta ez hiriaren izenarekin: Amaikak-Bat eta Empuje.[37] Amaikak-Bat taldeak bigarren postua lortu zuen San Pedroren atzetik, eta laugarrena izan zen Empuje. Bietan Soterotxoren familiakoak ziren Bakerizatarrak zeuden patroi. 1933an berriz ere biek hartu zuten parte, emaitza eskasagoekin: Amaikak-Bat hirugarrena eta Empuje azkena.

Ordutik aurrera Amaikak-Batek bakarrik jarraitu zuen: 1934an laugarren izan zen, eta 1935ean bosgarren. Espainiako Gerra Zibilak eragindako hutsunearen ondoren, 1940an oso emaitza ona lortu zuen Amaikak-Batek: bigarren postua lortu zuen Eustakio Iraola "Famao" patroi famatuaren gidaritzapean, baina bigarren jardunaldian irabazle gertatuta. Koldo Mitxelena hizkuntzalari errenteriar ezagunak bertsoak jarri zituen kartzelan estropada hau zela-eta: 1940ko bigarren igandean garaile atera zen Donostiako trainerua, eta kartzelan hain pozik zeudenez donostiarrak, haiei burla egiteko bertso batzuk idatzi zituen. Hona sail horretako bertso bat:

 
Trainerua Kontxako Banderan (1945).
 
Esperanza taldeko batela, 1948an Tolosako estropadan irabazitako banderarekin.


« Aufa! Etzegok mundu guzian
gu bezelako mutillik!,
Gora Amaikak! Gora Donosti!
Gora Kiriko ta Karril!
Lagundu digun Santu berria
Jaunak dezala berekin!
Gora Pamao! Betor onera
iñon bada galtzadunik!
Eztator iñor ... Ez baitek jaio
donostiarren berdiñik.[38][39]
»


1942an ere jardun zuen Kontxan Amaikak-Bat taldeak, baina emaitza apalagoekin. 1941ean Amaikak Batek ez zuen parte hartu, aurreko urtean izan zituzten diru-galerengatik, baina bertako arraunlari asko Chimparta taldean aritu ziren. Bereziki horretarako sorturiko elkartea izan zen Chimparta, eta Amaikak Bateko arduradunen laguntza ere izan zuten uretaratzeko.[40]

1940ko hamarkadan, beste traineru donostiar bat ere izan zen uretan Amaikak-Batekin batera. 1940an Loiola auzoko traineru bat sortu zen, auzo horretako Loiolatarra elkartearen bitartez. Urte horietan laugarren postu batzuk lortu zituen Kontxako Banderan.

1940ko urte hori izan zen taldeek behin betiko koloreak hautatu ahal izan zituzten urtea. Amaikak Batek kolore zuria hautatu zuen (gerora Donostiako taldeen ezaugarri izango zena), eta Loiolatarrak urdina.[41]

"Famao" patroiaren urterik onena 1945 izan zen, Sindicato de Pesca de Guipuzcoa izenpean Teresita traineruarekin donostiarren lehen Espainiako Traineru Txapelketa irabazi baitzuen. Donostiarrak hasieran sailkatuta ez bazeuden ere, Pasai San Pedrok uko egin zion txapelketan parte hartzeari eta haren lekua Donostiak bete zuen. Txapelketa jokatu behar zen egunean oso itsaso txarra zegoen eta donostiarrak eta hondarribiarrak baino ez ziren ausartu ateratzera. Urte hartan, Kontxako Banderan laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen Donostiak.

Esperanza eta Jaizkibel (1947-1967)

aldatu
 
Esperanza taldeko arraunlariak Donostiako alkatearekin (1948).

1950eko eta 1960ko hamarkadetan zenbait klub donostiar aritu ziren hirian arraunketa jarduerak sustatzen. Esanguratsuenak Esperanza eta Jaizkibel izan ziren.

Esperanza Kirol Elkarteak[42] 1947an egin zuen debuta Kontxako uretan, eta bera izan zen Kontxan donostiarren azken Bandera lortu zuena, 1950ean. 1949an Pedreñaren atzetik bigarren izan eta gero,[43] 1950ean Zierbena zen faboritoa Kontxako bandera irabazteko; hala ere, zazpi arraunlari donostiarren oinarriari inguruko herrietako arraunlari batzuk batuta garaile atera zen Esperanza, Antton Korta "Pintxan" patroi zela. Urte horretan bertan Santanderreko Bandera ere irabazi zuten, Pedreña ahaltsuaren aurretik.

1958 arte jardun zuen klubak arraunean, eta emaitza politak lortu zituen, tartean 1949ko eta 1952ko bigarren postua. Horretaz gainera, beste modalitateak ere landu zituen, eta Espainiako Batel Txapelketa irabazi zuen 1948an.[44]

Jaizkibel Kirol Elkartea 1960 eta 1967 urte bitartean aritu zen. Oso arraunzalea zen Aizpurua kapitainak sustatutako taldea izan zen, eta soldaduska egiten ari ziren gazteak biltzen zituen trainerua osatzeko, patroia Jose Urdanbide "Gorrión" izanik. 1961ean bigarren postua eskuratu zuten. 1962an, lehenengo egunean denborarik onena egin ondoren, faboritoak ziren bandera irabazteko. Hala ere, A Coruñako Generalisimoaren Kopa hobestea erabaki zuten, sariak hobeak baitziren han; Kopa hura irabazi zuten,[45] baina Kontxan hirugarren gelditu ziren. Gainera, Kontxako bigarren jardunaldian beste zailtasun bat gehitu zitzaien: eguraldi txarra zegoen eta kanporanzko luzean palka galdu zuten; hala, bi arraunlari ura kanporatzen aritu ziren denbora luzez.[46] Hurrengo urteetan Galizian zein Donostian aritu izan ziren, eta emaitza hobeak lortu zituzten A Coruñan (bigarren 1963 eta 1965ean).

 
Donostiako trainerua, 1971ko Kontxako Bandera jokatu berritan kaiko arrapalara iristen

Trainerilla ere uretaratzen zuten, eta Gipuzkoako Trainerilla Ligan aritu ziren 1960an liga sortu zenetik. Garaipen garrantzitsuena Zarauzko Banderan lortu zuten, pronostikoak hautsiz Txapel Aundi eta San Juanen aurretik bandera eskuratu zutenean. 1963an berriz irabazi zuten bertan.

Ibaeta arraun taldeko trainerua atera zuen 1961ean Ibaeta auzoak. Trainerilla ateratzen zuen Gipuzkoako ligan arraun elkarte horrek, eta urte hartako ligan erabilitako arraunlariei Txapel Aundi taldeko hainbat elementu gehitu zizkieten Kontxarako tripulazioa osatzeko, Anjel Isturitz patroiaren agindupean.[47][48]

Txapel Aundi arraun taldea ere aipatzekoa da 1960ko hamarkadaren hasieran, nahiz eta beste modalitate batzuk landu eta trainerurik ez atera: Martutene auzoko kirol elkarte honek hainbat garaipen lortu zituen trainerillan, sonatuena izanik 1962an lortutako Espainiako Trainerilla Txapelketa. Horretaz gainera, Gipuzkoako Batel Liga[49] eta bestelako lorpenak ere eskuratu zituen.

Kai-alde elkarte donostiarrak ere trainerilla uretaratu zuen 1960ko hamarkadaren amaieran, eta Gipuzkoako Trainerilla Ligan parte hartu zuen zenbait urtetan.[50]

Donostiarren arteko lehia (1968-1995)

aldatu
 
Donostia eta San Pedro, 1971ko Kontxako Banderan.
 
Donostia Arraun Lagunak taldeko trainerua

Jaizkibelen partaidetza amaitzean, ondorengo urte eta hamarkadetan beste klub donostiar batzuek hartu zuten lekukoa. Batzuk klub sortu berriak ziren, eta beste batzuk, berriz, beste modalitateetan aritutako arraunketa elkarteak, trainerua uretaratzen animatu zirenak. Arraunketa-klub modernoen garaia Donostiara ere iritsi zela esan daiteke.

Urte horietako denboraldi batzuetan, lau traineru ere izan ziren uretan urte berean: Donostia AB, Arraun Lagunak, Ur-Kirolak eta Fortuna. Donostia AB izan zen trainerua uretaratzen lehena, 1968an; Arraun Lagunakek 1971n uretaratu zuen lehen aldiz trainerua, Ur-Kirolakek 1982an, eta Fortunak 1983an.

Kontxako Banderarik lortu ez bazuten ere, oso talde lehiakorrak izan ziren horietako asko: beheko koadroan ikus daitekeenez, 1983-1994 bitarteko 12 edizioetan, 8 aldiz bi traineru donostiar izan ziren irailean Banderaren lehian, hau da, Donostiakoa izateagatik zuzenean sailkatzen zenaz aparte bigarren traineru donostiar bat sailkatu zen osteguneko sailkapen estropadan. Gainera, 1981-1994 bitarteko 14 edizioetatik 9 aldiz lehen lau postuetan sailkatu zen Donostiako traineruren bat, eta urteren batean bi traineru donostiar ere sailkatu ziren lehen lau postuen barruan. Klub horiek Kontxako banderan lortutako emaitzarik onenak: Ur-Kirolak bigarren 1983an, Donostia AB hirugarren 1981ean, eta Arraun Lagunak ere hirugarren 1991 eta 1992an. Donostia ABk Kontxako Banderarako Sailkapen estropada irabazi zuen 1976an, Klaudio Etxeberria "Gorria"ren gidaritzapean (Hondarribian jokatutako sailkapen estropadan).

Garai hartan traineru donostiarrek lortutako garaipen handienak Arraun Lagunakek lortu zituen, 1992an: Euskadiko eta Espainiako Traineru Txapelketak lortu zituen urte hartan, Asier Lopez patroiaren gidaritzapean.

Bitxikeria gisa, esan behar da Donostia izan zela trainerua taldearen kolorearekin margotu zuen lehena. Lehenago, herri eta tripulazio guztietako traineru gehienek krosko beltzak zituzten, eta XX. mendeko lehen urte batzuetan traineruren bat margotu izan bazen ere, oso aldi bakanak izan ziren, jarraipenik izateko bokaziorik gabe eta, noski, herriaren kolore bereizgarria erakusteko asmorik gabe (izan ere, 1940 urtera arte herri edo talde bakoitzari ez zitzaion kolore finkorik esleitu). Horrela, Garin patroiak Donostiako kolorearekin, zuriz, margotu zuen 1969an Donostiako trainerua, kosta guztian lehen aldiz, esan bezala.[51]

1980ko hamarkadaren hasieran Kontxarako leku bat donostiarrei gordetzeko erabakia hartu zen, eta, hirian traineru bat baino gehiago zegoenez, 1983tik aurrera donostiarren arteko sailkapen estropada jokatzen hasi zen. Ur Kirolak sei aldiz nagusitu zen (1983, 1985, 1986, 1993, 1995 eta 1996an), Arraun Lagunak bost aldiz (1988, 1990, 1991, 1992 eta 1994an), Donostia birritan (1984 eta 1989an), eta Fortunak 1987an ez zuen jokatu beharrik izan urte hartako traineru donostiar bakarra izan baitzen.

Donostian 4 arraunketa klub izan ziren urteetako emaitzak (1968-1995):

Urtea Donostia AB Arraun Lagunak Ur Kirolak Fortuna
1968 Kontxan 4.
1969 Kontxan 4.
1970 Kontxan 7.
1971 Kontxan 4. Kontxan 5.
1972 Kontxan 7. Kontxan ez
1973 Kontxan ez
1974 Kontxan 7. Kontxan ez
1975 Kontxan 5.
1976 Kontxan 7., Sailkapen estrop. irabazi
1977 Kontxan 8.
1978 Kontxan ez Kontxan ez
1979
1980 Kontxan 7.
1981 Kontxan 3.
1982 Kontxan ez Kontxan 8.
1983 Kontxan 5. Kontxan 2., Pasaiako Bandera Kontxan ez
1984 Kontxan 7., Pedreñako Bandera Kontxan 5. Kontxan ez
1985 Kontxan 6. Kontxan 4. Kontxan ez
1986 Kontxan ez Kontxan 4. Lekeitioko Bandera
1987 Kontxan 8.
1988 Kontxan 8. Kontxan 7. Kontxan ez
1989 Kontxan 4. Kontxan ez Kontxan 3. Kontxan ez
1990 Kontxan 4., Karmengo Bandera Kontxan 7. Kontxan ez
1991 Kontxan 3., Zumaia, Karmen, Hondarribia,
Castro eta Sestaoko Banderak
Kontxan ez Kontxan ez
1992 Kontxan ez Kontxan 3., Espainiako eta Euskadi txap. Lekeitioko eta Karmengo Banderak Kontxan ez
1993 Kontxan 6., Fortuna eta Areetako Banderak Kontxan 5., Trintxerpe eta Miarritzeko Banderak Kontxan ez
1994 Kontxan 6., Ligan 4. Kontxan 7., Ligan 6. Kontxan ez
1995 Kontxan 8., Ligan 12. Kontxan ez
  • Hutsik dauden gelatxoek esan nahi dute klub horrek urte horretan ez zuela trainerurik uretaratu.
  • "Kontxan ez" esaldiak esan nahi du denboraldia osatu zuela klub horrek, baina emaitza aipagarririk gabe eta Kontxan sartu gabe.

Bateratzeak eta aldaketen beharra (1996-2007)

aldatu
 
Ur-Kirolak Kontxako sailkapenean (2007)

1990eko hamarkadaren hasiera oso ona izan zen, eta urte horietan lortu zituzten donostiarrek azken aldiko Kontxako posizio onenak. Hala ere, hamarkada horretako erdialderako elkarteak ahalmena galduz joan ziren. Arraunlariak eta bestelako baliabideak metatzeko, taldeen arteko bateratzeak etorri ziren. Lehen urrats gisa Donostia Arraun Lagunak klub berria sortu zen 1996an, Arraun Lagunak eta Donostia AB batuta.

Hala ere, kluben zailtasunak areagotzen joan ziren, eta traineru bateratu bat ateratzeko proiekturen bat planteatu bazen ere, ez zuen behar adinako arrakastarik izan. Gerora, zenbait urtetan trainerua osatu gabe ere geratu zen klub bat edo beste. Nahiz eta 2003an Ur-Kirolakek Federazio Liga irabazi,[52] kirol emaitzak apaltzen joan ziren pixkanaka baliabide eskasiaren ondorioz.

Gainera, TKE Ligaren sorreratik liga horretatik kanpora geratu izanak, nolabait zaildu egin zuen klub donostiarren kokapen hierarkikoa. Hori dela eta, are zailagoa gertatzen zen etxeko arraunlari onei eustea. Egoera horri irtenbideren bat eman nahian-edo, hiriko baliabide eta ekimenen indarra batu beharra zegoela ikusten zen.

Traineru bateratua (2008 - ...)

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Donostiarra»
 
Donostiarra, 2017ko KAE Ligaren irabazlea. TKE Ligara igotzea lortu zuen.

Indar bateratze hori, nolanahi ere, ez zen posible ikusten kluben arteko beste fusio edo bateratze baten bidez. Horregatik, lehengo klub donostiarrak bateratu ordez, klub horietako arraunlariak hiria ordezkatuko zuen traineru bateratu bakar batean biltzea erabaki zen. Horrela, 2007an Donostia Arraun Lagunak eta Ur-Kirolak klubek Donostiarra (Kaiarriba) kluba eratu zuten, Donostiako traineru bateratua uretaratzeko.[53] 2009tik aurrera Fortuna ere batu zen proiektu horretara. Fortunatik bereizi zen Kiriko AKE klubeko arraunlariak ere Donostiarran aritu izan dira.

KAE-1 Ligan hasi zuen bere ibilbidea, helburua izanik TKE Ligarako play-offetan sailkatzea. 2016ko denboraldian lortu zuen igoera play-offerako txartela lehen aldiz, baina ez en igo. 2017 denboraldian KAE-1 Liga irabazi ondoren, play-offetan bere historian lehen aldiz TKE Ligara igotzea lortu zuen.[54] 2015eko denboraldian lortu zituen lehen banderak, 2019an irabazi zuen TKE Ligako lehen bandera, eta 2019an bertan irabazi zuen Arkaitz Diaz patroiak lehen aldiz liga horretako patroi onenaren saria.[55]

Beste ontziei dagokienez, azpimarratzekoa da Espainiako Llaüt Txapelketa[56] irabazi zuela 2013an eta Espainiako Batel Txapelketa 2019an.[57] Kontxako Banderan, 2. postua du posturik onena.

B traineruaren helburua traineru nagusirako arraunlariak trebatzea da, eta KAE 2 Ligan aritu zen lehen urteetan. 2018an, KAE 2 Liga irabazi eta KAE 1 Ligara igotzea lortu zuen.[58]

2017an, kluba kudeatzeko moduan desadostasunak bizi izan ondoren, bere burua Donostiarratik kanpo ikusten zuela adierazi zuen Arraun Lagunakek.

Arraunketa olinpikoa

aldatu
 
Espainiako Txapelketa irabazi zuen Ur-Kirolak arraun taldearen harrera, Konstituzio plazan (1964)
 
Ur-Kirolaki egindako harrera (1946)

Esan daiteke Donostiako arraun taldeak aitzindariak izan zirela Euskal Herrian aulki mugikorreko arraunean, 1920ko hamarkadan hasi baitziren lantzen donostiarrak modalitate hori. Gainera, arrakastaz handiak lortu izan ziren sorreratik bertatik, parte-hartzeko tradizio luzearengatik eta metatutako garaipenengatik, luzaroan arraunketa olinpiarreko erreferente nagusia ere izan ziren Estatu espainiarrean.

1922an sortu zen Ur-Kirolak,[59] [60] arraunketa olinpikoan aritzeko helburuarekin, hain zuzen. Hasieran 4+ itsas iola batean hasi ziren, eta, gerora, aulki mugikorreko kategoria guztiak lantzen hasi ziren. Urte askotan Espainiako aulki mugikorreko txapelketa eta Euskadiko txapelketa ugari lortu zituzten, eta Estatuko arraunketa olinpikoaren historian garaipen gehien lortu dituztenen artean dago klub hori: guztira 120 urrezko domina baino gehiago lortu dituzte Espainiako Txapelketetan eta 45etik gora Euskadiko Txapelketetan.

Datu esanguratsu gisa, azpimarratzekoa da 1959an lorturiko balentria: urte horretan, gizonezkoen senior mailako lau kategoria nagusietan Espainiako txapelketa lortu zen: hau da, 8+, 4+, 2+ eta 1x ontzietako modalitateetan.[61][62] Ez da ahaztu behar, bestalde, Ur-Kirolak taldeko 8+ ontzia osorik aritu zela 1960ko Erromako Joko Olinpikoetan, Espainiako selekzio modura.[63] Era berean, klub horretatik bertatik sortu zen arraunketa olinpikoan hain garrantzitsua izandako Felix Erdozia: ibilbide luze eta esanguratsuko arraunlari, entrenatzaile eta presidentea izan zen, eta iritsi zen Espainiako Federazioko presidente izatera ere.[64]

1965ean Arraun Lagunak klub donostiarra sortu zen, hasieran "Universitarios Donostia Arraun Lagunak" izenarekin. Arraunketa mugikorrean aritzea izan zen, klub berri honen kasuan ere, lehen bokazioa,[65] nahiz eta gerora tostako arraunketari ere heldu zioten.

Arraunketa olinpiarreko modalitateetan, garaipen ugari lortu dituzte Arraun Lagunakeko arraunlariek, eta munduko txapelketa eta joko olinpikoetan parte hartu dute bertako hainbat arraunlarik; Benito Elizalde[66] eta Eulogio Genova[67] munduko txapeldunak izatera iritsi ziren.

Donostiako ontzien palmaresa (gizonezkoak)

aldatu

Kontxako Bandera

aldatu

¹ Donostiarra izateagatik automatikoki sailkatuez aparte, sailkapen estropadetan sailkatuak

TKE Liga

aldatu
 
Donostiarra KAE 1 Ligaren irabazlea (2017).

Espainiako Traineru Txapelketa

aldatu

Euskadiko Traineru Txapelketa

aldatu

Gipuzkoako Traineru Txapelketa

aldatu
  • Txapelduna (0)
  • Bigarrena (4): 1981, 2000, 2020, 2021.

Estropada zaharrak

aldatu

Gainerako estropadak

aldatu
Handiak Generalisimoaren Kopa (A Coruña) (1): 1962
Zarauzko Ikurrina (1): 2024
Nerbioiko Sari Handia (0): bigarrena 1992an
Etxekoak Karmen Eguneko Bandera (3): 1990, 1991, 1992
Fortuna Bandera (1): 1993
Donostia Arraun Lagunak Bandera (1): 2001
Ur-Kirolak Bandera (1): 2006
Donostiarra Bandera (3): 2017, 2022, 2023
Caixabank Bandera (1): 2020
Lapurdin Biarrizko Bandera (1): 1993
Gipuzkoan Pasaiako Bandera (2): 1983, 2018
Zumaiako Bandera (3): 1991, 1992, 2017
Hondarribiko Bandera (1): 1991
Trintxerpeko Bandera (2): 1993, 2002
Orioko Bandera (Federazio Liga) (1): 2003
Bisiguaren Egunaren Bandera (1): 2015
Getariako Bandera (3): 2017, 2019, 2024
Hondarribiko Promozio estropada (2): 2017, 2018
Zarauzko KAE Bandera (1): 2017
Bidasoako Traineru Jaitsiera (1): 2022
Mutrikuko Bandera (3): 2022, 2023, 2024
Zorrotzaurre uharteari itzulia (1): 2024.
Bizkaian Lekeitioko Bandera (2): 1986, 2017
Ondarroako Bandera (2): 1989, 2004
Sestaoko Bandera (1): 1991
Lekeitioko San Antolin Bandera (1): 1992
Areetako Bandera (1): 1993
Batera Ikurrina, Portugalete (1): 1998
Getxoko Bandera (3): 2003, 2019, 2022
Plentziako Bandera (2): 2003, 2017
Santurtziko Bandera (2): 2003, 2016
Lutxanako Bandera (1): 2006
Bilbo Hiriko Bandera (2): 2015, 2017
Portugaleteko Bandera (1): 2017
Antiguako Ama estropada (1): 2019
Isuntzaren Bandera (1): 2019
Petronor Bandera (1): 2022.
Nafarroan Nafarroako Bandera (1): 1978
Aritzaleku Kanpinaren Bandera (1): 2017
Kantabrian Memorial Bedia (Pedreña) (1): 1984
Santanderko Bandera (2): 1989, 2003
Castro Urdialesko Bandera (2): 1991, 2018
Marina de Cudeyoko Bandera (1): 2001
Pontejosko Bandera (2): 2001, 2002
Santoñako Bandera (2): 2015, 2024
Año Jubilar Lebaniego Bandera (1): 2017
Marina de Cudeyoko Bandera (1): 2017
Camargoko Bandera (1): 2018
Laredoko Bandera (1): 2018
Pedreña Dynasol Saria (1): 2019
Challenge Castro Urdiales (1): 2021
Ría del Asón Bandera (1): 2024
Galizian Vigoko Bandera (1): 1993
Bandeira Barbanza Arousa (1): 2021

Trainerillak

aldatu
 
Ur-Kirolaki egindako harrera (1946).
 
Ur-Kirolak Espainiako txapeldun (1964)
 
Fortunako beteranoak entrenatzen.

Batelak

aldatu

Aulki mugikorra

aldatu

Mediterraneoko Llautak

aldatu

Euskal elkarte batzuek parte hartu izan dute zenbaitetan Mediterraneoko uretan, mediterraneoko llauten txapelketa nagusian, Espainiako txapelketan. Donostiarra parte bat aldiz lehiatu izan da bertan, eta txapelketa irabazi zuen parte hartu zuen lehen edizioan:

Beteranoak

aldatu

Traineru beteranoen kategorian, Fortuna elkartearen ontzia izan da hainbat urtez donostiarren ordezkari bakarra beteranoen ABE Traineruen Ligan.[71] Hiriko gainerako arraun-elkarteek ez dute beteranoen trainerurik uretaratu, ez behintzat denboraldi oso bateko liga egituratuetan parte hartzeko.

Ligak:

Txapelketak:

Banderak:

Donostiarrak Kontxako Banderan (gizonezkoak)

aldatu

Datu batzuk

aldatu
 
Donostiarra 2016ko Kontxako Banderan.

Kontxako Banderak, guztira, 129 edizio izan ditu.[72] Gizonezkoen kategorian, Donostiako traineruren bat izan da horietatik 115 ediziotan, eta guztira 164 traineru donostiar lehiatu dira Kontxan. Palmaresean ikus daitekeenez, Donostiak 14 Kontxako bandera irabazi ditu, eta 61 aldiz sailkatu da Kontxan "podiumean", hau da, lehen hiru postuetako batean.

Donostiak du jarraian irabazitako Kontxako Banderen errekorra: 7 bandera irabazi zituen segidan (1883-1894 bitarteko denak).[73]

Banderaren lehen hamarkadetan, hiriko arrantzale kuadrillak lehiatzen ziren estropadetan; 1930eko hamarkadan, ordea, elkarteen ekimenez hasi ziren Kontxarako arraun taldeak sustatzen eta eratzen. Guztira, Donostiako 12 elkartek hartu dute parte Kontxako Banderan.

Klub donostiarrak Kontxako Banderan aritutako urteak

aldatu

Hauek dira arrantzale kuadrillen garaia amaitu ondoren Kontxan aritutako elkarte donostiarrak:[73][74]

Elkarte tradizionalak

Arraun-klubak

Denbora onenak

aldatu
Kluba Denbora Urtea
Donostiarra 19:15.42 2021
Kluba Denbora Urtea
Donostiarra 38:31.96 2021

Kontxako bandera irabazi duten patroiak

aldatu

Hauek dira Donostiako traineru batekin Kontxako banderaren bat irabazi duten patroiak:

Patroia Banderak Urteak
Kiriko 5 1891, 1892, 1894, 1918, 1920
Luis Karril 2 1889, 1890
Soterotxo 2 1915, 1922
Juan Kruz Karril 1 1879
Joxe Jabier Uresberueta 1 1883
Jose Mari Iturriza 1 1887
Frantzisko Silva 1 1897
Antton Korta "Pintxan" 1 1950

Kontxako Banderaz aparte, hauek dira Donostiako traineru batekin Espainiako Traineru Txapelketaren bat irabazi duten patroiak:

Patroia Txapelk. Urteak
Eustakio Iraola "Famao" 1 1945
Asier Lopez 1 1992

Eta beste hauek dira, berriz, Donostiako traineru baten patroi izanik TKE Ligako patroi onenaren saria irabazi dutenak:

Patroia Sariak Urteak
Arkaitz Diaz 2 2019, 2021

Donostiako traineruen izenak Kontxako banderan

aldatu
 
Donostiarraren Torrekua II trainerua (2016)

Ondorengo zerrendan zehazten dira Kontxako Banderaren historia osoan zehar Donostiako taldeek urtez urte estropadetan uretaratutako traineru guztien izenak.[73]

Zerrenda honetan sartzen diren ontzien izenak Donostiako arrantzale kuadrillek eta arraun taldeek estropadara eramandako traineruenak dira. Izan ere, gogoan izan behar da duela hainbat hamarkada traineruak trukatu egiten zirela arraun taldeen artean bigarren jardunaldian; horregatik, gerta zitekeen Donostia adibidez oriotarren edo getariarren traineruekin aritzea bigarren igande horretan.

Bigarren igandeetako traineru horiek, beraz, ez daude zerrenda honetan; donostiarrek bere trainerutzat aurkeztutakoak besterik ez dira ageri (nahiz eta Donostian eginak ez izan edo beste herri edo klub batek Kontxara eramateko propio utziak izan).

Bestalde, 1951-1972 bitartean, antolatzaileek ad hoc egindako traineruak erabili ziren Kontxan.[73] Beraz, taldeek ez zituzten bere traineruak aurkezten Kontxan. Horregatik, ez da urte horietako traineru izenik agertzen zerrendan.

(*) 1895ean traineru donostiarrei ez zieten parte hartzen utzi, beste herrietakoek izen emateari uko egin ez ziezaioten. Erreibindikazio modura estropada bat egin zuten donostiarrek, eta traineru horien izenak ageri dira zerrendan.[23]

Emakumezkoen ontziak

aldatu
Donostia
Sorrera 1922 Ur-Kirolak
1965 Arraun Lagunak
2007 Donostiarra
Herria   Donostia, Gipuzkoa
Kolorea(k)      zuria
Trainerua
Palmaresa 3 Kontxako Bandera
2 Euskotren Liga
4 Euskadiko Txapelketa
2 Gipuzkoako Txapelketa
1 ETE Liga
 
Arraun Lagunaken emakumezkoen trainerua Kontxako sailkapen estropadan (2018)
 
Donostiarrako emakumezkoen traineruko arraunlariak, Oriako Traineru Jaitsieran (2019)

Emakumeek eta arraunketak aspalditik izan dute lotura Euskal Herrian,[76] baita Donostian ere.

Donostiako klubek izan zuten bere ibilbidea emakumezkoen ontzi txikietako tostako arraunean, eta, txapelketetan seniorrak eta juniorrak nahasita aritzen ziren garaian, Euskadiko eta Gipuzkoako Batel Txapelketak ere irabazi zituzten 1990eko hamarkadako urte batzuetan.

Trainerua osatu eta uretaratzeko lehen ekimen donostiarra 2009an izan zen. Urte hartan, Ur-Kirolakek emakumeen trainerua eratu zuen, eta lehen aldiz parte hartu zuten Emakumezkoen Kontxako Banderan, lehen jardunaldian (kanporaketan).[77][78]

Urte batzuk itxaron behar izan ziren emakumezkoen beste traineru donostiar batzuk ikusteko: 2015ean uretaratu zuen Donostia Arraun Lagunakek[79] eta 2017an Donostiarrak.[80] 2016ko denboralditik aurrera, emakumezko traineru donostiarra zuzenean sailkatzen da, lehendik gizonezkoekin gertatu bezala.[81]

Ligetan, 2017an lortu zuen Donostia Arraun Lagunakek Euskotren Ligara sailkatzea, eta Donostiarrak, berriz, hurrengo urtean, 2018an lortu zuen liga goren horretarako igoera,[82] lehen ETE Liga irabazi ondoren[83]. Kontxako Banderan, donostiarrentzat lehen bandera Donostia Arraun Lagunakek lortu zuen 2021ean, bai eta lehen Euskotren Liga ere, urte berean. Patroi onenaren saria, ontzi donostiar batentzat lehen aldiz, Donostiarrako Nerea Perezek irabazi zuen, 2023an

Donostiako talde bateko lehen emakumezko entrenatzailea Maialen Arrazola donostiarra izan zen, 2020 denboraldian Donostiarrako entrenatzaile eta arraunlari modura itzuli baitzen arraun-mundura, bi urtez utzita izan ondoren.[84]

Kontxako Bandera

aldatu

Traineru Ligak

aldatu

Espainiako Traineru Txapelketa

aldatu
  • Txapelduna (1): 2024
  • Bigarrena (0)

Euskadiko Traineru Txapelketa

aldatu

Gipuzkoako Traineru Txapelketa

aldatu

Banderak

aldatu

Tranerillak

aldatu

Batelak

aldatu

Donostian antolaturiko estropadak

aldatu
 
Jendetza Pasealeku Berrian, Kontxako Bandera ikusten (1947)
 
Batel-estropada Urumea ibaian (1950)

Esan beharrik ez dago, Donostian antolaturiko estropaden artean nagusia da:

Izan dira eta badira, ordea, Donostiako arraun klubek antolaturiko bestelako estropadak, eta askotarikoak izan dira historian zehar. Honako hauek dira aipagarrienak:

Traineru estropadez aparte, beste ontzietako zenbait estropada eta bandera jokatu izan dira Donostian historian zehar. Gaur egun jokatzen dira, besteak beste:

Erreferentziak

aldatu
  1. El Castellano egunkaria (1845-08-16)
  2. El Espectador egunkaria (1845-08-17)
  3. El Diario Constitucional egunkaria (1845-08-30)
  4. a b OBREGÓN, Angel (2015): 15
  5. El Tiempo egunkaria (1845-08-17)
  6. El Español egunkaria (1845-08-16)
  7. El Heraldo egunkaria (1845-08-16)
  8. El Clamor Público egunkaria (1852-08-14)
  9. La Nación egunkaria (1852-08-20)
  10. ZAVALA, Antonio (2003): 39
  11. a b Diario de San Sebastián egunkaria (1879-09-08)
  12. a b Diario El Urumea egunkaria (1879-09-09)
  13. AGUIRRE, Rafael (2002): 12
  14. a b c d e Ciaboga aldizkaria, 1953ko alea.
  15. ZAVALA, Antonio (2003): 34-39
  16. UNSAIN, J.M. (2008): 255, 397.
  17. MACÍAS, Olga (2003): 636
  18. OBREGÓN, Angel (2015): 17
  19. a b «Luis Carril era donostiarra» Diario Vasco 2008-10-10 (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  20. Luis Karrilen bataio agiria Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan
  21. UNSAIN, J.M. (2009): 565-580
  22. [1] Kirikori dedikatutako Ciaboga aldizkariaren 2018ko alea.
  23. a b c AGUIRRE, Rafael (2002): 20
  24. AGUIRRE, Rafael (1972): 625
  25. [2] «Trainera» agerkaria, 1944, 3.or
  26. AGUIRRE, Rafael (1972): 629
  27. Hau zioen 1919ko egunkari batek ziaboga hari buruz: "¡Qué ciaboga más sorprendente! Temblamos un momento. Nos dio pena la tripulación donostiarra. Iban á quedar descalificados, pues con descalificación estaba penado el tocar una baliza. Se había estrechado de tal modo que era completamente imposible el no tocar la baliza. ¡Si no podría caber un alfiler! Pero ahí está la maestría de Quirico. La trainera pasó. Ni la más ligera rozadura. ¡Soberbio, soberbio!" La Gaceta del Norte 1919-10-07.
  28. Ciaboga aldizkaria, 2019ko alea, 7 or.
  29. "Para que al dar la vuelta á las balizas fuera ésta más rápida, el proel de la trainera Amigos colocaba siempre que llegaba á las mismas un remo-timón en la proa, haciendo de esta manera virar á la embarcación con una facilidad asombrosa. Esta maniobra, que es lícita en las lides náuticas, llamó mucho la atención de la gente de mar.” La Voz de Guipúzcoa 1894-09-08.
  30. Ciaboga aldizkaria, 2019ko alea, 5 or.
  31. a b OLAIZOLA, Iñaki; OLABERRIA, Juan Pablo (2009): 602
  32. [3]Soterotxoren gaztetako argazkia.
  33. "Gente de Mar" dokumentala Euskadiko Filmategiaren webean eskainitako dokumental honetan, Soterotxo ageri da 18:40 minututik aurrera, arrantzale erretiratu moduan.
  34. Auñamendi Entziklopediako "Soterotxo" sarrera
  35. ZAVALA, Antonio (2003): 130
  36. ZAVALA, Antonio (2003): 117
  37. Ciaboga aldizkaria, 1942ko alea.
  38. ZAVALA, Antonio (2003): 307
  39. [4] Koldo Mitxelenak kartzelan jarritako bertsoei buruzko artikulua, Donostiako arraunketaren inguruko blog batean.
  40. OBREGÓN, Angel (2015): 41
  41. AGUIRRE, Rafael (2002): 72
  42. «Esperanzak arraunarekin jarraitu zuen» Irutxuloko Hitza 2012-09-06 (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  43. 1949ko Banderako irudiak NO-DOko dokumental batean (06:02 minututik aurrera Esperanzako ontzia ageri da)
  44. PUERTA, Iñigo (2016): 419
  45. Jaizkibel 1962ko Generalisimoaren Kopa irabazten 1962-08-21eko NO-DOko dokumentala (08:32 minututik aurrera)
  46. AGUIRRE, Rafael (2002): 105
  47. OBREGÓN, Angel (2015): 330
  48. Ciaboga aldizkaria, 1961ko alea.
  49. Txapel Aundi Gipuzkoako Batel Liga irabazten 1961eko NO-DOko dokumental batean (05:04 minututik aurrera)
  50. AGUIRRE, Rafael (1972)
  51. AGUIRRE, Rafael (2002): 114, 247
  52. «Arkaitz Díaz: «Siempre he sido un guindilla»» Diario Vasco 2019-09-21 (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  53. «La trainera unificada se llamará Donostiarra» Diario Vasco 2007-10-05 (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  54. «Donostiarra eta Santurtzi, playoff-eko garaileak» TKEren weba 2017-09-17 (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  55. a b «Arkaitz Diazek patroi onenaren saria jaso du» TKE Ligako webgunea 2019-10-25 (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).
  56. «Donostiarrak Espainiako Llaut Txapelketa irabazi du» Irutxuloko Hitza 2013-06-02 (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).
  57. «Donostiarra se hace con el título estatal 71 años después» Diario Vasco 2019-04-29 (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).
  58. «ETE liga eta KAE-2 liga irabazi ditu Donostiarrak» Irutxuloko Hitza 2018-08-27 (Noiz kontsultatua: 2019-06-07).
  59. Auñamendi Entziklopediako "Ur Kirolak" sarrera
  60. Ur Kirolaken historia, klubaren webgunean
  61. «1959. Los supercampeones del Ur Kirolak» Diario Vasco 2009-07-01 (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  62. a b 1959ko txapelketako irudiak NO-DOko dokumental batean (lauko eta zortziko txapeldunak 6:45 minututik aurrera)
  63. Auñamendi Entziklopediako "Olimpiada" sarrera
  64. Auñamendi Entziklopediako "Felix Erdozia" sarrera
  65. ETXEBERRIA, Manu (1995): 37
  66. Auñamendi Entziklopediako "Benito Elizalde" sarrera
  67. Auñamendi Entziklopediako "Eulogio Genova" sarrera
  68. 1960ko txapelketako irudiak NO-DOko dokumental batean (zortziko txapeldunak 7:50 minututik aurrera)
  69. 1961eko txapelketako irudiak NO-DOko dokumental batean (zortziko txapelduna 5:13 minututik aurrera)
  70. 1965eko txapelketako irudiak NO-DOko dokumental batean (skiff 5:29 minututik aurrera, zortziko txapelduna 6:12tik aurrera)
  71. [5] Fortunako beteranoen ontziari buruzko informazioa eta argazkiak, klubaren webgunean.
  72. Kontxako Banderaren irabazle zerrenda ofiziala Donostia Kulturaren webgunean
  73. a b c d AGUIRRE, Rafael (2002)
  74. OBREGON, Angel (2015)
  75. Castrok utzitako ontzia, hurrengo denboraldirako erosi eta Torrekua izena emango zioten traineru bera da.
  76. ZABALA, Estitxu (2016)
  77. «La segunda regata femenina de La Concha contará con 11 traineras» Diario Vasco 2009-09-10 (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  78. [6] Ur-Kirolakeko emakumeek Kontxako Banderan izandako lehen parte hartzeari buruzko artikulua, Donostiako arraunketari buruzko blog batean.
  79. «Arraunlari berriak datoz» BERRIA 2015-03-15 (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  80. «Donostiarrak bere hiru traineruak aurkeztu ditu» Irutxuloko Hitza 2017-06-10 (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  81. «Donostiako emakumezkoen traineruak bere postua ziurtatua izango du 2016ko Kontxako Banderan» Irutxuloko Hitza 2015-07-22 (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  82. «Gailurretik, itsasoa bare» BERRIA 2018-09-20 (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  83. «Amaiera paregabea» BERRIA 2018-08-26 (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  84. «Maialen Arrazola izango da Donostiarrako emakumezkoen traineruko entrenatzailea» BERRIA 2019-10-24 (Noiz kontsultatua: 2019-11-05).
  85. [7] San Ignazio eguneko Loiolako batel estropaden palmaresa

Bibliografia

aldatu

AGUIRRE, Rafael. (1972). Juegos y deportes vascos: "Estropadak, regatas de traineras" (Enciclopedia Ilustrada del País Vasco). Zarautz: Itxaropena ISBN 84-7025-141-4..
AGUIRRE, Rafael. (2002). Donostiako Estropadak (1879 - 2001) Regatas de la Concha. Donostia: Kutxa Fundazioa ISBN 84-7173-414-1..
AGUIRRE, Rafael. (2001). El puerto de San Sebastián. Donostiako kaia. Donostia: Eusko Jaurlaritza ISBN 2910008546784..
ETXEBERRIA, Manu. (1995). Arrauna Euskal Herrian / El remo en Euskal Herria. Donostia: Kutxa Fundazioa ISBN 84-7173-264-5..
MACÍAS, Olga. (2003). "Donostiarras y ondarreses: el gran reto de traineras de 1890”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco 4, 2003, 629-635. Donostia: Untzi Museoa.
OBREGÓN SIERRA, Angel. (2015). Historia de las traineras. 1939 - 1963. Del esplendor a la crisis. Santander ISBN 978-84-608-4724-3..
OLAIZOLA, Iñaki; OLABERRIA, Juan Pablo. (2009). "El Trinido, un barco de bajura de Donostia”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco 6, 2009, 581-612. Donostia: Untzi Museoa.
PUERTA, Iñigo. (2016). "Una familia, el Muelle donostiarra y la mar”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco 8, 2016, 411-429. Donostia: Untzi Museoa.
SADA, Javier Mª. (2002). Donostiako hiriaren historia bertako pertsonaien bidez. Irun: Alberdania ISBN 84-95589-40-0..
UNSAIN, Jose Mª. (2009). "La Casa-Torre del Consulado, edificio de servicios portuarios transformado en museo marítimo”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco 6, 2009, 565-580. Donostia: Untzi Museoa.
UNSAIN, Jose Mª. (2008). San Sebastián, ciudad marítima. Donostia: Untzi Museoa ISBN 978-84-930344-8-1..
ZABALA, Estitxu. (2016). Emakumeak eta Arrauna. Donostia: Irutxuloko HITZA.
ZAVALA, Antonio. (2003). Estropadak bertsotan. Auspoa Bilduma. Oiartzun: Sendoa Argitaldaria ISBN 84-95378-64-7..

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu